Mariasun II

Lehen hilabeteak horrela igaro genituen, ezer berezirik gertatu gabe, eta tarte horretan, niri bi emozio muturrera joan zitzaizkidan. Lehen emozioa amorrua izan zen, gero eta gehiago haserretzen ninduen logela ixten zueneko egoerak, ondoren aireztatu gabeko usaina (edo sexu usaina) nire muturren aurrean jartzen zuela iruditzen zitzaidalako. A ze zerria Beñat, errespeturik gabekoa, gainera hain zen desordenatua… eta niri gauzak behar bezala ordenatuak izatea oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan, horrela etxeak beste itxura bat hartzen zuelako. Baina ez nintzen gai berari ezer esateko.

Bigarren emozioa eszitazioa izan zen. Urteak ziren gizon batekin oheratzen ez nintzela eta nire libidoak lurra jota zuen. Azken hilabeteetan alua sutan nabaritzen nuen, kuleroak inoiz baino bustiagoak izaten nituen eta okerrena zera zen, Beñat gelan ixten zeneko ondorengo usainarekin amorrua eta eszitazioa maila berean handitzen zitzaizkidala. Afaria egiten nengoen egun horietako batean, “nahigabean” aulki baten bizkarraldeko alde bat nire aluaren aurka igurtzi nuen, hortxe nenbilen ni, barazkiak zuritu eta zatitzen eta bide batez nire aluari gozamenerako tarte txiki bat eskaintzen. Zer ari zitzaidan gertatzen? Hori ez zen batere normala.

Afari “prestaketarekin” nengoela, Beñaten gelako atea ireki zen eta sukaldera gerturatu ahala, berarekin hain ohikoa bilakatzen ari zen usaina sudurzuloetatik gora sartu zitzaidan.

– Zer ari zara egiten? – Galdetu zidan Beñatek zertxobait ezustean harrapatuta.

– Nola zer ari naizen egiten? – Erantzun nion apur bat galduta eta beldurtuta.

– Afaltzeko zer dagoen galdetzen dut izeba.

– Ah, bai, bai, atuna barazki gozatuarekin. – Erantzun nion azkar batean.

– Primeran, mahaia jartzera noa. – Esan zidan.

Barruan neraman ezinegona jasangaitza bihurtzen ari zen. Mahaira joan ginen afaltzera eta afaltzen hasi baino lehen, berriz ere usain madarikatu hura sumatu nuen, zerri halakoa!

– Aizu Beñat, aireztatzen al duzu gela noizean behin? Noizbehinka usain gordin bat iristen zait, zu gelan itxita egon ondoren. – Buffff behingoz esan nion! Ea zer erantzuten zuen!

– Ba egunero aireztatzen dut eta nik ez dut usain berezirik sentitzen. – Erantzun zidan Beñatek harridura aurpegiarekin.

– Bai… aizu Beñat, zure adinarekin normala iruditzen zait intimitate pixka bat nahi izatea zure logelako atea itxiz, baina behintzat aireztatu gela tarte batez barruan itxita egon ostean. – Esan nion abiadura hartuta.

– Aizu izeba, zer esan nahi didazu? Ondo ikasi nahi dudan bakoitzean gela ixten dut, soinuekin ez distraitzeko. – Erantzun zidan haserre punttu batekin.

– Orain gazteek, zuen kontura ibiltzea, ondo ikasten aritzea esaten diozue? Bai zera! Niri gezurrik ez gero, eh! – Esan nion ni ere haserretuz.

– Zer ostia esaten ari zara? Falta zitzaidana, aizu, utziozu amesteari eta utz nazazu bakean, nahikoa lan dut ikasketekin, gainera zu asmakizunekin etortzeko. Afaltzeko gogoak joan zaizkit, banoa gelara! – Bota zidan erabat haserre, aulkitik altxa eta logelarantz abiatuz.

Egia esan, gezurretan bazebilen, antzezle bikaina nuen iloba. Bere gelako atea itxi eta une batez, sardekadarik ahora eraman gabe geratu nintzen, pentsakor. Eta berriz ere usain gordin hura, ze demontre? Baina oraingoan ez zegoen ez bera, ez bere gelako atea irekita…

Burua beherantz mugitu nuen, eta nire pijamaren galtza nire alu parean bustita ikusi nuen, eta ez tanta bat edo bi, dezente bustita nuen… Ikusi ote ninduen aulkiaren kontra igurtziak ematen sukaldera gerturatu zenean? Eta ondoren nire galtza bustia antzemango ote zuen?

Oso urduri jartzen hasi nintzen eta ni ere aulkitik altxa eta afari guztia mahai gainean utzita nire logelan sartu nintzen. Zer egin ez nekiela, ohearen iskinean eseri nintzen eta nire masailetatik negar tanta batzuk irristatzen hasi zitzaizkidan, zergatik gertatu behar zitzaidan hori niri? Ni al nintzen sexu usainaren erantzule? Ohean buruz behera etzan eta nire negar-zotina kuxinean itotzen ahalegindu nintzen. Negar eta negar egin nuen, nire barrenak zertxobait hustu eta ni lasaitu arte. Orduan pijamaren galtzak aldatzeari ekin nion, jantzita nituenak kendu eta tarte bustiari begira geratu nintzen, hipnotizatuta egongo banintz bezala, nire usaina ote zen ziurtatu nahi nuen eta galtzak sudurrera gerturatu nituen arnasketa sakon bat eginez… Nola ez nintzen konturatu ni nintzela usain nazkagarri horren arduraduna? Gainera Beñat gaixoa errudun bilakatu nuen eta hilabete hauetan zerria bera zela pentsatu nuen, a ze amorrua eta a ze lotsa…