Ziztada hedatu da gorputz osora eta nire oineko behatz txikitik kanpora irten da, iruditu zait zapaiaren aurka egin duela talka. Basurde eme baten marrua. Begiratu zaitut aurpegira. Zelako begirada maltzurra duzun, gustuko duzu ni nire onetik at ikustea. Jasan ezina zara, baina ez nazazu sekula utzi, arren. Benetan polita zara. “Zelako gorputz itzela”. Segundu batzuk eta berreskuratu dut kontrola. Zure txanda da orain, edo akaso nirea dela ere esan beharko nuke.
Eta horrelaxe egin nuen bidaia bart gauean: tabernatik zure altzora. Horrelakoa izan zen nire espedizioa. Taberna zuloko gau horiek beti sentitu ditut Marmotaren Eguna bezala: beti berdin hasten ziren eta sekula ez ziren amaitzen. Mundu birtual honetan ematen dizkiot amaiera alternatiboak betiko errelatoari. Gaur sekretua kontatu dizut lerro hauetan, nahiz eta sekula ez duzun jakingo. Edo agian bai. Baliteke zu beti egon izana jakinaren gainean. Noizbait benetan xuxurlatuko dizut kontakizuna. Bada nire baitan ahots txiki bat esaten didana seguraski zeuk ere berdina sentitzen duzula.
Berriro ikusiko dugu elkar, agian kanpoko munduan, agian amets birtualetan. Bitartean, jarraituko dut nik errelato hau eguneratzen. Badira pertsonak gauetan loak hartzeko begiekin irakurri egiten dutenak. Nik, aldiz, eskuekin idazten dut. Eleberria idazteke baitugu oraindik. Noizbait izango naiz ausart, kenduko dut bizkarretik edo burutik hetero-arauaren harrikada. Zin dagizut ausartuko naizela, utziko diodala tranpa egiteari. Noizbait parez pare hurbilduko natzaizu.Pasako dizut benetan nire tragotik izotza. Esango dizut begiak zabalik: “zelako gorputz itzela”. Biluztuko dugu elkar: ni zure mototxetik hasiko naiz eta zuk nire mototxarekin amaituko duzu