Bilbora ailegatu berri nintzen fardel okitu batekin. Nire familiaren baserrira joan nintzen, ez zegoen, jakina, ezta orain ere, Bilbon bertan, inguruan baizik. Hasieran nire egonaldia «egun pare baterako» zen eta pare bat hori kakotxen artean jarriko dut logela apain bat aurkitu arte izango zelako. Madriletik etorri nintzen, Euskal Herrira itzultzeko gogotsu nenbilen eta enpresa oso prekario eta ospetsu batek kontratatu ninduenez deus eduki barik etortzea erabaki nuen. Nire bizitza Madrilen eta Bilboren artean izkiria genezake. Hiru urterekin Espainiako hiriburura bizitzera alde egin zuen nire familiak eta nik eurekin. Enda, karrera han bukatu nuelarik bueltatzea ebatzi nuen. Euskalduntasuna, euskara eta euskaltzaletasuna eurek transmititu zizkidaten, 400 kilometroko distantzia egon arren.
Beraz, Botxora behin iritsita ero-eroan logelak bilatzen hasi nintzen, badakit egiteko ezinezkoa dirudiela, baina lortu nuen. Ematen zuen lehen aldiz bizitza edo delakoa atseden txiki bat ematen ari zitzaidala. Halaber, etxe berrian kokatutakoan eta estres osoa pasatutakoan nire irritsa berpiztu zen, ez dakit zergatik. Oraino ez dut ulertzen, nire ustez ez nengoelako horretarako prest Elikadura Jokaeren Nahasmendu batetik indarberritzen ari bainintzen. Baina, bat-batean, desira liluragarri batek gainezkatu ninduen. Beti oso lizunkoia izan naiz, eta aurreiritzi barik diot, nire sexu-grina horrelakoa delako. Ezagueraz ez dakit zergatik egin nuen, baina mutil bati idatzi nion. Noski, ez nuen telefono-zenbakia asmatu eta mutila zela ikustean idatzi, ez, gutxi gorabehera esan genezake elkar ezagutzen genuela elkarte berean militatzen genuelako. Nik ez nuen sekula ere zuzenean ikusi, baina berak, ordea, niri begia jaurti zidan, jardueraren batean imajinatzen dut. Hala ere, bai, inoiz edo behin, whatsappen bidez berba egin genuen. Orduan, idatzi nion, hasiera batean, inolako asmo barik, garagardo batzuk hartzeko, hori
baino ez. Bera gainera Donostiakoa zen eta ni Bilbokoa, hortaz, ez zen hain erraza geratzeko eta bene-benetan elkar ezagutzeko. Egia esan, ez nuen espero bere erantzuna hain positiboa izango zenik, baina berehala ihardetsi zidan. Ene bada! Urduri baino urduriago nengoen! Zer jantziko nuen, nola izan zitekeen dena… Ez dakit, kilima neukan sabelean. Astelehenean iganderako elkartzekotan geratu ginen eta nerbioak dantzari nituen. Aste horretan zehar nire instagramean Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak izango zirela argitaratu nuen eta berak oso azkar erantzun zuen ea nik joateko gogoa neukan, eta baietz esatean bi aste barrurako berriz gelditu ginen.
Igandea heldu zen, goiz-goizez trena hartu nuen Deban elkar ikustea erabaki genuelako, gutxi gorabehera, erdian, gero berak antzerki-sarrerak baitzituen. Hamabietan iritsi nintzen eta han zen, geltokian, nire zain. Oraino ez zuen euria ari, baina gutxi falta zen. Parkaz jantzita zegoen, gorriz, oso polita, egia esanda, eta neure buruari galdetu nion zergatik ez nion lehenago berari begia jarri. Mikel da bere izena eta oso adeitsua denez sumatu zuen ni oso geldigor nengoela, beraz, bera berbetan hasi zen eta hondartzara joatea proposatu. Une hartan, politikaz egin genuen hitz, bioi asko gustatzen zaigu-eta, lehenengo «elkartzekoan» politikari buruz mintzatzeak arraroa dirudi, baina ez ni bezain arraroa. Eta beharbada ordubete barru tabernaren batera joatea proposatu nion, zerbait edateko. Garagardo batzuen ostean denetarik aitortu nion, nire Elikadura Jokaeraren Nahasmendua, zer gustatzen zaidan mutilengan, zer ez, azken batean, gauza garrantzitsuenak berak jakin eta erabaki zezan zer egin nahi zuen. Badakit hau estereotipoz beteta dagoela baina bera euskalduna izateko oso txeratsua zen, edo gutxienez ematen zuen, behin hanka ferekatu zidan eta behin baino gehiagotan ele goxoak esan zizkidan, piropoak, argi eta garbi laga zuen ni gustatzen nintzaiola. Nire esperientziagatik, euskaldunekin hau ez da batere arrunta, jeneralean sentipenak azaleratzea asko kostatzen baitzaie. Bazkaltzeko ordua iritsi zen, noski, argi zegoen une hori jazoko zela, baina, oraindik niri jende aurrean jatea kostatzen zitzaidan. Halaz ere, berarekin hain gustura nengoenez, lortu nuen. Bazkaldu, edan eta ostera egin genuen. Debako geltokian utzi ninduenean trena har nezan, ausartu nintzen eta galdetu: Mikel, musu bat eman diezazuket? Ez zuen ihardetsi, ez edolabere berbaz, esan zuen: Amets… Eta musukatu ninduen. Trenaren zain, tornuen aldamenean zirrika ari ginen, alde batetik oso emeki, baina beste aldetik, irrikaz beteta. Musuka ari ginen artean eskua masailean jartzen nion baina baita hankartean ere, beraren gogortzea nabaritzeko, eta sekulakoa zen! Berak ez zion nire ipurdia ukitzeari uzten, arroparen gainean kale gorrian ginelako, baina,
bai, igartzen zen gustatzen zitzaiola. Eta, ene bada! Zein bero jarri genuen elkar, gehienbat hamabost minutu barru euskotrena hartu behar izateko. Bakoitza bere lekura joan zen beroaldia bakarrik igarotzeko. Baina, arraioa! Bere pot egiteko modua izugarri gustatu zitzaidan!
Hurrengo astea oso urduri pasatu nuen, berak Bilbora etorri behar zuen elkartean ekintza handi bat geneukalako eta horrexegatik proposatu nion nire etxean gera zedila, Donostiara ez itzultzeko eta gero igandean Etxebarriara joan behar izateko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekorako. Baietz esan zidan, noski, azkenean, logikoena zen, elkartean ekintza geneukan, gero betiko poteoa eta errazena zen Bilbon bertan geratzea eta biharamunean edozein lekutara joatea. Eta hala gertatu zen. Egintza erraldoia izan zen, ez genuen elkar ikusi, baina gero izkiriatu zidan jakiteko non nengoen. «Adiskidetasun kalean, erdialdean, zurrutada batzuk hartzen elkarteko kideekin» erantzun nion. Bera etorritakoan urduriago
jarri nintzen oso polit zegoelako. Bakeroz jantzita, alkandora beltza, beltzak ederki ematen zion, eta motxila txiki batekin, beltza ere bai. Kale-argiekin bere begien kolorea oso dirdizari ikusten nuen, baita bere aurpegiaren distira ere. Hazpegiak oso hezurtsuak ziren eta ezpain mamitsuak zituen. Mutila ederra zen eta kitto, ez dago azalpen gehiagorik. Azkenean, nire lagunekin ordubetez geratu ginen, agian apur bat gehiago, baina goizeko ordu batean nire etxerako bideari lotu gintzaizkion. Sarrikon jaitsi eta minutu pare batez ibili ginen nire etxera heldu arte. Jakina, une hartan ez nion etxea erakutsi, pentsatu bai, baina ideia azkar baztertu nuen nahiko berdotz geundelako eta azkenean hori berdin zitzaigun. Logelara joan eta behin bizkar-zorroa zoruan utzita musukatu ninduen, grinaz, oso bero. Ezpainetatik hasi ginen, baina gero lepoa musukatu zidan, eta horrek, oro har, ezin nau gehiago berotu. Alkandora kendu zidan eta jaisten hasi, muin emanez. Titiburuetan gelditu zen, jakin barik niri hori izugarri gustatzen zaidala, titimuturrak kilikatzea. Jarraitu zuen, prakak arrapaladan kendu zizkidan eta zakila zurrupatzen hasi zen. Bizkitartean, ezin nion intziri egiteari laga, baxu-baxu saiatzen nintzen nire auzokidearekin bizikidetza arazoak nituelako oso kontserbadorea zela-eta, orduan mutil bat eraman nuela jakin izan balu, haserre bizian jarriko zatekeen. Zinez, ahalegindu nintzen, baina atzenean, alkohola, plazerra, giroa, ez dakit, delakoa, zarata berdin zitzaigun. Mutila ohean ipini nuen, txikerra zen eta horren ondorioz nahiko ondo moldatzen nintzen. Biluzten hasi nintzaion, leunki, astiro, segundo bakoitza gozatuz. Berak ile apur bat zeukan bularrean, ez asko, baina niri hori ere asko gustatzen zait. Orokorrean oso erraza dela niri plazerra ematea esan ohi didate. Auskalo. Nik alderantziz, ez daukat ilerik bularrean, ez daukat ia bizarrik ere. Gorputz ezberdinak eta politak aldi berean. Fluxuak ematen ari gintzaizkion elkarri. Hankartea ukitu nion, zein gogor zegoen. Pentsatu barik eta oso azkar abiatu nintzen dorre bikain horretara, Babelgo dorre horretara, eta zurrupatzeari ekin nion. Gora eta behera, bere arnasketa grinatsua entzuten nuen bitartean. Nire unerik gogokoena aho-sexua dela esan beharra daukat, penetrazioak ere izugarri berotzen nau, baina ez dago alderaketarik. Bakunegia izango naiz ala? Ez dakit. Zer esanik ez, 69a egitea proposatu eta hori eztitan egotea bezalakoxea zen. Ez dakit zenbat buelta eman genituen baina bukaeran nire izarek zoruan amaitu zuten. Izterrak banatu nizkion eta zakila eta ipurdi osoa xurgatu nizkion, berak ezin zien eutsi plazerezko garrasiei. Oso bero nengoen momentua ailegatu zelarik, zalantza barik, kondoia eta labaingarria hartu, eta irribarre kokin batez galdetu nion: «zer egin nahi duzu?». Egia esanda, sexu-harremanak ez idealizatzeko eta (zergatik ez?) barre egiteko, errepikatu behar nuela jaulki beharra daukat, normalean mozkor, urduri edo nire erlazio intimoetan bizkaiera gura barik ateratzen zaidalako, beraz zinez esan niona zen: «ze ingurezu?».
Musukatzen ninduen bitartean hartu zuen lubrifikatzailea eta nire ipurtzuloa akuilatzen hasi zen, pixkanaka bi eriz ukituz, eta zirkuluetan mugitzen zituen, hasieran uzkitik oso gertu. Agondurik zegoen, eserita, eta ni bere gainean. Zinkurinatzeari ekin nion, gelditu gabe eta sabaira begira, ni nintzena niregandik kanporatu izan balitz bezala eta nire gorputzean plazerra eta desira besterik ez baleude gisan, edo guztiz kontrakoa, ez nintzenak alde egin balu bezala eta orduan nahi nuen guztia egin banu moduan. Hatz luzea sartu zidan, bere bizkarrari eutsi nion eta oharkabean eta bapatean gora eta behera higitzen nintzen, zeharo oldezkoa. Esan beharra daukat jeneralean bero nagoenean ipurtzuloa oso azkar zabaltzen zaidala, oso. Hortaz, ia erregutu nion mesedez sar ziezadala, barreen eta zizpuruen artean, zakil osoa barruratu zidan, sartu-irtenka hasieran, aldea kilikatuz. Bitartean, bere eskuez nire ipurmamiak hartzen saiatzen zen eta eskatu nion mesedez berriro titimuturrak miazkatzeko. Atseginez beteta nengoen. Gainera, nire zakila ukitu barik bere sabelean isuri nuen, agian beste uneren batean lotsa sentitu nukeen, baina ez, berdin zitzaidan, larrua jotzen ari ginen eta etxekotu behar dugu anitzetan izkepot egiten dugunean erioten dugula. Dena den, jarraitu genuen, batik bat niretzat oraino nahikoa ez zelako, plazer handiagoa nahi nuen eta ipurdiko batzuk ematen zizkidan artean, berak ere isuri zuen. Ez nion esan, baina harritu ninduen kondoia ikustean oso agerikoa zelako bota zuen semena asko zela. Biok ohean etzan ginen eta berriz orgasmora iritsi gura nuela sumatu zuenez, bi hatzez hasi zen ipurdia eskukatzen, eta musukatzen ninduen bitartean, nire sabelean dena jaurti nuen. Ene bada! Zelako txortaldia! Gainera, bera oso irekia zen eta edozeri buruz berba egiten zuen, esaterako: «segi horrela eta oraintxe bertan bukatuko dut», edo «nola zurrupa dezakezu hain ondo?». Ez nion ihardetsi, baina barrutik barre egin nuen: mutil, praktika, besterik ez, hau da benetako lizuna izatea, eta oso harro. Txorta jo ondoren, apur bat ikuzi genuen, izarak bildu eta atzetik besarkatzen ninduen artean lokartu ginen.
Biharamunean, bere gogortze handia nabarituz nire azalaren kontra esnatu nintzen. Hortaz, biratu eta oraino begi itxita izan arren pot egin nion. Kasu hartan, grinaz, bai, baina, ferekaz ere. Elkarrekin ondo moldatzen ginen, bistakoa zen elkarri gustatzen gintzaizkiola, desiraz gain, haragitik haratago. Gure gorputzez gozatzen jarraitu genuen hamabiak jo arte, konturatu ginelako dutxatu, elikatu eta Bilbotik Etxebarriara joan behar bagenuela ozta-ozta ailegatuko ginela. Elkarrekin dutxa hartu genuen eta Berrizera bazkaltzera joan ginen. Bidean neure buruari galdetzen nion berriro norbaiten aurrean jango nukeen eta birritan oldoztu barik baietz erantzun, beldur gaberik. Istorioa oso ondo joan zitekeen, elkarri primeran ulertzen geniolako, ohearen barruan zein kanpoan, biok elkarrekin geundenean ikasten genuen, barre egin eta, oro har, gozatu. Etxebarriara joan eta gero, Berrizera gerturatu ninduen trena har nezan eta bera Donostiara abiatu zen, autoz. Egia esanda, Elgoibarren utz nintzakeen, trena ere badagoelako eta Etxebarriatik distantzia bera zen. Bereziki, berari hobeto zetorkiolako etxera joateko, noski, niri ez, Bilbotik askoz urrutiago dago eta gutxienez berrogeita hamar minutu gehiago beharko nituzkeelako iristeko. Berak egin zezakeen, baina etxetik gertuago lagatzea erabaki zuen. Begi-bistakoa zen, bion artean sortzen ari zena eta ni axola nintzaiola.
Hurrengo asteetan zehar telefonoz denbora luzez asko egiten genuen berba, eta astebururo elkar ikusten genuen. Sexua hobetzen ari zen, askoz gehiago! Eta horrelaxe jarraitu genuen hilabete eta erdi. Baina, zorigaiztoko astea heldu zen eta bat-batean erantzuteari utzi zion, ez zuen telefonoz berba egin gura ezta geratu ere, aitzakiak jartzen zituen. Alde batetik, ulertzen nuen, agian zerbait gertatu zitzaion eta zeukan nirekiko loturarik, baina beste aldetik, pentsamendu sarkor hori neukan buruan: «eta beharbada ni banaiz?». Halandaze, zuzen galdetu nion. Ez zen deus jazotzen, lan handia zeukan eta, besterik ez.
Baina ez nintzen lasai geratu, zerbaitek nire barrunbeetan esaten zidan gezurra zela. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Finalerako sarrerak oparitu zizkidanez, elkarrekin joateko proposatu nion. Baina, hau ustekabea! Azkenik, zer gertatzen zitzaion aitortu zuen. Beldurra zuela esan zidan, konpromisoari beldur ziola eta gure harremana estuago eta minago bihurtzen ari zenez gero oraingoz elkartzeari utzi nahiago zuela. Ondo ihardetsi nion, nahiz eta asko eta sakonegi mindu. Larrua jotzeko bai, baina sentipenak jokoan sartzen zirenean, orduan ez. Gauzek ez dute horrela funtzionatzen. Harreman bakoitza guztizko harremana da, etiketarik ez badu ere, berdin da pertsona bat gau batean txortan egiteko edo bost urteko erlazio bat, denak zaindu behar ditugu, berarekin daramagun denborak ez du definitzen zer nolako eskubideak dauzkagun. Eskubidea dugu gu jagoteko eta egia esateko eta bera ez zen zintzoa izan nirekin. Baina, nola ez, ez nintzen esatera ausartu. Halere, bertso bat egin nion, baita igorri ere:
«Denoi txorta jotzea gustoko
Gizonei lotura barik
Beraiek nahiago dutelako
Ardura ez izaterik
Berdin zaizkie gainerakoak
Ez baitute artapenik
izkepot egin, egin bai, baina
Harremanik ez delarik
Guztizko lokarria ere da
Maiti, ez dau txortaldirik
Beraz, konprometitu arte
Maiti, ez dau txortaldirik»