Harreman irekiak eta mugak

Kaixomaitia.eus

Harreman bat bi pertsonaren arteko lotura sendoa da, baina harreman guztiak ezberdinak dira, eta pertsona bakoitzak ikuspuntu ezberdina izan dezake bikote harremanarekiko. Adibidez, pertsona batzuek uste dute bikote harreman bat hasiz gero, pertsona horrekin bakarrik izan behar direla sexua eta harreman intimoak. Beste batzuek, berriz, uste dute bi pertsonaren arteko maitasuna eta leialtasuna dela harremanaren funtsa eta ez dela derrigorrezkoa sexua pertsona bakar batekin izatea harremanak funtziona dezan.

Bikotekidearekin hala adostuta, bikotekidearekin ez ezik, bikotetik kanpoko kideekin ere harreman intimoak eta sexualak dituztenek harreman irekia dutela esan ohi da. Bikote eredu horren oinarrian dago maitasuna eta sexua bereiztea: hau da, beste pertsona batzuekin sexu harremanak izanda ere, ez da zalantzan jartzen bikotekidearekiko maitasuna. Gainera, beste pertsonekin harremanak izateak oinarrizko bikotea osasuntsu mantentzen laguntzen duela uste dute askok; alegia, beste pertsonekin sexu harremanak izanda, bikotearen txinpartari eta desioari indartsu eusten zaiela.

Harreman irekien oinarrian dagoen eredua hori den arren, ez dira berdinak izen horren pean eraikitzen diren erlazio guztiak. Harreman bakoitzak bere arauak eta funtzionatzeko modua izaten dituen eran, harreman irekietan ere bikote harremana ulertzeko askotariko moduak daude.

Harreman irekietan dauden pertsonek ideia desberdinak izan ohi dituzte nahi duten harreman motari buruz. Funtsean, harreman ireki batean dauden pertsonek aukera ditzaketen hainbat harreman mota daude, eta horietako bi dira harreman negoziatuak eta konpromisorik gabekoak. Garrantzitsuena eta oinarrizkoa zera da: bi alderdiek adostea harremanaren izaera. Bi kideek ados egon behar dute harremanaren baldintzekin, eta baldintza horiek inori kalterik ez diotela egiten ziurtatu behar dute.

Harreman ireki negoziatuetan, bi alderdiek beren harremanaren nondik norakoak negoziatzen dituzte eta harreman horretan modu seguruan jarraitzeko asmoa dute, nahiz eta jende berria ezagutu. Hala ere, bikoteko kide batek besteak baino botere handiagoa izan dezake harremanaren zenbait arlotan. Hori izan ohi da harreman irekietan kontuan izan beharreko ohiko kontua; modu parekidean eraikitzea bikotea, alegia.

Bestalde, konpromisorik gabeko harremana izatea da beste aukera bat. Kasu horretan, bikoteko bi kideek ez dute konpromisorik hartzen bikotekidearekiko adiskidetasunari edo harreman erromantikoari eusteko. Beraz, posible da bikotetik kanpoko pertsonak ezagutzearen ondorioz, hasierako oinarrizko bikote harremana etetea, bi kideek hala adostuta.

Harreman ireki baten oinarriak adosterakoan, batzuek nahiago dituzte harreman negoziatuak, oinarrizko bikotearen jarraipena segurtatzen dutelako. Beste batzuek, berriz, konpromisorik gabeko egoeren alde egiten dute, ez dutelako beste inorekin emozionalki inplikatu nahi. Bikoteak aukeratzen duen egoera bietako edozein dela ere, harremanean zehaztutako mugak errespetatzeak besteekin lotura emozional eta sexual osasungarria izaten lagunduko die bi aldeei, bikotekide nagusiarekin duten lotura arriskuan jarri gabe.

Bikoteko bi aldeek arauak adostea eta mugak argi izatea eskatzen du harreman batek, bi gizabanakoak seguru eta zoriontsu senti daitezen; hau da, beren loturan ere, aske senti daitezen eta bakoitzak bere bizitzaren kontrola har dezan. Bi alderdiek jakin behar dute zer egin dezaketen eta zer ezin duten egin harremanean, errespetatua eta maitasuna izan daitezen harremanaren zutabe. Eta hori komunikazioaren bidez lortzen da.