Txootx maitia! Donostiako Beharri Sagardotegian!

#KMEkintzak

Txootx maitia! Donostiako Beharri Sagardotegian!

Pasa den larunbatean, otsailak 13, 10 lagun elkartu ginen elkar ezagutu eta ondo pasatzeko asmoz. Kaixomaitia.eus-en 9.urtemugaren bezpera behar bezala ospatu genuen: Txootx-aren lelopean eta konpainia paregabean janari zoragarria dastatu genuen. Gure saltsa gozatu genuen!

13:30tan Rekalde tabernan jarri genuen hitzordua. Batzuk puntualak, beste batzuk ez horrenbeste, beste batzuk inguruan taldea ezin topatu… denak buruan gauza berarekin: jendea ezagutu eta ekintzaz gozatu. Urduritasuna sumatu genuen hasieran (“eguraldi polita hau, bai… arratsaldean euria egingo duela esan dute…” ;), baina pixkanaka eta pote baten laguntzaz, saltsa berotzen joan zen.

6 emakume eta 4 gizon Donostiako Alde Zaharretik, bakoitza bere bizipenekin, bere istorioekin eta ilusioekin; guztiak helburu amankomun batekin (elkar ezagutzeaz aparte): Ongi edan eta hobeto jan, Beharri Sagardotegian; “14:30etan mahaia hamar pertsonentzat, mesedez, kupelaren ondoan”.

300x300_animatua

Eta hala izan zen, bapo gelditu ginen: bakailo tortila, bakailoa piperrekin, txuleta errea eta sagardotegiko klasikoa, gazta, intxaurrak eta irasagarra. Ahoa ur. Gomendatzeko txokoa zalantzarik gabe Beharri Sagardotegia. Mahaian elkarturik, bata bestearen ondoan, bestea bataren aurrean… eta beste batzuk txoootx, txoootx eta txoootx. Motz gelditu zen, jan, hitz, edan, edan, hitz, jan… arratsaldeko 17:00ak eta atera ginenerako eguraldia okertu zen. Zuzen zegoen ba topaketaren hasieran euria egingo zuela esan zuenak. Gu, ordea, ez ginen enteratu ere egin. Guztiok ere errepikatzeko gogotsu geratu ginen. Egongo da besterik, ziur!

Kaixomaitiako taldea txoootx!-ean