Azalera

Kontaketa hau, Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolaturiko Kontaketa Erotikoen II. Lehiaketaren finalista da. Leihaketaren finalista guztiak orri honetan topatu ditzakezu eta bozkatu zein den zure kontaketa kuttunena.


Kosta egin zaizu lo hartzea eta jaiki ere urduri jaiki zara. Egia aitortzera, hitzordua
finkatu zenutenetik zaude artega. Emozio eta kezka poxi hori diafragman. Hiru aldiz aldatu
duzu kamiseta; bizarra egin duzu; eta ilea orrazteko bigarren saiakeran ari zara: jakina da,
batek gehien behar duen egunean jiratzen dela kizkurra ez dagokion aldera. Arrebaren eskuko
ispilua konketan bermatuta moldatu behar izan duzu, dagoeneko ispilu orokorrak ez baitizu
balio. Emaitzarekin gustura ez eta hirugarrenez hasteko burugaina bustitzear zinela entzun da
txirrina.
Heldu dira.
Ahalik bizkorren atera zara korridorera, ez duzu etortzen ikus zaitzaten nahi. Atera
doan ama begira geratu zaizu, eta itzuri egin diozu begirada horri: poz itxura hartzen duen
baina funtsean erruki eta espektatiben doitzea dakarren behako goitik beherakoa (orain
literalki). Badakizu ahalik ondoen ari dela kudeatzen, badakizu zurekin etsia ez partekatzeko
sekulako ahalegina ari dela egiten; baina zure burua babestu behar duzu, aurrera egingo
baduzu.
Egongelara sartzear entzun duzu zure bizkarrean atea:
–Arratsalde on koadrila, pasa lasai, zuen zain geunden –eten labur bat egin du– beno, dago, nik
atera egin behar dut eta bakarrik egongo zarete –bere ideia izan balitz bezain sinesgarri agurtu
ditu, eskertzen diozu.
Egongelara heltzeko behar izan duten denbora ez dator bat sarreratik dagoen
distantziarekin. Ondo dakizu kosta egin zaiela heltzea: etxera, zugana eta, batez ere, zure
egoerara.
–Iepa! –agurtu dituzu, beti bezala entzun zedin saiatuegia izan den tonu batean. Segituan
etorri dira bueltako agurrak, muxu-ez-muxu zalantzak, besarkadak–. Eseri lasai. –Ezer hartu
nahi duten galdetzekoa zinen, amak prest utzi ditu edari eta zizka-mizkak sukaldean zuk
hartzeko moduan; baina ez zara eroso sentitzen oraindik. Egon daitezke, pixka batean.
Eurak ere zalantzati daude, zer moduz eta zer berri batzuen ostean noraino kontatu
eta noraino ez neurtzen sumatzen dituzu, ezta euren ama bazina ere. Okerrago, euren
erritmoa jarraitzerik ez duen laguna zara, nola emango dizute azken parranda eta bidaien
berri?
–Uda aitarekin pasa diat nik lanean, kontatu nian. –Hasi da Xiker, inbidiarik eman ezingo dizun
kontakizun bakarrean–. Begira ezak hau: –eta esku laztu eta zaurituak agertu dizkizu bistara,
itxitako zaurien gainean gogortutako azal berriz etena. Min keinua egin diozu, errukia beste
norabide batera eraman nahian.
–Nik ere halaxe izan nizkian eskalatzen hasi eta lehen urtean –eta esan bezala bururatu zaizu
berriz hastean ere gertatuko zaizula; eta jarraian berriz hasterik izango duzun galdera trabatu
zaizu arnasean.
–Ba nik hiru ume matrakaren atzetik pasa dut azken hile parea, badakizu –jarraitu du Martak,
auppair esperientziaren alde neketsuak zerrendatuz.
–Nola ziren, Marta? Colin, Maddison eta…? –jarraitu diozu.
–Eta Jason –egin du hasperen– denetan okerrena. Puf! Benetan e, haur hori baino anti-sorgailu
hoberik!
Ateraldiak barrea eragin dizu eta Aetz zuri begira sumatu duzu, zure irribarreari
irribarrez. Hitz egin ez duen bakarra da, orain arte gertuen izan duzuna. Agian horregatik ez du
isiltasunak hitz-aspertuz betetzeko larritasunik.
Xiker eta Martak badoazela iragarri dutenean Aetzek jasotzen lagunduko dizula esan
die. Ez dira ahalegindu denon artean egin dezakezuela esanez, badakitelako bakarrik geratzeko
une bat behar duzuela.
–Herrikoko terraza dirudi honek e? –agertu dizu pipa azalak eta garagardo lata hutsak bildu
bitartean.
Ez du arrazoirik falta, arratsalde normal bat izan zitekeen zugatik izan ez balitz.
–Ekarri, magalean denak joan etorri bakarrean eraman ditzaket –atera zaizu, eta poztu egin
zara–. Honek ere abantailaren bat izan behar zuen.
Irribarre minbera bat eskaini dizu bueltan. Sukaldera zoazela bere begiak sumatzen
dituzu zure ibilera berria eskaneatzen atzetik. Arratsaldeko elkarrizketaren hondakinak sailkatu
ahala berriz zuek zaretela iruditu zaizu, ikasle pisuan.
–Zer moduz zure uda? –bota diozu, estutu nahi ez duzun arren.
–Badakizu –sorbaldak jaso ditu eta zer kontatu pentsatzen ari zela iruditu zaizu. Baina, bat
batean, benetan begiratu dizu, berak soilik dakien moduan, barrutik ikusten zaituzten begi arre
horiekin–. Zu, zer moduz?
Amaitu dira saihesbideak. Orain aurrez aurre zaudete.
–Pixkanaka. –pentsatzeko tartea hartu duzu, zure buruari galdera bera zintzo egiteko tartea-.
Hasierako hobekuntza azkar eta nabarmenak geldotzen doaz. Eta egia esan, beldurra sartzen
zait zenbateraino gaitu ahalko naizen eta zenbateraino onartu beharko dudan gorputzaren
egoera berria –ahoz gora beldur horri hitzak jartzen dizkiozun lehen aldia da.
Isiltasun luze bat egon da aitortzaren ostean, eta eskua laztandu dizu. Mugitu ezin
duzuna, hain justu. Bestearekin erantzun diozu eta hanka sartu duela iruditu zaio. Lasai
egoteko esan nahi diozu, zerorri hala baizeunde. Ez duzu bide horretatik berreraiki nahi
etortzeko dena, edozer dela.
–Ei, ezkerreko eskua nahiko ondo daukat dagoeneko, eta badakizu uda zertan eman dudan? –
begiak piztu zaizkio, jakin minez-. Margotzen!
Esaterako zekien erantzuna, baina polita izan da ahoskatu ahala piztu zaion alaitasuna
begiratzea. Zure gelarako bidea agertu diozu buruarekin eta aurretik joan dadin itxaron duzu.
Hunkituta sumatu duzu mihisez inguratutako gelara sartzean, aldatu ez zaizun zerbait aurkitu
balu bezala.
–Zoragarria da…
–Beno, oraindik ezker eskuari zehaztasuna kosta egiten zaio, baina ari naiz moldatzen
pixkanaka. Ez daukat lehengo trazurik, dena den.
–Niri horrela gustatzen zait, ez tematu trazuarekin. –serio ari da, ez da hobeto senti zaitezen,
gustatu egiten zaio. Aspaldi bereizten diozue elkarri hori, engainurako gardenegi.
Gela inguratzeko patxada hartu du, bertan ez bazeunde bezala. Orain gertutik eta orain
urrundik, koadro bakoitza aztertu du tarteka buruarekin baiezko eta ezezko keinuak eginez.
Zerbait interesatzen zaionean egiten duen bezala: detaileren bat gustatzean baiezkoa, barrua
mugitzen badio ezezkoa.
Horrelaxe jiratu da zugana, burua alde batera eta bestera kulunkatuz, begiak heze. Eta
une batez, sinbolikoki parez pare begiratu diozue elkarri berriz. Lehen zinena ikusi zaitu, nabari
diozu eta eskertu diozu, eskertu beharrik sentitu nahi ez duzun arren. Bere falta sumatu duzu
hilabete hauetan, partekatzen zenuten guztiarena. Eskua luzatu diozu.
Keinu horren zain egon balitz bezala etorri zaizu besarkatzera, gerria okertuta, ezeroso.
–Eseri lasai, ez didazu minik emango –esan diozu. Eta eserita besarkatu duzue elkar tarte eder
batez. Gero elkarri begira egon zarete, eta muxu emateko gogoari eusten ari zinela bere
beheko ezpainari hozkaka sumatu duzu. Aurrea hartu eta musu xalo bat eman diozu, elkarrekin
nekatu diren matrimonio zurrunek bezalakoa. Laster kendu dio xalotasuna berak, zure
orrazkera harrotuz eta zure ahoa mihiz igurtziz.
Begirada zuzendu gabe jarraitu du masailetik kokotsera, kokotsetik lepora. Eta luze
besarkatu zaitu berriz.
–Zure falta sumatu dut. –bota dizu.
–Nik ere bai. –eta unea eten nahi ez duzun arren, hitz egitea behar duzu–. Badakizu ni zurekin
elkartzeko gogoz nagoela. Ez zaitut estutu nahi, ulertzen dut eroso ez egotea; ni ere ohitzen ari
naiz.
–Ni zurekin eroso nago –eten zaitu– eta gogoz nago zurekin mezu bidez edo Spotify-ko
erreprodukzio zerrenda bidez ez den elkarrizketaren bat izateko. Egia esan, errehabilitazio
kontuekin eta ez zintudan nahastu nahi, zure denbora eta espazioa eman nahi nizun lasai har
zenezan.
–Nire espazioan ongi etorria zara, badakizu.
–Bai, baina beno, agian beldurra ere banuen. Ez dakit.
–Ni ere beldur naiz, eta nik ere ez dakit. Baina ei, mezuz aurreratu dizkidazun abesti mordoa
eta ikusi dituzun antzerkiak, badut zurekin hori guztia partekatzeko gogoa, hori erraza da!
Oraindik ez naiz antzokira zurekin joateko prest sentitzen, baina sekula ez genuen horren
beharrik izan ordu txikiak arte eztabaida luzatzeko.
–Eztabaida eta gainerakoa… –gogoratu du, irribarrez.
–Ez iezadazu gogoratu. –gogoa adierazi nahi izan duzu, baina hanka sartu ote duen kezkatu da
berriz.
–Barkatu.
–Ez ez, alderantziz. Azken aldian gorputza pizten sumatzen dut berriz, eta zentzu horretan esan
dizut ez gogoratzeko, piztu egiten nauelako.
Ez du ahoskatu beharrik izan, begietan irakurri diozu galdera.
–Mugatuta nago, bai. Baina sentitzen ditudanak oso bizi sentitzen ditut, eta nahi bezala
probatzerik izan ez dudan arren … –lotsatu egin zara– ba adibidez eman didazun musu hori
sekulakoa izan da.
Beste musu luze bat eman dizu. Atea entzun da.
–Zer moduz joan da? –ama, hain asmo onez eta hain desegoki. Aetz gainetik altxatu zaizu eta
aterantz hurbildu zarete. –Hara, joanak zinetela uste nuen. Ai, autoan ahaztu dut zera … e hori.
–Eta berriz atera da, zuek agur zaitezten nabarmen.
–Disko mordo bat dut etxean zu detaileekin aspertzeko zain. –Egin dizu keinu.
–Prpoposamen bat da? Ze bihar bakarrik egongo naiz…
–Bazkalostean etortzea nahi zenuke?
–Badakizu baietz, ni pozik! –ezin duzu ilusioa ezkutatu, ez eta nahi ere. Xamurtasun hori,
konplizitate hori, zerbaitek lehengoan dirau.
Kosta zaizu gurasoak lasai joan daitezen konbentzitzea. Ama hasia zegoen gogo
handirik ez zuela eta agian koadrilako plana beste baterako utziko zuela esanez. Ulertzen duzu
zu bakarrik uzteko duen kezka, baina plana zenuela bota diozunean azkar asko egin dute alde
etxetik; azkar eta pozik, esango zenuke.
Goiz bazkaldu duzu, arratsaldea ahalik gehien luzatu nahi duzu. Aetzen zain beste bi
aldiz orraztu zara, eta aspaldi sentitu ez duzun sabelean bizitza erne da berriz, arnasak kilimak
eragiten baitizkizu. Ez da zuk nahi ordurako entzun txirrin hotsa; eta hala ere, heldu denean
dantzan jarri zaitu.
–Arratsalde on! –agurtu zaitu berak ere urduri, bi poltsa eskuan.
–Sartu lasai, hartuko dizut poltsaren bat? –luzatu diozu esku ona. Zalantzan ikusi duzu, eta
eskuin eskukoa luzatu arren azken unean aldatu eta ezkerrekoa eman dizu: disko batzuk ditu
barruan–. Nondik hasi nahi duzu? Jarriko dut hauetakoren bat?
Begira geratu zaizu, zer esan ez baleki bezala. Baietz egin dizu buruarekin, eta poltsan
dituenak aztertzen hasi da magalean dituzula. Gertu sumatzen duzu. Une batez bere azalaren
usainean bidaiatzen utzi diozu zure buruari, elkarren gorputzak arakatzen zenituzten garaira
bidean. Esku bat pasa dizu sorbaldatik:
–Hau entzunez asko gogoratu naiz zurekin.
–Ez dut ezagutzen.
–Instrumentala da. Eta bitxia da, beti hitzen inguruan aritzen ginelako. Baina gitarra honek
badu zerbait… –elkarri begira geratu zarete, beheko ezpainari kosk egin dio berriz–. Jarriko
dugu?
Diskoa hartu eta salako irakurgailuan sartu duzu, zutaz oroitzera eraman duen soinu
paisaiaren bila. Beheko ezpainari hozkaka topatu duzu begiratzean. Bera ere jabetu eta lotsatu
egin da.
–Jarri seigarren kanta -eskatu dizu zugana gerturatuz.
Doinuak gela hartu ahala elkar besarkatuz joan zarete, zuen bertikaltasun
desorekatuan. Lehen besazpian geratzen zitzaizun Aetzen burua, txanpu usaina zuten
besarkadek. Orain, bere saihetsetan bermatzen duzu zurea. Besoz gerria inguratzen hasi
zarenerako magalean daukazu eserita, masaila zure bekokian jarrita. Kosta egiten zaizu
maitasuna eta desira bereiztea. Beti ukatu duzue lehena, elkar zaindu eta maite zuten bi lagun
izanagatik desirari leku egitean. Ekuaziotik bigarrena desagertu ote den galdetu diozu zure
buruari, bere aurpegia ikusi nahian jira eta musu bat aurkitu duzunean.
Lehenengoak maitasunez beteak izan dira, elkar gogoratu nahi duten bi ahorenak,
elkar berriz dastatzeko patxada hartu duten lau ezpainenak; mantso, goxo, besarkada estuan.
Baina zuen gorputzek elkar gogoratzen baitute, kilimak sentitzen dituzu sentikortasuna galdu
duzun lekuetan ere.
Ez zara, baina, gogoratzen den hori. Ez orain. Eta batek daki, noizbait berriz. Zure
buruari musu hori sentitzeko baimena eman nahi diozu, hurrengo pausuak lekarenaren
kezkarik gabe.
–Ondo zaude? –gardenegiak zarete elkarrentzat, engainurako.
–Oso -unekoa erantzuten ahalegindu zara, buruan darabilzuna uxatuz.
–Deseroso bazaude hemen utziko dugu –masaila bilduz dauka eskua.
–Ez. –muin eman eta aurpegia sartu diozu eskuan– horixe da nahi ez dudana. Une honetan
geratu nahi nuke. Honetantxe pasa eguna.
–Nigatik primeran.
Zure esku ona baliatu duzu horrela egotea zenbateraino desio duzun adierazteko,
besarkatuz, inguratuz, zugana erakarriz, azala laztanduz. Azala bizirik sentitzen duzu berearen
epelean. Bera ere bizirik dago, zure ukituen erreakzioan. Berotzen ari zarete, baina ez dakizue
zer egin pizten ari zaizuen horrekin.
–Utziko didazu? –galdetu diozu, eskua zilborrera jaitsiz.
Gogotsu begiratzen zaitu, beheko ezpaina hortzen artean:
–Eta zuk? Utziko didazu? –larritu egin zara. Bat-batean, orain arte desio gorena zenuena izu
laborri bihurtu zaizu, ez dakizulako noraino eta nola parte har zenezakeen–. Ei –berriz ere
masaila bildu dizu eskuaz, zure begien bila– ez naiz horretaz ari. Atzo esan zenidanari bueltaka
aritu naiz, eta gauza bat otu zitzaidan. –Ekarri duen bigarren poltsa hartu eta poto batzuk
erakutsi dizkizu.
–Margoak? –harritu zara.
–Ez nekien nola hartuko zenuen, baina atzo honetarako gogoz geratu nintzen eta tatoo
estudioaren ondoko sex shopera joan naiz goizean. –Zure isiltasunak azalpena luzatzera
behartu du–. Sentitzen duzunarekin jolasteko polita iruditu zitzaidan, baina ez dakit eroso
sentitzen zaren hain goiz …
–Margotzeko?
–Bai, halako zerbait –lotsatu egin da–. Gauza hauek azaltzea egitea baino zailagoa izaten da.
Margo urdina hatz erakuslean eman eta ezpainetan pausatu dizu, isiltzeko aginduz
bezala. Kokotzetik behera jaitsi dizu, zure erreakzioaren zain. Adi jarraitzen diozu, jakin-minez
eta gogoz. Beheko ezpaina hozkatu duenean hatza aho barrura labaindu dizu.
–Lasai, jangarriak dira.
–Ju gai –ahalegindu zara esaten, bere hatza miaztuz. Orduan bere mihia sartu dizu, hatzarekin
belarri gingila igurtziz.
–Hau sentitzen duzu? –baietz egin diozu, bere ahoa hozkatuz. –Hotzago edo beroago?
–Beroago –esan diozu, gosez.
Orduan margo laranja hartu eta mihi puntan zabalduta belarrira jo du. Urtu egin zaitu
bere arnas epela hain gertu aditzeak, belarrian behera lepoa hezetzen sentitzeak.
–Orain nik –proposatu duzu, mihia atera eta begiekin margoa eskatuz. –Gorria.
Bere lepoa hozkatuz bular artera jaitsi eta gogoz musukatu duzu, bere azala zure
azalera osora ekarri nahian. Elastikoa harrapatzean ohartu zara zikindu egin diozula.
–Barkatu.
–Lasai, erraz garbitzekoa da. Baina arrazoi duzu, ez zikinduta hobe.
Eta erantzi egin du, kolpetik. Zenbat denbora azal horrekin ametsetan! Bere ahoaren
bila igo zara eta barre egin dizu, bera bezain zikin izango duzu aurpegia honezkero.
–Egingo dugu morea? –galdetu eta margo urdina hartu du ahoan, zure gorria jateko.
Kamiseta eranzteko keinua egin duzu, bera gainean dela ez zara bakarrik moldatzen.
Zuk eskatzerako lagundu dizu berak, eta zure orbainei begira geratu da segundo batzuez.
Begira zaitzan utzi diozu, agian giroa zapuztuko duen arren. Gurasoek baino ez dizkizute ikusi.
Baina inorekin lasai senti bazaitezke hori Aetz da.
–Ondo zaude? –galdetu dizu sorbaldak laztanduz. Baietz egin diozu buruarekin, musu eske.
Estu besarkatuta musukatu zaitu, eta bere azalaren epeltasuna sumatu duzu besoan,
lepoan, sorbaldetan. Une batez negargura etorri zaizu, ez duzulako bularretik behera bere
azalik sentitzen. Korapiloa irentsi arte besarkatuta eutsi diozu, sekula aska ez zaitzala eskatuz.
Ohartu da, eta gogor estutu zaitu bere besoetan.
Baretzean margo berdea eskuan zabaldu eta ezkerreko eskua hartu dizu, leuntasunez
ia osorik margotu arte. Gero kopetean pasa dizkizu hatzak, zerbait idatziz bezala. Ahotik urdin
kutsua hartu eta masailak markatu dizkizu lehenik hatzez; musuz, gero. Eta minutu goxo
batzuetan zehar zure kilimen mapa marraztu du gerriz gora, koloreekin eta pintzel bilakatutako
gorputz atalekin jolastuz.
–Utziko didazu niri? –galdetu diozu.
Baiezko keinua egin eta gainetik altxa zaizu. Arropa ez zikintzeko laguntza eskatuz
biluzik geratu da. Lotsatuta balego bezala begiratu zaitu. Askotan ikusi duzue elkar biluzik,
baina gaurkoa lehena da zentzu askotan.
–Gauza bat egingo dugu: nire gelan mihise handiaren azpian oihal handi bat aurkituko duzu.
Ekarri eta zabaldu alfonbra gainean.
Segituan heldu da zikintzeke daukazun oihal zuriarekin eta salako lurra estali du.
–Zurekin etzan nahi nuke lurrean.
Ez dakizu nola, baina horretan laguntzeko beste lasaitasun ematen dizu Aetzek. Eskua
luzatu diozunerako sorbalda gainean pasa du berak eta aulkitik jaisten lagundu dizu. Ahoz gora
etzan zara arnas estuan eta etzanda besarkatu zaitu, izterra zure aldaken gainean jarriz. Ez zara
ikusi arte ohartu hankarekin besarkatu zaituenik. Ez da hau Aetzekin izaten duzun hasperen
mota, ez eta ohituta zineten esfortzu fisiko mota ere. Baina hilabeteak dira antzeko
goxotasunik sentitzen ez zenuela.
Esku ezkerra margo urdinez koloreztatu eta bere sabelean abiatu zara, kiribilak eginez,
kilimak bilatuz, buruz dakizkizun orinak borobilduz. Musuka jan zaitu berak bitartean. Margo
berdea eskatu diozu ipurmasailei heltzeko, eta goseti zamalkatu zaitu berak.
–Pasa gorria. –eskatu diozu mihia erakutsiz– eta hemen esertzeko eskatu beharko dizut, ezin
naiz ni joan.
Pote gorria hartu eta musu heze bat eman dizu, bular gainean eserita, margo gorria
bere hatzekin ezpainetan, mihian, ahoan zabalduz eta belaunen gainean pixkanaka zure aho
parera gerturatuz. Ertzetik abiatu zara, izterren amaierak ondo perfilatu eta behetik gora
ezpainak gorrituz: lodiak lehenik, finak jarraian. Elkartzen dituen puntuaren bila saiatu beharrik
ez duzu izan, mihiaz igurzterako zekarren dardara. Esku ezkerrarekin aldakak astindu dizkiozu
gogor, zamalka erantzun du berak. Eskua sabelean gora bularrera eraman diozu eta belaunekin
bultza du, behera eta gora, aurrera eta atzera kulunkatzen da zuri arnasa ez oztopatzeko kezka
bakarrarekin. Ezpainak biltzen dituen txirrina inguratu eta igurtziz aritu zara, kokotza gora
luzatuta uluka eta hatsanka hasi den arte. Orduan tartetxo batez burua jira eta izter bati egin
diozu kosk, bere goseak eska zaitzan utziz. Gero berriz itzuli eta putz egin diozu hotz, gero hats
epela bota. Eta margoa lehortzen zenion artean lehertu zaizu gainera, hasperenka.
Narrasean zure gorputz osoa igurtziz etzan zaizu gainean, musu luze bat eman dizu
puztu-puztuta dauzkan ezpainekin eta belarri ertzean arnasa baretzean esan dizu:
–Nik uste trazu finagoa egingo zenukeela mihiarekin.
Barre egin duzu. Musu eman diozu eta besoz inguratu zaitu berak. “Maite zaitut” etorri
zaizu mihi puntara, baina larrukide harremana hastean eman zenioten hitz elkarri ez zela zuen
artean halakorik izango.
–Ez diot arretarik jarri diskari –esan diozu horren ordez.
–Badarama bigarren itzulia –eta irakurgailua itzaltzeko zutitu denean sekula marraztu duzun
koadro narrats eta ederrena ikusi duzu begien parean.
Aetzek lagundu behar izan dizu garbitzen. Kilimen mapatik kanpoko lurraldeak ere
margotuta zenituen, gozamen partekatuen lekuko. Ez diozu dutxatzen laguntzeko eskatu nahi
izan, eta trapu hezeekin igurtzi zaitu, goxotasun handiz. Zuk ere garbitu duzu bera, ezker
eskuarekin. Intimitate mota berri bat izan da zuen artean, gustatu zaizuna.
“Izararekin zer?” Galdetu dizu amaitzean, eta gelan bi mihiseren gainean zabal dezala
esan diozu, “lehortzeko”. Ordea, irribarre txoroz egon zara osatu duzuen margolanari begira
loak hartu arte, zure sentikortasunen azalera berria miretsiz. Mapa berriak behar ditu zure
bideak, baina bidaide on bat duzu Iparorratz.