Azaroaren 14a da. Hotz da kanpoan eta iluntasuna da nagusi, nabari da negua ate joka dagoela. Haize ufadek leihoak astintzen dituzte eta Ibai erlojuari etengabe begira dabil, etxeko berotasunean babestuta. Zalantzan egon da arratsaldean plazara joan edo ez, baina azkenean ez ateratzea erabaki du. Urduritzen hasia dago. Bere kalkuluen arabera Andonik dagoeneko berton egon behar luke. Goizean goiz ateratzekoa zen Madriletik, eta arratsalderako herriko plazan bere zain egongo zirela bazekien. Agian eguraldia dela eta errepidean arazoak egon direla pentsatu du, edota ekitaldia pixka bat luzatu dela. Aspaldi ikusi gabeko lagunen bat akaso, edo iritziz aldatu duela. Gero eta urduriago dago eta duela urteak utzitako tabakoa berriz erretzeko gogoak sentitzen hasia da.
Urteak daramatza une honen esperoan. Ezin ahaztu duela urte askotako abuztuko jai haietan, goizeko ordu txikietan eszenatoki atzean emandako musua. Ibaik txiza egiten amaitu, eta buelta ematerakoan Andoni zuen begira, tragoa eskuan hainbeste liluratzen zuen irribarrea ahoan zuela. Beregana hurbildu eta musu luze bat eman zion gerritik estu hartuta, eta ondoren alde egin zuen. Musu bat baino ez zen izan, baina gorputzean iltzaturik geratzen diren horietakoa. Ibaik ezin zuen sinetsi. Hurrengo goizean, aje izugarria zuela, gertatutakoa ametsa zela pentsatu zuen. Andoni, manifestazio guztietan pankarta eskuetan zebilena, poliziaren oldarraldietan harria jaurtitzen lehena, herriko gazte guztiek miresten zutena. Maskulinitate hegemonikoa inork baino hobeto irudikatzen zuen hura. Gudariaren figuraren adierazpen osoena, hain arra zena guztien begietan, borrokaren lehen lerroan beti, gizon ausarta. Bera bezalako herriko maritxu lumadunaren guztiz aurkakoa alegia.
Geroztik beti izan du Andoni buruan, bere amets umelenetan bisitan. Bere beso gihartsuak laztantzen imajinatzen zuen bere burua, bular gogorra miazkatuz, titiburuak ahoarekin eztiki musukatuz edota bere ipurmasaila eskuekin tinko estutuz. Batek daki zenbat aldiz joko zuen kanpaia Ibaik Andonirengan pentsatzen musu horretatik aurrera, zenbat aldiz irudikatu duen bere burua berarekin txortan egiten.
Musua eman zuteneko gau hartatik astebetera Andoniren atxiloketa gertatu zen. Gogoan ditu telebistak behin eta berriro erakusten zituen irudiak. Bereziki poliziak eskuburdinekin Andoni bortizki etxetik ateratzen zuten horiek. Madrilen espetxeratu zuten hasiera batean, baina hilabetera lehen lekualdatzea izan zen. Geroztik penintsula osotik ibili zen: Teixeiro, Burgos, Granada, Puerto, Jaen, Murtzia, Kordoba, … Ibaik bere pausoak jarraitu zituen urte luzeetan zehar, egunkarien bidez eta herriko paretak estaltzen zituzten afixen bitartez. Espetxean 10 urte zeramatzala lehen eskutitza idaztera ausartu zen. Hortik 3 urtera, lehenengo telefono deia izan zuten, eta duela 4 urte lehen bisita. Bertan ausartu zen Ibai duela urteak emandako musu hori aipatzera, Andoni kristalaren beste aldean zela. Haien arteko harremana estutuz joan zen pixkanaka, baina hala ere inoiz ez zuten bisik izan Andonik nahi izan ez zuelako. Askatasuna beti ahotan zuen horrek ez zuen ausardiarik gizon batekin bisa izateko. Kideek zer esango zuten beldur, herrian pentsatuko zutenarekin ikaraturik… Ibaik azaldu arren 20 urtetan gauzak apur bat aldatu zirela. Vatikanoko iraultzailea zela aurpegiratzen zion Andoniri hortaz eztabaidatzen zutenean. Aberria askatu nahian zebilela, eta aldiz bere desiraren orientazioa ezin zuela askatasunez bizi. Ibaik ez zuen ulertzen nola zen posible teorian mundu berri bat eraiki nahi zuten horiek, eraitsi nahi zuten mundu zaharreko eliza kristauaren eskema hertsi berdinak errepikatzen ibiltzea.
Bere pentsamenduetan murgilduta dagoela, ateko txirrinak jo du. Ireki, eta hor du, parez pare. Azkenean iritsi da unea. Duela 20 urte musukatu zuen Andoni hor dago, bere etxeko atarian. Elkarri begira geratu dira, mutu. Luzaroan banatu dituen kristal lodia egon ez arren, ez dira elkar ukitzera ausartzen. Andonik astiro atea itxi du, eta orduan, uda hartan bezala, Ibairengana hurreratu eta musukatu egin du. Une honetan urteetan zehar pilaturiko tentsio erotikoak bat-batean eztanda egin du. Andonik mingaina aho barruraino sartu dio arropa azkar erantzi duen bitartean. Bada zerbait basatia bere mugimenduetan, begiratzeko moduan, kaiolatik askatu berri duten animaliaren gisara. Ibaik aurrean duen gorputza ez da urteetan zehar masturbatzerakoan irudikatzen zuen berbera, ez dago gihar sendo eta abdominal gogorren arrastorik. Horren ordez, zimurrak eta ile zuria daude, denboraren ezinbesteko igarotzearen seinale. Baina hala ere izugarri desiratzen du, asko berotzen du Andonik.
Ibai arropa kentzen ari dela Andoniren ezpainek bere lepoa musukatzen hasi dira, eta belarrira hurbiltzean gorputza astindu dion hotzikara bat sentitu du. Mingainarekin lepotik behera joan da, gorputz osoa astiro eta leun arakatuz. Lehenik bularra miazkatuz, titiburuak atzamarrekin goxo-goxo laztantzen dituen bitartean. Zilborrera iritsi denerako zakila erabat tente du, barnean duen suaren erakusle. Astiro ferekatzen hasi da, eta ondoren, ahoan sartu, eta gogo biziz zurrupatzeari ekin dio, mihiaz lagundurik. Bitartean, bere buztana ere irmo eusten du beste eskuarekin. Tarteka, erritmoa moteltzen du; zakil mokoa mingainarekin igurtzi eta ondoren musukatzen du, berriz ere aho barrenera itzuli baino lehen. Eszitazioa itzela da eta bere plazer intziriek espazioa betetzen dute.
Zakila ahotik atera, zutitu eta eskutik elkar hartuta ohera joan dira. Bertan, bata bestearen gainean etzan dira. Ibaik ipurdia gogor eusten dio bi eskuekin gorputza elkarrekin igurzten duten bitartean. Andonik buelta eman du eta buruz bera jarri da Ibai gainean duela. Gozamen hasperenek kaletik datozen hotsak estaltzen dituzte, eta areagotuz doaz atzamarrak uzkitik sartu ahala. Laster eskuek mingaina izan dute lagun, lehenik biraka, eta gero barrenera sartuz, etengabeko mugimenduan. Mihi eta atzamarrak txandakatuz doaz, haien arteko lehia bizian, zeinek plazer handiagoa eragin. Andoni gozamenez aieneka bere pean lau hankatan izateak zeharo kitzikatzen du Ibai. Bi zakilak gogor daude uneoro, ezin jarioari eutsi lehertzear den sumendia bezala. Gelan sexu usaina da nagusi, bien izerdi eta jarioen nahasketak eraginda. Postura aldatu dute eta elkarren alboan jarrita, bakoitzak bestearen zakila hartu du esku artean eta gogor ekin diote kanpaia jotzeari. Buztana astintzen duten bitartean, elkar musukatzen jarraitzen dute. Tarteka batak bestearen ezpainari koska egiten dio. Berehala lehertu dira biak, esperma gorputz osoan zehar barreiatuz. Plazer eztanda hori intziri sakonek lagundu dute, baita kontrola ezineko hanken dardarek. Izarak blai eginda daude, izerdi eta zakilaren isuriz gainezka. Arnasestuka daude biak, eta etzan egin dira besarkaturik, zirriak egiten dituzten bitartean. Berehala, lo seko geratu dira.
Arratsalde hartatik aurrera, maiztasunez izaten dituzte Andoni eta Ibaik halako topaketa erotikoak, betiere Ibairen etxean. Haien gorputz biluziak une amaigabeetan zehar kateatzen dira gozamenean murgilduta, pasio bizian, bistako amaierarik gabe, etengabe larrua joz. Baina haien harremana ezkutukoa bezain sutsua da, Andonik espetxea utzi arren oraindik preso jarraitzen duelako.