Harremanetan konpromisoari beldurra

Kaixomaitia.eus

Harreman irekien oinarrian dagoen maitasuna eta sexua bereizteko joera hori askok nahastu ohi dute kontzeptu batekin: konpromisoari beldurra izatearekin, hain zuzen ere. Baina bikoteko bi kideen adostasunez eraikitako harreman ireki osasuntsu bat ez da zertan horren adierazle izan. Alderantziz, izan dezakete konpromiso sendoa lehentasunezko bikoteko kidearekiko, harreman itxi batean bezalaxe, nahiz eta beste pertsona batzuekin enkontru erotikoak izan.

Beste gauza bat da konpromisoari beldurra izatea. Pertsona bat epe luzera begira bikote harreman bat izateko beldur denean esaten da konpromisoari beldur dela. Beldur horrek antsietate handia eragin diezaioke, eta oro har, pertsona horrek ezin izango du harreman bat mantendu denbora luzez.

Pertsona batek harreman sendoa izan dezake beste norbaitekin, izan ditzake sexu harremanak nahiz harreman emozionala pertsona horrekin, baina baliteke harekin konpromisorik hartu nahi ez izatea; hau da, harekin inolako lotura sentipenik ez nahi izatea. Hori, normalean, ez da hala izaten laguntasunaz ari bagara: inork ez du esaten lagun batekin lotura harremana izateak beldurtzen duenik. Hau da, harreman emozionalaz soilik ari garenean, errazago onartu ohi dugu beste kide batekin lotura izatea. Sexua tartean sartzen denean, ordea, kasu batzuetan konpromisoarekiko beldurra agertu ohi da.

Sarritan, emozioak egoki adierazteko arazoak dituelako izan ohi da jendea konpromisoaren beldur. Iraganeko harreman batekiko inpresio txarra sentitzen duten pertsona askok ezin izaten dute esperientzia berri bat pisu hori gabe esploratu, eta beraz, iraganeko mamu horiek baldintza ditzakete horien ondorengo harremanak ere. Posible da aurreko harreman batean gaizki pasatu zuen norbait konpromisoaren beldur izatea, berriz ere esperientzia txar bat pasatuko duen mamuak bizirik iraun dezakeelako haren barruan. Berriz ere min emango dioten beldur delako, baliteke bikote harremanei uko egitea pertsona horrek.

Adibide zehatzagoetara ekarrita, arrazoi ezberdinak egon daitezke konpromisoari beldurra izatearen atzean: oraindik onartu gabeko banaketa mingarri bat; iraganean harreman zailak bizi izana, eta berriz min hartzeko beldurra izatea; edota ez sentitzea prestatuta norbaitekin bikote harremana hasteko, besteak beste.

Dena den, gizakiok izaki erlazionalak gara, behar dugu besteekin harremanak izatea. Harreman horien nolakotasuna da norberak aukeratu eta landu dezakeena. Beldurrak landu eta kudea daitezke, pertsona guzti-guztiek baitituzte beren zamak, motxilak eta kezkak bizkarrean, bizi izandako esperientzia kontuan hartuta. Eta konpromisoarekiko beldurra ere deseraiki daiteke, gainontzeko beldurrak bezalaxe.

Izan era bateko ala besteko erlazioak, familiartekoak, lagunartekoak edo bikotekoak, guztiek antzeko ezaugarriak izan ohi dituzte ondo funtzionatzen dutenean. Harreman osasuntsu guzti-guztien oinarria hauxe da: bi aldeek beren emozioak eta kezkak lasai adieraztea, elkar entzutea eta akonpainatzea. Eta harremanak oinarri horren gainean eraikitzen badira, ziur norberaren nahiz ondokoaren beldurren tamaina pixka bat txikiago bilakatuko dela.

Eta behin min hartu duenak ez du zertan berriz min hartu beharrik. Harreman guztiak ez bezala, pertsona guztiak ere ez baitira berdinak.