Lanerako bidean, igogailu estu eta zaharrean bakarrik nindoan beherantz, ez zait gehiegi gustatzen igogailua konpartitzea, maiz urduri jartzen naiz soilik igogailuan beste pertsona batekin egoteagatik, bestelako arrazoirik gabe. Behe solairura iritsi nintzen eta Malenekin egin nuen topo.
– Egun on Adrian, ze, lanerako bidean ezta? – Esan zidan Malenek beti bezain jator.
– Egun on Malen, badakizu, auzoak nire fruituak behar ditu eta ezin horiei huts egin. – Esan nion irribarre bat ateratzeko intentzioz.
– Auzo osoa maiteminduta duzu, ez dakit zer gertatuko litzatekeen fruta-denda egun batez irekiko ez bazenu! – Bota zidan beti bezain jolasti begi-keinua erantsiz.
– Egun hori iristen denean zu izango zara abisatzen dudan lehenengoa, ez larritu!
Horrela, portaleko elkarrizketa motzean gurutzatu ginen eta aterantz abiatu nintzen.
– Aizu Adrian, larunbateko soberakinen ontzia itzultzeko daukat, gauean 20:00ak aldera pasatzen banaiz ondo datorkizu? – Galdetu zidan azkar batean elkarren bistatik desagertu baino lehen.
– Bai, ordu horretan lasai asko pasa zaitezke. Gero arte! – Erantzun nion eskuarekin agurra luzatuz.
Malenen bikotea Asier zen, nire azpian, hirugarren solairuan bizi ziren eta Asier, txikitako laguna nuen, kuadrillakoa. Larunbatean 42 urte bete nituen eta etxean ospakizun txiki bat antolatu nuen lagun gutxi batzuentzat. Asier ez zen bestelako lagunak bezalakoa… Unibertsitate garaian, enpresaritza hasi genuen elkarrekin, eta oso lagun onak bilakatu ginen, horrenbestekoa zen intimitatea, gure lehen muxu eta fereka homosexualak elkarrekin eman genituela. Gure ipurdiak ere bion artean estreinatu genituen eta egia esan abenturaz betetako bi urte izan ziren. Inoiz parrandaren batean ere neskaren batekin ligatu eta trioan amaitu genuen gau bat baino gehiagotan. Morbosoa, sexuala, gogorra eta leuna, kasu bakoitzean suertatzen zena. Bi urteren ondoren ordea, nik unibertsitatea uztea erabaki nuen eta lagunak izaten jarraitu bagenuen ere, gure arteko harremanean zertxobait urrundu ginen. Beranduago aldiz, etorkizunak berriz ere elkartu gintuen, etxebizitza berean bizitzen amaitu baikenuen. Malenek gure artekoa ba ote zekien, ez nion sekula galdetu Asierri, axola ere ez, baina jakin edo ez, Malenekin nuen erlazioa oso gustagarria suertatzen zitzaidan, jolastia, konfiantza handikoa eta konfidentziaz betetakoa.
Eguna lasai antzean igaro zen, ezer berezirik gertatu gabe eta gaueko 20:00ak iritsi zirenean Malenek whatsapp mezua idatzi zidan etxetik pasatzea ondo zetorkidan jakiteko. Baiezkoa eman nion eta zuzenean etxeko atea irekitzera joan nintzen. Atea erdi irekita utzi eta bere zain geratu nintzen. 3 minutu besterik ez ziren pasa, Malenen lehen pausoak etxean barrena entzun nituenean. Ondo, niri gustatzen zitzaidan bezala, etxean egoteko, oinetakoak eranzten ari zen, gero bere pausoek beste soinu leunagoa adierazten baitzuten.
– Sukaldean nago! – Oihukatu nion.
– Gabon! Fruta asko saldu al duzu gaurkoan? – Galdetu zidan ontzia harraskan utzi eta nire gorputzarekin kontaktua eginez. Gure arteko gorputzen gertutasuna oso, nuen atsegin.
– Ez askorik, gaur gainera platanoak nahiko berdeak eta gogorrak iritsi zaizkit, eta ez zuten irteera askorik. – Erantzun nion bere galderari.
– Barka Adrian, ez diot arreta askorik jarri esaldiari, platanoa eta gogorra entzunda burua beste nonbaitera joan baitzait. – Esan zidan inozentziaz betetako aurpegia jartzen zidan bitartean.
– Oso tuntuna zara Malen! Kar kar kar. Edateko zerbait nahi duzu? – Galdetu nion gaia apur bat desbideratzeko asmoz.
– Garagardorik geratu zitzaizun festatik?
– Bai, lata batzuk geratzen zaizkit, baina etxera mozkor bueltatu nahi duzu ala? Badakizu alkohola segituan igotzen zaizula. – Erantzun nion buru pixka bat jarri nahian, eta Asierrek Malen horrela itzultzen zela ikusita, zer usteko zuen pentsatuz.
– Lasai motel, gaur Asierrek arratsaldeko txanda du eta 23:30ak arte ez da etxeratuko. Badut denbora igotzen zaidan guztia jaisteko. – Erantzun zidan eskaini nion garagardoa eskuetan hartu eta egongelara abiatuz.
– Azkarra zu…