Harreman irekiak (II)

Kaixomaitia.eus

Bikotekidea duten pertsona gehienek harreman itxia dute kidearekin. Kaixomaitiak harreman afektiboen gainean egindako azterketan jasotzen denez, inkestan parte hartutakoen %70ek bikotekidea dute, harreman itxian; %25,5ek ez dute bikotekiderik, eta %4,5 dira bikotekidearekin harreman irekia dutenak. Orain gutxira arte, harreman itxia izan da bikotekidea izateko modu bakarra askorentzat; hau da, bikotekidearekin soilik izatea sexu harremanak eta erromantikoak.

Baina, pixkanaka, harreman irekien aukera ere mahai gainean jartzen ari da. Oraindik ere aukera hori egiten dutenak gutxienekoak diren arren, planteamendu horren gaineko eztabaida sortzen ari da, gutxienez, gizartean.

Baina zer dira harreman irekiak? Bikote batzuek bikotetik kanpoko kideekin ere badituzte harreman sexualak eta erromantikoak. Hau da, bikotekidearekin ez ezik, beste pertsona batzuekin ere izan ohi dituzte harremanak, bikotekidearekin adostuta. Bi alderdiek ados egon behar dute harremana irekia izatearekin, bestela, ez baitu funtzionatuko harremanak, ez behintzat, modu osasuntsu batean. Izan ere, bikotekideko kide batek beste pertsona batzuekin harremanak baditu eta besteak ez, bultzatzen den eredua ez da izango parekidea. Planteamendua bi kideek beste pertsona batzuekin harremanak izatea den arren, batzuei zaila egiten zaie onartzea harreman intimoak beste pertsona batzuekin parteka daitezkeela.

Harreman ireki batek funtziona dezan, ezinbestekoa da, beraz, bi aldeak adostasun batera iristea. Alde batetik, bi aldeek prest egon behar dute kanpoko sexu jardueretan parte hartzeko, baita sexu jarduera horiek noiz eta non egingo diren adosteko ere. Lagungarria da, halaber, bi aldeak eroso sentitzen diren heinean, beren bikotekideari kanpoko sexu harremanen xehetasunak azaltzea. Garrantzitsua da, era berean, biek ulertzea harreman irekia izatea ez dela bikotekidearen behar fisikoak asetzeko aitzakia; bikoteko bi kideek ahalegina egin behar dute maitekorrak izateko bata bestearekin, sexualki egiten ari direna gorabehera.

Harreman irekien helburu nagusia da pertsona bakoitzak beste norbait ezagutzeko askatasuna izatea. Harreman irekiaren aldeko hautua egiten dutenek nabarmentzen dutena da gizakia ez dela pertsona monogamoa, desira anitzak dituela, eta beraz, bikotekidea izanda ere, ez dagoela nahi hori erreprimitu beharrik. Hori horrela, bikotekidea izan arren, bi kideek beste pertsona batzuekin ere harremanak izatea onartzen dute, baldintzak bien artean adostuta.

Bi aldeek argi eta garbi zehaztu behar dute zer onartuko duten eta zer ez duten onartuko beren harremanean. Adibidez, bi kideak ados jarriko al dira bikotetik kanpoko harreman horien hitzorduak non eta noiz izango diren zehaztean? Ados jarriko dira harremanak norekin izan daitezkeen eta norekin ez zehaztean? Ados jarriko dira ohean beste kideekin zer egin eta zer ez duten egingo erabakitzean?

Bi aldeentzat garrantzitsua da ulertzea harreman irekia bi noranzko dituen errepidea dela, eta horren harira, bikoteko bi kideek konpromiso maila bera adierazi behar dute. Era berean, beharrezkoa da bi alderdien arteko errespetua, komunikazioa eta ahalegina, harremanak modu eraginkorrean funtziona dezan.

Izan ere, harreman ireki baten helburua ez da inork sufritzea; alderantziz, baizik. Bikoteko bi kideek hala nahi dutelako, gozatzeko, hartutako erabakia da harreman irekia izatearena. Oinarri sendoak dituen harreman ireki batean, bikotetik kanpoko harremanek ez lukete baldintzatu behar bikote harremana, bien artean adostu dutelako sexu harremanak pertsona gehiagorekin izatea. Beraz, ondo errotutako harreman ireki batek, aske sentiarazi behar lituzke bi kideak, beste pertsonak ezagutzeko gogoarekin, baina aldi berean, bikotekidearekin duen maitasuna zalantzan jarri gabe.