Nagore Vega
Duela bi aste galdera egin genizuen hemen: Zein emojirekin irudikatuko zenukete hilerokoa? Plan International GKE Gobernuz kanpoko erakundeak dagoeneko jakinarazi du zein den irudi irabazlea: hilerokoa duten kuleroak.
Nazioarteko kanpaina bat abiatua zuen Plan International-ek maiatzaren bukaeran, hilerokoa irudikatzeko emoji bat sare sozialetan txertatzeko eskatuz. Haurren eskubideen aldeko erakundeak tabuarekin hautsi nahi du, eta horretarako sustatu zuen ekimena.
Jakinarazi duenez, 54.600 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten webguneko bozketan. Konpresa bat, utero bat, egutegi bat eta odol tantak ziren gainontzeko emojiak.
Irailean ixten da eskaera epea
Kanpainaren helburu nagusia, esan bezala, estigmarekin bukatzea da. Hala, neskek eta emakumeei errazago izango zaie hilerokoari buruz lagunekin, senideekin edota lankideekin hitz egitea.
Besteak beste, Erresuma Batuan egindako inkesta baten emaitzak jasota ohartu ziren beharrezkoa zela emojiaren aldeko ekimena martxan jartzea. Ondorio nagusia honakoa izan zen: “18-34 urteko emakumeen erdiak esan zuen emojia erabiliko zuela, eskuragai egonez gero. Eta, gainera, nabarmendu zuten horrek errazago egingo zuela gaiari buruz hitz egitea ingurukoekin”.
Izan ere, inkestak erakutsi zien emakumeei zaila egiten zaiela ondorengo taldeekin hitz egitea, oraindik estigmatzat dutelako:
-
Emakumeen bi herenak ez dira eroso sentitzen aitarekin edo lagun mutilekin hilerokoaz hitz egiten.
-
10 emakumetik 1 ez da gustura sentitzen lagun neskekin hitz egiten.
-
Emakumeen %25 ez da ausartzen lankide neskekin gaiaz aritzera.
-
Emakumeen heren bat bakarrik sentituko litzateke eroso lanean euren nagusi diren emakumeekin solasten.
Diseinu irabazlea Unicode Consortium-ari helaraziko diote orain. Erakunde hori da gure gailuetarako karaktereak eta emojiak estandarizatzen dituena; Emojipediaren katalogoa handitzen duena, alegia. Irailean itxiko du Unicodek eskariak egiteko epea.
Kontzientziak esnatzeko
Lucy Russel kanpainaren zuzendaria da Erresuma Batuan. Jasotako erantzuna eskertu du, eta eman behar zaion garrantzia eta lekua nabarmendu ditu: “Harrigarria da ikustea zenbat pertsona batu diren kanpainara. Nik uste dut horrek mezu indartsua ematen duela, eta argi geratzen dela emakumeek nahi eta behar dutela emoji bat hilerokoa irudikatzeko. Badakigu oraindik tabuak daudela hilerokoaren gainean, eta mundu guztiko neskengan eragin negatiboa izan dezakeela horrek. Izan ere, askotan jazarpena jasaten dute ikastetxeetan, edo, gutxienez, zilegizkoa ez den tratua. Hori gertatzen da oraindik ez dugulako jasotzen hilerokoari buruzko behar adina informazio, higieneari eta produktuei dagokienez, adibidez. Ez gara esaten ari emoji batek arazo horiek guztiak konponduko dituenik, baina elkarrizketa baten hasiera izango da; neskak eta emakumeak mundu guztian dituzten erronken gaineko kontzientzia esnatzeko balioko du, eta horrek ona besterik ezin du izan”.
Kanpainari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, edota hilerokoaren gaineko tabuak ezagutu nahi badituzue, bisitatu hurrengo lotura: http://www.plan-uk.org/emoji.