Herri hartan izan da I

Asteroideak elkarren artean talkan igurtzian orbitan. Gaua aspaldi jausi baita bere izara azpian jolas dezaten izara zurien pean sartu ez diren guztiak. Soilik bonbillen argi lotsatia ausartzen da aurpegien siluetak marraztuz, gauekoak ez diren formak iradokitzera.

Hau da hau soinua hau herri txiki honetan dagoena. Melodia iji eta aja eta tan-tarratapatantapatan erritmoa mugituz oin gerri eta beso. Maialen zirkulu batean da lagunekin dantzan kriskitinkraskitin.

Udako gau giro paregabea. Akaso norbaitentzat beroegi? Euri iragarpenarenak gezurra izan behar du, baina hemen dagoena ikusi nahi ez duenak, itxi ditzala leihoetako kontrabentanak. Noizbehinka ufaka hurbiltzen den haize finak hozkirri atsegina eragiten du lepo atze biluzietan. Garagardoaren freskotasuna zintzurretik behera barne bero hau bare dezan, oraingoz behinik behin. Hau ote larunbat gaueko sukarra?

Erromeriaren anabasan tan-tarratapatan-tapatan jira eta oin arinen artean tan-tarratapatan-tapatan begirada baten distira nabaritu du Maialenek. Bere galaxiatik harago egonik ere, zeinen distiratsuak, eta lotsa gustagarriak lagunetara itzuli badu ere, han jarraituko ote duen desiran tan-tarratapatan-tapatan altxatzen ditu berriro ere begiak bere zirkulutik harago. Han dira oraino eta desiraren desiraz barne poztasuna irribarre bihurtu da ezpainetan.

—Nor ikusi dun Mai?

Ainara ere ingurura begira hasi da lagunari barre nork eginarazi dion ezagutu nahian. Maialeni dion estimuagatik egiten du, azken asteetan jazotakoek are gehiago elkartu baititu. Bilaketan dela, baina, ipurdian jo du alboan duen lagunak tan-tarratapatan-tapatan dantzarako gonbita luzatuz.

—Zertan habil Maider?

Lagunaren deskuidua probesturik bere galaxiatik urrundu eta barrarako bidea hartu du Maialenek. Bi garagardo eskatuta ditu urrunean ikusitako mutilak eta eskuetara botila hotza emanik, zure zain nengoen batekin agurtu du.

—Oraindik epeltzeko denborarik ere ez dute izan ba.

Botila ahora eraman dute biek ala biek begiak ezin kendurik batak besteari. Tan-tarratapatantapatan motelduak eskuak neskaren gerrira hurbiltzera eraman du. Maialenek, gonbita onartuz, sorbaldan jarri du berea eta bi garagardo botilak elkarren aurka kolpatuz, topa egin dute bat-bi-hiru batbi-hiru bat-bi-hiru horretan.

Maialenek hurbiletik aztertu du hasiera batean hainbesteko lilura eragin dion tipoa. Ilea berriki moztu duela dirudi, eta bizarra mozterakoan egindako ebakiak oraindik nabari zaizkio. Perfumatuta dago, inguruko alkohol eta izerdi kiratsak zehazki zerena den identifikatzen zailtzen badio ere. Begiak erne eta sakonak, ilunak zeharo bat-bi-hiru eta pentsatzen du nondik zetorkion lehenagoko distira hura bat-bi-hiru ez baita posible halako belztasunak distira egitea. Agian horri deitzen diote misterioa.

Bira eman dionean aprobetxatu du gorputzean ohartzeko, nahiko gertu baitarama bat-bi-hiru bat-bi-hiru konpasean. Jeans estuak, kotoizko kamiseta zuria eta atorra gainetik daraman mutilak berriro ere gorputzaren aurka eraman du Maialen, eta begi-jolasean, izenaz galdegin dio. Hark, neskatxak nahi moduan deitzeko erantzun, eta Maialenek anonimoekin ez duela jolasten belarrira xuxurlatuz bat-bi-hiru dantzarekin amaitzeko keinu egin du.

—Oier! —ahoskatu du presaka eta beragana hurbilduz beste behin ere.

Musikak, aldiz, bat-bi-hiru bat-bi-hiru bihurtu du tarratapatan-tarratapatan-tarratapa-tarratapa-tarratapatan. Maialen askatu da Oierrengandik eta bere aurrean hasi da dantzan oinak arin tarratapatan eta Oierrek neska imitatuz mugitzen ditu aldakak gora eta behera eta hatzetan hots berriro ere iji eta aja begien-jolasa.

Beste bikote bat gehitu zaie. Oierri ez zaio hainbeste gustatu ere, baina nor da dibertsioaren mugak ixteko? Ezker-eskuin mugimenduan ohartu da mutila sartu berri den neskak disimuluan nola begiratzen duen. Beltzaran liraina, xarmagarria, tarratapatan eta Oierrek erantzun dio irribarrearekin jakinik bere begiak Maialenengan daudela. Behinik gau honetan. Arrimatzen saiatu zaionerako, baldarkeria irudi ez dezan moduan hartu du Maialenenganako bidea tarratapatan eta jarri zaio alboan, ipurdia ipurdiarekin.

—Ba niri neska polita iruditzen zait, pegatzen duzue. —aitortu dio irribarre handiarekin Maialenek.

—Gaur gauean begiak batentzako bakarrik ditut.

—A bai? Eta esan, nor da zortekoa?

Erantzuna emateko astirik izan gabe, Maialenek ezpainak ezpainen aurka jarri dizkio, haragiaren biguntasuna dastatzeko adina. Ostean, mutilaren erantzuna ezagutzeko muxuaren erdia iraun duen ahapaldia itxaron, eta irri pikaroa ezpainetan, ihes egin du anabasan murgilduta tarratapatan erritmoari errenka.


Ainarak tiro bat hartu nahi du, zerbait goxoa zeinak ahoko zaporea leunduko dion begiz jo duen pertsonarengana hurbildu aurretik. Maialeni behin eta berriro hots egin badio ere, mugikorra itzalita edo estalduraz kanpo dagoenaren berri ematen dio mezu automatikoak.

—Non demontre sartu ote dun neska hau?

—Utzion! Mutil harekin egongo dun ziurrenik.

—Hik uste Maider? Eta zertan ariko ote ditun?

—Kanten sublimazioaren ideiaz eztabaidatzen. —tekila arrosa eztarritik behera kolpean—. Zertan uste dun ba? Lardaskan seguruenik!

Garagardoari zurrut egin dio tekilaren gozotasun nazkagarria garraztasunak eraman dezan.

—Zeramatzan prakak eta eskote hori… Irudikatze hutsarekin bero jartzen naiz.

Ainarak ez du espero izan Maiderrek halako erantzunik emango zionik. Are gutxiago kontatuko zizkiola bere gelako intimitatean egiten zituenak. Barraren ertz hau aukeratu du erotikari buruz hitz egiteko, bere desioak aurkezteko, biluzteko. Egoki iritzi dio diskurtsoa gorputzaren anatomiarekin elkar lotzea: sorbalda dioenean, Ainararen sorbalda ukituz; ilea esandakoan, Ainararen ilea ukituz; ezpainak aipatzean, Ainararen ezpainak ukituz; eta horrela. Eta Ainarak, urduritasun dardara tekilak leuntzen duela nabarituz, jolasean jarrai dezan uzten dio lagunari.

Matraila laztandu dionean, Maiderren hamar hatzak kokotsetik leporaino dituela, begiak begietan harrapatu dituzte. Irribarre konplizeak eta gorputza urrun, oso urrun dagoen melodiaren erritmora mugituz, elkarrengana hurbiltzen doaz. Norberari darion berotasuna nabari dute, eta atzera bueltarik ez dagoen segurtasunarekin ausartu dira erotikaz hitz egiten hasi diren barra ertz horretan erotika praktikatzera.

Ezpain umeletan beroa. Eskuak jostari bestearen gorputza ezagutzeko bidaian. Non ote ditu kilimak? Non ote zalantza? Non ate ezkutuak eta zirrikituak?

Muxuak eteten direnean, elkar begiratzen diote begi distiratsuekin eta barre egiten dute berriro ere muxu emateko, oraingoan mihiak elkar kiribilduta, nola sugea adaxkari. Zatoz bat aski izan da eskutik helduta plaza hartatik atera eta beste jolas kaotikoetara jostatzeko. Eta furgonetaren aurrera eraman duenerako, pentsatzera ailegatu da zenbat zuen meditatutik eta zenbat inprobisaziotik Maiderren gaueko jardun guztiak.

—Mendira eraman nahi al nauzu?

—Ba orain hori diozula, bada tontor bat dastatu nahi dudana.

Botak jantzi beharrean erantzi. Segurtasun neurriak eta protokoloak utikan erortzeari ez baitiote ikararik. Honezkero lotsak eta loturak gainetik kendu dituztela, zerk oztopa dezake ez bada destino petrala ateari kolpeka? Ez entzunarena egitea adostu dute kremaileraren tarrata motelak datorrenaren preludioa iradokiz batera.

Gaueko soinekoa urtu zaio Maiderri Ainararen gainean eta leunkiro itsatsi zaizkio ezpainak lepo gainera eskuek bestelako bidea hartzen dutelarik hegoaldera. Kontatzen ez zizkien ipuinetan infernua han zegoela zioten, eta debekatua zutelakoan, atezuan jarri eta kuxkuxeatzera ere ez ziren ausartzen. Gaurdaino. Orain, bai baitakite hura zela paradisua eta han egon nahi dutela federik profesatzen ez badute ere.

—Uki nazazu Ainara, eraman nazazu eta erabil nazazu. —xuxurlatu dio goxo belarri ertzean kosk egin aurretik.

Gorputzari gustagarri zaion erritmoa hartu dute, pausatua bezain intentsoa. Muxuen pasioak tenperatura igotzen dute furgoneta barnean eta sukarrak intziri busti forma hartzen duten ahoan. Maiderren aldakak zirkuluan mugitzen nabari du Ainarak, eta kanpoko argiek gorputzaren silueta markatzen dute, miresmenez so egiten diona neskak ohearen horizontaltasunetik jende arruntak jainkosak nola. Baina oharturik biak ala biak direla neska arruntak, sublimea eskuratzera jaiki da. Tenorea orain baita eta ez nostalgiaz herdoiltzen denean.

—Urrunago eraman nahi zaitut.

Aitortu bezala plazera gehitu dio gorputz busti hari, arrakaletan eta zirrikituetan barrena bidea egiten du eta dardarak bihurtzen zaizkio seinale. Besarkada estuak bide egokia hartu duela adierazi dio, mendi bide eta zidorrak esploratuz tontorrera ailegatzeko presarik gabe. Ibilbideak are gozagarriagoa egiten baitu tontorrera iritsi izana, bideko izerdi, neke eta irriak are baitira zoragarriagoak.