Non larrua, han marrua I

Gaztaroa gogoa da, gutizia, hunkipena, jakin-nahia. Gaztaroa ilusioa begiz jatea da; jendea ezagutzeko, begia hestea baino luzeago izatea. Gaztaroa jolas egiteko irrika, apeta da; esperientzia ezberdinak bizitzeko nahimena. Ustekabez beteriko kutxa da gaztaroa. Artegatasuna eta ekintzak taxuz burutzeko erantzunkizuna ere bada gaztaroa, hala ikasketetan nola harremanetan. Nerabezaroaren eta helduaroaren artean dagoen sasoia, aldia da gaztaroa.

Gazte-denborak badu bere aparteko alderdia. Gaztaro betea da jakin-minezko haizeak gonapea kinatzen eta hormonak dantzan jartzen dituena. Eskarmenturik ezak pasadizo berriez, freskoenez gosetzen dituen aldia, liparra. Tentazioei nahiz zirikaldiei atximur egiten dien tenorea, momentua, unea. Gaztaroan idatziak irakurtzen dira, idatziak irakurtzen dira fantasiarekin, idatziak irakurtzen dira harremanekin, idatziak irakurtzen dira sexu-jolasekin. Gaztaroan literotura irakurtzen da, goi-behe barrenak. Gaztaroan hitz eta azal jolasak irakurtzen dira idatzien zirriekin. Liburuak finean, istorioak dira eta istorioak irakurtzeko lehenengo baldintza hura azaletik bizitzea da eta horrek berarekin dakar pertsonaiak ulertzea, konfiantzazko loturak sortzea haiekin. Gazte-denbora liburua irakurtzea bezalakoa da, dena dago ikasteke, dena dago dastatzeke. Gaztaroa liburua irakurtzaren modukoa da, azaletik sentsazioen goitibeherak bizitzeko abagunea eskaintzen du. Gaztaroan dena berealdikoa, edo ia dena.

Hogeita bi, lau esku eta oin erdia, biki bat, ia egun osoko orduak, urteak. Hogeita bi urte, etendurazko segundorik gabeko hizketaldiak.  Hogeita bi urte, unatu nahiz gogaitzeko astiunerik gabe berriketan aritzeko sasoia. Hogeita bi urte, argitu gabeko gauak eta argitutakoak, argitu gabeko ezbaiak eta argitutakoak, argitu gabeko jakingurak eta argitutako eskarmentuak. Hogeita bi urte, ezaguera egin gabeko ezezagunak eta ezagututako ezagunak, lagunak nahiz harremanak; argitu eta usaindu gabeko azalak eta argitu eta usaindutakoak. Hogeita bi urte, bertso-erdia, amaieraren lazeria duen bertso hankamotza. Hogeita bi urte, inork itzuliko ez digun garaia. Hogeita bi urte ditut.  

Aditzen ikasteko apeta dut. Apeta dut lehenaldiaren mugaz bestaldean dagoena begiz atzemateko, ukitzeko, ferekatzeko, bustitzeko. Apeta dut begietara begiratzen ikasteko. Apeta dut esperimentatzeko, sentitzeko, probatzeko, eskarmentatzeko. Apeta dut harremanez, berriaz, freskoaz, fidantziaz, askatasunezko loturez, pertsonez, zugandik eta halaber, nigandik ikasteko. Apeta dut orainarekin iraganaz mintzatzeko eta iraganari orainaz idazteko. Apeta dut orainaz ikasteko.

Eta nik olgeta gutxi izan dut nire gorputzaren aurre-atzeetan. Jolas gutxi gauerdiko hamabietan. Hogeita bi urteetan dena ezagutaraztear dugu, dena hausnartzear, dena galdetzear.

Itaunak egitea laket dut, parean dudanari, burura dakorkionaren berri izatea. Begien irakurraldia egitea laket dut, irria zein modutan irteten den behatzea. Itaunak egitea gogoko dut eta galdera, nik ihardetsiko nukena hausnartu ostean egitea. Jarduera atsegina da galdetzea. Olgeta egiteko era bat. Jolastea laket dut, gertukoak ustekabean harrapatzea, espero ez dutenarekin jolasean aritzea, hurbilekoa ahoa erdi zabalik erdi zarratuta ehizatzea, begiratzeak ebastea eta barre-karkara oparitzea. Sekretu bat begi-ninira begira aditzera emateko adrenalina sumaraztea laket dut. Itaunak egitea atsegin dut.

Zer den elkarri kilika aritzea. Zer den begietara begiratzea. Zer den barrez galtzak bustitze aurreko formal planta eztia. Ez gara gogaitzen. Desberdina da elkarrekin igarotako asteburu bakoitza.

Belarrira murmurikatutako sekretuekin kizkurtzen nahiz borobiltzen ditugu egunak, azalak, larruak, gorputzak, mingainak, begiratuak. Borobil. Oro biltzen dugu harremanean. Ahalkea labur eta komunikazioa luze, esan gabekoak elkarri komunikatzen ahalegintzen gara eta. Harremanak estekatzen dituen txirikordak hori du ederra, txirikorda dela eta gaizki ulerturik gabe lotura dela bere askatasunean, lotzen hasterik ez baitago askatzen jakin gabe.

Ni zure ezaguna naiz, zu haren ezaguna zara eta hark beste baten bat ezagutzen du. Modu honetara sortzen dira harremanak. Sare honen bitartez iritsi dira hainbat pertsona nire albora, nire hitzordura. Ni zure, zu haren eta hura beste batzuen ezaguna nahiz adiskidea delako.

Harreman bat egitea aisea da, erraza; harremanak mantentzea berriz, gaitzagoa, nekezagoa. Harreman batean partekatu daitezke hiru larritasun eta lau gomuta, hiru aburu eta bost barre. Harreman batean ager daitezke izu-laborriak, sesioak, mesfidantzak eta korapiloak, herabe eta isilaldiak. Harreman batean partekatu daitezke elkarrizketa, denbora, errespetua, gardentasuna, komunikazioa eta konfiantza. Harreman batean bestearen konfiantza erdiesteko, kide bakoitzak autoestimua izatea ezinbestekoa da, autoestimua beste pertsonarengan sinesteko oinarria delako eta segurtasunak eta norberarenganako maitasunak bestearen adeitasun edo begiramendua bultzatuko dutelako. Erlazioetan gaizki-ulertuei aurre egiteko baldintza, komunikazioa da giltza. Sekreturik ez egoteak erlazioko fidantzia trinkotzen du. Harremanetan jelorkortasuna saihesteko, aurrez ezarritako arauak bete behar dira. Harremanetan, maitale eta ohekideei beste harremanen berri eman behar zaie; bikotekidearengandik at mantentzen diren harreman intimoen, hots, amorante nahiz larru-lagunekiko zintzotasuna ardura handikoa da. Erlazioak askatasunezko atximenduak dira; trukeak, elkarreraginak. Harreman bat egitea aisea da, erraza, harremanak iraunaraztea ordea, neketsuagoa, zailagoa.

Haserretzen zarenean, ezpainak okertzen dituzunean, suak harturik zauden une horietan, bekozko jartzen zarenetan; zaunkaka aritzen zara zu, zintzurrean txakur ñimiño bat daukazu. Lantzean behin, muturtu egiten zara; odolak irakiten dizu eta orduan, bioi kopeta iluntzen zaigu. Harremanetan, beharrezkoa da inoizka gorabeheren bat izatea, harremanak ez dira biribilak, ez dira perfektuak. Harremanetan nahitaezkoa da txitean-pitean adierazpenak egitea; elkarri uletzeko, elkarri babesteko. Amodioa loturan bahitu nahiz hertsatu beharrean, harekin hunkitzea; harekin askatzen jakitea da; izotzetan berotzea. Eta guk izotzetan berotzen asmatu dugu. Konfiantza eta komunikazioaren korapiloaz haria lotzen eta askatzen, trikotzen nahiz sendotzen, hezetzen eta goritzen.

Aurkeztu egin beharko nizuke, maitea eta pentsamendua txuri. Aurkeztu egin beharko nizuke, bihotza eta eleak mutu. Ez zait besterik burura etortzen, laztana, begietara so egin eta zure hulbiltasuna gogoko dudala aditzera emateko desira dut. Ez zait besterik burura etortzen, kuttuna, begietara begiratu eta miresten zaitudala esateko irrika dut. Ez zait besterik burura etortzen, potxolo, begietara begiratu eta erakarri egiten nauzula jakinarazi nahi dizut. Ez zait besterik burura etortzen, pittin, begietara begiratu eta zure azal zuriak; bularraldeak eta hizkerak sutan, titi-punti jartzen nautela eta ikusi eta entzuten ditudanean, kuleroak gaseosa eginda egoten direla adierazteko premia dut. Ez zait besterik bururatzen, pitxurri, begietara begiratu eta kidetasunak batzen gaituela komunikatzeko grina dut. Ez zait besterik burura etortzen, txiki, begietara begiratu eta zure izaera, zure umorea, barrea eragiteko duzun trebetasuna atsegin dudanaren berri emateko nahiera dut. Zer den irriñoa egin eta ahoa zimurtzea. Zer den umorea begitartean sartu eta begiratua txinparta bihurtzea. Gatza eta piperra zara, Xabier. Kimika hutsa zara, Xabier.

Erakarpena fisikoa ez ezik emozionala ere bada. Hurkotasunak, etxekotasunak batzen gaitu. Hurbiltasunak familiartasuneko sentipena areagotu du eta horrekin batera, lilura. Fisikoa aintzat hartuta, hasieran, ez ninduzun hainbeste erakartzen, ez zintudan mutil katxarro, mutil mandu edo mutil traste moduan begiesten, ene begientzat nahiko neutroa zinela esango nuke. Aitzitik, zure agerpena maiz hautemateak, zuk ni gehiago erakartzea eragin du. Baietsi beharra daukat, zure trebetasun sozialak; zure mintzatzeko moduak; elkarrizketaren mamia interesgarri bihurtzeko eta hurbilekoa nahiz maitagarria izateko gaitasun horrek etxera eramateko modukoa, larru onekoa zarela hausnartzera eraman nauela. Gainera, nire balio eta zaletasunak partekatzen dituzula ikusteak eta nire antzekoa zarela jabetzeak, oharkabean, zu begiz jotzea eta ni, barea bezala arrastoa utziz, adurra dariola egotea eragin du. Bat etortze horrek, zurekin tratuetan aritzea, zure usainean ibiltzea, erasoa botatzea edota ligatzen ahalegintzea bultzatu nau eta horrek, modu berean, zuk jarrera bera hartzea eragin du. Zure begiradan hauteman dezaket, etengabeko karkararen joeran, ukipenean, nire keinuak imitatzeko zantzuan, zure sorbalda eta gorputz-enborra nirekiko lerrokatzen dituzun bideraketan. Kimika hutsa gara, Xabier. Kimika sexual nahiz emozionala.

Haatik, berritasunak ere kilikatzen gaitu, tentazioen zirikaldiak dira; asteko egun eskasetan irauten duen hozkailuko txokolatea, erakargarri suertatutako beste norbaitek eragindako kimika sexuala, dopamina, fisiko soila, kanpoko haragia, usainak.

Izan ere, gizakiok, espezie modura, ez gara monogamoak, poligamoak baizik, hots, norbanako bakoitzak izatez aldi berean hainbat harreman sexual izateko joera du. Alabaina, gizarteko kultura, sinesmen eta mugak direla eta, monogamoak izaten ikasi genuen. Harreman irekiek monogamoek bezala, hitzarmen bat dute eta harremanaren barruan komunikazio gardena sortzeko, norbanakoaren heldutasun emozionala aregotzeko, onura erotikoak ekartzeko eta fantasia sexualak sustatzeko egokiera ematen dute. Bikotea gai da bere sexurako sabel uzkurrak, haragi gordinarekiko hortz izerditzeak eta fantasia sexualak jakinarazteko. Konfiantza eta komunikazioak, bikotean, beste pertsonekiko desio nahiz erakarpenak elkarri kontatzea ahalbideratzen du.