Herri hartan izan da II

Mendirako bidean geratu du autoa Oierrek. Jolasak puntu horretara eraman ditu bi gazteak.

Banako eta binako, nor noren eta norentzako. Loreak izar itsaso pean ernatzen dira ihintzak goiza irisi aurretik bustitzen dituelarik. Buruan, aldiz, desio direnak esan nahi direnak eta esaten ez direnak.

“Ez izan horrenbeste presa, segi azala muxukatzen.”

“Zergatik nahi ote du jolasarekin hain azkar amaitu?”

“Suabe, zure hatsaren oihartzuna sentitu asmo dut gorputz guztian, zelula bakoitza plazeren erotu dadila.”

“Pedantekeria guztia ahobero izateko. Oraindik jolasa izaten jarraituko balu…”

Antifazdun lapurrak ematen duen muxuaren parekoa izan baita lehenagokoa. Zirrara berezi bat zerion handik aurrerako abenturaren nabigazio kartak alferrikako bihurtuz. Baiki, Oierren ez zuen adorerik bigarren mailakoa izateko, eta indarrak biltzeko ariketa tamalgarrian, garagardo eta garagardo gehiagoan bilatu zituen. Ez tan-tarratapatan-tapatan ez bat-bi-hirubat-bi-hirubat-bi-hiru ez tarratapatan. Ez hanka arinak ez begirada jostariak ez lurrik ukitu gabe gorputzari bira emateko abileziarik.

Ainararena izan zen errua. Maiderren furgonetako ateari kolpeka zen esnatu zitzaion berriro ere libidoa Maialeni, eta Oierrek berean joateko gonbitari hala eman baiezkoa. Jakin izan balu gertatuko zitzaionaren erdia —edota gertatuko ez zitzaiona—, bizkorki emango zuen itzuli erdia dantzaren festara igerira.

“Gozokiarekin jolastea nahi du?”

“Hobe hori bere esperoan egon baino.”

“Zergatik plof?”

“Espero horrela pixka batean aguantatzea. Joder! Zer den beroaldia derrepentean desagertzea.”

“Miraria honi deitu beharko liokete. Miraria edo enpatia. O! Maialen enpatiaz zara betea.”

—Horrela bai, joder, bai! —ahal bezain bero belarri alboan.

“Buka dezala behingoz.”

—Gogorrago —arnas-erritmoa azeleratuz— gogorrago bai!

“Alkohol kirats hori nigandik urrun nahi dut.”

—Bero-bero naukazu.

Pentsamenduak omen gozamenaren arerio. Baliteke. Gau honetan hartu duen erabakirik txarrera jada bere izena oroitzea ere axola ez dion tipo horrekin larrua jotzera joatea izan dela oroitarazten dizkion mailu kolpeak etengabean ditu buruan. Setati. Harrikadak bere buruari botatzen, azalean freskura gozoa nabaritu du Maialenek.

“Euria? Iragarpenak bete dira beraz.”

Ez zaio aringarri, ordea, buruan buklean entzuten ari den ta-ta-ta ta-ta-ta ta-ta-ta ta-ta-ta tematia. Furgonetaren motor hotsak ere ez du atzeko planora bidaltzen erritmo ostinato hori.


Gosariko gozo usaina okindegi barruan, eta konplizitatez mukuru diren keinuak irribarreak laztanak. Ainarak ezin begirik kendu Maiderri eta alderantziz.

Eta halere, egunkariak ez dio horrelakorik. Estatu kolpe bat hainbesteko garrantzia ez duen estatu batean eta barazkien prezioen gorakada eta bost erailketa bortitzek eragindako grebaren zapalketa are gogorragoa eta asteroide bat bere ohiko orbitatik irten dela eta arriskutsuki hurbiltzen dabilela mundura eta Piscis eta Librak amodioa topatuko dutela. Errotatibak geratu izan balituzte…

Bi gazteren arteko maitasuna, estimua, konplizitatea nori interesa dakioke, baina, ez bada morboagatik?

Telebistako albistegietan mementoaren diktadurak agintzen du eta meteoritoaren erorketa okindegi hartatik ez oso urrun gertatu omen da. Auto-istripu bat furgoneta bat malkarrean behera ibairaino jausita. Suhiltzaileek bi gorpu erreskatatu ahal izan dituzte azpitituluen arabera, eta autobusetan haurrek beren zenbakia oihukatu nola, whatsapp talde denetan hasi dira bere burua salbu dutenak euren izena idazten.

Goizeko musika beti izan ohi da ostinato madarikatua, errutinaren konstantzia markatzen duen melodia errepikakor hori —si-#do-#fa si-#do-#fa si-#do-#fa si-#do-#fa— haren gainean joan zaitezen abestia idazten. Orbitatik urrundutako asteroideak pentagramatik zintzilik grabitateak noiz deituko eta izenak agertzen doaz pantailetan Ainara Maider Xabier Irati Markel Unax Itziar Jon Alaitz Eider eta Harkaitz si-#do-#fa si-#do-#fa si-#do-#fa si-#do-#fa eta Ixone Ane Eñaut Ibai Eneritz Maria Olatz Julen Unai Lierni eta Libe.

Ostinatoa ez da amaitzen eta galaxiek arnas hartzen duten ohartzen direlarik salbatu direla kolisiotik.