Bihotza lapurtu zidan Pampayruna

Kontaketa hau, Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolaturiko Kontaketa Erotikoen II. Lehiaketaren finalista da. Leihaketaren finalista guztiak orri honetan topatu ditzakezu eta bozkatu zein den zure kontaketa kuttunena..


Zast! Basatiek baino gehiago, ulitxek bukatu behar zuten nire espediziorekin, Jainko ezkristau
baten madarikazioa bailitzan. Zast! Mundu zibilizatutik itsaso askotara eta edozein hiritik ehunka kilometrora nengoen, beraz, alferrik zen damutzea. Alferrik urrikitzea. Zast! Bero sargoriak bidea oztopatzen zidan; ulitxek, sugeek, eskorpioiek eta jaguarrek bezain beste. Arropak itotzen ninduen.
Ahiturik, harri batean eseri nintzen.
Izerdia idortu nuen zapiarekin eta urontzia atera nuen. Urontziaren azken tanta isuri zen
nire ezpain idortuetara. Kaka zaharra! Etsiturik, metro batzuk haratago jaurti nuen
urontzia.
Hasperen gogogabetua egin nuen.
Junglako bero sapa gupidagabeak beste kolpe bat eman zidan. Zorabiatuta, larruzko
zorroan sartu nuen eskua, ahoratzeko zerbaiten bila. Huaco-a ukitu nuen, nire zorigaitz
guztien sorburua. Zeramikazko pieza atera nuen zorrotik eta inguratzen zuen oihala ireki
nuen.
Artelanari behatu nion.
Luze begiratu ere, felazio lotsagabea irudikatzen zuen Mochica kulturako
buztingintzako maisu lan hura lehenengo aldiz ikusiko banu bezala.
Francisco de Toledo erregeordeak eta bere sazerdoteek emandako betebeharra etorri
zitzaidan burura.
-Sodomia praktikatzen duten basatiak sutzarraren gar arazgarrietan zigortuta -agindu
omen zuen Toledo erregeordeak-, sodomiara eta masturbaziora bultzatzen duten
artefaktuak desegin behar dira.
Agindua argia zen.
Ohartu orduko, felazioak, ipurdiko sarketak eta ordura arte imajinatu ezin nituen
sodomia formak irudikatzen zituzten zeramikazko artelanen artean ikusi nuen nire
burua, iparraldeko Mochica eta Chimu kulturakoak batez ere. Lana erraza zen. Errege
biltegietan pilatzen ziren ehunka pieza mailu batekin lehertu eta txikitu egin behar
nituen. Kolpez kolpe jo eta ke, zibilizazioa salbatzeaz gain nire arima ere arrisku trinko
batetik askatzen nuela sentitzera ailegatu nintzen.
Esan bezala, lana erraza eta sinplea zen, baina deabrua azpijokoen maisuen maisua da
eta, luze gabe, artelan haietan irudikatzen ziren jarrerek nire arreta bereganatu zuten.
Jakin-gosez, Huaco bat hartu nuen esku artean, nahi gabe baina arretaz aztertzeko.
Higuingarria zen. Nazka aurpegia jarri nuen.
Baiki, basatiek ez zuten salbaziorik. Nori bururatzen ahal zaio gizon batek beste gizon
baten zakila zurrupa dezakeela?
Basapizti bati baino ez, inolako zalantzarik gabe.
Ohartu gabe, atzamarrekin laztandu nuen esku artean nuen pieza, eta urruneko mundu
batera bidaia egiten nuela sentitu nuen… Belauniko zegoen gizonaren eskulturatxoa
laztandu nuen; honi burua eusten zion eta zutik zegoen beste gizonaren eskulturatxoa
laztandu nuen… Azkenik, bi gizonak lotzen zituen zakil tente desproportzionatua
laztandu nuen…
Burua erabat galdu izan banu bezala, zalantzek eraso egin zidaten. Zer sentituko da
beste gizon baten falo gogortua miazkatzean? Zer sentituko da beste gizon baten buztan
beroa aho barnean edukitzean? Begiak itxi nituen eta nire ezpainek zakil luze baten
larru finetik emeki-emeki irristatzen zirela irudikatu nuen…
Deabrua nire arimaz jabetu zen eta zakila gogortzen zitzaidala sentitu nuen, tentetze
geldiezinean.
Punpaka azkarrean, bihotza uzkurtu egin zitzaidan. Izutu egin nintzen.
Baiki, zeramikazko pieza haiek guztiak deabruaren trikimailuak ziren!
Asaldatuta, mailuarekin artelanak kolpatzen eta txikitzen jarraitu nuen, nire amorru
guztia artelan haien kontra zuzenduta.
Alferrik baina. Txikituta ere, pieza haiek nire arimaz erabat jabetu ziren. Jakin-minak
zentzua usteldu zidan guztiz. Birritan pentsatu gabe abiatu nintzen eta, ohartu orduko,
oihanaren erdian nengoen, sodomiaren apologia egiten zuten artelan haiek sortzen
zituzten kulturen bila. Izan ere, gehiegizkoa zen egia izateko eta nire begiekin ikustea
zen sinesteko modu bakarra.
Lekuko batzuen arabera, sodomia onartua zegoen iparraldeko kulturetan; edo are
gehiago, zenbaitetan jainkoen aurreko kultu ekintzatzat hartzen ziren deabruaren
praktika haiek.
Ezinezkoa zen. Gehiegizkoa egia izateko.
Ezin sinetsirik, lekukoen bertsioak errepikatzen nituen nire baitan. Gizonen burdelak?
Gizonendako gizonen burdelak? Posible ote zen? Pampayrunak deitzen omen ziren
zerbitzari sexual haiek… Ezin nuen sinetsi eta jakin-minak gidatu zituen nire ekintzak.
Nire ekintzak eta nire urratsak. Junglaren barrenera gidatu ere.
Kopetako izerdia idortu nuen eskuarekin. Bero sapa itogarria zen.
Hasperen egin nuen enegarrenez.
Etsiturik, urontzia lurrean zegoen aldera begiratu nuen. Urontzi huts hark nire zorigaitza
iragartzen zuen.
Irtenbide ezak gaina hartu zidan. Bihotza punpaka hasi zitzaidan erritmo azeleratuan
eta, larriturik, konortea galdu nuen.
Iratzarri nintzelarik, hosto handiz egindako nolabaiteko ohatzean nengoen etzana, erabat
biluzik. Gazte batek gorputza garbitzen zidan arretaz. Ura eskaini zidan ontzi borobil
batean. Deskribatzen zaila zen solemnitatea arnas zitekeen gaztearen mugimendu eta
ekintzetan. Nik, txundituta, erabat paralizatuta geratu nintzen, gertatzen ari zena ulertu
ezinik. Ikusi ezinezko energia leun batez, hamaika formako ferekak marraztu zizkidan
gorputz guztian zehar olio batez. Fereka bakoitzak dardara zirraragarria sortzen zidan
larruaren azpitik, gorputza aldez alde zeharkatzen zidan oinaztura kitzikagarriaz. Zakila
gogortzen hasten zitzaidala sentitu nuen. Gaztea nire genitaletan masajea ematen hasi
zen. Arnasketa areagotu egin zitzaidan. Denbora luzez iraun zuten ferekek eta laztanek.
Une batean gure begiradek bat egin zuten eta, zerbaiten seinalea balitz bezala, gaztea
nire hankartean sartu zuen burua.
Begiak itxi nituen eta burua alde batera jiratu nuen. Sakon eta azkar hartzen nuen
arnasa, zeharo kitzikatuta. Luze gabe, nire barnetik indar askatzaile geldiezin bat sortzen
zela sentitu nuen, konbultsioen bidez lehertzera zihoana.
Hasperen arritmiko batzuekin batera gaztearen ahoan eiakulatu nuen.
Aaaaaaa-aaa-aaaaaaa…
Begiak ireki nituen burua alde batera mantenduz eta harrizko aurpegi handi bat ikusi
nuen paretan zizelkatuta. Begi handi haiekin, gertatua zenaren lekukoa izan zen jainko
pagano hura. Bat-batean, jainko haren aurpegi estatikoak izutu egin ninduen eta
beldurtu egin nintzen. Burua jiratu eta gaztea nire gainera amiltzen zela ikusi nuen,
jadezko nabala bat eskuan nire hazia ahotik dilindan zuela.
Ebaki garbi eta azkar batez, bihotza lapurtu zidan Pampayrunak eta, ahoan zuen
espermaz blaitu ondoren, paretako jainkoaren aldarean utzi zuen eskaintza.