Kaixomaitia.eus | Beñat Garaio Mendizabal @BGaraio
Doinua: habanera
“Porno gutxiago eta larrutan gehiago”
Porno kontsumo datuak
atera ziren behinola
mutiletan 7tik sei
ezin da izan inola
guretzat txarren den gisa
droga edota alkohola
porno eredu nagusiak
kendu eiten digu kontrola
Gasteizen sortu egin zuten
hortako Porno Eskola
nahiz ta bortxaz itxi behar
izan zen harranopola
beti da kontu berdina
genero ororen rola
berdintasunak ere du
sexu kontutan axola
*****
Ordenagailua piztuta
zure aurrean bakarrik
ba omen duzu zuk ere
fantasiaren beharrik
aste honetan bosgarren
aldia duzu jadanik
bikotea iristean
jada ez duzu gogorik
errealitate bikoitza
bizi duzu horregatik
gezurrak berotzen zaitu
ta egiak izoztu kasik
txispa agortu omen zaizu
ez dago irtenbiderik
ez harritu gero ohean
ez badago suziririk
*****
Ametsekin alaitzea
izango al da nahikoa
gaur eguna ezin bizi
pertsonak dun oztopoa
harremanak gozatu eta
zuk zeuk emaiezu hauspoa
sexua izan baitaiteke
gauza handi eder askoa
lehentasunak argi izan
bete olio fraskoa
fantasiekin batera
gogoa ere hara doa
ohean duzun pertsona
ez da ez nolanahikoa
porno onena izaten da
zuk zeuk gozatutakoa