Inauterietako paradoxak


Maddi Txintxurreta

 

Ni ez naiz Tolosakoa. Inauteriak aratusteak dira niretzat. Ostegun gizenean mozorrotuta agertzen den giri horietako bat izan nintekeen, baina aurten igandean etorri naiz, mexikarrez jantzita. Koadrilarik gabeko ardi galduetako bat naiz, herrikoa ez dena aise nabari zaionetako bat. Atzerritarra. Mexikarra, finean.

                Autobusetik jaitsi orduko kalejirak harrapatu gaitu Eider eta biok, eta hortik aurrera denborak zentzua galtzen du,auskalo ze ordu den; baita zenbakiek ere, auskalo zenbatgarren zerbeza den pronpropopon danborrada imitatuz ingurukoen txapelak ureztatzen diharduena.

                 Mexikar sena piztu zait bat-batean berezkoa bailitzaidan, eta tabernariei barkatu izena inposatzetik güey deitzera igaro naiz. “Güey! Zerbeza bat! Grasias güey!”. Txosnetan ranchera bat eskatu dut, helikopteroarena egin dut txirikordekin eta gona altxatu dut aurretik eta atzetik, pero sigo sieeendo el reeeey.

                DJ Bullek ekarri ditu ordu galduak, edalontzikoa zerbezatik ginkasera mutatzen hasi da poliki-poliki eta puntu honetan eman zaio hasiera inauterietako paradoxen zerrendari: Supermanak lurretik bueltaka, punkyak Huntzaren “Aldapan gora” abesten eta Mikel Laboaren kantuak perreatzen, eta ondoko adur-zapidun haurtxoa txupetea beharrean zigarroa zupatzen. Matxiruloenak trabestiak dira gaur; egunkari-orrizko titi bat bestea baino gorago agertzen zaie eskotetik, ezpainetakoa sudurretik kokotseraino korritu zaie eta takoiak poltsan zintzilikatu dituzte gaueko erritmoari etsita.

                Txirrindulariak tabernaz-tabernako tourari ekin diote eta beraien atzetik joan gara Orbelara Eider eta ni. Igerilariekin batera ito gara alkoholetan eta piratekin zorabiatu gara olatu handiko nabigazioan. Honek ez du atzera bueltarik.

                Edateko zerbait eskatu eta Donald Trumpek egin dit kasu barraren atzetik. Nik gorroto begirada bota diot, eta berak, tragoa luzatuz, esan dit: “gu bion artean ez litzateke harresirik egon behar”. Pendejo honi kasurik ez.

                Kamiseta kalimotxoz blai daukan Don Limpio belarria lerdez betetzen hasi zait, mozkor-hizkuntza ulertezin horretan. Eiderrek salbatu nau hurrengo tabernara goazela esanez. Andale!

                Iruña tabernako iluntasunak, eta gainera, atzerritarra izanda, edozein modutara mugitzeko aukera eman dit. Denok kritikatzen dugu reggaetoia eskutan hirugarren ginkasa izan arte. Gero gerokoak.

                Tabernaren beste puntatik Rajoyren begiradarekin egin dut topo. Honek ez du batere itxura onik. Nigana dator, des-pa-ci-to, eta konturatu orduko hizketan hasi zait. “Honengatik igo dut alkoholaren gaineko zerga”, esan dit inguruko panorama seinalatuz. Barre egin dut. Feminismoaren inguruan hasi zait berbetan. Euskaraz, gainera. Uf!

                Nork esango zidan Rajoyk kitzikatuko ninduela. Ba, bero-bero gauden horretan, ondoan dantzan dagoen suhiltzaileari patxarana erori zaio nire kamisetara eta ziplo iraungi du momentua. Berarekin diskutitzen bukatu orduko Rajoyk ihes egin du. Eiderrek baita. Norbaitek ipurdia ukitu dit baimenik gabe. Atzera begiratu dut, zaplaztekoaren irabazlearen hautagai bila. Hiru aukera daude:

A. mamua

B. Presoa

C. Apaiza

Asmatu nor izan den. Popatik hartzera errugabetasun presuntzioa, Ck jaso du saria.

 Iruña tabernatik atera naiz, gaua bukatzeko konplize baten bila. Berdura Plaza hutsetik noraezean noala, hara non ikusi ditudan Trump eta Rajoy indio batekin berbetan. Elkarrizketara batu naiz, Eider ikusi ote duten aitzakiarekin. Ezetz, ez dutela ikusi, baina nahi badut eurekin joateko.

Tolosako inauterietan dena da posible. Ohe berean esnatu gara Trump, Rajoy, indio bat eta mexikar bat. Txiste baten hasiera ematen du, ezta?