Munarrikolanda I

KOLDO

Urepelen edo Apatamonasterion egon ninteke. Leitzan edo Zugaztietan. Baina nire sorterriaren mugakide den udalerri baten ortu santuaren aurrean nago; aldatsa betean altxatutako hilerri mardularen aurrean. Gurutze eta jainko larregi. Urbanismoarekin txarto moldatzen garenok, hiri nahiz baserrietan ondo kokatzen ez garenok, bedeinka dezagun Google Maps. Maletategian jaka urdina ote daukat hondino? Jantzita daramadan hau politikoegia da, hobe neutroagoa den beste hori ipintzen badut. Zurtz eginda nago, Laurak elkarrekin txangoa egitera gonbidatu izanak nire konfort-zonatik atera nau. Erabat. Plutonen nago. Hurbileko hilerriak ez ezagutzea ez da, berez, hain berri txarra. Honela errepikatu diot nire barren artegari. Ufa, bihotzekoak jota ehortzi behar naute hemen. Ez dut jainkoen hatsa gogoko. Ondo usaintzen ote du jaka urdin honek? Laura ez al zen ba Parisen bizi? Beharbada hobe atzera beste jaka ipini. Tripako mina daukat. Harrizko eraikintzar laranjatu hau ez da batere polita, baina baditu sarrerako zutabe sendo horiek… zizelkatutako esaldi esanguratsua harago… Zer arraio ardura dit niri guzti honek. Parean dudan kontainerretik ote dator kiratsa? Ondo nabil hemen? Ondo ekarri ote nau Google Maps madarikatuak?

Txirrindulan datorren hura Laura da. Joder. Nire maitasun platonikoa. Bristada gorriztak islatzen dituen ile-mataza uhindun hura. Nire maitasun platonikoa. Mokorra alde batetik bestera berezko bikaintasunez mugitzen duen hori. Maitasun plutonikoa.

Ezin egon. Atzazalak murtxikatzeari utzi behar diot. Daborduko hatz-bizar bi ditut odoletan.

Trekking oinetakoak, praka baltz motz-motzak eta gorputzaren biribiltasunak nabarmentzen dizkion kamiseta tirantedun zuria dakartza. Dotore. Nora demontre noa ni mendiko bota zikin, arropa zahar dekoloratu eta nire aitaren gaztaroko motxila erraldoi hauekin. Ugerdo. Soinean kaka egitear nago.

LAURA

Ume mokoak zinetenetik ezagutzen duzu Ibonen laguna. Ikastolatik. Ibonen kuadrillako Koldo. Zure ametsetako Ibonen lagun mina, Koldo.

Bart, azaroko hego-haize nahasiak joa, Ibonen lagunari idatzi diozu. Ausardia. Hogeitabat garren mendeko 1984 berritu eta ilun honetan arauak hautsi gabe egin dezakezun gauza bakarrenen artean alboko udalerritik aritzea denez gero, hara zure ateraldia: mendi ibilaldia egitera gonbidatu duzu Koldo. Eroturik zaude, Laura. Baina zuk argi daukazu, luze hausnartu duzu; Ibonen lagunarekin harremana berreskuratuz gero zure ametsetako mutikoaren inguruko informazio guztia bilduko duzu eta, horiek horrela, Ibonekin lotzea erraza izango da. Horra plan perfektua, The Italian Job. Koldoren eskutik Ibonen mugikorraren zenbakia lortuko duzu eta horrela zure planaren lehen partea burutu. Gero, gerokoak. Ibon, je t’aime, esango diozu ohatzean eta berak, azentu barregarri batekin, je t’aime plus erantzungo dizu. Zure pelikula erromantiko gustukoenaren soinu-bandak girotuko du logela eta instant bat lehenago parean zenuen maitaleak ohera ekarriko dizu gosaria. Hala gertatzen da zure amets errepikakorrean. Aurrera, Laura. Plan bilbatu eta fin-fina, nekez hobe daitekeena. Konfinaturik bizi garen garai hauetan imajinazioa duzu lagungarri.

Lagunek aspertzeraino egin dizute barre aurreko egunetan. Diotena diotela, plana aurrera doa.

Oh là là! Aldapa hori bizikleta gainean duintasun apur batekin igotzea zaila egin zaizu. Han, Col du Tourmalet gainean, Koldo, zelatari.

Kaka! Ez zenekien Koldo mendizalea zenik. Nora zoaz udako jantzi deseroso horiekin, Laura.

Tira, eutsi gogor, Koldo da Ibonenganako bide bakarra.

KOLDO

Lauraren txirrindula kotxearen parean kateatu dugu. Elkarrizketa trabatua. Tontakeriak esan eta esan nabil. Kokolo hutsa naiz, Parisen bizi zeneko kontuak esango dizkidan itaundu eta frantximanta batek bihotza apurtu ziola erantzun dit. Zer ostia ardura dio Laurari ortu santu honen hormek diotena. Kokolo hutsa naiz, goizaldeko zeru oskarbia ikusi eta Ipar Polora joateko arroparekin jantzi naiz. Burni-oxido koloreko ilea ez duzu berezkoa, ezta? Antza, poeta ere, banaiz. Kokolo hutsa, pailazoaren sudurra erantsi eta ahotik astakeriak isurtzen nabil etengabe.

Edozelan, maletategia ireki eta motxila erdia husteko abilidadea izan dut; iparrorratza, lumazkoa, hartzak akabatzeko balioko zukeen labana, mandarina dozenaren erdia, baserriko ogi pisutsuari kendutako trontzoa, polainak, Euskal Herriko mendien katalogoa, 15 metrotako soka eta mosketoiak. Gaur ez ei da Annapurna igotzeko zita.

Atzazalak ahora eroan ditut, amore emanda.

Segundo bat geroago, hondamendia. Laurak zurrutada lotsatia ostu dio nire ur botilari. Gaiztakeriarik gabeko tragoak, ostera, ur tanta distiratsua eratu du. Bere ezpainak zeharkatu eta kokotsetik behera egin duen ur tanta jostalaria. Bere lepotik behera abiadura hartu duen ur tanta bihurria. Bere azal garbi oreztaz betean are beherago egin duen ur tanta maltzurra. Nork daki noraino jaitsi den ur tanta krudela. Ez dut ikusi. Ez dut noraino ikusi. Ez dut ikusi.

Ufa. Jainkoen sorkuntza.

LAURA

Irribarretsu agurtu zaitu Ibonen lagunak. Maskarak bere begietan erreparatzera eraman dizu, nahitaez. Ez zenituen begi okre bitxi horiek gogoratzen. Bere hizkera urduria ere, ahaztuta, nonbait.

Hasiberria bazina bezala ari zara, Laura. Bizikleta bigarren eskukoa dela esatearekin nahikoa zenuen, ez zen beharrezkoa bizikleta erabiltzen duzun lehen aldia dela aipatzea. Dagoeneko konturatua da, zalantza gabe, bizitzan gehien gorroto duzun gauzen artean kirola egitea dagoela. Alperra zara, Laura, hobe zenuke lehen itxialdiaren osteko kirol ohitura hari ekitea berriro ere.

Gizondu da Ibonen laguna. Zintzotasuna dario.

Badauka itxialdien aro honek alde onik, izakion barruan arakatzeko aukera ematen duela, nolabait. Xabier Letek zioen antzera, maskaradun munduak norbanakoen kanporuntzko bizitza ezagunaz gain, barruruntzko bizitza ez hain ezagun hori antzemateko aukera ere ematen digu. Nonbait, besteen aurpegiko keinuak ez ikusteak euren kontzientziaren, sentsibilitatearen edo espirituaren argitasunak, iluntasunak eta zalantzak irakurtzera garamatza. Zure tontakeriak izango dira agian, ezin uka dezakezu urte luze honetan totxo gehiegi irakurri dituzula: Thoureau, Sapiens, Mujica… filosofia gehiegi, agian. Ezbairik gabe, itxialdien urtean zure barne zalantzak askatzeko hautua egin duzu behingoz. Martxoan zure ametsei bide emango zeniela zin egin zenion zure buruari; iraganeko maitasun kontu guztiak ahaztu eta haurtzarotik txoraturik zauzkan mutil koskorra konkistatuko zenuen.

Hilerriaren atzealdetik abiatu zarete. Ez zenuen hasiera-hasieratik aldapa hau espero. Mon dieu! Ibonen lagunak duela hilabete bi zapaldu zenuen Atxiki zure tontor bakarra dela jakingo balu… mendi hura Ibonen bizitoki den Durangaldean egun pasa egiteko aitzakia bezala igo zenuela jakingo balu… astebeteko giharretako mina eragin zizula jakingo balu…

Eroturik zaude, Laura.

Zure Ibon… ahaztua uste zenuen gaztaroko Ibon hura; konfinamenduak hain ahaztua ez zenuela frogatu zizun hura. Zin egindakoari jarraitu eta zure onenak eman zenituen. Sare sozial guztiak ikertu. Zure lagunen bidez bere biografia eratzea lortu. Durangon bizi omen da aspaldi. Emaztearekin bizi izan zen, baina duela pare bat urte eten omen zuten harremana. Gixajoak. Durangaldean lekukotu da halere, dirudienez mendizale amorratua bihurtua. Bere lagunak ere ikertu zenituen. Apirilean izan zen Kaixomaitian lehenbizikoz kuxkuxeatu zenuen aldia. Hara! Ibon bertan zegoen. Zure Ibon. Zure bihotzeko Ibon. Betiko irribarrea ahoan. Begi urdin deigarri horiek, beti bezain deigarri. Ilea zuritzen hasia baina horrek are eta erakargarriagoa egiten zuen. Bere giharrak ere imajinatu zenituen; behin baino ez -umetan ikastolako patioan jolasten zeundetela- ikutu dituzun gihar sendoak.

Ez zinen berarekin harremanetan jartzera ausartu. Ez dauka neska-lagun berririk, behinik behin, hori badakizu. Zuhurtasunez, Laura.

Sarri ibiltzen da hemendik Koldo. Zalantza izpirik gabe jo du aurrera. Zu bart Interneten ibilia zara, bertaratu baino lehenago Munarrikolandaren inguruan zeozer jakin beharko zenukelakoan. Amak Munarrikolanda aipatu zizun, auzoko fruta-denda edo okindegia aipatzen dizkizun ohikotasunez. Munarrikolanda? Tira, hura proposatuko zenion Ibonen lagunari. Munarrien inguruan irakurri duzu, Bizkaian Uribe Kosta omen dela aztarnategi arkeologiko gehien duen eskualdea, hemendik Burdin Hesiaren kontuak ere badaudela… Mutilak Ibonen inguruan dakien guztia esaten dizun arte galdekatu behar baldin baduzu, zure ezagutzaren apur bat eskaini beharko diozu ordainetan.

Inuzentea, hausnartu duzu aldaparen erdian, zuk baino askoz hobe jakingo ditu kontu guzti horiek. Hanka sendoek azkar daramate gora, indarrez. Arnasestuka galdera bat edo beste egin diozu, ea bere kuadrilla nola ote dagoen, zer ote den honen bizitzaz, eta beste hartaz… eta zer da Ibonez? Ez duzu okerregi egin, Laura.

Agirremendi omen da inoiz igo duzun aldapa hilgarrienaren amaieran dagoen tontor zabalaren izena. Agian horregatik kokatu zuten hilerria haren magalean. Hilerrian pentsatzearekin batera munarrien kontua gogoratu duzu; baita aipatu ere. Ez… ez da gehiegi hunkitu. Goizegi aipatu diozu agian… eta gainera zuen inguruan ez da paleolitikoko arrastorik antzematen.

Selfia egin eta berehala bidali dizu Koldok. Egiari zor, hiria, itsasoa eta Serantes deitzen omen den mendia atzean duzuela, guapo azaldu zarete.