“Online dating”-a bikotekidea topateko lehenengo aukera izateko bidean

90. hamarkadan Internetaren gizarteratzea iraultza bat ekarri zuen informazioa jaso eta partekatu, nahiz harremantzeko molde berriak eskainiaz, besteak beste. Eszenatoki berri bat, gure jokaerak zein pentsaerak aldatu zituenak. Iraultza honek, noski, gizartearen ia alor guztiengan izan du eragina eta honela, bikotekidea topatzeko bideak ere aldatu dira. Milaka dira egun bikotekidea topatzeko aukera ematen duten webguneak. Jendarteak geroz eto gogokoago ditu hauek, bermatzen duten aukera anitz, berehalakotasuna, malgutasuna eta askatasuna direla eta. 

Informazio eta komunikazioaren teknologien iraultza bizi dugu, norbanakoen eta kolektiboaren bizimoduaren erabateko aldaketa. 90. hamarkadan Internetek jasan zuen hazkundearen eraginez, gizartearen moldeak forma berria hartu du, pantailan islatzen den mugarik gabeko gune bihurtu arte. Horretan, harremanak eta bikotekidea bilatzeko nahia, baliabideak eta “arauak” goitik behera aldatzen ari dira.

“Maitasuna topatzeko bidea oso azkar ari da aldatzen”

Horrela baieztatzen du Paul Kerley-ek BBC News Magazinerako “The graphs that show the search for love has changed” idatzitako artikuluan: “auzokide batekin elizaz ezkontzetik, dozena bat aurpegi mugikorreko pantailan ikustera pasa gara, maitasuna topatzeko bidea oso azkar ari da aldatzen”.
Kerley, beste soziologo asko bezala, mundu mailan harreman eredu berrien inguruan ikerketa burutzen ari diren datu eta interpretazioetan oinarritu da, besteak beste, Michael Rosenfeld soziologoaren “Searching for a Mate: The Rise of the Internet as a Social Intermediary” ikerlanean.

Online Dating-aren hazkundea datuetan

Rosenfeldek, The Washington Post-ek azpimarratzen duen bezala, azken 60 urteotan harreman eta maitasunaren moldeen erabateko aldaketa erakutsi eta harremanetarako webguneen erabileraren gorakada nabarmentzen du. Izan ere, 2009. urtean bikoteen %20a sarean ezagutu zen, soziologoak argitaraturiko datuen arabera; Cuartopoder aldizkari digitalak ere joera hau azpimarratu du eta 5 bikoteetatik 1 Internet bidez ezagutu dela frogatu du. Horrekin batera, iturri guztiek ados daude portzentajeak altuagoak direla homosexualen kasuetan, erakutsi baita 5etik 3k Internet bidez topatu dutela bikotekidea.

Datuekin jarraituz, UK´s leading dating sites-ek egindako ikerketa batek azaldu du 2000. urtetik Britainia Handian harremanetarako webguneek izaten ari diren arrakasta itzela. Orduan, 100.000 soslai zenbatzen ziren sarean eta 2015.urterako 7.8 milioi zirela hilero bikotekidea bilatzen zuten single-ak kalkulatu zuten; datu nabarmena 2011. urteko 6.3 milioi erabiltzaileekin alderatuta.

Online Dating-a ohiko bihurtu da

Pew Research Center-ek ere Ameriketan emandako online dating-aren eragina erakutsi du. Hurrengo grafikoan ikus daitekeen bezala, 2013. urtean amerikarren %42ak sarean harremanak bilatzen zituen norbait ezagutzen zuela baieztatu zuen eta %29ak ezagutzen zuen pertsona horrek epe luzerako bikotekidea topatu zuela zioen.

FamiliarityWithOnlineDatingThroughOthers2005_2013_PewResearchCenter

Era berean, harremanetarako webgune hauek duten irudia aldatzen doa eta, denbora aurrera joan ahala, jendeak iritzi positiboagoak ditu horien inguruan. Bikotekide aproposa topatzeko aukera ona direla zabaltzen eta webgune hauen erabiltzaileak etsita daudelaren sinesmena murrizten ari da.

OpinionsOfOnlineDating2005_2013_PewResearchCenter

Bikotekidea topatzeko praktiko eta eraginkorra

Gaia geroz eta gehiago ikertzen da, bai soziologiaren ikuspegitik, zein zientifikotik. Besteak beste, Giovanni Frazzetto-k, EMBOpress aldizkari digital zientifikoan, hitz egiten du Internet protagonista den aro moderno honetan online dating-ak izan duen eraginaz. Gaur eguneko lanordu luzeak, distantzia handiak eta harreman tradizional estuen hausturaren eraginez, gizarteak bikotekidea topatzeko aukera berriak behar eta desiratzen ditu, harremanetarako webgune edota beste harremanetarako zerbitzuak bezala. Era berean, azpimarratzen du, krisia egon arren, jendea prest dagoela hilero 20 € – 30 € bitarteko hilabeteko kuota ordaintzeko zerbitzu horiengatik, modu tradizionalean baino aukera gehiago dituztelako eta praktikoagoa edota eraginkorragoa delako; izan ere, tabernan ez bezala, bakoitzaren nahi eta beharretara egokitzen den pertsona topatzea ahalbidetzen dute harremanetarako webguneek eta bestelako zerbitzuek. Askok metrika psikologikoak, profesionalak, ekonomikoak, gaitasun pertsonalak… erabiltzen dituzte erabiltzaileen arteko bateragarritasuna bermatzeko; batzuek ADN-a bezalako metrika biologikoak ere erabiltzen hasi dira, “maitasuna kointzidentzia ez dela” argudioaren pean.

300x300_animatua

Harreman eredu berriak eta Internet erdian

Ikerlarien artean ez dago zalantzarik maitasun tradizionalaren moldea gizarte modernoarekin batera aldatzen doala. Ideia hori ondo irudikatzen dute Aziz Ansari eta Eric Klinenberg-ek idatzitako eta Paul Kerley-ek BBC News Magazinerako azterturiko “Feature in Modern Romance” liburuan. Harreman egiturei loturiko distantziak, adina eta joerak, besteak beste, aldatu direla azaltzen dute egileek.

Distantziei dagokienez, oso nabaria da zenbat handitu diren bikotekideen arteko hurbiltasun geografikoa. Orain dela 80 urte bikotekidea edota ezkongaia auzokidea zen bitartean, egun ez dago mugarik, espazioaren loturak hausten ari bait gara. Kontraste hau oso ongi ulertzen da aipatutako liburuan, Jamess Brossard-ek Philadelphian egindako ikerketa batean oinarrituriko grafikoaren bitartez:

GeographicProximityofPartners_Philadelphia_1932

Adinari dagokionez ere, joera berriak daudela sumatzen da. Gaur egun, jendea adin gehiagorekin ezkondu edota murgiltzen da epe luzerako harreman batean. Britainia Handian, adibidez, 1960. urtean, ezkontzen %76a 25 urte beherako pertsonen artekoak ziren eta 2012. urterako datu hori %14ra jaitsi zen. Emakumeak gazteago ezkontzen dira, baina, orokorrean, azken 35 urteetan bi generoek jasan dute aldaketa, ezkontzeko adin errepikatuena 30 izanik.

AverageMarriageAgeInTheUK_1981_2014_ONSForEnglandWales

Aldaketa hauek testuinguru kulturalean ulertzea garrantzitsua da, Klinenber-ek azaltzen duen bezala, bizitza ulertzeko era eta joerak asko aldatu bait dira. Belaunaldiak atzera, jendea garaiz ezkontzen zen gurasoengandik independentzia lortzeko helburuarekin, batez ere emakumeen kasuan; gainera, bikotekide hori gertu bilatzen zuten, auzoan bertan, gutxirekin konformatzen zirelako eta esfortzu askorik egiteko prest ez zeudelako.

Internet, bikotekidea topatzeko lehenengo aukera izateko bidean

Testuinguru horren ondorioz, bikotekide bilaketa ereduaren aldaketaren eta Interneten gorakadaren eraginez, online dating-ak sekulako arrakasta hartu du mundu mailan. Klasikoak diren metodoak, tabernak edota lagun artekoak besteak beste, mantentzen ditugun arren, Internet izan da harremanak izateko hazkunde gehien izan duen bitartekoa 90. hamarkadatik.

Hurrengo grafikoan ikus daitekeen bezala, bikote heterosexualen kasuan, data hori bitarte, Internet ezean, beste baliabide edo giro batzuetara jotzen zuten bikotekidea topatzeko; eskola, auzoa, lagunak, eliza eta familia, nagusiki. Aurretik esan bezala, beste garai bat zen hura, non komunitate txikiek, erlijioak, familiak eta tradizioak pisu handia zuten gizartean.

Aitzitik, Interneten gorakadaren ondorioz, 1990. urtetik 2009. urtera, irudia guztiz aldatu da eta Internet bikotekidea topatzeko aukera ez existitzetik 3. aukera izatera pasa da, lagunartearen ondoren eta taberna giroarekin ia bat eginez.

*Suposatzekoa da 2016. urtean jadanik lehenengo aukera izatea, ziurrenik, taberna giroarekin batera.

Internet inflexio puntu bat izan da gizartearentzat, alor guztietako gitzarri bihurtu bait da: informazio iturri, salerosketa eremu, lan tresna eta, batez ere, komunikazio eta harremantze oinarrizko baliabide da. Sare sozialak, foroak, blogak, mailing-a, harremanetarako webguneak… dira gaur egungo pertsona sareen, zein harremanen muina. Testuinguru horretan, bikotekide bilaketa prozesuan, online dating-a lehenengo postua hartzen ari da. Azkartasuna, eraginkortasuna, praktikotasuna, erosotasuna, berehalakotasuna… bilatzen du gizarteak aro berri honetan eta berdina gertatzen da bikotekidea bilatzeko unean ere. Zeinek ase dezake behar hori? Internetek eta harremanetarako webguneek.

HowHeterosexualUSCouplesMetTheirRomanticPartners_190_2009_MichaelRosefeld

Internet da harremanak izateko aukera gogokoena homosexualen artean

Homosexualen artean aurreko joera are nabarmenagoa da eta hurrengo irudian ikus daitekeen bezala, 2002. urtea geroztik Internet lehenengo aukera bilakatu da harremantzeko, besteekiko alde handiarekin. Datu oso esanguratsua da eta agerian uzten du Interneten gorakada eta presentzia azken urteetan emandako harreman mota berrien onarpen eta askatasunaren gorakadarekin.

Heterosexualen eta homosexualen arteko diferentzia nabarmen honen arrazoia zein den ez dakigu, agian oraindik ere gizartean erabat normalizatu gabe dagoen aukera bat delako eta Internet-ek “mundu errealak” ematen ez dien babes hori ematen dielako.

HowSame-sexUSCouplesMetTheirRomanticPartners_1985_2009_MichaelRosefeld

…ETA ZUK, ZER DIOZU?

Nola harremantzen zara zu? Erabili al duzu noizbait harremanetarako webguneren bat? Babestua sentitzen zara Interneten jende berria ezagutzerakoan? Lagunartea edota taberna giroa baino aukera eraginkorragoa dela uste duzu? Zergatik da, zure ustez, Interneta lehenengo aukera bikotekidea topatzeko homosexualen artean? Zein abantaila eta desabantaila ikusten dituzu harremanetarako webguneetan? 


CCBYSA_Logo_Testua