Metro bateko tartea

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketako Finalista

J Erotikobarrena (Joxemari Urteaga)

 

Ez ninduen ukitu. Ez zuen horretarako beharrik izan. Haren presentziak hainbesteraino hunkitu ninduen, non luzaroan laztandu izan banindu bezala sentitzen nintzen.

Venusen delta, Anaïs Nin

Banekien zer gertatuko zen, horixe da gauari ordaindu behar zaion zerga. Erokeria asko egiten ez duen pertsonatzat daukat nire burua, dena antolatuta edukitzea gustatzen zaion horietakoa naizela uste dut. Baina bart presio-lapikoak zirrikitua askatu du eztanda egin aurretik. Alkohola eta aho-kola, halako ore bigun itsaskor bat sumatzen dut hortzekin eta mingainarekin borrokan, gelako poster guztiak berritsasteko beste.

Nire buruak eta bihotzak dantzan jarraitzen dute amaitutako musikapean. Loki-lokian sumatzen dut, oraindik, baxuaren erritmo lodia.

Bularrean azkura egindakoan konturatu naiz kuleroak bakarrik ditudala jantzita, beti hala lo egiten dudala gogoratu dudan arte. Ohean eseri naiz jaikitzeko nagiz. Aurreko ispiluak erakutsi dit errimelak egin duen bidea, gainez egindako errekatxo adar-beltzek desitxuratzen dituzte nire begi ederrak. Aitak oraindik jartzen dituen Iron Maidenen portada baterako aproposa. Hasierako irribarreak alde egin dit ezpain ertzetik, eta kaskezurrean abisua jaso dut esfortzurik ez egitekoalkoholatuz, barka, aholkatuz.

Ez begiratu horrela, esan diot Mia Wallaceri. Pulp Fictioneko posterretik ari zait begira, ohean etzanda, zigarroa eskuan, lotsagabe. Ez nau pistolak izutu.

Goizaldean ikusi nau etxera iristen, gelan isilean sartzen, zapatak eskuan, bularretakoa berokiaren poltsikoan, ez dut gogoan nola, ezpainetako gorrikara erretzen ez dudan zigarroa zurrupatuz higatua. Ondo pasa duzu? Galdetu dit Miak, maltzur.

Bere hanka luzeei begiratu diet eta lotsagabe begiratu diogu elkarri aurpegira, baina baxuak gain hartu dio nire burmuinean.

Eta gaur igarri egiten dut atzoko ezinegona.Perkusioa dunbaka itzuli zait eta ohean etzan naiz berriro. Izara leporaino estali eta eskua sabel beroan sartu dut. Ezezagun batek alkandora askatu dit, emeki ireki, eta nire bular txiki eta zuriak askatu ditu, xalotasunez musukatuz. Mihia titiburuekin jostatzen utzi diot. Nire hatzek pianoa ukitzen dute begirada sabai hutsean galdua dudan bitartean.Notak desafinatzen ditut, ordea. Offean dut perla arroxa.

Dutxa bero batek itxuratuko nau kanpotik. Pilula pare batek eta gosariak, agian, barrutik. Mesanotxeko salatariak, ordea, bazkaltzeko ordua ere pasea dela erakutsi dit. Tempoak errespetatzeko daude gure etxeko partituran.

Gaur itzuliko da Nicoletta etxera. Berari utzi genion italianoa aukeratzen. Hiriko gehienak paseak izango ditu Erasmusak iraun duen bitartean.Lagun ona egin dugu eta pandemiaren kontu hau amaitzen denean Florentziara gonbidatu gaitu, Duomoa ikusi eta Daviden hankartean argazkia ateratzera. Neurria galdu eta geure onetik atera ginela esatea gutxi litzateke. Ikasketak ahaztera joan eta izena ez beste dena ahaztu, horixe da zerga-biltzailearizor zaion ordaina.

Betidanik izan naiz erokeriarik egiten ez duen horietakoa, dena antolatuta daukana. Egoera kontrolpean izan behar hori txikitatik gogoratzen dudan zerbait da. Azterketak amaituta eta pandemiaren egun gogorrenak atzean utzita, ordea, arnasaldia behar izan dut, egunerokotasuna ahaztu, aspaldiko partez.

Iluntzean hartuko du hegaldia Nicolettak, gure Florentziako azal beltzaran lirain eta xarmantak, eta atzokoa despedida-afaria izan bazen ere, behar bezala agurtu nahi dugu. Erosi diodan liburua paper koloretsuan batu eta ahaztu aurretik sartu dut poltsan.

Ezin izango dut etxeratze-agindurako itzuli, eta isun batek nire ekonomia hauskorra hankaz gora jarriko luke, gurasoen erretolika ahaztu gabe. Beraz, ez naiz itzuliko lotara. Ikaskide baten izena esatea nahikoa izango da gurasoak lasaitzeko.

_ – _ – _

Moyua plaza izkinako taberna batean batzekotan gara. Tabernaren izena ezabatu dit gogoan bueltaka dabilkidan lapitz-hauts honek, baina mezu batek konpon ezin dezakeenik ez da.Bizkaibusa hartuko dugu Loiurako, ez du gutxiago merezi Nicolettak. Metro-geltokira abiatu naiz denboraz, burmuinean sentitzen dudan bihozkada bakoitza pauso gidari.

Ikaslea izatearen abantaila, pentsatu dut,Bariktxartela atera bitartean. Gehienak lanetik etxera doazenean, amaiera baten hasiera ematera goaz ikas-lagunak, dena da hasiera amaiera batean.

Bagoira sartu eta ez naiz konturatu eseri arte, alboko bikotea elkar jaten ikusi dut eserlekuan, baldar, musukorik gabe,mende osoko gosea bat-batean ase ezinean.

Berango, entzun da bozgorailutik, baina ez dut sentitu ezer beherago. Hasierako kitzikaduraren ondoren, lekuz kanpo sentitu dut neure burua, eta aurreko eserlekuetara egin dut.

Leiho alboan ikusi dut gizona, gorbata eta guzti, eta hantxe joatea gustatzen bazait ere, ez naiz ausartu bere aurrean esertzen, beste bi eserlekuak libre daudenean.Gainera, metroaren norabidean bidaiatu behar izaten dut umezarotik, zer datorren jakin behar dut. Mugikorra atera eta entzungailuak jantzi ditut, musikaren laguntzaz lasaitzeko asmotan, bakardadean murgilduta, bidaiak iraungo duen tartean. Sega-potoa deitzen dio oraindik gure aitak bere tapadunari, Sex Pistolsen biniloen antzera, lehenaldian bizi den seinale.

Irtendakoak sartutakoak baino gehiago izan dira eta barealdia heldu da bagoira. Sudaderaren txanoa jantzi, begiak itxi eta musikan babestu naiz. Hoy en el metro me acordé de tu mirada / En otro cuerpo, en otra voz, en otra cara / Línea directa a los recuerdos que se clavan / Se hace difícil no bajar en tu parada (…). Kasualitateak zer diren! Nitaz gogoratu dira Gaztean.

Denboraren nozioa galdu dut norbaitek sorbalda ukitu didan arte. Emakume bat da, eta baimena eskatu dit leiho alboan libre dagoen eserlekura pasatzeko.

Ibarbengoa.

Belaunak alboratu eta pasatzen utzi diot. Emakumeak bizkarra eman dit mugitu bitartean. Soineko zuri arina, barruko arroparik ez daramala sumatzeko bezain estua.Gerritik beherako bi mendien arteko ibarra imajinatu dut eta magalean esertzea desiratu.Alferrik. Jesarrieta leihora begiratu du, iluntzen hasitako ispilura.

Gizonak ordenagailutik begiak altxatu dituela konturatu naiz txanoaren ertzetik, baina ez dio aurpegira begiratu, hanka luzeei begiratu die zeharka, pantailara begiratzearen planta eginaz.

Emakumeak soineko zuriarigorantz tira egin dio, erosoago esertzeko.Luzeak ditu, finak, amaierarik gabeak ia. Hankak. Gizonak txistua irentsi eta bizkarra zuzendu du, besoak gurutzatu, leihotik kanpora begiei atseden eman asmoz.Bere burua itzuli dio, ordea, urduri antzean. Ez diote elkarri aurpegira begiratu. Voyeurra sentitu naiz une batez, lotsagabeegia agian, baina badu  kitzikagarritik, artean offean sentitu arren maskorrean ezkutatuta perlatxoa.

Beroa sentitu dut, baina ez dut txanorik atzeratu, eta neuk ere leihora zuzendu dut begirada metroa martxan hasi denean. Alboko bien isla erakutsi dit, bakoitza berean, erdian ni. Gizonaren begiradak ez dio arretarik kendu emakumearen hanka luze eta lirainei. Gaizki pentsatzen hasi ote behar dudan otu zait.

Bidezabal

Ordenagailuari pantaila jaitsi eta pentsakor geratu da beso bat leihoaren ertzean pausatuz. Galtzerdi gardenak daramatza soineanemakumeak, izterretik gora galtzen zaizkio. Eta nire begiradak ezin izan badu ere bidea jarraitu, begien mugimendua igarri diot gizonari, hanka luze haien amaiera igarri eta geografia leun, gozo eta eztia buruz ikasiz. Gorbata lasatu du, bero dago bagoian.Nagiak ateratzen sentitu dut gogoa eta ezpainen artean gordeta daukadan lore-begia esnatzen.

Trenaren mugimenduak, noizean behin, elkar ukitzera eraman ditu, baina inork ez du atzera egin eta ni zelatari gose bihurtu nau, bezperan sujetadora nola erantzi nuen gogoratzen ez dudala, larruen trenbidean gurutzatuko ez diren erraileetan traka-traka.

Ez dute begiradarik gurutzatu, eta nik sudaderaren ertzetik zelatan jarraitu dut, Sherlock faltan Watson, imajinazioa aske utziz, belarrietatik iristen zaidan musika ezinezkoa dela sinetsita. Y cuando en las noches pienso yo en ti / Se que tu te acuerdas de mi / Pero aquí atrapado en este vagón / No se si volver a salir.

Leioa, esan du ahots eme batek.

Halako batean besoa leihoaren albo batera erortzen utzi du emakumeak, eta elkar ukitu dute une batez. Ia sumaezina izan da, baina isuri duten txinparta nabaritu dut. Hondar aleren bat sartu zait maskorrean eta azkura zantzuren bat sentitu dut esnatzen hasitako bitxian.

Inoiz, igurtzi bat nahikoa izaten da txinparta pizteko. Elektrizitate estatikoaren lan egiteko modua.

Emakumeak aurrera begiratu duenean, hankei begira harrapatu du. Irribarre ñimiño batek egin dio ihes ezpain ertzetik, eta mugimendu arin batek izterrei leku egiteko agindua eman dio soineko zuriari.

Begiak okertu eta minduko zaizkidan beldurrik gabe begiratu dudanean nabaritu dut, eserlekuan etzan abartu eta apur bat zabaldu ditu hankak, pitin bat soinekoa altxatuz, izterren erdia erakutsiz. Gizonaren esku haragitsuak ikusi ditut nora ezinean, ordenagailuari pantaila bortitz altxatuz.

Erlojuari begiratu diot Areeta entzun dudanean. Azken geltokian jaits daitezen desiratzean, irribarre ikusezin bat ezkutatu dut txano azpian. Ehunka bidaia, ehunka aurpegi, ehunka egoera, antzekoak, desberdinak, ahaztuak. Ezusteko ekintzak izaten dira, gehienetan, ahaztu ezinezko geratzen zaizkigunak. Pantailaren atzean babestu eta izter ertzean disimuluz azkura egiten ikusi dut gizona, zerbaiti leku eginaz.

Gizonaren begi-ninietan jarri ditut neureak. Albotik pasatutakoan azpiko arroparik gabe sumatutako paisaia basoa ala belardia izango den imajinatu nahi izan dut, baratz basati ala lorategi landua. Bat-batean, gizonaren hankak emakumearena ukitu du, leun. Zalantza egin dut, apropos egin duen ala bagoiaren mugimenduak eragin duen. Begi-niniak zabaldu eta salatu dute. Kilikadura likitsa sumatu dut neuk ere ezkutu epelean eta poztu egin nau, orban lehorra zirrikitu heze, azkenean, ihintz sendagarria bihurtzen hasi da.

Eskuineko hanka harengana mugitu du emakumeak eta berriro elkartu dira oinak. Bat-batean energia gehiegi sumatu dut, noiz lehertuko. Estatikoa zena mugimenduan hasia da. Begirada edan dio.

Erandio

Aspaldian kasurik egiteko betarik izan ez dudan mp4a itzali dut poltsiko barruan, aurikularrak kendu gabe, txanoaren itzalean begiak erdi irekita, geltokien arteko distantzia luza dadila erregutuz.

Goratik hartu du arnasa gizonak, eta eskuineko eskua leihoan pausatua duela, ezkerrarekin soineko zuria igo du pitin bat emakumeak, enkajezko galtzerdien amaiera agerian utziz.

Nire hasierako irudimena apeta bihurtu da, fantasia ikusmira aztoragarri. Gizonak hankak ireki behar izan ditu, zerbait esnatu etaoztopo egingo balio bezala.Titiburuak hazi eta kili-kili leuna sentitu dut, urak estalita egondako Santaklara lehorreratua.

Ezin dut emakumearen aurpegirik ikusi zuzenean, ez naiz ausartzen zuzenean zelatatzera, baina ezpainak mihiaz hezetu dituelaimajinatu dut musukoaren atzean, eta gizonaren hankartera begiratzen, disimulurik gabe oraingoan. Larruazala ikaratu zait.

Ordenagailua estutzen saiatu da, eta horrek are gehiago markatu dizkio lepoko zainak, harik eta neskak bere hanka harenaren kontra estutu duen arte, hankak gehiago irekiz, loretokiko atea zabaldu eta sartzera gonbidatuz bezala.

Ezustean, nirean, eskua belaunaren goiko aldera zuzendu dio eta emakumeari intziri arin batek egin dio ihes dar-dar xumearekin.Ez dute nitaz ohartu nahi izan. Leun, emeki, atsegin, gora eta gora jarraitu dute atzamarrek, galtzerdien enkajean jolastuz, izterren barne aurpegiko azal leuna ferekatuz.

Sarriko entzun dudala uste dut. Konturatu orduko doa denbora, eta presa sartu diet, heldu behar dutengunera ailegatu gogoz.

Sudaderaren txanoa erantzi, kaskoak lepo inguruan egokitu eta ilea bota dut atzera, bistan dudan izterrean gora sigi-saga labaindutako atzamarrek zorabiatuta.

Esku-ahurrak izerdi-likinez ditut, eta antzeko zerbait sentitu dut hankartean.Laztan bakoitza niretzat hartudut. Izterrak estutu eta begiak itxi ditut, eskuarekin azkura egiteko toki egokia ez dela iritzita.

Eskua atzeratu eta atzamarrak igurtzi ditu gizonak, lika heze labainkorra zabaltzeko, egin dut nirekiko. Disimuluz usaindu ditu. Soina hurreratu, ordenagailuaren pantaila babes nahian, berriro eraman du eskua izterrek bat egiten duten gunera, bide heze eta leize sakonen bila.

Hezetasunean barrura leku egin duenean, burua atzera bota eta begiak ixten iruditu zait, desirari joaten utziz. Gizonak ingurura begiratu du eta nire ustezko arretarik ezaz konturatzean, jolasean jarraitu du, olatuak berdetzen ari zaizkion itsaso sakon horretan murgiltzeko modua bilatuz.Begiak itxi eta ozeanoko lurrina xurgatzen saiatu naiz.

Bigarren arnasestua sakonagoa izan da, eta eztul doi batez estali nahi izan du, nire belarrien arretaz ohartu gabe.

Kosta egin zait geldi egotea. Hankak gurutzatu, izter barnean indar egin eta mingainaz busti ditut ezpainak, bertikalak blai nabaritzen ditudala. Listua irentsi eta erlojuari begiratu diot aitzakia bila.Laster helduko naiz geltokira, baina beste geltoki bat dut neure gogoan, arinago heltzea nahiko nukeena.

San Mames.

Biziagotu egin du mugimendua, eta neskak atzamarka egin die leiho-ispiluan islatutako bere atzamarrei.Listua irensten duela iruditu zait, galtzen ari den emaria berdindu nahian. Gizonak ez du gelditu nahi, Edena bilatzeak edendu balu bezala. Eden edana, zerutarra.

Metroaren soinua eta eskusoinua arinago doaz,allegroak indar hartuz gorputzaren partiturak aginduta.

Pelbisa uzkurtzen hasi da, geroz eta arinago, ahoa zabalduz, eta lehertzean salatzerik nahi ez duen garrasia baretzeko borroka egin behar izan du. Betaurrekoak lurrunduta igarri dizkiot, sudurpera jausi zaion musukoaren gainean. Luzapenean garaipena.

Hurrengo geltokia Indautxu.

Hezetasuna emakumearen izterrean zabalduz atera du eskua, itzulera arinagoan. Soinekoa zuzendu eta zuzen esertzen saiatu da, oraindik belaunak dardaraka dituela. Metroa abiadura galtzen hasi da.

Gizona altxatu, ordenagailua fundan sartu eta pasabidera irten da. Atean dago metroa noiz geratuko. Emakumea geroxeago altxatu da eta soinekoa luzatu du, hanka lirain eta dotoreak ezin estalita. Belaunak tolestu eta pasatzen utzi diot. Soineko zuri arina zimurtua du, baina barruko arroparik ez daramala sumatzeko bezain estua jarraitzen du. Aurrez aurre pasatu da oraingoan eta baratz landua dirudiena aurpegi aurrean izan dut. Eskerrik asko esan dit eta begiek lagundu diote esaldiari, baina ez dut zergatia asmatzen jakin.

Txistua irentsi behar izan dut, sumatzen dudan hezetasunaren ordain. Bezperako ezinegona biderkatu zait burmuinean, larruazalean, titiburu sentikorretan, eta eztanda egiteko premia sentitu dut izter arteko maskorrak babestutako perla hazi eta minberan.

Leihotik begiratu diet, bizitakoa benetakoa izan den sinesgaitz.

Gizonak andeneko eserlekuan hanka pausatu eta zapata-axubeta lotu du emakumea hurreratu bitartean.

Musukoa kendu eta ezpainak itsatsi dizkiote elkarri, luze, lizun, sutsu, gordin, eta ni nagoen leihora begiratu dute irribarre zabalean. Eskuak txirikordatu eta geltokiko irteerarantz abiatu dira musukoaren azpian ezkutatuta. Emandako eskerrik askoa ulertu dudalakoan geratu naiz.

Metroa berriro jarri da martxan. Leiho alboko eserlekuan hezetasun orban bat geratu da, eta gerizen gozo-poza igarri dut aurpegian.

Moiua, esan du ahots mehe eta eme batek

On jarri dut berriromp4a, eta paper koloretsuan batutako oparia poltsan dudala ziurtatu dut, irteteko irrikan. Pasta e sesso caldo, erakutsi digu Nicolettak, eta ordainetan  Anaïs Ninen Venusen Delta oparitzea bururatu zait.

Tabernaren izenaz galdetu diet lagunei, laster helduko naizela. Baina mahaian eseri aurretik komunera joan behar dut, gorputza zeharkatu didan argindar urduri honen zurrumurrua txinparta gozoz askatzeko.