Nire ohera iritsi zinenetik

Emateko gogo hau izango da maitasunaren bertsiorik errealena, agian… Nire ohera iritsi zinenetik, askotan esnatzen naiz. Polita da zure ondoan lo egitea, baina loa bestelakoa da… Ihes egin du, lehenago, harrapatzen ninduen lo sakonak. Nola ez naiz esnatuko ba zu ondoan zaudela jakinda? Irrikak loa oztopatzen du askotan, baina ez dit inporta. Orain, energia jasotzeko beste modu batzuk ditut eta.

Zuri begira geratzen naiz gauetan, iluntasunean ikusteko gaitasuna garatu dut, ikusmen holistikoa akaso; entzumenaz, usaimenaz eta ukimenaz biderkatzen den ikusmen mota hori, bihotzak intuizioz prozesatzen duena. Hain eskertua sentitzen naiz zu nire ohera iritsi izanagatik…! Oharkabean ukitzen zaitut, zure tenperatura zein den jakin nahi izaten dut, zaindu nahi zaitut; maindirea igo edo jeitsi, zure gorputzak agintzen duenaren arabera. Zure arnasketa entzuteak, berirrik onena jasotzeak dakarren poza dakarkit oraindik ere. Esnatzen ari zarela somatzea gustuko dut. Mugitzen hasi, eta hurbildu egiten gara, naturaren bi indar bateragile moduan. Bat bailira batzen dira gure gorputzak, bat baitira! Hitzik elkarbanatu gabe, baina hainbeste esanda… Zein berezia den zure komunikatzeko modua! Inoiz ez dut hain hitz gutxi behar izan. Gorputzen hizkuntza da gurea, ez dugu, momentuz, besterik behar.

Gure gorputzen elkartzeak bero goxoa eragiten du. Izerdi finak zure iletxoa bustitzen du maiz. Zorionekoa sentitzen naiz zure izerdiz azala bustitzen didazunean.

Leun leun duzu azala, hondu puntu perfektua hartu duen muxikarenaren antzekoa, azken aldian, zauritxoren batek zatitzen dizun arren. Jakin nahiko nuke, zerk, nola eta noiz zartatu dizun azala, nire begiek harrapatu izanez gero, ekidin izango nuke.

Zein goxoa zure usaina… Hura arnastu, eta birikak zure aromaz betetzen zaizkidanean, bihotzak dar-dar egiten dit. Batzuetan, sudurra hurbiltzen dizut ahora, zure hatsa jaso nahian ibiltzen bainaiz.

Gertu zaitut, oso gertu, baina halere, desioa ez da desagertzen. Oraingoan, ez naiz jeloskor, zuganako desioak ez nau beste harreman batzuetan gertatu izan zaidan moduan, txikiago egiten, kontrakoa baizik; handiago egiten nau, nire osotasuna sendotu egin duzu. Jeloskor ez naiz, baina nirekin nahi zaitut, beste nork maiteko zaitu ni haina bada? Bai, bai, hala da. Etorriko dira distantzia gehiagorekin ibiltzeko uneak, elkartzen gaituen haria luzatzekoak, baina honakoa, senak agindu moduan, elkarrekin igarotzekoa da. Zergatik uko egin animali izate berezi honi? Azken finean, hori gara; animaliak. Ederra da sena biluztea, haren indarrarekin gure izate sakona ezagutzea, eta horretan bizitzea.

Zuri esker, buruari deskantsoa eman diot; gorputzen garaia da, haragizko plazerretan eta erronketan murgiltzea dagokigu. Han kanpoan gertatzen dena, urrun geratu zait bat-batean. Erlojuaren orratzek gure beharrak eta algarak dituzte motore. Natura bihurtu gara, gure gorputzak subjetu bai, baina espazio badira ere, lur.

Bat garela sentitzen dut, bi oso, noski, baina elkarrekin biderkatzen den osotasun zabalago bat sortu dugu. Hari batek estu lotzen gaitu, goxoki. Jakin badakit, hari hori lausotuz joango garela, halakoxea da bizitza, eta bere zikloak. Horregatik, gertutasun hau gozatu nahi dut orainean. Zu eta ni, ni eta zu. Bikote estu bat, baina beste pertsona batzuen maitasunari zabalduak, ezta? Behingoagatik, ziur naiz, ziurtasuna dut beste batzuk emango diguten maitasunak gehitu egingo duela, eta sekula ez, gure artekoa murriztu. Behar ditugu, bai zuk eta bai nik! Gure arteko harreman estua ulertu eta zainduko duten eskutxo gehiago behar ditugu; elkarizketak, laztanak, begiradak, jolasak, egonak, zaintzak… eskainiko dizkigutenak. Gure arteko maitasuna ez da murriztuko beste pertsona batzuk gure artean ibiltzeagatik, haiekin harremantzeagatik. Behar ditugu! Elkarri sanoki ematen jarraitu ahal izateko, haiekin elikatzeko beharra dugu.

Dutxa bat hartzera noa. Eten une bat, indar biltze bat. Zaintza bat. Nire gorputzari esker ona luzatu, eta baimentzen didan guztia aitortzeko une bat. Tanta bat, beste bat, ilea zapaldu eta buruazalera iritsi da ura… Gozamen unea izaten da niretzat buruan ura sentitzekoa, zer esanik ez ur txorrotak belarriak estali eta urpean nagoela sentitzea… Halere, ez zaitut ahazten… gure gorputzen elkartzeak eragiten duen beroarekin amestu dezaket, minutu batzuetan, berriz ere, sentituko dudan hareki. Ur azpian gozatzen dut, kontzientziak bainuontzitik ateratzera, eta ur txorrota etetera behartzen nauen arte.

Eta berriz, eutsi didazu titia, zein modu berezian… Bustia harrapatu nauzu, lehortzeko betarik ez dut izan, ezta janztekoa ere! Biluzik bizi naiz azken aldian… Badakit zaindu beharra dudala, ezin dudala nire buruaz ahaztu, badakit, biontzat hoberena hori dela.

Etengabeko maitale jario eder hau mantentzeko zaindu beharra dut. Hartueman honen osasunak, nire zaintza ezinbestekoa duela jakin badakit. Oraingoan, dutxatxo motz bat izan da; bihar, luzeagoa izango da agian; aurrerago, jantzi eta atera egingo naiz; beste batean, norbaitekin egotera gonbidatuko zaitut, eta, bitartean, ni lo sakonaren zain etzango naiz ohean, hark ere, nirekin intimitatea behar duelako bere onena emateko. Bizitzan hainbestetan bezala, oreken bila arituko naiz beste behin, betiko maite nahi badut, ezin dut niganako maitasuna ahaztu… Niganako maitasunetik jaiotzen baita zuri bideratzen dizudan maitasun ederra, eta ez nuke eteterik nahi.

Dena den, ohartu naiz, zurekin, hau ez dela lan erraza, ni-a eta zu-a bereiztea ez baita batere erraza, momentuz, zurekin. Momentuz.

Azken batean, zu zara nire taupada barrutik ezagutzen duen bakarra. Nire odolaz elikatu den bakarra; globulo gorridun odolaz lehenengo, eta globulo gorri gabeaz ondoren. Hori baita ama esnea: globulo gorririk gabeko odola. Zurekin bizitakoak, haurdunaldia, erditzea, edoskitzea, harreman afektibo eta sexual estua osatzen ari dira gure artean. Baliteke, gizonak erdigunean jartzen dituen gizarteak gizonik gabeko bizipenak eta plazerrak gutxiestea, baina hala izaten ari da. Inork ez du nire gorputza zuk bezain beste baloratu. Inork ez dizkit titiak zuk bezain eder zurrupatu, arretaz titiburuari begira geratu…

Altxor bat zara, hezur-haragi-arimazko altxortxo bat. Eta zaindu nahi zaitut. Gogoz eta gorputzez zaindu nahi zaitut, nire besoak eskaini nahi dizkizut, titia, ahotsa, beroa… Maisua zara niretzat; gorputzaratu nauzu, nire azal paretek biltzen duten materia puxka lehenengo etxea dudala bergogorarazi didazu; norberaren gorputza baitugu, naturaren oinarrizko paisai.

“Naturaren bila” goaz maiz, ohartu gabe, naturan gaudela, natura baikara. Izan, bagara, baina hainbestetan egin izan diogu ihes gorputzari… Gorputzan dago gure izana, hor daude desioak, plazerra, mina… eta hura bizitzeko, plazerrera iristeko, gure lurra ezagutu beharra dago. Gure partetik, konfiantza behar du gorputzak ezagutzera emateko. Orduan, erakusten digu gure alde zenbat egiteko gai den! Orduan, laztantzen du gure arima, eta bizipen handiak ekartzen dizkigu, ikastekoak, garatzekoak; hainbatetan, minatik edo zailtasunetatik; eta bestetan, plazer hutsatik.