Kontaketa hau, Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolaturiko Kontaketa Erotikoen II. Lehiaketaren finalista da. Leihaketaren finalista guztiak orri honetan topatu ditzakezu eta bozkatu zein den zure kontaketa kuttunena.
“Aktore izatearekin amets egitea zirraragarriagoa da aktore izatea baino”
Marilyn Monroe
Bigarren garagardoa eskatu dute. Lehenengoak ez dio urduritasuna apaldu Leireri, eta trago luze bat eman dio bigarrena zerbitzatu bezain laster.
—Garagardo zalea haiz beraz? —esan dio Ibaik miresmen keinu batekin. Buruarekin baiezkoa egin eta gaia aldatu du Leirek.
Ez daki oso ondo zergatik, ez baitute elkar apenas ezagutzen, baina Ibaik oso modu naturalean eskaini dio garagardo bat hartzea lanetik ateratzen zeudela. Leirek pentsatu gabe esan dio baietz, eta pentsatu duenerako hor daude, garagardo bana edaten. Lau aulki ditu mahaiak bueltan, eta Ibai bere ondokoan eseri da.
Egunero ikusten dute elkar lantokian. Komunikabideko sail ezberdinetan lan egiteak noiz topo egingo duten ez jakitearen zirrara sortzen dio Leireri. Batzuetan lankideekin kafea hartzen dutenean ondoan esertzeko saiakera disimulatua egiten dute biek, baina gero apenas hitz egiten dute elkarrekin. Leirek nahiago du horrela. Ibairen usaina etortzen zaio, edo bere eskuei behatzen die kafe kikara eusten, eta nahikoa du horrekin. Maiz, bideo-edizio lanetan dabilela,Ibairen eskua imajinatzen du bere izterrean, haragia hertsatuz, pixkanaka hankartera igoz, eta segundo batzuk igarotzen ditu horrela. Errealitatera itzultzen denean, apur bat bizixeago sentitzen da.
Leirek ez daki zer egiten duen hor, eta garagardoari trago txiki asko ematen dizkio, zerbait egitearren. Ez delako atzo jaiotakoa, jada ezagutu ditu errealitateak eskaintzeko dituen espezimenak. Amaren papera beteko duen neska-laguna bilatzen dutenak. Sexuaren amaiera unilateralki dekretatzen dutenak, zurrungekin iragarriz. Euren neska-lagun ohiak burutik jota daudela kexatzen direnak (zu ez bezala, zu ez zara gainontzeko emakumeak bezalakoa, zu diferentea zara). Kondoia jartzea borroka bihurtzen dutenak. Klitoria kokatu ezin dutenak. Klasikoak. Bizpahiru maitale on izan ditu. Baina azkenaldianez dauka esperantzarik, edo pazientziarik.Batere. Amore emanda dago eta denboraldi baterako ezkortasunean bizitzen utzi dio bere buruari. Bizitza errealean, behintzat. Imajinazioa ez baita bizitza erreala. Imajinazioak ez zaitu dezepzionatzen, ez asegabe uzten, ez nahigabetzen.
Orain dela ez asko bilera batean ondoan eseri zitzaion Ibai, ordura arte kirol-saileko dena delako hori zen Ibai. Aspergarria ari zen izaten bilera, balantzeak, taulak, grafikoak eta antzeko somniferoak hizpide. Ibairen arnasketaren soinuari erreparatu zion. Norbait lo hartzen dagoeneko erritmoa zuen arnasketak, geldoa, pausatua. Ohartzerako ohean imajinatu zuen bere burua, Ibairen bularrean etzanda. Ibairekin pentsatzea egunerokotasuna alaitzeko gutizia bihurtu zuen une hartatik aurrera, bere dopaminazko goxoki maitea.
Orain bere burutik atera da eta ondoan dauka, bizitza propioa duen izaki kontrolaezin bezala, bere gorputz-espresio, azentu, fisiologia berdingabearekin. Tipo sinplea dirudi, bizitzari gehiegi eskatzen ez dioten horietakoa. Mendibuelta igandeetan, bazkaloste eder bat, telesail sustagarri bat. Ziurtasunez botatzen ditu baieztapenak. Adibidez: “Taberna honi pintxo barra eder bat falta zaio”.Gorputza Leireren aldera inklinatuta dauka, irribarre erdi batekin hitz egiten du. Leirek garagardoari tragoa ematen dionean Ibairen begirada sentitzen du gain-gainean, etaorduan bere hankartearen zaporea eta gogortasuna imajinatzen ditu, zerbait esateko bere txanda heldu bitartean.
Baina ez da ezer gertatuko, esaten dio Leirek bere buruari. Kirol sailean egiten du lan Ibaik. Kirolzaleak diren mutilekLeirerentzatoro har badute gizonkote heterotzar energia hori. Sexua ere norgehiagoka bihurtuko dutela dirudi, beste gizonkote imajinarioekin lehian baleude bezala, parean duten pertsonarekin lankidetza erotikoan aritu beharrean.Zalantzak ditu Ibai kategoria honetan sartuko ote den.
Kuriositate handiz egiten dizkio galderak Leireri, bere iraganari buruz edo gaurkotasunezko gairen baten bueltan, eta erantzuna adi-adi entzun eta isilik geratzen da. Gero baietz egiten du buruarekin. Leire bero sentitzen da, deseroso baita ere, ondo disimulatzen duela iruditzen zaion arren, umoretsu, zerbaitek une hori eteteko nahia garagardo tragoekin urdailera bultzatuz, itoz. Hau errealegia baita gauza onerako.
Leirek kontatu dio denbora librean dokumental bat egiten dabilela bere buruaz beste egin zuen osabaren bizitzaren inguruan. Honek drama familiarren atea ireki du, eta Ibaik irribarre erdia ezabatuta eta begirada jaitsita bere arreba psikiatrikoan dagoela kontatu dio, elikadura-portaeraren nahasmendu batek jota. Leirek Ibairen aldera inklinatu du gorputza hori kontatu bitartean. Gai arinago batera igaro dira ondoren. Une batean Ibaik erosoago jartzeko keinuak egin eta besoarekin inguratu du Leireren aulkiaren bizkarra. Alarmak piztu zaizkio Leireri, eta komunera joan da. Ilara dago sartzeko. Korridoreko paretako puntu batean galdu du begirada. Tristezia puntu bat identifikatu du bere baitan. Honen zergatia bilatzen heldu da bere txanda.
Leireren buruan, komunetik itzultzean tabernatik atera dira biak eta kalearen bueltan, jenderik ez dagoen izkinaren batean, eskuetatik heldu eta muxu geldo batekin hasi dira. Azala berotu ahala, arnasa arindu zaie, eta elkarren hatsak hauspotutako muxuak arnasa-etenez bete dira. Leireren etxera joan dira eta sartzean, ezin eutsita, izterretatik helduz jaso eta paretaren aurka eutsi du Ibaik, kopetak elkarren aurka jarri eta begiradak tinko lotuta. Arnasestuka biak, elkarren lepoak dastatu dituzte, presaka biluzi dira, titiburuak dastatu dizkio eta laztanek Ibairen atzamarretan utzitako distirak zoratu beharrean jarri ditu biak. Logelara joan eta direnak eta ez direnak dastatu, usaindu, ukitu eta ikusi dituzte, azala irakiten dutela elkarren sustrai eta adarrak lotu, akoplatu, sartu, atera dituzte, lehergailuen erresistentzia eztandez akitu eta itsaso bare bihurtu diren arte.
Hori dena gertatu daiteke, baina komunean jarraitzen du Leirek, izoztuta. Jabetzen da errealitateak ekarriko dion plazera hala moduzkoa izango dela, gatazkatsua, kontraesankorra. Halakoxea da errealitate kabroia. Konketan eserita jarraitzen du. Harrituta erreparatu dio kuleroen hezeari. Gorputzak ez du zalantza izpirik, pentsatu du.
Komunetik bueltan, beste taberna batera joatea proposatu dio Ibaik. Inertziak darama. Gaua hor bukatzea nahi du eta bere azalaren beroa ukitu nahi du, biak ala biak. Oinez doaz, lantokiko gorabeherak komentatzen dituzte eta lanari buruz ez hitz egitea adosten dute ondoren. Leireren hasierako irribarre urduriak algara bihurtzen ari dira. Ibaik miresmenez begiratzen dio barrearen barrez ia ito beharrean Leirek ibilera eten behar izan duenean.
Bidean falafel bana afaltzeko gelditu dira. Leireri ez zaio batere axola falafelaren isuri guztiakaho inguruetatik platerera nola erortzen ari zaizkionIbairen begiradapean. Ibai askoz txukunagoa da isuriak kudeatzen. Dezepzioa nondik etorriko den aurreikusten saiatzen da Leire, baina nahiago du imajinazioa bestela erabili.Etxera heltzeko gogoa dauka, gau honetako xehetasun guztiak bere baitan errepasatzeko. Fantasientzako gasolina litroka dario Ibairen begiratzeko moduari, ezpainei irribarrez erreparatzen dionean edo soslaiez bere bularrei begira sentitzen duenean. Ez daki nola atera hortik. Ez daki zergatik doazen beste taberna batera.
Beste bina garagardo eskatu dituzte jendetza artean intimitatea topatzeko iluntasun aproposena eskaintzen duen taberna horretan. Barran daude, musika altu dago eta elkarren belarrietara hurbilduz hitz egiten diote elkarri. Leireren buruan, Ibaik ile mataza bat belarri atzera eraman dio, leun. Leirek pauso bat aurrera egin du, bien aurpegiak zentimetro gutxira geratu arte. Ibaik gerrian jarri dio esku bat, masailean beste bat. Bere ahoa Leireren lepora hurbildu du, ezpainekin azala ukitu eta hortik belarrira igo da, oilo-ipurdia utziz bidean. “Esnatu”, xuxurlatu dio eta Leirek hasperen egin du, apur bat zorabiatuta. Ezetz dio buruarekin.