Inspirazio Basa

Kontaketa hau, Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolaturiko Kontaketa Erotikoen II. Lehiaketaren finalista da. Leihaketaren finalista guztiak orri honetan topatu ditzakezu eta bozkatu zein den zure kontaketa kuttunena..

Depilatzeko aiztoa hartuta ari da Libe zirti eta zirti. Asteak zeramatzan hankak depilatu gabe. Lau edo bost; agian zortzi. Bi hilabete ia. Total negua, eta total sendagilearenera bisitarik ez, eta abenturarik ez, aurreikus zitekeen ezer ez, ezustekorik ere ez; eta gainera, zer uste du ba sistema zaharkitu honek eta feministok zutik eta nire gorputza da. Eta pasa dira ia bi hilabete eta luzatu zaizkio ileak beltz eta luze, pixka bat zabal ere bai, eta narras kaotiko baso. Barre egin du Libek. Ez baita orain artean konturatu. Zitekeenik ere. Halakorik. Eta beste bi hilabetean utziz gero?

Hordagoa bota dio bere buruari, ea posible den luzeago, zabalago, narrasago, kaotikoago eta basoago. Baina, paso eta hurrengora arte. Hordagoari. Zirti eta zirti. Gogoa zuen eta egin du. Hori ere bada feminismoa zutik. Kendu ditu etxean erabiltzen dituen galtza zabalak, kendu ditu kuleroak, sartu da baineran, altxa du ezkerreko oina bainerako paretaren goiko aldera eta zirti-zirti. Hori ere bada gozamena. Erorketa librea, joaten uztea agurtu beharrik gabe, momentua zeure egitea, denbora hartzea horretarako eta horretarako bakarrik. Bi hilabete ia. Maizago egin beharko luke. Zangoetan gora, belaunetan gora, izterretan gora. Laztan eta pasa, laztan eta pasa. Ingleraino. Gustatzen zaio inglean kizkur, inglean korapilo, inglean anabasa. Hor ez du aiztorik pasatzen. Hor sekula ez. Gustatzen zaio alua kabi, alua labirinto, alua ezkutaleku. Eta laztan eta pasa, eta laztan eta pasa, hanka-zabal, alu-zabal. Aiztoa ipurdiz gora jarri eta bere biribilgune eta bere bihurgune, baginan barrura sartu du Libek. Ez abisu eta ez ate jotze. Ia begiak atera zaizkio. Segundo bat bi hiru lau… Pentsatu balu ez zuen egingo. Eta orain barruan du aiztoaren ipurdi urdinxka, zentimetro bat bi hiru barruan, ezpainek ondo eutsita, estu gordin min gozo. Min eman dio eta ez dio eman. Estimulaziorik gabe sartu du, eragin gabe, bustialdirik gabe, aurreikusi gabe, programatu gabe, hezetasunean lehor: zast!

            Ez du pentsatu nahi zuela. Ez dio denborarik eman. Eta hori ere bada nahi izatea. Orain bai, orain ari da pentsatzen, segundo bat bi hiru… gehiegi ari da pentsatzen, berotzen, hezetzen. Eta hori ere bada gozamena, hain justu ere hori da gozamena: plazera erabakitzea. Ez du aiztoa atera, mugitu egin du eta berriro mugitu du. Bagina zabaltzen eta zabaltzen ari da, izterrak tenkatzen ari zaizkio, sabelaldea arnaska ari zaio. Eta bi esku ditu. Libek badaki bi esku dituela.

            Aiztoarekin buelta eta buelta ari da eskuinarekin. Ezker eskuko hatz erakuslea aluko ileetara eraman du. Pixka bat beherago, pixka bat aurrerago. Hor. Basoa amaitzen den arrakala horretako sakanaren goiko ertz-erdian. Hor. Hortxe eserita jango lituzke krispetak oraintxe Libek kriska eta kriska. Hanpatua, goritua, gorritua. Ia lekuz kanpo sumatu du klitoria eta hortxe gozamena, bustialdian zabal, inorako ireki ez eta bertan gozo. Atera egin du aiztoa, beharra sentitu du, berriz ere bueltan gogorrago, sakonago, emanago sartzeko. Zupa eta zupa ari zaio alu barrena gozokizko piruletari. Eta buelta eta buelta. Halakorik. Egin zitekeenik ere. Nola bururatu zaion.

            Oraindik ez eta gehiago nahi du, oraindik ez eta gehiago nahi du. Eta txirrinak jo du. Kanpoko atekoak. Eta “Kaka” eta “Joder” eta “Ezta gogoratu ere!” eta berriro “Kaka” eta “Ene, Gorka!”.

            Aiztoa bainerara bota, albornoza jantzi eta izter barneak dariola dituela, alua bere horretan taupaka eta klitoria gehiagoren eske, hanka bat depilatuta eta bestea ilez betea, “Banoaaaaaaa!” eta atea ireki du Libek.

  • Gorka!
  • Ui, Libe. Dutxan harrapatu zaitut?
  • Bai, dutxan. Beno, ez. Lasai. Ez dio inporta.
  • Hitzordua ahaztu duzu…
  • Ez, ez… tira, bai. Pixka bat.
  • Pixka bat ahaztu? Joder, Libe, zer da hori? Kar, kar. Lasai! Beste batean

itzuliko naiz.

Libek Gorkaren besapera eraman ditu begiak. Begi-keinua luzatu du karpeta

handira.

  • Ekarri dituzu, e?
  • Horretan gelditu ginen, ezta? Gaurko bukatuko nituela eta erakutsi egingo

nizkizula.

  • Ilustrazioak.
  • Bai, hori da. Ez dakit hemendik zerbait aterako den, baina nik oso ondo pasa

dut.

  • Ikusteko irrikaz.
  • Pasa naiteke orduan?
  • Ui, bai, bai, aurrera. Garagardorik?

Bi garagardo eta platerkada bat kakahuete eraman du Libek sukaldetik

egongelara. Sofaren aurreko kristalezko mahaiaren gainean zabalik dago karpeta gorria.

            Mahaiaren ondoan belauniko jarri, albornozaren gerrikoa estutu eta oinen gainean eseri du ipurdia Libek. Ipurdiarekin oinak ukitzean konturatu da. Kulerorik gabe dago, kulerorik gabe dago, kulerorik gabe dago.

Lurrean eseri da Gorka. Karpetatik ilustrazioak atera ditu. DIN A3. Ilustrazio bat bi… garagardoari trago egin dio Libek, hiru lau bost… oinak bustitzen ari zaizkio, sei… ez da pixa, zazpi zortzi… azkarregi ari da Gorka ilustrazioak pasa eta pasa, bederatzi… hanpatua, hamar… goritua, hamaika… gorritua…

  • Hau zer da, Gorka, pornoa? –Libek erritmoa hautsi nahi izan du. Oinpeak

igurtzika ari zaizkio busti eta busti. “Joder, Gorka, hau eskatu nizun?”.

  • Pornoa? Erotikoa da, ezta? Ez zaizkizu gustatzen…
  • Nik ez dut hori esan. Harrituta nago.
  • Ez zenuen halakorik espero.
  • Ba, ez dakit. Ez dakit zer espero nuen. Politak dira.
  • Politak? Polita da hitza?
  • Bai, politak, ederrak, ez dakit, bisualak, erakargarriak…
  • Eta basatiak? Basatiak izan zitezela eskatu zenidan.

Pago enbor mardularen alde banatan bi emakume biluzik arkatz finez trazatuak.

Belaunak tolestuta hanka zabal alua enborrari emanak, titi aske, besoak harramazka.  Gorritasun horiek. Erretasun hori. Basatiak eskatu zizkion Libek, bai. Ikusi duena ez zeukan buruan, ordea. Hau beste zerbait da. Baina ari zaizkio gustatzen. Ez dauka argi zertarako erabil daitezkeen. Baina gustura ari da sentitzen. Gustura ari da berotzen. Enbor hori, alu horiek, aztarrika plazerari.

  • Eta beste hori? Hori posible da?
  • Inspirazioa.
  • Baina posible da?
  • Nik probatu dudan? Hori galdetu nahi didazu?

Eta Libek begirada irentsi dio Gorkari, “Benetan?”. Albornozaren puntak

izterren artean sartu ditu Libek, “Kontatu, kontatu”. Baina Gorkak ez du ezer esan. Nahikoa esaten dute bere ilustrazioek. Bi pertsona horiek. Lepoa okertu du Libek ezkerrerantz, ahoa zabaldu du – zabaldu zaio –, bekainak goratu ditu eta mingainarekin korapilo egin dio aireari. Zertan ari dira? “E, Gorka? Zertan ari dira? Zertan jarri dituzu?”. Bi pertsona eta hiru zakil ikusten ditu Libek. Eskuinerantz okertu du lepoa. Badoakio burua. Badoakio. Bi zakil elkarri laztanka ari dira, elkar gain-jartzen, “Tenperen efektua? E, Gorka? Margoaren efektuak dira?”, hozkaka ari dira bi zakilak elkarri, hankak korapilo eta lau eskuak hirugarren zakilean gordeka eta bultzaka, “Norena da zulo hori?”, eta ia ikusi egiten dira igurtziak eta joak, eta ia ikusi egiten da zerbait lehertzen ari dela. Libek eskua jarri du paperaren gainean eta Gorkari begiratu dio gero. Zatitu egingo zaio alua. Gorkari begiratu dio. Hagan bezala doakio. Alua. Gorkari begiratu dio. Itsaso bat da bere sabela. Gorkari begiratu dio. Zutitu egin da Gorka.

  • Utzi egingo dizkizut.
  • Zer?
  • Ilustrazioak. Ikusi lasai. Balio badute ondo eta bestela, berriro saiatuko naiz.

Zein ari zaio zaldika klitorian? Tarraka ia ipurdiraino. Zutitu egin da Libe. Zer egiten du hanka horrek depilatu gabe?

  • Zaindu, Libe.
  • Bazoaz? Hain azkar?
  • Hurrengoan gehiago.
  • Bai, hurrengoan gehiago –“Ez joan, Gorka, ez joan. Sartu iezadazu

barruraino, sartu iezazkidazu hiru zakilak, bata bestearen atzetik. Oso basatiak dira. Asmatu duzu. Bai, gau hartan ezetz esan nizun; bi aldiz esan nizun ezetz parranda hartan. Orain zerbait behar dut barruan eta barruraino. Baina non demontre ikasi duzu horrela marrazten? Eztarria ere zabalik daukat”.

  • Agur!

Atea itxi eta ateko leiho txiki zirkularretik Gorkaren bizkarraldeari begira gelditu

da Libe. Albornozeko gerrikoa askatu eta ia eskua ukabil sartu du aluan. Komunera joan eta baineratik depilatzeko aiztoa jaso du, ipurdiz gora jarri eta sofaraino eutsi dio tentazioari. Zast. Hanka-zabal barrura. Enbor bat balu eskura, gaztainondoa-edo, tarrakataka aluan, tarrakataka beste alu batzuekin, marrazkian bezala. Begiak itxi ditu Libek, hiru zakil horiek, aiztoa atera du, hatz bat bi hiru, laugarrenak uzkian barrura egin dio irrist eta potoloa gose klitorian itzulinguruka dabilkio. Basati. Oso basati. Ezinezkoak. Inspirazioak. Ilustrazioak. “Joder, Libe, zer gertatzen zaizu gaur?” Eztarria ireki duenean kristalezko mahaia bera ere irentsi egin du ia. Intziri horiek ilustrazioetan sartu badira, balioko dute. “Bai, Gorka, balioko dute”.