Adinak bai ez duela garrantzirik


Nagore Vega [@muxkilla]

 

Harrigarria irudituko zaie oraindik batzuei, baina, bai: 65 urtetik gorako helduek sexu harremanak izaten jarraitzen dute! Ezin dugu ezikusiarena egin, haiek ere, noski, eskubidea dutelako sexualitatea nahi duten bezala bizitzeko. Zoritxarrez, oraindik nahikoa utzita dagoen gaia da, eta ez da gehiegi lantzen, datuak ez daude, arriskuen balorazio gutxi… Helduentzat diren zentro gehienek, esaterako, huts egiten dute haien sexu eskubideak onartzerakoan, lantzerakoan, onartzerakoan…

AEB Ameriketako Estatu Batuetako ondorengo datuak interesgarriak dira gaia eta egoera kokatzeko (gertuagokoak ez ditugu topatu hain osatuak): helduentzat diren zentroetan, estatu gehienetan, ez dute gela pribaturik edo txokorik sexu-harremanak izateko. Penagarria:

nursing-homes

Baina inkestek erakusten dute (hasi dira gero eta gehiago egiten, zorionez), apetitu sexualak ez daukala adinarekin zerikusirik, alegia, ez dela desagertzen urteak aurrera joan ahala:

surveys

Infografia osoa hemen ikus dezakezue: http://www.bloomberg.com/graphics/infographics/lets-talk-about-sex-in-nursing-homes.html

300x300_animatua

Helduen jarduera sexuala

Viagra eta halakoak gu salbatzeko iritsi omen ziren. Industria farmazeutikoaren beste asmakizun bat, ziur. Helduek, askok, horiek gabe ere sexua izaten jarrai dezakete. Ez dakiguna da zein harreman mota izaten dituzten, zein maiztasunekin, izan ditzaketen osasun arriskuak ezagutzen dituzten… Izan ere, alfonbra azpiko gai horietako bat bihurtu da.

Helduek beraiek ere, asko bai behintzat, sinetsita daude, bizitzako beste hainbat arlori bezala, horri ere dagoeneko uko egin behar diotela. Ez delako beraien adinerako zerbait. Ez dago araurik halakorik esaten duenik, baina helduek onartuta duten zerbait da, ez sexua, ezta maitasuna ere askotan, ez da dagoeneko beraientzat. Gezur biribila.

Sexua ez da gazteentzat. Ez da erreproduzitzeko bakarrik. Gozatzeko baizik. Eta helduak ez dira asexualak; etengabe gaztetasuna, bizkortasuna eta edertasuna saltzen diguten arren, bizitzako ia arlo gehienetan. Balio dezatela, erakusle moduan, Britainia Handiko inkesta honen datu batzuek:

  • Britainia Handiko 80-90 urteko gizonen %31 masturbatu egiten da eta sexua praktikatzen du.
  • 70-80 urteko gizonen ia %60 sexualki aktiboak dira.
  • Emakumeen datuak baxuagoak dira:
    • Lehen kasuan, 80-90 urtekoetan, %14k onartzen du masturbatu egiten dela edo sexua izaten duela.
    • 70-80 urtekoetan, %34koa da portzentaia.

Euskal Herriko datu batzuk

Ekainean argitaratu genuen kaixomaitia.eus atari honetan Euskal Herritarron harreman afetibo eta sexualei buruzko ikerketaren emaitzak. Ikerketa osatzeko inkesta internet bidez egin geunen eta hargatik ez dugu 60+ adineko herritarren datu gehiegirik. Ikerketan jasotako 45-64 adintarteko pertsonen datu batzuk hauek dituzue:

  • 45-64 adintartekoen %17ak ez du sexu harremanik, adintarte hau da sexu gutxien duena. %45ak astean behin edo gehiagotan izaten ditu sexu harremanak eta %48ak astean hirutan edo gehiagitan izan nahiko lituzkete sexu harremanak.
  • Astean behin edo gehiagotan masturbatzen da %60a 
  • Bizitza sexualari dagokionez adintarte honetan duten zoriontasun maila oso baxua ala baxua da %28- arentzat, adintarte hau da zoriontasun maila bajuena duena. Zorionatsun maila altua edo oso altua berriz %41ak aitortzen du, hau ere portzentaia bajuena duen adintartea da.
  • Pornografia gutxien kontsumitzen duen adintartea da, %43ak ez du inoiz kontsumitzen

Arazoak eta arriskuak

Heldutzeak ez du esan nahi, derrigor, sexu-jarduera desagertzen denik. Normalean, arazo medikoek, psikologikoek edota sozialek eramaten dituzten gure helduak sexua baztertzera. Ez dute sexualitatea modu naturalean bizitzen.

Ezin dugu ukatu, hala ere, sexua adin horietan aldatu egiten dela, gure gorputzak aldatzen doazen neurri berean. Sexua eta intimitatea parametro berrietara moldatu behar dituzte. Emakumeen kasuan: bagina estutu egin daiteke eta hainbat kasutan lubrifikazioa galtzen du. Gizonetan ohikoena disfuntzio tentekorra da.

Gainontzeko gaixotasunek ere badute zerikusirik: artrosiak, depresioak, bihotzeko arazoek, min kronikoak, dementziek…

Horrek ez du esan nahi , ordea, sexuari uko egin behar diotenik. Euren burua zaindu baizik, eta arriskuak zein diren ezagutu. Osasunak laguntzen badu, ez du (ia) ezerk aldatu beharrik.

Hori bai, ezin ditugu ahaztu SKG Sexu Bidez Kutsa daitezkeen Gaixotasunak ere. Edozein adinetan arriskuak berberak dira. Eta horiek saihesteko hartu beharreko neurriak ere bai.

Naturalki bizi, gauza berriak probatu

Bai, gure gorputza aldatu egiten da. Sexualitatea bizitzeko modua alda dezagun, bada. Sexua aldatzeak ez du zertan esan nahi uko egitea edo maiztasuna murriztea.

Zerbait ona topa dezakegu gure egoera berrian? Edo agian ez dauka aldaketa fisikoekin zerikusirik. Besterik gabe, adinarekin, dagoeneko ez ditugu gustuko lehengo praktika berdinak. Ba, aizue, heldutzen joan ahal, proba ditzagun berriak!

Medikuarekin hitz egin dezakegu botikarik behar badugu. Industria farmazeutikoa ez badugu atsegin, badaude hainbat irtenbide natural ere. Bakoitzak ondo datorkiona topatu behar du.

Beti ere, norberaren gorputzaren aldaketak eta ondokoarenak ulertzen saiatuz, eta bereziki, onartuz. Eta ez onartu inoiz adina muga denik. Tamainak ez badu inporta, adinak nola edukiko du ba garrantzirik.

 

Argazkia hemendik ekarri dugu gurera.