Eau de vie

Ilunabar sargoria zen Amodio Ganberan, baita auzo horretako hondartzetan ere ondorioz.

Surflari, Parisko udatiar, erretretan zeuden gizon-emakumeak eta enparauak erretiratuak ziren beste norabait ordurako. Baina Xan han zen zer suma oraindik; bakantzetan atsegin baitzuen presa gabe ibiltzea eta Euskal Herri penintsularreko jendeak espainolei hartutako ohitura alfer hori baliatu eta afalordua atzeratzea. Kontuak kontu, handik gutxira bera ere aldendu zen inguru haietatik; bere pirripita hartu eta Canteplan karrikan duen etxera itzuli zen. Kresala larruazalera itsatsia zuela sentizen zuen; beraz, bainugelara jo zuen zuzenean, dutxan sartu zen. Ur zilarreztatuak euria bailitzan bere gorputzean bilatzen zuen abaroa, babesa. Ur tantek aurrez pilatutako izerdi arrastoetan barrena irrist egiten zuten, bero sapa hartatik libratzeko ahaleginetan. Orduan, hondartza berean bizi izan zezakeen zenbait oroitzapenez gogoratu zen, hogei bat kilometro haragoko Belharra olatuak izan ohi duen indarrarekin etorri zitzaizkion burura.

Uda hura ere sargoriari emana zen, 2015ekoa izango zen ziurrenik, eta hala ez bazen, ez zen oso aparte izango. Uztail hondarreko egun hartan gorputzak gozakor, gozagarri, gozarazle zeuden; garagarno, jacqueline, kalimotxo eta ginezko koktelen eraginak aire-geruza afrodisiakoa sortzen zuten Baionako karrika haietan. Balkoitik jaiei hasiera emateko giltzak jaurti zituztenetik hiria egoera horretan murgildua zen. Bizi-bizi zen festa beraz une haietan; alu bat potrozorriekin bezala, edo antzeratsu bederen. Tarnosetik haratagokoak izango zirenak ere ados ziren. “Cette rue est très animée”, zioten ilunabarretan zurrutari emandako ahotsarekin. Dena den, Sébastien Patocheren “La cartouche” abestia nonahi aditzea afrusa zen; bortxakeriari gorazarre egiten dion kanta baita baina, maluruski, edozein tabernazulotan topera jarria zen. Alta, Baiona Ttipiko ostatuek Asterix eta Obelixen Galia osatzen zuten. Eta haietako batean zen Xan hain justu. Agosti Xaho kaiko Sankara taberna aitzinean pausatua –Bar Sankara Ostatua, zioen ateburuko eguzki-oihalak- garagarno edalontzi batekin eskuin eskuan eta Gauloises markako zigarreta ezkerrean zuela.

Bozgorailuek kanpoaldean zeuden bestalierrei ere eskaintzen zien musika, “Behin batean Loiolan, erromeria zan, hantxe ikusi nuen, neskatxa bat plazan…”. Hala, lizeotik ezagutzen zuen emazte bat hurbildu zitzaion eta Eganek abesturiko doinu hark elkarri gerri inguruak heltzea bideratu zuen. “Ihintza niz, Ezterenzubikoa”, esan zion belarrira, tabakoak eta alkoholak epeldutako hatsarekin; musika altu izatea estakuru ederra zen baitezpada ezpainak lepo ingurura hurreratzeko. Eta hain zuzen hotzikara bat eragin zion Xani gerturatze honek; bizkarrezurra alderik alde igaro zuen daldara batek, behetik gora, ezker eskuin. Becquerren errimez ezer gutxi zekien baina bat-bateko maitemin edo nahikeria bat sentitu zuen.

Begiradak, zirriak, soilik grazia une haietan egin zezakeen ergelkeria burutsuren bat -ergelkeriak izan daitezke burutsuak-, katxiren bat edo beste eskatzea Patxa plazako Aitzinaren txosnan. Ez zuten beste inoren beharrik. Patxokiko atarian beste bikote bat muxuka ari bazen ere, beren buruak ziren munduaren epizentro. Eta noski, irudimena martxan jarri zen. Xanek bere burua biluzik irudikatzen zuen Ihintzarekin hondartzan, bata bestearen haragia arakatzen, miatzen, miazten, ganadu tratulari baten zabarkerian erori gabe. Adibidez, Xibertan izan zitekeen, Marinelan ere bai… Amodio Ganberan egokiago agian, izenari gorazarre eginez. Beren ahoak itsatsirik nahi zituen Xanek; ezpainen hezetasuna, mihi kuriosak, leuntasuna…

Baina…

Barka, joan-jinkaria hartzeko tenorea dut”.

Ez zen autobusa hondartzara joateko hartzeko proposamena Ihintzarena, ez. Etxera itzuli beharra zuen. Eta Xan ere orainaldira itzuli zen, bere dutxara. Hiruzpalau urte izango ziren Baionako dragatze hartatik. Ihintzaren begien kolorea ondo iltzatuta geratu zitzaion; urdinkarak ziren. Eta horrek gau hartan gerta zitekeena ere ekarri zion gogora. Urdinkara izango zen Aturri ibaiaren kolorea eta haren aldamenetik egingo zuten Angelurainoko promenada. Edo ausaz barra ingurura iritsiko ziren; itsasadar hartan ur geza eta ur gazia nahastuko ziren, litekeena da ez izatea soilik itsasoaren uraren nahasteak. Bagak ere itsasoan eta gorputzen mugimenduetan sortuko ziren.

Ez zen aurreneko aldia Xani gau hura burura zetorkiona. Etengabeko borroka bat zuen horrekin eta zaila zitzaion bazterrean uztea. Akaso horregatik, giharrak tenkatzen hasi zitzaizkion eta dutxan ur tantek irmoki jotzen zituzten giharrok nahiz eta azalean samurki sentitzen zituen.

Estimulagarri zitzaion egoera hura dena den. Desiragarri izatea goaitatzen zuen. Beraz, zaletasuna zuen antzerkiko tekniketara jo zuen. Pasiozko eszena bat eszeneratuko zuen bere buruarentzat soilik. Leun hasi zen azala igurzten, uraren jarioa lagun. Mapa batekin konparatu zuen bere gorputza; paisaia eta erliebea aztertzen ari zen. Gune batzuk bero sentitu zituen, klima –eta kilima- aldaketaren eragina ere izan zitekeen. Gutxinaka, estimulazio zurrunbilo hura taxutzen joan zen, indarra hartzen; gorputza plazeraren kanalizatzaile bikaina zen. Hatzak zoli eremu batzuetan, kontzienteki erritmoa bizitze aldera. Motelxeago beste inguru batzuetan, kasu honetan ere kontzienteki erritmoa lasaitze aldera. Plazera iraunkorragoa izatea gustagarriagoa baita. Zirrikituak, izerdia, kresala, listua. Bainugela hura hondartza gisa irudikatzen, bere inguruko hutsunea uda hartako gau bateko amoranteaz ordezkatzen, menturaz fantasia hutsean geratuko dena. Intziriak entzungarriagoak dira denboraren joanean hasieran horrenbesterakoak ez baziren ere. Hatsankak ugariagoak dira… eta ura beste zorrotada likits batekin batu da.

Sumendi batek kraterretik ke abisuak ematen dituen gisan, fumarola bat. Eta bat-batean… erupzioa, magma nonahi barreiatu eta bazterrak kiskaliz.

Eta halaxe, Amodio Ganberako hondarrean isuri zuten; gorputz erreal eta fantasiazko bat elkarrekin ilargipean kulunkan, epel, lasai, zekorra askan edanean den intziriak eginez.