Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketako Finalista
Karlos Aretxabaleta “Txapel”
- ATALA
Gaueko hamarrak dira jada, eta ez dut nire kontaktuaren berririk. Ez dut morroia ezagutzen, baina jakin badakit tertzioz etorri behar dela aldirian kokatuta dagoen Olimpia izeneko kafetegira. Bart arratsean postontzi sekretuan jasotako informazioa fidagarria zela esango nuke: 22:00etan Olimpia kafetegian; hitz gakoa: “hemen ere txakurrak oinutsik”. Berandu dabil, bada, urlia. Dagoeneko urduritzen hasia naiz, baina ez diet nerbioei biderik eman nahi. Orain gutxi, txakurrek “Txato” atxilo eraman zuten, eta susmoa dut aspaldion erakundean bizi dugun ezinegonak zer esan handia izan duela bere atxiloketan.
22:15 eta ez da inor ageri. Erakundeak nekez barkatzen ditu horrelako hanka- sartzeak. Puta semeak botata utzi nau? Gaurko topaketa izugarri garrantzitsua da, izan ere, hemendik aurrera batera jardun beharko gara bikote gisa etortzeke dauden ekintzetan. Horrelako batean, kafetegiko atea zabaldu eta hogeita bost bat urteko gaztea sartu da. Baliteke nire kontaktua izatea, itxurengatik, behintzat. Oso ederra da, beroaldi baterako gustatzen zaidan horietakoa. Zoritxarrez orain ez nago lelokerietarako, misio-sekretuan nabil eta. Tipoak kafea eskatu du eta ingurura begira jarri da, nire bila ariko balitz bezala. Bat-batean, gure begiek topo egin dute, baina berehala jakin dut ez dela nire kontaktua, jarraian joan baitzaio begirada zerbitzariaren ipurdira. Kaka zaharra!
22:23. Pazientzia galtzen hasia naiz, eta, okerrago oraindik, itxaropen azken tantakadak esku artean dudan garagardo botilatik edan ditut. Horrelako batean, altxatzera noala, gibelean ahots bat sentitu dut, niri hitz egiten egongo balitzait bezala. Telebista da. Buelta erdia eman dut erregimenaren propaganda aparailua esaten ari dena arretaz entzuteko. Badirudi “Txato” ez dela ziegan egin dioten galdeketatik bizirik atera. Goian bego. Ni bezala, laukidun alkandora janzten duen 40 bat urteko gizon bat ere telebistari begira dago, komunetako ate ondoan. Ezezko keinu bat eginez, aurpegia jiratu, niri
begiratu eta erdi ahapeka hitz gakoa xuxurlatu du: -hemen ere txakurrak oinutsik. Biok dakigu zein den hurrengo pausoa; tragoa ordaindu eta alde egin dugu elkarri deus ez esan gabe.
Oinez ibili gara 10 bat minutuz, elkarrengandik hurbil, baina gehiegi hurbildu gabe, ordu txikietan azeri guztiak buztan luze baitira. Brastakoan, nire kontaktua kale- zulo batean sartu da eta ni agertu orduko kotxe zahar bat martxan jarrita dauka; Ford granada gris eta herdoildua. Behin barruan, nire lehenengo erreakzioa morroiari zarataka hastea izan da. Puntualtasunaren harira hamaika eta bat kontu bota dizkiot aurpegira, horrelako txikikeriengatik erakundean espedienteak zabaldu dituztela eta abar. Bera, ordea, lasai dago oso, eta ez du zirkinik egin. Lasai egoteko esan dit, ito beharrean nagoelakoan edo. Bere burua aurkeztu du, patxadaz, baita Winston ezizena darabilela aitortu ere. Jarraian leihatila jaisteko keinua egin dit, gauerdiko arnasak lagunduko nauelakoan. Lasai ikusten dut morroia. Tira, gehiegi kezkatzeko bestelako ziorik ez dugu, momentuz onik eta osorik gaude eta!
Hasperen egin dut eta berak agindu bezala, leihatila jaitsi, zigarreta piztu eta minutu batez isilik egon naiz, tarteka berari begira, kotxe barruko tentsioa hoztu nahian.
Orain arte ez diot inolako garrantzirik eman, baina zarataka ari nintzaiola izugarri erakargarria dela iritzi diot. Gizon garaia da Winston delakoa, begirada argikoa, eguzkiak zaildutako azal beltzaranekoa eta eskuak zauriz arrailduak ditu. Bisaia iluna, bekain finak eta belarri perfektuak, hargin batek zizelkatu izan balitu bezala. Bere burua lasaitasunez aurkeztu duenean, bizar luzeak izandakoaren arrastoa nabaritu diot, ez baitio koloreak hartu kokots, bibote eta masail inguruari. Erbestean ibiliko ote zen? Gerrilla formakuntzarekin, agian; edota mendian ezkutatua, aldiro erregimenaren aurkako ekintza bortitzetan parte hartzen. Ni baino hamar bat urte zaharragoa dirudien arren, ziur nago ematen duena baino gazteagoa dela; bizitzak gaizki tratatu duenaren seinale. Usain
zitrikoa dario, lurrinik garestienek nekez osten lezaketen horietarikoa. Bestalde, begirada
sostengatzen duten begi berdeak niri begira ditut, arretaz aztertuko banindute bezala, eta irmoki eutsi diote nire errietari. Istant batez deseroso sentiarazi naute esmeralda distiratsu horiek. Giroak, tentsioak… koiunturak, azken batean, harrapatuta nauka. Soberan ezagutzen dudan berotasuna nagusitu da nire hankartean, eta eszitatzen hasi naiz. Polizia gu zelatatzearen beldur izateak emozio puntua ematen dio abaguneari, eta nire otso sena horretaz ohartu da. Ondoan jesarrita dudan ezezaguna begira daukat, zer gertatzen zaidan jakingo balu bezala, hala ere, ez du konplizitate keinurik adierazi.
Azkenean martxan jarri gara, eta nire aginduen zain dago, neuk baino ez dakit gure pisu sekretuaren kokapena. Protokoloa jarraitu dugu, eta autobide nagusitik kilometro gutxi batzuk egin eta gero, atzera egin dugu errepide zaharretik hiribilduan sartzeko, beste behin. Pisua erdigunetik hurbil dago, ez gehiegi, ordea. Arrunt samarra da, diktadura aurretik eraikitako horietarikoa; tamalez, auzoak bere hasierako kolorea eta bizitasuna aspaldi galdu zuela barrunda daiteke. Ez da kasualitatea erakundeak horrelako auzo batean pisua aurkitu edo jaso izana, izan ere, jakin badakigu ingurumarian jarraitzaile sutsuak ditugula. Hormetan itsatsitako afixek eta pintaden garrasiek gure alde egiten dute, bederen.
Pisura heldutakoan, lehenengo eta behin, goitik behera arakatu dugu, mikroak zein kamerak gu zelatatzen egon daitezkeelakoan. Garbi dago. Luxu handirik gabeko espazioa da, zaharra, sinple-sinplea, logela eta komun bakarrekoa, baina segurua, behintzat. Logela orraztu dugunean, oharkabean, ohea ikusi eta berehala pentsamendu lizunak etorri zaizkit burura. Winstonekin larru gorritan imajinatu dut neure burua, norbaitekin larrua jotzeko izango dudan azken aukera bailitzan. Haatik, bere ahotsak pentsamendu erotikoetatik atera nau, halabeharrez. Jarraian armak komuneko ezkutalekutik atera ditugu – Glock 19 eta 22 milimetroko Magnuma –, inbentarioa egin, “burdinak” ondo garbitu eta nagusien jarraibideak irakurri ditugu; oraingo honetan komuneko paperan idatzita aurkitu dugu
gure zeregina: erregimenaren inteligentzia zerbitzuko espioi nagusia, “Belea”, bilatu, aurkitu eta garbitu.
***************************************************************
- ATALA
Asteak astiro doaz, tantaka, gure afera itogin erraldoia bailitzan. Hiru egunik behin hirigunera goaz erosketak egitera, eta, bide batez, Belearen bila aritzen gara tentu handiz; zorte handirik gabe, ordea. Nagusiak urduri daude, eta ekinaldia espero dute gure aldetik. Hala ere, ezin dugu arreta gehiegi deitu, bestela uxatu egingo dugu gure ehiza. Orain gutxi erakundeak “txibatazoa” pasa zigun, eta, antza, puta semeak gogoko du hiriko putetxeetatik ibiltzea ordu txikietan. Are gehiago, gaur bertan jakin dugu larunbatero The dolls izeneko putetxera doala, eta ia-ia ziplo erori arte mozkortzen dela. Azkenean hor dugu abagunea, guri begira, eta ez dugu etsiko gure zereginean, baldin eta horrela gure herrialdearen askatasuna lortzen laguntzen badugu.
Azaroak 12, larunbata, San Martin eguna. Egun aproposa ekintza zuzena burutzeko, izan ere, amamak erakutsitako esakunea ekarri dut gogora: A todo cerdo le llega su San Martín. Urduri gaude Winston eta biok, ez dugu ezta afaldu ere egin, ez baitakigu zelan jokatuko dugun zerri hura ikusten dugunean. Baliteke polizia gure aferaren jakinaren gainean egotea eta gu berunez estaltzea, edo informazioa ez izatea guztiz fidagarria. Haatik, ezin dugu betarik galdu. Dagoeneko zigarreta paketea amaitu dugu, eta azken zigarroei antsietatez jantzitako zupadak eman dizkiegu. Orduantxe Vodka botila atera dut eta hiruna tragoxka edan ditugu egongelan, harik eta alkoholak eragindako berotasuna ausardiari bidea zabaldu arte. -Burua hotz, bihotza bero! Gora herria! Aberria ala hil!
Musika tristearekin nahastu dira gure pausoak The dolls putetxera sartu garenean. Billete handia eman diogu sarrerako madameri behar dugun informazioa entzundakoan, eta hantxe bostgarren gelan aurkitu dugu Bele zorria larrua jotzen Winston eta bion alaba
izan zitekeen nerabe batekin. Atea zabaldu bezain pronto Glock eta Magnum pistolak altxatu eta tiro egin dugu aldi berean, bere bisaia desitxuratua ikusteko ozta-ozta astirik gabe. Tiroek larru gorritan dagoen neskatoak botatako garrasiarekin bat egin dute noizbait, eta lokaleko giro lasaia goitik behera urratu egin du harrabotsak. Buru-berokia kendu eta “egina zegok” bota diot nire lagunari. Ospakizunetarako astirik gabe, hanka egin dugu hainbat arinen, tiroketak polizia guztia erakarriko duelakoan.
Ihesaldirako jarraibideak zorroztasunez bete ditugu beste behin, eta pisura onik eta osorik heldu gara. Zorionez ez gaitu inork jarraitu, hala ere, ito beharrean gaude. Sentimendu partida etorri zaigu brastakoan, eta nire pisukideak negarrari ekin dio ohe gainean jesarrita. Ez da erraza inor akabatzea, nahiz eta huraxe herrialdeko espioirik krudelena izan, nahiz eta gure lagun eta senide askok pairatutako torturen burua izan; ni honezkero ohituta nago. Telebista piztuta dugu, eta gauerdiko “partea” gertatutakoari buruz berri ematen ari da. Orduantxe, Winstonek Belearen irudia -artxiboko irudia- kondekorazioz eta dominaz beterik ikusi duenean, sosegua lortu du. Nolabait, askatasun sentsazioak berenganatu du, istant horretan ulertu baitu kondekorazio horiek gure lagunak erahiltzeagatik eta desagerrarazteagatik jarri zizkiola erregimenak.
Winstonen arrangurak hunkitu egin nau oso-osoan. Astiro-astiro berarengana hurbildu naiz, eta aurpegiko anpuluak xalotasunez sikatu dizkiot. Istant batez, bere usainak, ezagutu nuen egunean bezalaxe, bahitu nau eta erakundeak ezarritako protokolo guztiak haustea erabaki dut. Orduantxe musu bat eman diot masailean, eta ezker eskuarekin bere aurpegia nigana erakarri dut. Begiekin biluztu nau, joandako asteetan bezalaxe, baina gaurkoan gure begiek ez dute nahikorik, ez daude aseturik, gehiago behar dute; haragi gosea, alegia.
Bat-batean airean altxatu eta hormaren kontra jarri nau, nik, ordea, lotsak alde batera utzita, ongi estutu dut nire hankak elkar gurutzatuz bere gerriaren atzeko partetik.
Hasierako musu lotsati horrek barruan gordeta generamatzan sentimenduei atea zabaldu die eta denak tropelean irten dira. Ezpainak jan dizkiogu elkarri, bortizki eta arin, elkar maitatzeko azken aukera izango bagenu bezala; jakinaren gainean egongo bagina bezala. Baldarki, bere fraken barruan eztanda egitear dagoen arma nire uzkiaren kontra bultzaka igarri dut, eta horrek gogorarazi dit oraindik ez ditugula aldean ditugun suzko armak baztertu. Poliki-poliki, presarik gabe, jolasten hasi naiz ezkerreko eskuarekin; lehenengo gerrikoa oratu eta trebeziaz askatu dut. Jarraian brageta jaitsi diot, beste eskuarekin atzean ia goraino kargatuta daraman Glock 19-a atera dudan bitartean. Izugarri bero nago, eta argi dago elkarrekin larrua jotzea besterik ez dugula nahi, baina, halabeharrez, elkarrekin jolasteko beta sentitu dut nire barnean. Orduantxe, arma hartu eta goitik behera miazkatzen hasi naiz, gozoki bat balitz bezala. Nire erakunde kidea harrituta dago, baita ni ere. Ziur naiz ez zuela horrelakorik espero, ezta gure nagusiek ere, baina izugarri gustatzen ari zaio ikusten duena, bere begiradak ez baitu erraz engainatzen.
Lurrean gaude jada, baina oraingoan darabildan pistola hezur-haragizkoa da, hankartean hezur askorik ez dagoen arren. Fereka eta musu gozoak ematen hasi natzaio, nire ezpainen zintzotasuna hor behean ere sentitu dezan. Apurka-apurka ahoarekin egindako milikak intentsitatez igo dira, eta bere zakila oso-osorik sartu-irtenean dabil nire ahotik, harik eta bere larruzko panpina lehertzear dagoela igarri dudan arte. Ez diot betarik eman intziriekin hasteko, gau osoa gure zain dugu eta. Ez nago prest nire “biktima” hain goiz askatzeko. Horregatik, bada, nigana erakarri dut pisukidea, izan ere, txanda heldu zait. Lagunak ez dio erronkari izkin egin eta erraztasun handiarekin kendu dizkit honezkero umel egongo diren galtzontzilloak. Istant batez, nire pentsamendua irakurri izan balu bezala, bere mihi heze eta lerdetsua nire uzki barruan sentitu dut, eta itzelezko berotasuna etorri zait sabel aldera. Nik iletik, burutik, oratzen dudan bitartean, bera bere zereginean tematu da, eta mihia ez ezik eskuarekin ere maisu dela erakutsi dit; noizbait
ere, musu beltz luze hura nire zakilari eragindako esku kolpeekin uztartu du, eta nik ahapeka faborez ez gelditzeko eskatu diot. Huraxe bai sinfonia. Ustekabean zerbait lehertu da nire barruan, eta ezin izan diot oihuari eutsi. Egundoko orgasmoa etorri zait, arrunta den hori hirukoiztu balitz bezala. Hain izan da sakona, ezen hazia ziztu bizian irteten nabaritu baitut. Winston ez da kexatu; aitzitik, bere sexu-grina piztu du nire hazi txorroztadak.
Ez dago su etenik gerran bizi baikara, eta elkar maitatzen jarraitu dugu. Orain, ordea, bere gainean jarri naiz, hankalatrabaka, eta bere zakila barrunbeetaraino sartu dut. Minik ez, ezta beldurrik ere. Berotasunak inguratu nau, eta trostan hasi naiz bere gainean, gorputzaren mugetatik aske sentitu nahirik. Tximeletak jaun eta jabe dira nire sabel aldean; eurak ere irtenbidearen bila dabiltza. Bitartean, bularreko ile matazari heldu eta huraxe miazkatu diot, bere izerdia nire ahoan giltzarrapoz bahitu nahian. Lauhazka bizian ari gara gure herriko belazeetan ariko bagina bezala, intzirika, heltzear dagoenaren seinale. Gutxi falta zait, gutxi falta zaio. Bat-batean lehenago sentitu dudan sentsazio bero hura hankartera etorri zait, eta, menturaz, gure begiek bat egin dute gauaren iluntasunean. Bat, bi, eztanda! Estasiak atzeman gaitu, gure garrasiek bat egin dute noizbait, eta ipurdi zein izterretako gihar guztiak trabatu zaizkigu gozamen une hori gure barruan luzaroan gorde nahian.
Isiltasuna. Urrutian kaleko txakurren zaunkak baino ez dira entzuten. Zoragarria izan da, errepikatzeko modukoa, baina ez dugu adorerik. Lurrean botata gaude zabal- zabalik dagoen leihotik izarrei begira, izerditan blai. Zigarreta bana piztu eta eskua eman diogu elkarri, baina ez dugu deus esan. Beharrik ez dago. Badakigu, ordea, gerora zer datorren; ihesaldia eta bakoitzak bere bidea berregitea inolako laguntzarik gabe, beti sasi artean eta arantzaz beteriko bideak zeharkatzen, alegia. Hala ere, ez diogu elkarri adiorik esan nahi. Horrelako batean, bere burua sentitu dut nire bular aldean pausatzen meheki,
nire arnasketa eta bihotz taupadak entzun nahi izango balitu bezala, eta nik keinua itzuli nahi izan diot lepo aldean ferekak eginez ezker eskuarekin. Logale gara, tentsioak eta pasioak lur jota utzi gaitu. Nire pisukidea atoan lokartu da, eta dagoeneko neure buruarekin baino ez naiz ari. Nork jakin Winston, erregimena erditik kentzen dugunean, agian, elkar ikusterik dugu. Bitartean, gau ona pasa. Beti arte lagun. Negar gehiagorik ez, adiorik ez.
**********************************************************************
GIBEL SOLASA
Hamaika hilabete eskas igaro dira logela hartan azkenekoz elkarri adio esan genionetik. Bai, azkenean hanka egin behar izan genuen pisu sekretutik. Poliziak gure ezkutalekuaren berri jaso zuen, “txotaren” batek esanda, ziur asko, eta ozta-ozta agur esateko astirik gabe alde egin genuen. Ordutik aurrera ez dut nire lagunaren berri askorik izan. Gaur arte. Jakin dut han-hemenka aritu dela hilabeteotan, baita mugan zauritu zutela ere. Berdin dio. Orain Winstonen hilobiaren aurrean nago. Goian bego. Bera hor, lur azpian zerraldo, eta ni hemen, zutik bere hilarriari begira, poeta ezezagun batek idatzitako agur lerroen aurrean. Hura irakurtzean, deskuiduan, anpulu batek ihes egin dit.
Ametsen gatibu naiz. Gatibu naiz ametsetan. Gatibuen ametsa naiz. Ametsak presozainak dira.
Loa, ordea, kartzelarik seguruena. Ametsen gatibu naiz; zoriontsu, hala ere.