Idoia Granizo | Doinua: Txuriko
1.
Inporta du nork bota
didan begirada?,
inporta du nork sortu
ohi didan zirrara?,
nahi dudana maite nahi
nuke ahal bada
naizena izatea
bekatua al da?
2.
Gizarteak presioa
duenez garatu,
horrela erantzuten
diet ta, barkatu,
ezin naute irtetera
inolaz behartu
oraindikan ez bainaiz
armairura sartu.
3.
Ilunegia denez
gaurkoan leizea,
sakonegia denez
jada oinazea,
aldarrikatu nahi dut
zer den bizitzea:
maitatu sentitzea
eta maitatzea
4.
Berdin du koloreak,
arrazak, adinak,
orientazio sexual,
genero ezberdinak,
denok gara zirkulu
bereko erpinak,
ezberdinak ta aldi
berean berdinak.
5.
Asteazken honetan
hasiz abentura
aniztasuna jada
Madrilen hustu da,
baina ezin dugunez
bertan jarri muga,
ortzadarra zabaldu
behar da mundura.
6.
Mundu aurrean jarri
naiz aurpegi lasaiz,
nahiz diskriminatuta
sentitu naizen maiz,
ta oraingo honetan
nabilenez garaiz,
naizena izan nahi dut
eta izango naiz.
Irudia: Olga Berrios hemendik hartua