Izpi epelak II

Bazkaltzera joan ginen herriko jatetxe batera. Jana dekorazioa bezalakoa zen, tradizionala eta betikoa, baina zoragarria ere bai. Batzuetan guri ere gustatzen zitzaigun tradizionaltasun hori.

Bazkarian zehar elkarri gure bizitzak eguneratu genizkion. Lasai bazkaldu eta kafea hartzen ari ginela Ametsek bukatu zuenez, komunera joan zen. Nahiak momentu hori aprobetxatu zuen.

-Mira, benetan ari zara tipo horrek sentitzen duenaz zalantzak dituzula? – galdetu zidan komunera seinalatuz.

-Ez dut zalantzarik, Nahi, baina… – arnasa hartu nuen sakon, gai horrek barruak mugitzen zizkidan oraindik.

-Badakit, matxi, baina benetan esaten dizut hau: tipo horren begiradak asko esaten du eta begiradek ez dute gezurrik esaten.

Irribarrez esan zidan eta ezin izan nuen ekidin nik ere irribarre egitea. Nahiaren hitzek askotan ukitzen ninduten. Bere eromen horren atzean, bihotz handiko neska bat zegoen. Oso ondo ulertzen ginen biok bizitza erabat desberdinak genituen arren.

Amets etorri zenean galdetu zigun:

-Ze konbinatu bat beste terrazan bai, ezta?

Ordaindu eta beste tabernara joan ginen. Konbinatu baten ondoren, beste bat etorri zen. Gai asko izan genituen solasaldian: haurrak, lana, bizitzako inflexio-puntuak, politika, heriotza, feminismoa, drogak, bizipen desberdinak eta nola ez, hiruroi gehien gustatzen zitzaigun gaia, sexua.

Konturatzerako pasa zitzaigun arratsaldea eta zerbait jan ondoren etxera joan ginen, hamarretarako, txintxo. Egia esanda, txintxo ez. Alkoholak egin zuen bere efektua eta berez bihurriak baginen, gero eta bihurriago geunden. Musika jarri nuen. Beste biak mahaian hizketan ari ziren bitartean nik konbinatuak prestatu nituen, musikaren erritmora dantzan.

-Hau bai berotuko dela – esan zuen Ametsek barrez niri seinalatuz.

-Zer, zer, zer? Zertaz ari zarete?

-Ba, kontatzen nion Ametsi – Nahiak ere ezin zion barreari eutsi – Julenekin nengoenean komentatu niola, hirukoren bat egitekotan bikote batekin, zuekin izango zela – irribarre egin zuen sorbaldak altxatuz.

– Ai ama! Benetan? – atera zitzaidan. Eskua ahora eraman nuen nire harridura kontrolatu ezinik. Handik alu parera eraman nuen – Hostia! Berotu egin naiz eh! Baina ze, biokin batera?

Hirurok barrez lehertu ginen.

-Mira, Amets zoragarria iruditzen zait baina berak bakarrik, ez nau jartzen. Eta zuk ba… badakizu lagun bezala maite eta estimatzen zaitudala, baina zerbait daukazu asko erakartzen nauena. Baina, zerbait falta zaizu. Beti esan izan dizut, benetako orduan zakil bat faltan botako nuela. Beraz, bai, biekin!

-Egia esango dizut nik ere – nire azalpenarekin hasi nintzen – komentatu izan dugu bioi erakartzen gaituzula eta gustura egingo genukeela zurekin hiruko bat. Eta Julenekin jarraituko bazenu, lauko bat ere bai.

Hirurok barre egin genuen eta hitz egiten jarraitu genuen. Hau zen libre sentitzea. Jarraian, Berri Txarraken “Helduleko guztiak” hasi zen.

-Buah! Hau da Berri Txarraken kantarik sexyena – altxa eta dantzan hasi nintzen, gerria mugituz. Ze gogoak neuzkan parranda on bat egiteko, taberna batean dantzatzeko – Grabitatea baino ez dago hor kanpoan. Dena dago orain erortzeko zorian, zorian- kantatu nuen begiak itxita, besteek irribarre egiten zuten.

Entzun zen hurrengo ahotsa Aiorarena izan zen. Ze kanta ona zen Zea Maysen “Kea”. Nahia ere altxatu zen eta nirekin dantzan hasi zen. Ametsek txirrisklasari tragoa egin eta guregana elkartu zen.

Kantatzen eta dantzan jarraitu genuen. Elkarrengandik gero eta gertuago. Nahiari eskutik heldu eta buelta eman nion. Kea bezela airean, hegan nabil gauean. Dantza luze batean, miazkatuz airea. Besarkatu eta masailean muxu eman nion. Ametsen aurrera joan eta beheraka jaitsi nintzen, gerritik hasi eta oinetaraino hankak laztanduz. Barre egin zuen dantzan ari zela. Altxa eta lepotik helduta muxu eman nion ezpainetan. Nahiak gerritik heldu zidan.

Sudurrekin jolastu genuen eta bera izan zen ezpainetara hurbildu zena. Muxu goxo bat eman zidan.

Hortik aurrera, dena berotzen joan zen. Hiruren arteko muxuak ugaritu ziren, laztanak, dantzak… Gehiago animatu ginen Esne Beltza eta Pupil-les-en “Argitzeraino” hasi zenean. Dantzan jarraitzen genuen. Trago bat egitera joan nintzen eta beste biak dantzan, musukatzen ikusteak berotu egin ninduen. Oh! Oi! Prest zurekin irrifar egiteko. Oh! Oi! Dantza dezagun, dantzan egin gaua… Beraiengana elkartu nintzen.

Muxuak luzatzen joan ziren, arropak kentzen. Perdemos el control, se siente instantes de revolución.

Eta hura izan zen gure iraultza. Laztanak gorputz osoan, gorputz guztietan, gorputz desberdinetan. Eskuekin emandako laztanak, mingainekin mihazkatutako puntu bakoitza, hatzak sartutako zulo guztiak. Batak bestea plazerera eramatea. Besteak ikusiz norbere burua ukituz gozatzea.

Nahia, benetako orduan zakilik ez zuela behar ohartu zen. Ametsek gozatzeko bere zakila nonbait sartzea beharrezkoa ez zela berretsi zuen. Eta nire kasuan, aurrekoak hankartean zer zeukan bost axola zitzaidala konturatu nintzen eta berotzen ninduen hura pertsonak ematen zidan askatasuna zela. Haurrak ez ginen arren, jostailuak erabiltzea eta hauen laguntzarekin zerua ukitzea zenbat gustatzen zitzaigun onartu genuen.

Eta horrela, lau eskuk laztantzen nindutela, era desberdinean maite nituen bi pertsonen artean hartu nuen lo. Elkarri lotuta eta aldi berean hain aske.

Edurneren deiak esnatu ninduen.

-Kaixo maiti!

-Kaixo matte!

-Esnatu egin zaitut?

-Lasai, ametsetan ari nintzen baina ez dakit lotan edo esna – barre egin nuen – eta zu? Zer ari zara niri deika? Ez al zenuen hitzordu erromantiko bat?- errea luzatuz galdetu nion, puntu dramatikoa jarriz.

-Bai, baina paseoan nabil – Edurneren ahotsean dezepzioa nabari zen.

-Zu paseoan? Bakarrik? Nor zara zu eta zer egin duzu Edurnerekin? – adarra jo nion.

-Ez da ondo joan, bueno egia esanda, desastre bat izan da. Eta giro ona zegoenez kalera atera naiz. Hotza egiten du baina abendua izateko giro ederra dago.

“Abendua izateko giro ederra dago” esan zuen. Ongietorri errealitatera Mirari. Pertsiana ireki nuen eta goizeko eguzki-izpi epelek argi utzi zidaten ametsetan edo irudimenari sua ateratzen egon nintzela beste behin. Nire ohean ni bakarrik nengoen.

-Mirari, hor al zaude?

-Bai, bai, barkatu burua joan zait. Orduan zer, ez zekien larrua jotzen?

-Ez larrua jotzen, ez ganorazko afari bat prestatzen, ezta entzuten ere. Eta okerrena da berak dena ondo egiten zuela uste zuela. Melokotoi potea! Bueno eta zuk, zertan zabiltza?

-Ba uste dut… masturbatu egingo naizela. Ametsek merkantzia ona utzi didate gaur. Barrez lehertu zen.

-Bakean utziko zaitut orduan. On egin txiki!

– Aio maiti!

Irribarre bat atera zitzaidan, Edurne eta nire ingurukoei esker negua ez zen hain hotza, beti zuten epeltzeko eta goxatzeko gaitasun hori. Jaiki eta musika jarri nuen. Sukaldean neukan egutegiarekin topatu nintzen “Abendua 2020”. Ongietorri errealitatera Mirari, bigarren zatia.

Bai, pandemia egoeran jarraitzen genuen, gure herrietatik ateratzeko aukera bagenuen baina oraindik ezin genuen probintziatik atera.

Ohera itzuli nintzen, nire mesanotxeko bigarren tiradera ireki eta nire bildumari begira jarri nintzen, zein jostailu aukeratu erabakitzen. Irribarre txiki bat atera zitzaidan horietako bat ikustean, Ametsek oparitutakoa zen. Eskuetan hartu nuen.

Biluztu eta ohean etzan nintzen, Zetak-en “Nirekin topatu naiz” hasi zen. Hatzekin ukitu nuen alua, hezea zegoen, baina hala ere, orgasmoak areagotzen zituen krema bat eman nuen, zoragarria zen. Xurgatzailea piztu nuen, lehenengo mailan, eta klitori parean jarri nuen. Beste eskuarekin ingurua ukitzen jarraitu nuen. Aizu! Geroak aldatu egin gaitu. Gora eta behera mugitu nuen jostailua, puntu egokia aurkitzeko. Bitartean ezkerreko eskuarekin titipuntak laztandu nituen, goxo. Bero dago dena edo ni naiz? Berriro bakarrik ohean. Dena nigan, nigan. Puntua aurkitu nuen eta hor mailaz igo nuen, arnasestuka nengoen. Eta ni, nirekin topatu naiz orduan, dena dardara zerutik infernura. Gehiago bustitzen hasi nintzen, alutik behera nola isurtzen zen nabaritzen nuen. Busti bustiak oroitzapenak, hemen baitzintudan. Busti bustiak, nigan. Pelloren arnasestuak eta nireak nahasten ziren nire entzumenean. Lehenengo orgasmora iritsi nintzen baina ez nintzen gelditu. Dena dardara zerutik infernura, jakin nahiago dudala bestela.

Buelta eman nuen. Gorputzak gehiago eskatzen zidan. Sua-ren erritmo biziek ere laguntzen zuten jarraitzen, “Hormak apurtzea” abestiarekin. Lau horma artean, eta ezin urten. Triste nabil ohien itxundute. Lau hanketan jarri nintzen eta xurgatzailea bere lekuan mantentzen banuen ere, ezkerreko eskua ere alura eraman nuen. Bi hatzak barrura sartu nituen. Buruek eramango nau, beste behin, orain, nahi dodan lekure. Nire irudimenean, zu zaude, ondoan barreka. Estribilloaren erritmora hasi nintzen sartu eta ateratzen. Nire ezpainei hozka egiten nien. Gelako ispiluan nire burua ikusten nuen eta horrek gehiago berotu ninduen. Bazirudien nire askatasun hori horrela ikusteak gogo gehiago pizten zidala. Etorri, oratu, hodei artien dantzatu. Mugarik ez dago, zerue ikutzeko. Eta banindoan berriz, zerura, baina orduan musikaren erritmoa jaitsi zen, eta nirea harekin batera.

Arnasa lasaitu zitzaidan baina ez nintzen erabat gelditu. Oztopo gabeko mundu berri bat sortu dugu, non izarren artea egotea posiblea den. Ni ta zu, zu ta ni. Elkar besarkatzeko aukerarekin. Gozatzen jarraitzen nuen, suabe. Ez dezala inork zapaldu irudimenaren indarra, sentimenduen beharrizana. Gitarra berriz bizitzen hasi zen eta bateria ere bai. Mailaz igo nuen jostailua eta hatzak azkartu. Gure ametsetan, non izango gara galdetzen zenidan. Denak dar-dar egin zidan eta plazer oihuak ateratzen zitzaizkidan eta estribilloaren amaierarekin egin nuen gainezka.

Ohean seko etzan nintzen. Nina Simonen ahots sakonak ekarri ninduen berriz lurrera. Sun in the sky, you know how I feel. Its a new dawn, it’s a new day, it’s a new life for me and I’m feeling good. Eguzkia atera zen, egun berri bat zen eta ondo sentitzen nintzen.

Eta bai, falta sentitzen nuen, laztanen falta, emozio haien falta, sentitutakoaren falta, pertsonen falta, larruaren falta, bizitakoaren falta eta bizigabekoaren falta. Nahiak behin esandakoaz gogoratu nintzen “falta sentitzea ederra ere bada eta falta sentitzen ikasi egin behar dugu, baina era sano batean”. Goiz horretan konturatu nintzen hori lortu nuela, hutsune hori sentitzea baina era sano batean, hutsunea onartuz eta hutsune horrekin aurrera eginez.

Etorriko ziren garai hobeak, pasako zen negua.

Oh, freedom is mine and I know how I feel. Nirea zen askatasuna. Geure buruari jartzen genizkion mugek eta besteek ezarritakoek dena debekatzen zigutenean hori ematen zidan amesteak, askatasuna.

Ohetik altxatzean nabaritu nuen berriz ere izarak blai zeudela. Berdin zion, plazerez bustitakoak ziren, garbitu ondoren eguzki-izpi epelek lehortuko zituzten.