Kaixomaitia.eus
Zer da maitasuna? Galdera potoloa da hori erantzun labur bat emateko. Norberak bere azalean, gorputzean, sentitu ohi du maitasuna, norbaitekiko desira, harekin egoteko gogoa, harekiko lotura emozionala. Baina maitasun mota asko daude: lagunartekoa, familiartekoa, etxean ditugun animaliekikoa… Eta horiekin batera, baita bikotekidearekiko maitasuna ere. Eta hori zer den azaltzea ere ez da gauza erraza, denek ez baitute berdin ulertzen bikotekidearekiko maitasuna.
Dena den, denak ados egongo dira maitasuna sentimendu polita dela esaterakoan. Maitasuna sentipen ahaltsua da, adimenari eta gorputzari poz izugarria eman diezaiokeena. Emozio handiak eragin ditzake maitasunak, zalantzarik gabe. Eta zer esanik ez sexuak; maitasunaren eskutik joan ohi den praktika izan ohi da hori sarri-askotan.
Hala ere, jende gehienak bereizi egiten ditu maitasuna eta sexua. Kaixomaitiak harreman afektiboez egindako azterketan, honako hau zen galderetako bat: “Zure ustez, sexua praktika al daiteke maitasunik gabe?”. Eta jende gehienak baiezko erantzuna eman zuen. Bikotekiderik ez dagoen bitartean, askok esploratu ohi dute sexualitatea pertsona batekin baino gehiagorekin, baina bikote harreman bat hasitakoan, gehienek bikotekidearekin soilik izan ohi dituzte sexu harremanak; bai behintzat, modu ofizialean –izan ere, inkestan parte hartutako guztien %68k aitortu dute bikotetik kanpoko pertsonekin harremanak izan dituztela noizbait, bikotekidearekin adostu gabe–. Beraz, esklusibotasunaren arau horrek argi erakusten du harreman gehienetan maitasuna eta sexua nahastu egin nahi izaten direla. Dena den, hori ez da horrela harreman irekietan.
Harreman irekien kasuan, sexua eta maitasuna bereiztearen alde egiten dute bikoteko kideek. Hori horrela, enkontru erotikoak ez dituzte pertsona bakar batera mugatzen. Haien ustez, pertsona askorekin esperimenta daiteke desira fisikoa, sexua, pertsona horietako bakoitzarekin harreman sentimentala izateko beharrik gabe. Gorputzaren sentipenak eta buruarenak, emozionalak, aparte joan daitezkeela sinesten dute; hau da, sexua praktika daiteke pertsona batekin bikote harreman bat izan gabe, harekin lotura emozionalik izan gabe.
Gizaki ez monogamoek ulertzen dute sentimendu emozional edo fisiko handiak izan ditzaketela besteekiko, haiekin bikote harremanik izan gabe. Hori horrela, harreman irekiak dituztenak bikotetik kanpoko kideekin gehiago zentratzen dira bizipen sexualetan, emozionaletan baino. Lotura emozionala eta fisikoa ez dira gauza bera, beraz, monogamia praktikatzen ez dutenentzat.
Monogamo ez diren askok sentitzen dute maitasunak ez duela mugarik. Bikotekidea izanagatik ere, argi dute beti sentituko dutela beste pertsona batzuekiko erakarpena eta desioa. Hala ere, ikuspegi horrek ez du zertan baztertu behar bikotekidearekiko lotura emozionala edo fisikoa.
Kaixomaitiak egindako inkestaren arabera, elkarrekin hitz egin ondoren, bikotekideak beste norbaitekin harreman sexualak izatea onartuko luketenak %48 dira, baina nahi hori erreprimitu egiten da sarritan. Izan ere, galdetegi berak jasotzen duenez, %16k soilik izan ditu harreman irekiak. Datu horiek erakusten dutenez, kasu askotan ez datoz bat desira eta errealitatea.
Hona hemen monogamiaren araua zalantzan jartzen duen datu bat: galdetegian parte hartu zuten gehienek –%87– onartzen dute bikote harremanetik kanpoko norbaitek bereziki erakarri izan dituela. Baina zer egiten du norberak desira horrekin? Nola kudeatzen dira nahi horiek? Galdera horri erantzuten saiatzea norberaren egitekoa da.
Adituek diotenez, azken hamar urteotan nabarmena da harreman irekiak esperimentatzeko gogoak gora egin duela gizartean. Horixe da joera.
Erreferentzia: https://www.bbc.com/mundo/noticias-62471280
Photo by Michael Fenton on Unsplash