Denok, nahi ditugun harremanak izateko eskubidea dugu, bai gizonezkoek eta baita emakumezkoek ere; errudun sentitu gabe, inori konturik eman gabe, gizartean zalaparta piztu gabe. Pertsona ezberdinekin zopa-janean aritzeagatik, hainbaten ahoa kateatzegatik, zenbaitekin eskulanak egiteagatik, batzuei narrua eskaintzeagatik edota maitaleren batekin marmitak husteagatik irainduak, bereiziak izan barik. Gainera, parada gehiago dugu esperimentatzeko; emakumeak hizki larriz begiesteko eran, aditzeko moduan, sentitzeko gisan, onesteko egokieran. Makina bat emakume garelako horri so eginez gaudenak, asko garelako horrekin gure osotasunean asetzen garenak.
Zer da kidekoa, parekoa izatea? Zer da gizarteak ontzat ematen duenaren norakoan igeri egitea? Denok ezpal berekoak al gara? Dena zuria edo beltza al da? Ikuspegiak baldintzatzen du dena eta gure erabakiek eta hautuek egiten gaituzte garena. Eta zuk eta nik harreman irekiaren aldeko apustua egin dugu, Xabier.
Hurbiltzeak ezaguera dakar, ezaguerak errespetua, errespetuak erlazioa, erlazioak intimitatea, fidantzia eta komunikazioa eta intimitate, fidantzia eta komunikazio landuak maitasuna. Maitasunak hizketaldiak dakartza. Maitasunak barreak eragindako galtza bustitzeak dakartza, mendi irteerak, giza aberastasuna. Maitasunak larrutan egitea, mutilen beheko intxaurrak bustitzea, neskok titi-punti jartzea eta jolasean ibiltzea dakartza.
Txipli eta txapla egiten du gure azalak txortan egitean. Egiten du jauzi eta egiten du laprast. Txipli eta txapla egiten du gure azalak. Larrugorritu egiten da. Jardunik barrenekoena da elkar ulertzea, elkarrenganako konfiantza izatea, begiratzea, musukatzea, ferekatzea, odolkia sartzea. Konexioa, elkarbidea. Zure eta nire artekoa soilik. Bion ituna, bion paktua, gure arteko hitzarmena. Adierazteko nahiz jarduteko begiratu egin behar da eta zuk gozo-gozo, bero-bero murmurikatzen dizkidazu hitz gordinak; gozo-gozo, bero-bero jarduteko gero.
Zure mintzoak belarria gozotzen dit, zuru musu umelek ezpainartea. Gerizpeak eransten dizkiogu elkarri gibelaldean eta oinak katigatzen zaizkigu hankapean, atzeeetan, kirtenenean eta azpitartean. Hankalatraba egiten ditut bulkadak aurrera, maite nauzula ahapeka esaten didazun aldi oro, laztana.
Une oro da eztia, zure xuxurla belarri alboan kili-kilika sentitzea, Xabier. Une oro da eztia, begietara begiratu eta nola ezpainei, hala azalari hozkaka elkar larrugorritzea. Biluztea, bildu eta hutsik uztea, gure gorputzak bildu eta bustiz, umelduz; barrena hutsik uztea. Biluztea, bil-hustea.
Kanpoan hotz, gorputza epel, ahoa bero izan ohi dugu larrutan egiten dugunean. Ni titi-punti egoten naiz; zu berriz, kapin denda eginda, hamabiak jota, zakila gogortuta. Atzamarrekin sastada egiten dizudanean, ahoarekin haginkada ematen didazu. Eta orduan zuri, xuxurlatzen dizut: “Azkarrago, azkarrago” eta zaldiz egiten dugu balantza, trostan eta jauzika, ileak harrotuz. Eta zuri, ahapeka adieratzen dizudanean: “Mantso-mantso, gozo-gozo, apurka-apurka, emeki”, ezpainak biribildu eta musu ematen didazu, ferekatu egiten nauzu eta ondoren, miazkatu.
Kilima azalean egindako ukipen txiki eta errepikatuez, gorputzean eragiten duen emozioa da. Zaldia izango bagina bezala, trostan eta jauzika, ileak harrotuz, azkar-azkar bustitako bidearen gibeletik, emeki, ezpainak biribildu eta musu ematean, ferekatzean, miazkatzean sortzen den zirrara da kilima.
Gogoko dut olgetan zure burua nire hankartean sartzea, oihukatu eta aurrera eta atzera ibiltzea. Gogoko dut zure kirten umelari zurrut egitea eta lardaskan aritzea. Gogoko dut, besterik gabe, zugana hurreratu eta “zer moduz?” galdetzea. Eta bereziki, gogoko dut ezpain artean hortzak estutu eta ondoren, zugandik, “atze ederrekoa zu, bero nago” entzutea.
Lardaskan aritzen garenetan, antzematen dugu dardara labur bat. Antzematen dugu begiratuan begi-ninia zabaltzen. Antzematen dugu imurtxi bat ipurdian. Antzematen dugu berotasuna txistuan urtua. Eta ni, zuk zer egingo aiduru egoten naiz, barrua bustita, burua berotuta. Eta ni, zuk eskua non sartuko aiduru egoten naiz, bularretako adar puntak tentetuta. Lardaskan aritzean, antzematen dugu dardara labur bat. Antzematen dugu begiratuan begi-ninia zabaltzen. Eta ni, neure burua igurzten, xagua klikatzen egoten naiz tarteka. Eta ni, hatza baginan sartuz “zatoz hona” keinua egiten dut noizbehinka. Eta nik, baginaren barruan hatza lau zentimetrora sakatzen dut orduan. Eta ni, G puntura iristen naiz.
Eta aldi horretan, zer sumatzen da? Sumatzen da hunkipena edo poza nahiz azalaren sabel-zorriaren bisaiarik politena errapeen artean hertsatuta. Sumatzen da barre-karkaren eztandarik baretsuena. Sumatzen da gorputza marruen artean korapilatuta eta gogamena laugarren dimentsioan noraezean. Elkarren azalak besarkadetan funditzean, nire errapeak zure egitean, zure zakila nire egitean, denbora ostendu egiten dela konturatzean, zer sumatzen da? Gozamena sumatzen da, plazera, orgasmoa, lasaitasuna, sentsazio atsegin bat.
Bi gorputzen korapiloak plazera du jomuga, larruaren arrakalak zirikatzeko estimuluak bilatzea du xede. Gorputzen korapiloak, hotsak; gozamen oihuak entzutea du helburu. Gorputzen korapiloak, hasperenaren etenaldia estutzea; bizkortzea du helmuga. Goputzen korapiloa. Gorputzak korapilatzean, agertzen da plazeraren izerdi lurrundua; txirristarik labainkorrena; irudimena eta errealitatea batzen dituen gozokia. Gorputza korapilatzean, agertzen da koroko sopranoa; hotsik finena; irri dardartiena. Gorputza korapilatzean, agertzen da arnas errepikakorra; arnasketa hasi eta bukatu, erdiko jolas guztiak korapilatuz.
Zer da gozamena? Lo hartu beharrik gabe amesten duzuna? Sentimenduekin gozatutakoa edo sentimendurik gabe gozatutakoa? Zer da gozamena? Eskua aurreratu eta eskuztatzen dena edo eskuen beharrik gabe ukitzen dena? Zer da gozamena? Errealitatea edo abstrakzioa? Non dago muga? Non dago lerroa? Gozamena norena da? Ukitzen eta entzuten duenarena edo jasotzen eta oihukatzen duenarena? Zer gertatzen da gozamena eskaini eta hartzen den lipar horretan?
Nik sentimenduekin eta sentimendurik gabe gozatzen dut. Zurekin, sentimenduekin Xabier eta beste larru-lagun edota maitaleekin, sentimenik gabe; Julen, Jara, Eñaut eta Aimar.
Julenekin saioa izatea gozamena da, azkarra eta sutsua. Gure gorputz heze beroen arteko lurrunean, begiradak gurutzatzen diren unean, ezpainetan edoskialdia, miazkatzea izaten da. Orduan, Julen zaldia etortzen da arrapaladan, sutsu, gelako lurra kolpatuz, hura iratzarrarazteko gutizia izango balu bezala. Nire barre-eleetan Julen ohekidea aurrera eta atzera ibiltzen da ene arnas-soinuen erritmora. Biok begiak zarratzen ditugu eta goputz heze beroen arteko lurrenean etortzen dira, besarkadak, zuztarrak bilakatutako itzalak. Goputz heze beroen arteko lurrunean etortzen dira, biloko igurtziak eta garondoko laztan zein miazkatzeak. Goputz heze beroen arteko lurrunean, etortzen dira bizkarrean hotzikarak eragiten dituzten lobuluen eta belarri atzealdeko umeltzeak. Goputz heze beroen arteko lurrunean, etortzen dira izter eta besoen barnealdeko kilikak, besape eta bularraldeko ferekak. Goputz heze beroen arteko lurrunean, etortzen dira titiburu tenteak leunki estutzeko laztan arinak, errapeen miazkatzeak. Gorputz heze beroen arteko lurrunean, etortzen dira zoru pelbikoaren kitzikak; uzkia, perinea, bulba eta klitoriaren ukitzeak. Goputz heze beroen arteko lurrunean, etortzen dira zakila eta barrabilen laztanak, miazteak. Goputz heze beroen arteko lurrunean, etortzen dira izerdi partekatzeak, zirriak, adarzorrotzak eta gainezka egiteak. Goputz heze beroen arteko lurrunean, dena izaten da umela, beroa, labaina eta gozoa. Goputz heze beroen arteko lurruna gozamena da, batez ere begiradak gurutzatzen direnean. Nahierara aritzen gara, gogo handiz. Sekula baino sutsuago. Julenen izerdiak ez du intentsitatez jardutea baino gozamen handiagorik. Txalapartaren soinuen erritmora ibiltzen gara. Enborra alu edo azpitartearen kontra astinduz, joz. Bere zakila zazpi zenbakia bezalakoa da, zazpi minutuz irauten du buztanak gogor, zutik eta txapelarekin.
Jara ohekidearen sexu-jarduna berriz, gozoagoa da. Zentimetroz zentimetro egiten ditu laztanak, igurtziz igurtzi erdiesten du larruazaleko ileak tente jartzea, mimoz mimo marrazten du oilo-ipurdia. Izarapean ostentzen diren gure begiratuek saltoka egiten dute pasadizutik paradisura. Gozamen zoroak irudimenari tartea eskaintzen dio. Lanbrotutako eremuan uretan estutzen da laborria, ahalkea ihinztatzen da txigar artean, gure mihiak mututzen dira giltzapean, begiratuen azpian, musuen tartean.
Eñautekin ostiral gau batzuetan elkartzen naiz. Ohikoena, berarekin gaueko hamabietan biltzea izaten da. Gauerdian putu-puntuan, saio bat. Gauerdian puntu-puntuan, kanpai-jo bakoitzean, astindu bat barnera. Gauerdian puntu-puntuan, begiratze bat, laztan bat ipurdi masailean, haginkada bat mihiari. Gauerdian puntu-puntuan, hasperen tartekatuak. Gauerdian puntu-puntuan, klitoriaren ahozko kilikak begiradarekin tartekatuz, glandearen inguruko laztan zirkularrak, zoramen txingarrak. Dena gauerdian puntu-puntuan.
Aimarrekin, behin eta berriro, bustitzen naiz maiz eta ezin izaten diogu jardunari amaiera ipini. Minutu batzuk gehiago, gozatzeko. Minutu batzuk gehiago, larrua gorritzeko, larrugorri uzteko eta jazteko eta ostera janzteko eta berriro eranzteko. Minutu batzuk gehiago, lasai egoteko, ezeri so egiteko eta dena begiratzeko. Minutu batzuk gehiago, gau bikainak igarotzen ditugula sinesteko.
Sexting-a, zurekin soilik egiten dut, Xabier, hau da, mugikorraren bidez mezu erotikoak bidaltzen dizkiogu elkarri. Gaur, pozik esnatu naizenez, honako mezua bidali dizut: “Jada, nekatuta nago 69, 42 eta 30 gorputz-jarrera sexualez, Euskal Herriko deien aurrizkiekin probatuko dugu, 902 Bizkaia, itxaron iezadazu, pittin!”.
Kontua da, mezuan begiratu eta zuri bidali beharrean, nahigabe, osabari bidali diodala. Auziari konponbidea jartzeko asmoz, mezu hau bidali diot osabari: “Bidali kate hau hamar laguni, mezu honen aurrean zer erantzungo luketen jakin eta zoriontsua izango zara bizitza osorako! Debekatuta dago kate hau berriro niri pasatzea”.
Handik hiruzpalau minutura, honela ihardetsi dit: “Kar, kar, kar. Non larrua, han marrua!”.