Periferia


Goiatz Labandibar [@goiatzL]

 

Izarrek ez zuen sekula txortan egin euskaraz ez zen hizkuntza batean. Eta kuriositatea zuen. Erasmus programak momentu txarrean harrapatu zuen, eta beste hizkuntzetan orgasmus egiteko aukera galdu zuen.

Euskaraz bizi zen: etxeko hizkuntza zuen, euskaraz ikasi zuen, lagunarte euskalduna zuen, lan ere hala egiten zuen… Inguru “euskaldunetan” egin izan zuen beti parranda: Kilometroak, Herri Urrats, herriko tabernak, txosna-guneak eta Sagarrondotik-Hatortxu Rock-EHZ makrokontzertuak izan ziren bere ligatzeko habitatak. Euskaldunek ez dutela ligatzen dioen mitoa egon badago, baina, tira, Izar ez zen kexu izandako sexu-esperientziez (kuantitatibo zein kualitatiboki).

            Kontua zen nobedaderen bat nahi edo behar zuela bere praktika sexualetan tarteka. Dagoeneko probatu zituenez sexua gizonezkoekin, emakumezkoekin, hirukotean, espazio publikoetan larrutan egitea eta sadoa ere bai. Izarri ez zitzaion sexu-errutinarioa gustatzen. Konturatzen zenean sexu-kide zuen lagunarekin egiten zuena behin eta berriz berdina zela (denok ditugulako gure ohitura-errutina sexualak), aldaketaren bat behar zuen libidoak berriz gainezka egin ziezaion.

            Beraz, erabaki zuen: erdaldun batekin egin behar zuen larrutan. Baina non topatu erdal-hiztun bat? Bere inguruaren periferietara joan beharko zuen bila. Lagun batek aipatu zion Internet bidez zitak egiteko webgune horietako bat izango zuela erdaldun batekin kontaktatzeko modurik errazena.

            Halaxe egin zuen. Alta eman eta bere burua 36 urteko ezkongabe harreman seriorik bilatzen ez zuen Filosofian lizentziatu zinemazale eta literaturzale gisa aurkezten zuen Ángel delako batekin egin zuen zita. Argazkiko tipoa gustatu zitzaion. Ez zen tiobueno tipiko horietako bat, ileak gehiegi orraztuak eta kamiseta estuegiak janzten zituzten horietakoa (Izarrek erdaldun estereotipoarekin lotzen zuen gizaseme bat, alegia; hain ezberdin bere inguruko kamiseta lasai eta aldarrikapendun, Levis eta Ternua galtzadun, eta North Face berokidun horiengandik). Argazkiko tipoari begiratuta, Izarrek pentsatu zuen Ángel delako hori ia euskalduna ere izan zitekeela, belarritako bat zintzilikatuko balu ezkerreko belarri-gingilan.

            Izarrek uste baino errazagoa izan zen zita. Ez zitzaion hain gogorra egin gazteleraz moldatzea. Hasiera xamarretik argi izan zuen baietz, Ángel eta biek ohean bukatuko zutela egun hartan. ¿En tu casa o en la mía? galdetu zion Ángelek zineman Woody Allenen Café Society ikusi ondoren. Eta, esperientzia berrira erabat irekita, en la tuya erantzun zion Izarrek. Ikusi nahi zuen erdaldun ezkongabe interesante batek nola dekoratzen zuen bere etxea: zer zegoen egongelako paretan Picassoren Gernika-ren partez, zer atean eguzkilorearen partez, zein egutegik markatzen zituen egunak Seaskarenaren partez… 

            Amsterdamgo Van Gogh museotik ekarritako Gau izartsua posterrak apaintzen zuen Ángelen etxeko egongela-sukalde-jangela ttikia. Irrati-digital batek markatzen zuen egunen igarotzea. Atetik zintzilik, Estatu Batuetako matrikula bat zegoen.

Ángelekin txortan egin zuen Izarrek. Ez behin. Hiruzpalau alditan lokartu aurretik, eta beste behin esnatu ondoren. Toritobravo bat zela esan zion Izarrek agurtzerakoan, erdi bromatan, eremu euskaldunera itzuli aurretik.

            Eta, zer moduz erdaraz larrutan? galdetu zion lagunak hurrena elkartu zirenean.

            “Ez da hain zaila izan. Azkenean, hasperenak hizkuntza unibertsala dira, eta txortaldi betean ari zarenean esaten dituzun hitzak ez dira inoiz ongi ahoskatzen. Baina, tira, onartzen dut hurrengo goizean alde egiteko irrikatan nengoela. Denbora gehiegi neraman euskaraz hitzik egin gabe… Eta ni Izar euskaraz egiten dudanean naiz. Berdin du kantuan, telefonoz edo larrutan izan”.  

 

Irudia: Starry Night, V. Van Gogh__hemendik hartua