Kaixomaitia.eus | Nagore Vega
Pasa den astean film labur bat ikusi nuen Naiz-en bidez: Arrunta naiz. Chloé Fontaine-ren lanean (frantsesez), 2 minututan, bikote harremanetan maiz gertatzen den sexu eraso bat irudikatzen da. Mutilak harremanak izan nahi ditu, baina neskak ez. Nekatuta dagoela esaten dio, dutxatu berria dela, ez duela gogorik… Mutilak, ordea, entzungor egin, eta azkenean, harremanak izatera behartzen du.
Soy ordinaria, Chloé Fontaine, Vimeo.
Bideoak berak azpiko testuan honakoa dio: “Samintzen ez bazara, bietako bat zara”. Zoritxarrez, normala iruditzen zaigu bertan ikusten duguna. Mutilak ez du neskaren iritzia errespetatzen, baina bortxaz egin ez duenez eta bere neska denez… Eta neskak, azkenean, uko egiten dio bere iritzia errespetarazteari. Deitu diezaiokegu beldurra, maitasuna… Azken finean, errenditu egiten da (adi, errenditzea ez da baimena ematea, hala ere).
Askotan esan izan dugu: ez ezetz da. Benetako egoera bestelakoa da, ordea. Eta sarean ere eztabaida piztu da. Batzuetan erasoa da, besteentzat ez. Niretzat, argi eta garbi bai, bada. Ez badut nahi, ez dut nahi. Listo. Baina, zenbat aldiz jarraitu behar dugu halakoak bizitzen? Zergatik jarraitzen dugu legitimatzen?
Egoera iraul daiteke
Film labur horrek beste bideo bat ekarri dit gogora. Antzeko egoera batekin hasten da istorioa, baina bukaera guztiz bestelakoa da. Protagonistek kontzientzia hartzen dute gertatutakoaz, gaizki egindakoaren jakitun dira, eta buelta ematen diote egoerari. Gainera, gainontzekook ere ikas dezagun lanean ari dira.
1996. urtea zen. Tom Stranger australiarra da eta Thordis Elva islandiarra bertara joan zen ikastera. 18 eta 16 urte zituzten, hurrenez hurren. Bikote harremana hasi zuten. Stranger-ek Elva bortxatu egin zuen. Horren ondoren bakoitzak bere bidea hartu zuen.
9 urte beranduago Elvak idatzi egin zion Stranger-i. Ezin zuen gertatutakoa ahaztu ezta digeritu ere. Elkarri idazten hasi ziren, gertatutakoa ulertu, konpondu edota ahaztu nahian, akaso. 16 urte pasatu ziren eta elkar ikusi zuten. Orduantxe ulertu zuten dena. Lotsa eta isiltasuna alde batera utzi, eta eztabaida publiko egitea erabaki zuten. Liburu bat idatzi dute elkarrekin, eta biral bihurtu den TED Talk bat eman dute.
Sexu eraso “ohiko” horiei buruz benetan, ahoz gora hitz egiten hasi dira. Gertatutakoa gogorarazten dute. Gero hartutako bidea azaldu, eta bukatzeko, hausnarketara gonbidatzen gaituzte, frogatuz, egoera iraul daitekeela. “Egin duzun zerbaitek ez du zaren guztia definitzen”, dio Stranger-ek. “Ez desestimatu hitzen indarra, Elvari bortxatu nuela esateak nire bizitza aldatu zuen, eta nuen ardura hartu nuen nire gain, normalean emakumeei leporatzen baitzaie”. Elva guztiz ados dago: “Biolentzia sexuala emakumeen arazoa bakarrik balitz bezala tratatzeari uko egin behar diogu”.
“Eztabaida” interesgarria biltzen duen 19 minutu dira. Hezkuntza kontua da, beste behin.
Our story of rape and reconciliation | Thordis Elva and Tom Stranger
Zer gogoeta datorkizu bururua bi bideoa hauek ikusi ondoren? Zeure buruai ikusi duzu islaturik antzeko egoeraren batean?