Gure lehenengo aldia

Enparantzan geratuak ginen, garagardotegiaren aurrean. Elkarri buruz genekien gutxia Kaixomaitia app-aren bidez partekatua zen. Aurreneko agurretik, elkarrenganako jakin-min eta sinpatia piztu zen gu ohartu ere egin gabe, eta, denboraren poderioz, txinparta batek sutea eragiten duen bezalaxe, pasio digital bilakatu zen gure artekoa. 

Hitz egin, eta elkarri zenbait argazki bidali genizkion tarteka. Eta, sakelakoaren aurrean ordu luzeak igaro ondoren, aurrez aurre elkar ezagutzeko gonbita luzatu nizun. Baiezkoa berehalakoa izan zen. Ordua eta lekua ere erraz hautatu genituen; lehenagotik ongi ezagutzen genuen garagardotegi atsegin hura, bion bizitokien arteko erdibidean zegoena. Espazio neutroa zen, baina ezaguna. Halaxe nahiago izan genuen, naturalagoa izango zelakoan. 

Elkarri bi muxu urduri eman ondoren aterantz abiatu nintzen. Ez nekien sarrerako atea zuretzat irekitzea gorteatze zaharkitua irudituko ote zitzaizun ala ez, baina oharkabean egin nuen, naturaltasun osoz. Zuk burua biratu eta irribarre jostari bat erakutsi zenidan orduan. Jarraian, mahai karratu txiki baten bueltan jesarri ginen, eta hantxe egon ginen une batez, aurrez aurre elkarri begira. Ni nerabe xamar sentitu nintzen; zuk aldiz, izaera irekikoa izaki, postre gozo bat nondik hasiko dagoenaren begiradaz behatzen ninduzun. Begirada erakargarri hark desagerrarazi zizkidan lotsa eta urduritasuna; zure begi irribarretsu eta abegikorrek eguzkiaren goxotasuna gogorarazi zidaten. Gure ibar hertsietan bezalatsu, neguko goiz hotzetan metatzen den behe-lainoa barreiatzen duen eguzkiaren berotasuna sentitu nuen zurekin. Zure hitzek, izpiak bailiran, erraz zulatu zuten nire izaera barnerakoia, eta berehala lortu genuen solas interesgarrian eroso aritzea. Mugarik gabeko izaera hori nire herabetasunaren osagarri perfektu bilakatu zen eta, horrela, agerian geratu zen gure arteko erakarpen digitala bene-benetakoa zela mundu analogiko honetan ere. 

Halako batean, agian denboraren zentzua galdua nuelako dagoeneko, eskaturiko bi kafeak ekarri zizkiguten. Katiluaren epeltasuna gustura sumatu nuen esku artean, kafe beroaren usain gozoarekin batera, eta apur bat dastatu nuen mingainaz. Oraindik, kikara txiki haren gainetik, begiak zugan iltzatuta nituela, mando itxurako gailu bat luzatu zenidan. “Tori, orain zeuk duzu agintea”. 

Berehala ohartu nintzen Internet bidez aipatua genuen bibradorea zela. Arrautza antzeko hura barnean zeneramala konturatu nintzen orduan, eta hantxe, jende artean, jolas hura probatuko genuela pentsatze hutsak bat-bateko erekzioa eragin zidan. Benetan kitzikagarria izan zen; zuri bibradoreak sor ziezazukeen plazerrak baino gehiago berotzen ninduen egoerak berak, zer nolako jolas morboso bihur zitekeen irudikatze hutsak. 

Mundu digitalean lortu genuen gisan, geurea bakar-bakarrik izango zen espazio bat sortu zen mando hura esku artean hartu nuen momentutik aurrera; izan ere, guk baino ez genekien zure barnean zer gertatuko zen edo, hobeto esanda, guk baino ez genekien nik zure barnean zer plazer eragingo nuen. 

Txat bidez elkar ulertzea ez da erraza izaten sarri, eta, horregatik, hamaika gai genituen hitz egiteke. Zuk lagunekin munduko aberastasunaren banaketaz ateratako ondorioen harira ari ginen solasean, eta, halako batean, ezpainari kosk egin zenion. Askotan imajinatu izan dut irudi hori, baina buruan irudika nezakeena baino sinez ederrago zeunden une horretan. Nire hankarteko tenperatura igo egin zen berehala eta pixka bat gehiago igo nuen urrutiko agintean bibrazioen intentsitatea. Elkarri begirada eutsi eta solasean jarraitu genuen. Hitzak moztu egiten zitzaizkizun tarteka, nik gailuaren bidez aginteren bat ematearekin batera, baina, hala ere, sakon arnasa hartu eta nire begiradari eusten zenion, eta aurrera jarraitzen zenuen zeure argudioak defendatzen. 

Hilabeteetan izan genituen beste elkarrizketa batzuetan bezala, pasioz defendatzen zenuen zeure diskurtsoa; baina, denbora aurrera zihoan neurrian, eta nik urrutiko agintearekin frogak egiten nituen heinean, gero eta zailago egiten zitzaizun elkarrizketari eustea: geldiuneak egiten zenituen, gorputza mugitzen zenuen (aulkian eroso egongo ez bazina bezala), eskuez mahaiari heltzen zenion gogor, tarteka begiak itxi eta sakon hartzen zenuen arnasa. Horrek guztiak antzeko erreakzioak eragiten zituen nigan ere; mimo baten antzera errepikatzen nituen zure keinuak, zure plazerrak nire gorputza mugiarazi egiten zuen nahi gabe. Ezin nuen ekidin. 

Inguruan genuen mundu erreala desagertuz zihoan pixkanaka, gure jolasak intentsitatea hartzen zuen neurrian. Eskua luzatu zenidan bat-batean, nire eskua eskatuz bezala, eta arnas estu lotsati batek ihes egiten zizun ezpain artetik. Zalantza izpirik gabe, zure eskua neureen artean hartu nuen. Une magikoa izan zen; lehen aldia zen elkar sentitzen genuena, eta hilabete luzez barruan gordetako energia guztia konektatu egin zela sentitu nuen. Leun hartu nuen zure eskua, eta intentsitatea igotzeko eskatu zenidan. Gero eta gogorrago estutzen zenidan eskua, eta zure muskuluak gero eta gehiago tenkatzen ziren. 

Orduantxe iritsi zen… Oharkabean, buruak atzera egin zizun, begiak itxi eta ezpainak estutu zenituen, baita nire eskua ere. Hor zegoen zure plazerra, hilabeteetan ikusi eta sentitu nahi izan nuena. Ezin nion zure gozamenari begirik kendu. Ustekabean, sekula sentitu ez nuen energia elektriko bat sentitu nuen hankartetik hasi eta bururaino, buruan eztanda egingo balu bezala. Orgasmo bat zela jabetu nintzen orduan, baina ordura arte inoiz sentitu gabeko orgasmoa; ez nuen hazirik isuri, ez nuen nire sexua ukitzeko beharrik sentitu. Zure plazerra lehen aldiz ikusteak sortu zidan erreakzioa nahikoa izan zen nire gozamenerako ere. Zaila da deskribatzen, eta ordutik ez dut halakorik sentitu; baina ikaragarria izan zen, dudarik gabe. 

Begiak ireki nituenean, hor zeunden zu, zure irribarre eder eta bihurria erakutsiz. Urrutiko agintea itzaltzeko eskatu zenidan. Eserlekutik altxatu zinen, eta nigana hurbildu. Nire altzoan eseri eta besarkada sakon eta sentikorra eman zenidan. Oraindik ez genuen arnasa normaltasunez hartzen, eta, besarkada luze hartan murgilduta, elkarren arnasak sentitzearekin batera lasaitu ginen elkarrekin. Besarkada luzea, bizia eta sendoa izan zen, elkar ezagutzen genuenetik amestu nezakeena baino hobea. Bestearen gorputza askatu, eta elkarri begira geratu ginen; nik zure ezpainak begiratu nituen, zuk nireak ere bai, eta luze musukatu genuen elkar. Muxu goxoa, konplizitatez betea. Garagardotegi hartan elkartu aurretik ere, aspalditik irudikatu izan nuen eszena hura, baina ez nuen horrela proiektatzen. Nola edo hala, izugarri gustatu zitzaidan, beti txat bidez agurtzen ninduzun “morreo bat” horrekin konkistatu ninduzun. 

Berriro zure lekura itzuli zinen, eta kafea bukatu genuen. Kafea hotz geratu zitzaigun, noski. 

– Zer, laztana, ondo deskribatu dut gure lehenengo zitan gertatutakoa? 

Begiak ordenagailuko pantailatik aldendu eta, begietara begira, zera esan dit: 

– Egunero biziko nuke berriro zurekin arratsalde hura, Maitia!