Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa
Egilea: Ander Varela
Argazkia: Hernan Piñera
17
Ostirala. Aste barruko azken eguna. Pelikula sortaren azken jarduna. Gaur, zortzigarren eguna. Gaur, tratamenduaren azken eguna. Gaur, pausatzeko eguna. Gaur, arnas hartzeko eguna. Sakonki. Gaur, ahulezia guztiak alde batera utzi, eta inderberritzeko eguna. Gaur, etorkizunera begiratzeko eguna. Iragana zapaltzeko, ez ahazteko.
Gaur, Birdman; gizon txoria. Gurean, neska txoria. Hegan egiten ikasi duen emakumea. Amildegira gerturatu, eta azken pausoa ematean, sakonera erori ez, eta hegalak astintzen dituen borrokalaria. Hego luzeak. Hego disdiratsuak. Hego koloretsuak. Hego xarmagarriak. Kofidantzazko hegoak. Tinko heltzen zaituzten hegoak. Bizkarra ematen ez dizuten hegoak. Beti hor dauden hegoak. Sara da txori hura. Kaiola puskatu eta zuhaitzen gainean aske pausatzeko unea iritsi baita.
Gaurkoan, postaria izan du aitzakia. Haren atzetik gurutzatu du kaleko atea, bizilaguna izango balitz. Barruan da. Azkenekoz. Azken jardunetan ohikoa den bezala oinez igo da. Binaka. Korrika. Ez ditu igogailuak gustoko. Heldu da, eta betiko legez, ate parean utzi ditu; filma eta gutuna. Azkeneko aldiz dastatu ditu. Behatu. Gozatu. Eta biratu egin da. Agur esan gabe.
Lehendabiziko koska jeister dela, zerbaitek haren arreta behartu du. Atzetik. Ate ingurutik. Kisketatik. Giltza hotsa. Beste aldetik zintzilik. Orain, biraka. Marko izoztuta. Ez du gotorlekurik inguruan. Erreakzioa iritsi ez, eta ohartu orduko berandu da. Beranduegi ezkutatzeko. Maskara jartzeko. Izan ere, 50 urte inguruko emakumea atarian da. Tente. Begirada Markoren garondoan finkatuz. Bizitzak gogor kolpaturiko aurpegia islada. Ilusioa berreskuratzen hasi denaren ispilua. Alabaina, kolpe batez guztia desagertu denaren begitartea. Etsipena. Amorruaren aurpegina. Desesperazioaren begirada galdua. Ile grisa. Harrotua. Etxeko arropak, zaharrak. Itxura eskasa, orohar.
-Sartu.
Entzun da ate ingurutik. Emakumeak bira erdi eman, eta barrura sartu da. Babesera. Portalea zabalik utzi du, parez-pare. Gonbita argia da. Garbia. Ukaezina. Marko zuriz gelditu da, odol apurrik burura iritsiko ez balitzaioke. Giharrak uzkurturik. Ezin mugitu. Bero pixkat beharko luke azal gaineko izotz plakak desegiteko. Erreakzio txikiaren lehen pausoa eman du. Beheko koskan duen eskuin oina atzeratu du. Orain, neurri berean ditu biak. Gorputza aterantz gidatu. Eta otsoaren aho barrura abiatu da.
Ez da inor gehiago etxean. Pasiloaren amaieran, ezkerrerantz hartu duela ikusi du, eta haruntza joan da. Korridorea amaitu ezina egin zaio. Alboko paretetako koadroek ez diote gainetik begirik kentzen. Ezezagunen bat, pentsatuko dute. Une zail hauetan laguntzera etorri den ezezagunen bat. Markok ere hala egin du, amaieran, ezkerrera. Bi metro haratago, egongela handi bat behatu du, eta harat berataratu da. Sarbidetik emakumea ikusi dezake. Sofan. Eserita. Begiak gorri, eta bustiak. Ondoan esertzeko keinu egin dio, esku batekin sofa hirutan kolpatuz. Hauts pixkat ere irten da bertatik. Akaso, azken egun hauek ez dira etxea garbitzeko aproposenak izan. Parean telebista. Piztuta. Eta bertan, ume txiki bat. Txirristan gora eta behera. Benetako irudiak dira. Iraganekoak. Konturatu da. Sara da.
-Irribarrea. Beti ahoan. – goraipatu du. Ama da, eta alabaren falta somatzen du. Bihotza esku batez errotik kenduko baliote. Hala sentitzen da.
-Ez dut ezagutzen. Baina, hala dirudi, bai. – mimatu du Markok. Sofan lekua hartu du. Amaren alboan, metro erdira. Distantzia gutxiagotzen hasiko da, astiro.
-Merezi duen horietako bat. Eta ez dut esaten nire alaba delako. – desenkusatu zen emakumea.
-Imajinatzen dut.
Amak ipurdia altxa eta metro erdia ezeresean utzi du. Ozta-ozta ikutzear da. Begirada beheratu du, lurrean erdiratuz.
-Gauen joan da. – tantana begitik irtetear. Ez du negarrik egin nahi Markoren aurrean. Nahikoa bota du gau guztian zehar.
-Sentitzen dut. Benetan. – eskua heldu dio.
Ezagutzen ez duen familia baten etxe barruan aurkitzen da. Ezagutzen ez duen emakume bati doluminak ematen. Ezagutzen ez duen ama bat kontsolatzen. Ezagutzen ez duen egoera bati aurre egiten. Ezagutzen ez duen familia bati babesa eskaintzen. Ezagutzen ez duen andre bati negar egiteko toki bat oparitzen.
-Filmak. Zu izan zara. – goratu du begirada.
-Bai.
-Bihotzez. Mila esker. – argitu zaio aurpegia, une batez.
-Ezin nintzen geldirik geratu. Babesa behar zuen.
-Pozten nau, oraindik munduan gende ona dagoela jakiteak.
-Hau zuretzat. – azkeneko filma eman zion eskura. Atea gurutzatu aurretik lurretik hartu zuena.
-Azkena.
-Bai. Zentzu guztia galdu du jada. – atsekabetu zen Marko.
-Izugarri lagundu diozu.
-Zalantzak nituen. Ez nekien zuen eskuetara heltzen zirenik ere. Edota, zuzenean zakarrontzira botatzen zenituenik.
-Oheratu aurretik ikusi ditugu. Guztiak. Gutuna irakurri ostean.
Markori negar malkoa erori zaio. Bere helburua bete da. Egindako lanaren norazkoak altxorra aurkitu du. Jomuga, Sara.
-Maitemindurik zaude?
-Uste dut baietz. Barruraino.
-Begietan igertzen zaizu-. irrabarra oparitu dio.
-Ezin dut ezkutatu. Suposatzen dut.
-Bikote ederra izango zinake nire alabarentzat. Ez daukat inongo zalantzarik. Mutil ona zara.
-Eskerrik asko.
– Sarak ez du maite.
-Nor?
-Mutil laguna. Duela hilabete hizketan ibili ginen. Aspaldiko partez. Erlazioa utzi beharrean zegoela aipatu zidan. Ez zituela hasierako tximeletak sentitzen. Bizitzeko gogo hori.
-Eta azkenean?
-Hau guztia etorri zen. Eta beste une baterako utziko zuela esan zidan. Guztia amaitzen zenean emango zuela pausoa. Ez zituen izkinak gehiago nahastu nahi. Horrelako da Sara.
-Ez nekien ezer.
-Eta inork gehiago ez du hau jakin behar.
-Lasai, benetan.
-Sara joan egin da. Inoiz ez itzultzeko. Bikotekideak hala gorde behar du bihotzean, betiko amodioa izango balitz. Ordezkaezina.
-Ulertzen dut.
-Bizitzak aurrera jarraitzen du. Eta hark ere aurkituko du besteren bat. Normala den bezala. Orain ezezkoan badago ere. Irekiko ditu begiak. Eta orduan, ni ere poztuko naiz.
Baizkoa erantzun du Markok, buruarekin. Hitzak estarrian trabatuta gelditzen zaizkio. Amaren adorea miresten du. Kemena. Grina. Berba bakoitza xehetasun handiz baloratzen ditu. Alaba galdu berri duen emakume baten hitzak dira. Betirako oroituko dituenak.
-Atzo, kalera irten nahi zuela esan zidan. Afaldu ostean, filma ikusi aurretik. Haizea hartzera. Herritik zehar ibili ginen. Bat-batean, zinema parean gelditu zen. Eta segundu batzuez behatu zuen.
-Miresten zuen. – Markok, lasaitu nahiean.
-Azkenekoz gozatu nahi zuen. Dastatu. Etxera bueltatu ginen, eta pelikula ikusi genuen. Biok. Elkarrekin. – negarrari eusten dio. Oroitzapen gehiegi. Berriak.
-Gogor heldu, eta maite ninduela esan zidan.
-Hunkiturik nago. Ez dakit zer esan.
-Bazekien.
-Jakin zer?
-Bazijoala.
-Agurtzen zebilen.
-Bai. Gixajoa.
-Ikusi duen herriko azken txokoa zinema izan da. Eta oheratu aurretik ikusi duen azken pertsona zu izan zara. Pertsona garrantzitsuena. Sostengua. Beti hor. Tinko. Gogor. Alai. – gazteak ama goraipatu du.
-Orain, ulertzen dut. Eta eskertzen dut. Agurra izan genuen. Pribilegio hutsa. Elkar despeditu ginen. Zeruan ikusiko dugu elkar, halakorik existitzen bada. Izan ere, Sarak askoz gehiago merezi du.
-Ausarta zara. Indartsua. Izan alaba buruan, eta bihotzean. Sarak hemen jarraituko du. Zurekin. Gehien maite duen pertsonarekin.
-Gazte ederra zara, benetan.
Terapia. Tertulia. Bihotzak alderik alde ireki dira, barruko gaitz guztiak azaleratuz. Behar du amak. Eta bertan du Markok. Elkar elikatzen dira. Orduak igaro dituzte eserita, betidanik ezagutuko bailira. Tupustean, erlojua ikuskatu du Markok. Berandu dabil. Lanera joan behar da. Ama agurtu du, eskuak bero heldu eta besarkatu. Bi gorpuak bat egin dira. Batak sekula babestu ez duen amaren hutsunea bete du, eta besteak, galdu berri duen alabarena. Une batez bada ere, tapatzear dagoen arimaren zati txiki hori estaldu da. Irribar egin dute. Ateraino lagundu dio. Azken unera arte xehetu nahi diote elkarri.
-Plazerra izan da. – amak, burua ateko albo batean kokatu duelarik. Gaztea behatzen du, eta momentu batez, Sararekin imaginatu du. Eskutik helduta.
-Berdina diotsut. Edozertarako. Badakizu.
-Ahaztu aurretik. Tori. – emakumeak sarrerako mahai gaineko kutxa ttipi bat ireki eta gutun bat atera du.
-Zer da ba? – gaztea harriturik.
-Zuretzat. Etxean irakurtzeko.
-Niretzat?
-Sararen partez.
-Ez nau ezagutzen baina…
-Ezkutitz sekretuak bidaltzen zizkion pertsonarentzat egina. Eskuz. Bihotzez. Noizbaiten elkartuko zinetelakoan.
-Ez nuen espero hau. Gehiegi da.
-Gozatu. Haren zatitxo bat duzu esku artean. Baloratu.
-Mila esker.
-Zuri, guztiagatik.
Ama atean. Gaztea parean. Begirada hunkigarriak. Bizitzan zehar gutxitan ikusten diren horietakoak. Diruarekin ordaintzen ez diren horietakoak. Irria luzatu du aurpegian, eta gutuna esku artean duela, aldendu egin da. Leun. Astiro.
-Marko! – entzun da etxeko sarreratik.
-Esan.
-Mesedez. Segin filmak bidaltzen. Eta gutunak. Hemen egongo balitz. Arren.
-Noski baietz. Zuretzat. Zuentzat.
Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (XVIII, XIX – amaiera)