Kaixomaitia.eus-en #Sexuinkestaren balorazio orokor bat

#KM_Sexuinkesta traolarekin ezagutzera eman dugun ikerketa abian jarri genuenean bagenuen susmo bat nahiko arrakasta izango zuela, baina askotan susmo hau desira bat baina ez da izaten, eta azkenean aurrikusitako arrakasta ezerezean geratzen da. Ez da oraingoan hau gertatu. Lehen balorazioa hau da beraz, sexuaren inguruko gaiek duten interesa, bai gizartean bai eta mediatikoki ere. Horrek jadanik zer pentsatu ematen du. Badirudi sexuak baduela kutsu errebindikatibo bat, pekatuari, moral zorrotzari loturik dagoena praktikatzeak ematen duen askatasun eta iraultza sentsazioa edo. Ezkutukoa dena anonimoki argitara emateak, libreki aitortzeko aukera izateak izan du ere eragina gure ustez eta emaitza 2500 pertsona inguruk artez edo moldez honetan parte hartzea izan da.

Aipatu nahi dugu ere ikerketaren prozesu honetan, laguntza eskatu dugunean norbanako eta eragile ezberdinek izan duten eskuzabaltasuna, ulermena, laguntzeko prestutasuna. Gure baliabideak (pertsonal nahiz ekonomikoak) ez dira ikerketa potoloak egiteko modukoak eta elkarlan eta eskuzabaltasun honi esker lan txukun bat aurrera ateratzeko aukera izan dugu, kolektiiboki. Hau horrela izanik zentzuzkoa zirudigun Lizentzia ireki baten bidez guztiekin partekatzea ikerketa honen emaitzak.

Esan bezala, datu andana da pilatu duguna eta ezinezkoa zaigu xehetasun eta gurutzaketa guztiak aztertzea, gonbitea luzatzen diogu mundu guztiari datuen azterketa honetan parte hartu eta emaitzak ere parteka ditzaten.

Inkestaren emaitzen gure balorazio orokorrari dagokionez berriz, garrantzia 2 puntutan jarri nahiko genuke.

Orokorrean barneratua dugu bikote harremana dela dagokion harreman eredua. Ia denok dugu edo bilatzen dugu bikote harremana. Ez dutenei etorkizunean gustatuko litzaieken galdetuta %7ak soilik esaten du ezezkoa. Eta badirudi afektiboki behintzat honek egiten gaituela zoriontsu. Baina honi lotuta ere nabaritu dugu bikote harreman tradizionalaren (heterosexuala, monogamoa, itxia) harreman irekiak ere euren lekua hartzen dutela gizartearen nahietan, desioetan. Bikotekidea dutenen %19ak irekiko luke egun duen harreman itxia, bikotekidea ez dutenen %26ak izango luke bikotekidea harreman irekian, aitzitik egun %7ak baino ez du harreman irekia.

Zoriontasun maila afektiboari dagokionez iruditzen zaigu ez dela maila txarra ematen duguna (6,9/10) baina ba dela zer hobetu, kasu honetan nota kaskarragoak jarri dizkiete euren buruari bikote harremanik ez dutenak.

Atentzioa deitu digun beste kontu bat sexuaren inguruko gaiak dira, hau izan zen ikerketa abian jartzearen arrazoietako bat eta xehetasun bereziarekin jorratu dugu gaia.

Atzetik aurrera hasita, zoriontasun maila sexuala jarri nahiko genuke mahai gainean; 5,79/10 etik ez zaigu iruditzen kanpaia jotzeko arrazoia denik (edo bai, umorez hartzen badugu) . Esanguratsua iruditzen zaigu ere adinak aurrera egin ahala zoriontasun mailak behera egiten duela, esanguratzua bezain kezkagarria. Gora egin beharko luke idealki, bizitzak aurrera egin ahala, norberaren ezagutza, maila fisiko nahiz emozionalean, esperientzia edota bikotearen ezagutzak bizitza sexuala hobetzeko arrazoi nahiko beharko lukete izan. Ez da hala gertatzen antza.

Hau gutxi balitz, zoriontasun maila sexuala eta afektiboak denboran bide paraleloak egiten dituzte, urteetan aurrera egin ahala biak behera, nahiko paraleloki. Bakoitzario dagokio honen gaineko hausnarketa egitea.

Zoriontasun sexualari esplikazio bat emateko baliogarri izan daiteke sexu harremanen maiztasuna. Ez da maiztasuna, kantitatea, azterketa hau egitean bereziki identifikatuak/eroso sentitzen ginen faktore bat sexuari dagokionez, baina kuantitatiboki aztertzeko aukera onak ematen ditu eta sexualitateari buruzko ikerketa gehienetan azaltzen den faktore bat da. 

Faktore hau datu baliogarritzat hartuta, ikus dezakegu euskaldunok batazbeste 1,15 bider izaten ditugula sexu harremanak astean, urtean 60 bider zehazkiago. (sexu harremanak erantzun dutenen ulermenaren arabera, dena delakoa izanik) Nahia berriz 2,99 koa. Badago aldea. Gizonezko eta emakumezkoak nahiean paretsu (emakumezkoak zalantza gehiago erantzunetan agian). Beraz, non dago arazoa? Guztiok nahiko genuke sexu harreman gehiago izan, baina ez gara gai behar hau modu ireki batean espresatzeko?

Maiztasunak egiten gaitu sexualki zoriontsuago? 79 orrialdeko 3.11 grafikoari erreparatzen badiogu badirudi hein batean baietz. Zoriontasun maila altuenak adierazi dutenak dira aldi berean sexu harremanak maiztasun handiagoz izaten dituztenak. Emaitza badakigu, 5,79. Nota hobetu beharra dugula uste dugu. Izan ere, zenbateraino dago gure zoriontasun orokorra baldintzatua zoriontasun sexualaz?

Guzti honetan non geratzen da desioa eta nola kudeatzen dugu desioa? Aipatu dugu bikote harremana izatea dela guztion nahia (%7ak ez luke nahi soilik) baina %65ak aitortu du bere bikotekidea ez den beste pertsona batengan sentitzen duela desira sexuala batzuetan, askotan edo etengabe.

Lehenik eta behin, eskerrak eman Kaixomaitia-ri (euskaldunon harremanetarako guneari) emandako aukeragatik, niri eta beste kolektibo batzuei, beraien ikerketan parte hartu ahal izateko, ikuspegi eta iritzi ezberdinak batzeko helburuarekin. Eta bide batez, lan kolektiboak egitearen garrantzia azpimarratu eta bideratzeagatik.

Zorionak egindako inkestagatik eta izandako arrakastagatik, parte hartu dutenen kopurua oso altua izan delako, eta ondorioz unibertso horren iritziak jasotzeak pista asko ematen dizkigu eta gai hauen inguruan euskal herritarren radiografia bat egiten laguntzen duelako.

Bestalde inkestan jorratzen diren gaiak ez dira oso ohikoak izaten. Erantzunek ate asko zabaltzen dizkigute, beti ere oso kontutan edukita inkestaren tresnak izan ditzakeen mugak.

Dokumentu honi dagokionez, eta Kaixomaitiatik emandako askatasuna kontutan edukita, batzuetan iruzkinak nahastuta azalduko dira galdera moduan edo/eta iruzkin modura. Azterketa ez dago sakontasunean egina. Datu asko biltzen dituzte erantzunek. Helburua, arreta deitutako gauza batzuk azpimarratzea izan da. Aspektu edo eta gai batzuk ez aipatzeak edo azaletik egiteak, ez du adierazi nahi garrantzitsuak ez direnik. Azterketa egin duten beste lan talde batzuek sakontasunez jorratzen dituzten alorrekin zerikusia dutelako ez da sakontzen, besteak beste.

Hasiera batetan galdera eta iruzkin orokorrak plazaratuko dira testu honetan. Galderak, esan bezala, ikerketaren ondorioz jasotako erantzunak ate asko irekitzen dituztelako. Iruzkinak, irakurketa egitearen ondorioz sortutako komentarioak direlako. Orokortasunetik abiatuta, inkestan azaltzen diren atal bakoitzeko aipu batzuk eginaz garatzen da dokumentu hau.