Nagore vega [@muxkilla]
Munduan milaka pertsonek ordaintzen dute panpina sexual bat edukitzeagatik. Matt McMullen–ek duela 20 urte sortu zuen lehenengoa. Interneten argazkiak zabaldu, eta interesdun baten eskaria jaso zuen: tamaina errealeko bat nahi zuen, sexua ere eduki ahal izateko.
Ordutik, 8.000 panpinatik gora saldu ditu. Ez dira, ordea, ohiko panpinak. Silikonazkoak dira ukitzean “goxoago” izateko; makillajea dute; forma eta neurri ezberdinetako bularrak; eskeleto metalikoa edozein postura hartzeko… Laster, gainera, panpina horiekin elkarrizketak izan ahalko dituzte erabiltzaileek. Ez dute bakarrik hitz egingo, erantzuna ere jasoko omen dute.
McMullen helburua da bere “neskek” hitz egitea eta hitz egiten dutena gogoratzea. Horrez gain, kliskatzea eta burua eta ezpainak mugitzea lortu nahi du, hitz egiten dutenean esaldiak keinuekin laguntzeko, edozein pertsonak bezala.
Inteligentzia artifiziala
David Levy inteligentzia artifizialean adituak pasa den urteko Love and Sex With Robots kongresuan egin zuen iragarpena iaz: 2050. urtean, robotekin sexua izatea ohikoa izango da, baita giza-robot bikoteak, eta robotekin ezkontzea hainbat herrialdetan legeztatuko dute. Aurtengo kongresua urriaren 26 eta 27an izango da Londresen, interesa baduzue.
Mundu horretan mugitzen diren ikertzaileen arabera, iragarpen hori ez omen dago batere lekuz kanpo; gerta daitekeen zerbait da. Adrian Cheok konputazio irakaslea da Londresko City University-n, eta Mixed Reality Lab-en zuzendaria, eta ados dago: “Robot sexualak, nagusiki, fantasia sexual maskulino sexistenen proiekzioa dira, baina nire iritziz, gizakien eta roboten arteko bikoteek oso efektu positiboa izan dezakete gizartean. Uste dugu jende guztia maitemindu daitekeela, sexua izan dezakeela eta ezkondu. Baina, errealitatean, askok ezin dute. Gainera, gizaki bikote asko ez dira zoriontsuak. Bikote txar baten testuingurua kontenplatzen badugu, robot bat beti izango da gizaki bat baino hobea”.
Robotekin harreman sexual-emozionalak norberaren neurrira egindako programazioetarako saltoa ematen ari dira: robot lotsati bat nahi duzu edo irekia? Inuzentea edo inteligentea? Kurba asko dituena edo hotzagoa? Aurpegia eta gorputza, itxura fisikoa alegia, aukeratzeaz gain, hainbat ezaugarri eskatu ahal izango dira pertsonalitate bat konfiguratzeko. Gainera, pertsonalitate hori oraindik bakanagoa bihurtuko da, automatak ikasten joango baita izaten dituen elkarrizketekin.
Lynne Hall Sunderland-eko unibertsitateko Zientzia Informatikoen Departamentuko ikertzaileak esperientziak eskaintzen dituztela azaldu du: “Norbaitekin dugun konexioak sortzen du intimitatea. Robot sexualekin nahi duguna da masturbazioa edo sexu-plazera intimoagoa izatea. Murgiltze-esperientzia bat eskaintzea ezinbestekoa izango da sexbot-ak konprometituta daudela sentitzeko”.
‘Lars and the Real Girl’ eta ‘Her’
Filmetan ere ikusi ditugu halakoak. Bi adibide dira Lars and the Real Girl eta Her.
Lehenengoan, Ryan Gosling aktorea gizon lotsati bat da. McMullen-ek filmerako egindako panpina bat zaindu eta mimatzen du. Hala ere, doll-ak egun edo sexbot-ak etorkizunean eskura ditzaketen bezeroen irudi oker samarra eskaintzen du. 50 urtetik gorako gizonak izan ohi dira, ez 30 urteren bueltan dabiltzanak.
Ez dago profil konkreturik, hala ere, McMullenen arabera: “Normalean bakarrik sentitzen diren pertsonak dira; edo aurreko harremanetatik minduta irten direnak. Panpina eta robotekin harremanak izatea segurua da haientzat, ez dutelako beste dezepziorik bizituko”. Hala ere, profil hori nahiko erredukzionista da.
Edonork, profil zehatzik gabe, izan dezake real doll bat etxean. Hori bai, 5.000 eta 10.000 dolar artean gastatzeko aukera izan behar du. Male doll-ak ere existitzen dira, emakumeek erosketen %10 egiten dituzte.
Her-en, Theodore protagonista bere sistema eragilearekin maitemintzen da. Banantzeko puntuan dago eta enpresa batean lan egiten du, besteentzat gutunak idazten. Egun batean, sistema eragile berria erosten du, inteligentzia artifizialean oinarritutakoa eta erabiltzailearen behar guztiak asetzeko pentsatutakoa. Hala, Samantha emakume ahotsa duen sistemarekin harreman erromantikoa hasten du.
Kontu moralak
Lehen robotekin lehen kontu moralak ere planteatzen hasiak dira adituak. Adibidez: legez kanpokoa izan behar luke panpinek neska txikien irudia izatea? Neurri anorexikokoak egin beharko lirateke? Pertsona konkretuen kopiak saihestu beharko lirateke? Robot-ek “kontzientzia morala” izan dezaten programatu beharko lirateke?
Oliver Bendel filosofo eta zientzialari informatiko alemaniarraren iritziz robotek sufriarazteko gaitasuna izango dute: “Bere gorputzarekin, dituzten piezekin, fisikoki mina eman ahal izango digute erabiltzen ari garenean; eta ahalmen linguistikoekin edota zenbait hitzekin ofenditu ahal izango dute, gezurra edota egia esanez. Sentimendu mingarri bat ere eragin dezakete, ohartuko garelako ez gaituztela inoiz benetan maitatuko”. Bere ustez, sexbot-ak ez dira inoiz izango gure bidaide perfektuak eta defekturik gabeak.
“Kasu batzuetan bai, baina ez dira asko izango. Ez daude diseinatuta pertsonak ordezkatzeko, alternatiba eta esperientzia bat izateko baizik”, argitu du McMullen-ek.
Zuek zer iritzi duzue: hobea izango ote da robot batekin harremanak izatea?
Goiburuko argazkia: Poster Robots, Michael Coghlan ena, hemendik hartua