Mikel Otxotorenaren #Sexuinkestaren balorazioa

Sarrera

Lehenik eta behin, eskerrak eman Kaixomaitia-ri (euskaldunon harremanetarako guneari) emandako aukeragatik, niri eta beste kolektibo batzuei, beraien ikerketan parte hartu ahal izateko, ikuspegi eta iritzi ezberdinak batzeko helburuarekin. Eta bide batez, lan kolektiboak egitearen garrantzia azpimarratu eta bideratzeagatik.

Zorionak egindako inkestagatik eta izandako arrakastagatik, parte hartu dutenen kopurua oso altua izan delako, eta ondorioz unibertso horren iritziak jasotzeak pista asko ematen dizkigu eta gai hauen inguruan euskal herritarren radiografia bat egiten laguntzen duelako.

Bestalde inkestan jorratzen diren gaiak ez dira oso ohikoak izaten. Erantzunek ate asko zabaltzen dizkigute, beti ere oso kontutan edukita inkestaren tresnak izan ditzakeen mugak.

Dokumentu honi dagokionez, eta Kaixomaitiatik emandako askatasuna kontutan edukita, batzuetan iruzkinak nahastuta azalduko dira galdera moduan edo/eta iruzkin modura. Azterketa ez dago sakontasunean egina. Datu asko biltzen dituzte erantzunek. Helburua, arreta deitutako gauza batzuk azpimarratzea izan da. Aspektu edo eta gai batzuk ez aipatzeak edo azaletik egiteak, ez du adierazi nahi garrantzitsuak ez direnik. Azterketa egin duten beste lan talde batzuek sakontasunez jorratzen dituzten alorrekin zerikusia dutelako ez da sakontzen, besteak beste.

Hasiera batetan galdera eta iruzkin orokorrak plazaratuko dira testu honetan. Galderak, esan bezala, ikerketaren ondorioz jasotako erantzunak ate asko irekitzen dituztelako. Iruzkinak, irakurketa egitearen ondorioz sortutako komentarioak direlako. Orokortasunetik abiatuta, inkestan azaltzen diren atal bakoitzeko aipu batzuk eginaz garatzen da dokumentu hau.

Noski beste faktore askok ere eragin dezaketela, baina gizarte beraren aldaketa gai hauekiko ezin ukatu.

Gure gizarteak bikote izatea saritu egiten du. Baina bikote modu jakin bat bereziki, balore jakin batzuekin. Eta hori da gizartearen gehiengoak bilatzen duena eta desiratzen duena. Baina zein puntutaraino gure gizartearen eredu kultural, erlijiosoa, sozialak, e.a. eragina dute gure desio eta nahietan? Horregatik agian, zoriontasun maila afektiboa eta sexuala oso erlazionatuta azaltzen da erantzunetan bikote izan edo ez izatearekin.

Gure gizarteak inposatzen digun arauetako bat da, pertsona bezala gauzatu ahal izateko bikote bat behar dugula. Baina esan bezala bikote eredu jakin bat (malgutasun eta aniztasun txiki batekin mozorrotuta) topatu, desio edo/eta bilatzen duguna. Eta ez baduzu lortzen, gizarteak berak “zigortuko” zaitu. Hau da, funtsean, amodio erromantikoak proposatzen dizkigun idealak topatu genitzake behin eta berriz inkestaren erantzunetan. Eta ez da kasualitatea, adibidez emakume eta gizonezkoak amodio erromantiko horren eredua izanda, modu ezberdinean bizi eta sentitzea egoera berdinak. Eta hemen argi eta garbi, sexismoa1 azaltzen zaigu, amodio erromantiko horren zutabe eta zaindari moduan, non emakume eta gizonezkoei zein rol sozial betetzeko “gonbitea” luzatzen dien. Amodio erromantiko hori erabat lotuta doa, gizarteak inposatzen digun bikote behar horrekin, balore jakin batzuekin, harreman afektibo eta sexualak ulertzeko modu jakin batzuekin… eta naiz eta orokorrean adibidez, inkestan azaltzen diren hiru orientazio sexual ezberdinen artean, ezberdintasunak egon gai askoren artean, ez da salbuespena (orientazio sexuala) amodio erromantiko horretaz salbuetsita egoteko. Adibide moduan ikusi besterik es dago nola ulertzen diren bikote harremanak orientazio sexual ezberdinen artean. Modu berdinean, ez dira salbuespen suertatuko; adina, sinesmenak, diru sarrerak, egoera zibila,… ideal horren “babesean” kokatu behar ditugu.

Berriz ere azpimarratu beharra dago, honekin ez dela adierazi nahi ez dagoenik aniztasunik harreman afektibo eta sexualak ulertu, bizitu, sentitu edo eta baloratzean. Edo eta aurrerapausorik eman ez denik. Hasieran esan den bezala, gizartea eraldatzen doa eta inkestaren erantzunetan antzeman daiteke, adibidez bikote harreman ezberdinez hitz egiten denean. Adierazi nahi den ideia nagusia da, oraindik balore jakin batzuk oso presente daudela harreman afektibo eta sexualen sustraietan. Oso hertsiak direnak, amodio erromantikoa osatzen duten osagaiez eraikita daudelako. Dokumentuaren puntu honetatik aurrera, inkestan formatu berbera jarraituko da, hau da, atalez atal. Erantzunetan topatutako ideia batzuk adieraziko dira, askorik sakondu gabe eta beti ere gogoeta eta eztabaidarako gonbidapena luzatuaz. Bestalde, Kaixomaitia eta Aztiker-ek lehen txostenean adierazitako ideia batzuk berdinak direnez, ez dira errepikatuko.

Egoera afektiboa

Bikotea edukitzea, zoriontasun maila afektibo eta sexualarekin oso erlazionatuta azaltzen da. Aurreko atalean adierazi den bezala, honen atzean, gizarteak inposatzen digun bikote “behar” hori egon daiteke. Bikoterik ez dutenen artean adibidez, bikote izatearen nahia oso altua da. Eta berdin dio, emakume edo gizon izan, edo orientazio sexual bat eduki edo beste. Baina erantzun batzuetan argi ikusten da, harreman bat edukitzea ez dela maiteminduta egoteko ziurtagiria.

Emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak maitasunaren inguruko erantzunetan nabariak dira. Maitasunaren inguruko ideal erromantikoa behin eta berriz adierazten da. Badirudi emakume eta gizonek maitasunaren inguruko ideia ezberdinak dituztela (maitatua sentitu eta maitatu).

Batzuetan, inkesta bete dutenei eskaintzen zaizkien galderen erantzunetan, amodio erromantikoaren ideala ageri da. Adibidez G8 galderan, non aukeratu behar dituzten erantzunetan ez dira aukera bezala azaltzen harreman batetan topatzen ditugun beste osagai batzuk; gatazka edo zaintzak adibidez.

Aurreko ideia lotu genezake zoriontasun mailarekin. Hau da, bikote harremanen inguruan ditugun itxaropenak zoriontasun mailarekin guztiz erlazionatuta doaz, eta itxaropen horiek harreman ideal jakin batekin lotuta badaude, lortutako emaitzen analisia egitean presente eduki beharko dugu.

Harreman irekien inguruko erantzunetan, badirudi pertsona gazteenak irekiagoak daudela bikote harreman hauetara. Agian, gizarte mailan ematen ari den aurre pausa txiki baten seinale da. Baina adibidez sexu aldagaia zeharkatzea interesgarri izango litzake ikusteko genero mandatuek zein paper jokatzen duten.

Gizartearen aldetik gutxien ulertzen diren orientazio sexualak dira harreman ireki gehienak dituztenak (bereziki bisexualak). Baina hemen ere interesgarria litzake sexu aldagaia zeharkatzea, ikusi ahal izateko emakume edo gizon bisexualean artean ezberdintasunik ba ote dagoen.

Bikote irekiak eramangarriak ez izatearen erantzunen atzean egon daiteke, gure gizartea bikote monogamoetan oinarritzen eta sustengatzen dela. Eredu horretatik kanpo egon daitezkeen aukerak ez eramangarriak izatearen ustea indartu dezake.

Azkenik, gizonen nahia dela esaten denean, maskulinitate hegemonikoaren ezaugarrietako baten ideia egon daiteke, genero mandatuek bultzatua; gizonezkoen sexu aktibitate gehiagoren beharra eta sexurako beti prest egon beharra

Internet bidezko harremanak

Emakume eta gizonen arteko aldea oso nabaria da. Adibidez webgune baten izen emateaz galdetzen denean. Sexuarekiko jasotzen dugun sozializazioren eragina izan daiteke arrazoi bat. Berriz ere maskulinitate hegemonikoaren mandatuak egon daitezke zergatien artean.

Maiztasunarekin erlazionatuta, helduenak eta homosexualak dira gehien erabiltzen dituztenak. Besteak beste, arrazoien artean, kalea eta aisialdia pertsona gazte eta heterosexualei zuzenduta dagoela eta arau heteronormatiboen prisma batetik.

Sexua da gehien bilatzen dena. Webguneek ematen duten anonimotasuna garrantzitsua izan daiteke, bereziki gure gizartean oraindik sexu harremanak balore jakin batzuekin erlazionatzen direlako, beti ere kontestu jakin batzuetatik kanpo gauzatze badira bereziki.

Gizonak eta homosexualak azaltzen dira Internet bidez ezagututako norbaitekin harreman gehien izan dituztenak Internetetik kanpo. Alde batetik interesgarria litzake homosexualen artean aztertzea zein kopurutan ematen den emakume homosexual eta gizon homosexualen artean (berdin bisexualekin). Dena den, badirudi, gizon homosexual, bisexual eta heterosexualen artean ematen dela bereziki. Berriz ere gizontasun jakin batekin zerikusia duen adierazle izan daiteke.

Webguneetan izena ez ematearen erantzunetan, emakumezkoak bereziki lotsa eta beldurra. Arauak apurtzearen lotsa eta beldurra? Internet azken finean espazio publiko bezala kontsidera genezake, eta argi dago, gaur egun oraindik gizonak erosoago mugitzen direla espazio publikoan.

Bizitza sexuala

Atal honetan, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak oso nabariak dira. Behin eta berriz topatzen ditugu adibideak atal honetan jasotako erantzunetan. Genero mandatuek gogor eusten duten adierazgarri.

Gizonezkoak orokorrean prestutasun handiago sexuarekin zerikusia duten gauzekin. Genero mandatua behin eta berriz. Nolabait, gizonezkoen kasuan “machote” ideal hori egon daiteke, eta emakumeen kasuan “puta”-rena bikote sexual kopuruaren inguruko galdera erantzuten denean. Homosexualen artean interesgarria litzake ikusi ahal izatea ea lesbianen artean kopuru berdinean ematen den, gizon homosexualekin konparatuta.

Sexua amodioarekin erlazionatzearen joera edo ideia gehiago dagoela dirudi emakumeen artean (adibidez lehen gauean sexua edukitzearen erantzunetan) gizonekin konparatuta. Kontutan eduki behar da gizontasunaren eraikuntza sozialean, sexua eta maitasuna errazago bereizten dela emakumetasunaren eraikuntza sozialean baino.

Atentzioa deitzen du zein maiztasunez sexua izatea gustatuko litzaiokeen erantzutean, emakume eta gizonak pareko erantzutea. Baina bestalde beste galderen erantzunen azterketa eginda, nabari da gizonak sexu gehiago edo gutxienez beste modu batera bizi izaten dutela. Hau da, nahia eta gertatzen denaren arteko tartea nabariagoa dela emakumeen kasuan.

Pornografiari dagokionez, emakume eta gizonen arteko alde nabaria da. Besteak beste, maskulinitate jakin baten arauetatik gain, presente eduki behar da pornografia orohar gizonezkoei zuzenduta dagoela bereziki. Eta gizon izate modu jakin bateri.

Sexu bereko pertsona batekin harreman sexuala izan duten galdetzen denean, erantzunak berriz oso ezberdinak dira emakume eta gizonen artean. Jarrera irekiagoa emakumeen artean. Presente eduki behar da maskulinitate hegemonikoaren zutabe nagusietako bat homofobia dela, beraz ez da harritzekoa jasotako erantzunak.

Taldeetan sexu harremanak izate galdetzen denean, berriz gizonen presentzia altuagoa da. Eta ez da bakarrik talde sexu harreman gehiago izan dituztela, nahia ere nabariagoa da emakumeekin konparatuta. Badirudi sexu praktika ohikoetatik zenbat eta gehiago urrundu, emakumeak desagertzen doazela. Aurretik aipatu den arrazoi bat egon daiteke atzean, besteak beste; sexua maitasunarekin lotzearen ideia emakumeen aldetik gehiago, eta sexua gizonezkoen esparru “natural” bat kontsideratzen dela.

Aurreko ideiaren beste adierazle bat masturbazioarekin lotutako erantzunak dira. Emakumeak bere bikotea ez den beste pertsona batengan pentsatzea masturbatzen direnean, beste ideia honekin lotu daiteke; fideltasunaren ideiarekin. Berriz ere generoen sozializazioak (sexuarekiko kasu honetan) guztiz baldintzatzen ditu harreman sexualak emakume eta gizonengan.

Atal honen azken galderaren erantzunek, laburpen moduan erabili daiteke. Sexua maitasunik gabe ea eramangarria den. Erantzunetan nabari geratzen da, gure gizartean barneratuta dagoela oraindik biak lotuta doazela (emakumeetan gehiago). Amodio erromantikoaren idealaren osagaietako bat hauxe da, sexua eta maitasuna dena bat balitz bezala kontsideratzea. Dena den aipatu bezala, emakume eta gizonen artean, sexuarekiko erlazioa oso ezberdina da. Eta genero sozializazioaren eragin zuzena da ikusi den bezala atal osoan.

Desleialtasuna noiz gertatzen den galdetzean, sexua da gehien lotzen dena desleialtasunarekin. Gizonen kasuan faktore gehiago hartzen dituzte kontutan emakumeak baino eta agian horregatik, beraien ustea bikoteak desleialak izan zaizkiela, adierazle gehiago hartzen dituztelako kontutan, emakumeekin konparatuta. Emakumeek konfiantza gehiago azaltzen dute bikoteekiko. Maitasun erromantikoaren ondorio izan daiteke?

Azken finean, atal honetan ere genero mandatuen presentzia eta amodio erromantikoaren osagaiak behin eta berriz azaltzen dira erantzun askoren atzealdean; sexualki aktibo izan beharra gizonen aldetik, leialtasuna zein baloreekin lotzen den…

Datu Demografikoak

Gehiengoa agnostiko eta ateo bezala definitzen dira. Baina gure gizartean erlijio kutsua oso presente agertzen da balore jakin batzuei lotuta. Logikoa bestalde, kontutan edukita erlijio kristau katolikoak izandako eta duen eragina. Ideologia patriarkalaren gotorleku indartsua da, kultura eta beste instituzio sozial askorekin batera.

Argi geratzen da ere gure gizartean pertsonen artean bizitzeko edo erlazionatzeko modu ohikoena bikotea dela. Baina beste aukera batzuk ere azaltzen dira, naiz eta gutxiengoa izan.

Hasieran esan bezala gizartea aldatzen doa eta horren adibide, joera sexualaz galdetzean , heterosexualitatea gehiengoa izanda, beste aukera batzuen presentzia hor dago. Naiz eta jakin badakigu, LGTBIQfobia oso presente dagoela oraindik gure gizartean.