Maddi Txintxurreta
Nik ez dut arroparik gordetzen armairu barruan, hiri erraldoi bat baizik. Bai, hiri bat. Bertan sartzen naiz armairuz kanpokoak akitzen nauenero.
Eta bertan pasatzen ditut amestutako gauak. Ez da eguzkirik sartzen, baina ez nuke esango leku iluna denik. Iluna baino erosoa iradokitzen zait gehienetan.
Nire armairu barruko hirian ez da ezinezkorik gertatzen. Alta, ikus ditzaket hiru metroko gandordun oilarrak eta, horien gailurrean, erortzeko beldurrik gabe puntaz punta saltoka ibiltzen diren orekariak. Batzuek zapatila erosoak janzten dituzte, beste batzuei erosoagoa zaie oinutsik ibiltzea.
Paperezko barkuetan jaurtitzen dira itsasora ondoratzeko beldurrik ez daukaten kapitainak. Eta porturatzen direnean, itsasontziak tolestu eta poltsikoan gordetzen dituzte edo abioiak egiten dituzte handik hona ibiltzeko. Paper berdinean idazten dute askok bidaian bizitakoa. Badirudi beraien patu eta helmugen gidari bakarrak direla, inoren oztoporik gabe.
Nire armairuko hiritarrak harro-harro janzten dituzte kolore guztietako arropak. Batek esaten dizu erosoago dagoela praka estuekin, besteak nahiago ditu kamiseta lasaiak. Nahi duenak biluzik ibiltzeko aukera ere badu. Eta biluzik ibiltzen dira titi bakarra dutenak eta arropa bainoago tatuajeak nahiago dituztenak. Gurpildun aulkiak lau mila erreboluzioetan ibiltzen dira hemen. Eta eroso-erosoak dira euren besaulkiak.
Kaleak festa-giroz apainduta daude beti. Txikitan ibiltzen nituen kale berberak dirudite, baina hemengo semaforoek ez dute inoiz kolore ezbai -horia agertzen.
Egunero maitemintzen naiz armairu barruko hirian. Aurrekoan Miren ezagutu nuen. Esan zidan armairutik kanpo Markel izenez ezagutzen zutela, baina bera Miren zela, nola bere tripetako barrunbeetan, hala armairuko iluntasunean.
Hiri honetara etortzen gara LGTBI+ eta alfabetoko gainontzeko letra guztietan kabitzen garen pertsonak. Asko hitz egiten dugu hirian, eta gehienok iritzi dugu armairuz kanpokoak kartzelaren antz gehiago daukala armairuko lau pareten arteko hiriak baino.
Hilabete hau, bereziki, hausnarketarako hilabetea izan da. Murtzian LGTBI+ komunitatearen eskubideen aldeko manifestaldiaren aurkako erasoa aipatu du gaur batek. Non ote dabil Hazte Oír-eko autobusa? Askok aipatu dituzte armairutik kanpo jasotako irainak eta mespretxuak. Guztiok arduratuta gaude. Festa-giroa itzali da. Lehenengo aldiz, armairu barruko ilunpeaz ohartu gara eta barruraino sartu zaigu. Jada ez zaigu hain erosoa egiten gerizpea.
Ekainak 28a aitzakia besterik ez da borrokari heltzeko. Adostu dugu denok aterako garela kalera egun horretan eta ondorengoetan. Ikus gaitzatela borrokan. Senti gaitzatela. Nahi duenak lagun gaitzala, nahi ez duenak arerio. Baina gaitzatela, bederen.
Aragzkia: Darwin Bell_Back Lit closet