Nagore Vega
Ez naiz inoiz izan diskoteketan ibiltzekoa. Nahiago izan ditut tabernak eta poteoak, edo plazako dantzak. Hala ere, jakitun naiz horrelako areto askotan neskek jasan dugun erabileraz: gu “doan” sartzen utzi, eta mutilak atzetik, ordainduta. Bai, argi daukat kasu horietan gu garela “objektua” edo “produktua”: “objektu erakargarri” bihurtzen gara, sarrera ordaintzen ez badugu ere, gure gorputzarekin abonatzen dugu prezio hori. Ez da diskriminazio positiboa, emakumeak “gauza” bihurtzen gaituzte, “merkantzia”.
Sonatua izan zen Bartzelonako diskoteka batean kasua otsailean. Sarrera ez kobratzetik harago, trago bat eta 100 euro eskaintzen zizkieten neskei, kulero gabe joateagatik. Sekulako eztabaida piztu zen sare sozialetan, eta talde feministek eta Bartzelonako Udalak neurriak hartuko zituztela jakinarazi zuten. Eskaintza bertan behera utzi zuen dantzalekuak.
Hala ere, uste nuen gai horretan aurrerapausoak emanak zeudela… Inuzentea ni.
Gaia aurrez aurre topatu dut azkenaldian. Dantza latinoak ikasteari ekin diot berriro, eta praktikatzeko aretoak dituzten diskoteka, taberna edo dena delakoak ezagutzeari. Horietako batean egin dut errealitatearekin talka. Neska taldetxo bat hasi ginen bertara joaten. Arazorik ez. Pentsa, ez genekien sarrera ordaindu behar zenik ere! Mutil bat animatu zitzaigun, ondoren. Lehen aldi hartan gu baino beranduago iritsi zen, eta dagoeneko aretoan geunden gu. Deika hasi zitzaigun ez ziotela pasatzen uzten, eta ordainarazi nahi ziotela. Harrituta gelditu ginen. Bere bila atera eta gurekin zegoelako pasatzen utzi zuten. Beste batean, elkarrekin joan ginen, baina bera pixka bat atzerago. Guri ezer esan gabe pasatzen utzi gintuzten, eta bera gelditzen hasi ziren, ordaintzeko eskatuz. Elkarrekin ginenez, berriro pasatzen utzi zuten.
Kasu hau agian ez da zehazki diskoteketakoa. Izan ere, komentatu izan digute “galbahea” pasatzeko modu bat dela sarrera kobratzea, horrela aretoa ez baita betetzen dantzatzera ez doan jendearekin. Kasualitatea da, ordea, mutilei bakarrik kobratzea? Ez dut uste…
Tira, gertakari honekin bueltaka, hedabideetan izan dugu Eusko Jaurlaritzaren azken erabakiaren berri. Badirudi horrelako kasuak laster bukatuko direla: dekretu zirriborro bat prestatu du, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea Garatzeko Erregelamendua onesten duena.
Diskriminazio eza helburu
Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legeak (EHAA 3. zk., 2016ko urtarrilaren 7koa) Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiten diren jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzen ditu, eta ikuskizun edo jarduerok eskaintzen dituzten establezimendu publikoek eta leku irekiek zer baldintza eta betekizun izan behar dituzten ezartzen du.
Eusko Jaurlaritzak pasa den ostiralean, ekainaren 9an, hori garatzeko dekretu baten zirriborroa publikatu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
43. artikuluko 1. puntuak honakoa dio:
43. Artikulua.- Prezioa
1.- Sarreraren edo abonamenduaren prezioa modu askean zehaztu ahal izango du antolatzaileak, baina ezingo ditu prezio desberdinak ezarri jatorria, arraza, sexua edota erlijioa direla eta.
Aitor Uriarte departamentuko zuzendariak SER kateari emandako elkarrizketan gogorarazi du enpresa antolatzaileak eskubidea duela edozein prezio finkatzeko, baina ezin dutela ezberdinak izan: “Mutilak 25€ eta neskak doan egoerak ez dira posible izango aurrerantzean”.
Zirriborroa jendaurrean jarri dute orain. Uztailaren 7ra arteko epea dago alegazioak egiteko.
Egia esan, harrigarria iruditzen zait oraindik gauza hauek erregulatu beharra, zentzu komunarekin gehiago jarduten genuela sinetsita nengoen. Nahikoa da? Ez. Alde ona? Derrigortuta egongo direla dantzalekuak prezio politika bera ezartzen sartzen den pertsona mutila, neska, bertakoa, kanpokoa, beltza, zuria, fededuna edo ateoa izan. Bada pausotxo bat gehiago.