Kaixomaitia.eus
Ba al duzu bikotekiderik? Eta ez baduzu, nahiko al zenuke etorkizunean izaterik? Lehen galderari baietz erantzuten diote euskal herritarren hiru laurdenek, eta bikotekiderik ez dutenen artean ere, beste hiru laurdenek baiezkoa erantzuten diote bigarren galderari. Beraz, argi dago: bikotekidea izatea zoriontasuna lortzeko gakoetako bat dela uste dute gizarteko kide gehienek. Askok oraindik uste dute pertsona osoak izateko beste pertsona bat behar dutela ondoan. Harreman afektiboen kontuetan pixkanaka gauzak aldatzen ari diren arren, laranja erdiaren ideiak bizirik jarraitzen du oraindik ere gizartean. Hala baieztatzen dute adituek: dirudienez, geure burua errealizatuta sentitzeko edo bizitza konpletoa izateko, bikote harremanaren eredua gailendu da beste guztiaren gainetik.
Adin batera iristean, lagunartean edo familia bazkarietan, ohikoa izan ohi da aspaldi ikusi gabeko jendeari galderak egitea: “Zer moduz lanean? Leku berean jarraitzen al duzu? Zer etxebizitzatan bizi zara? Etxebizitza propiorik erosi al duzu?”. Norbere arrakasta neurtzeko gakotzat hartzen dira lana eta etxebizitza, besteak beste. Horrez gain, ustez bikotekiderik ez dutenei beste galdera bat ere egin ohi zaie: “Aurkitu al duzu bikotekiderik?”. Eta erantzuna ezezkoa bada: “Nolatan ez duzu ba aurkitu, hain ederra eta jatorra izanda?”. Bikotekiderik ez baldin baduzu, badirudi badagoela bizitza honetan lortu ez duzun zerbait eta horrek zoriontasuna lortzea galarazten dizula. Badirudi porrota dela bikotekiderik ez izatea eta ezinezkoa dela autoerrealizatuta sentitzea bikotekiderik gabe.
Jende askoren iritziz, gauzarik normalena da pertsona batek, 30 urteren bueltara iristen denean, bikotekidea izatea. Eta hori horrela ez den kasuetan, sekulako presioa sentitu ohi dute askok. Batek baino gehiagok uste dute besteek modu negatiboan epaituko dituztela bikotekiderik ez badute, eta bikotekiderik ez dutenengan sekulako sufrimendua eragin dezake horrek. Presio horrek ondorio arriskutsuak izan ditzake bikotekidea aurkitzeko zailtasunak dituztenentzat edota aurkitzerik nahi ez dutenentzat. Bikotekidea izatea ez baita mundu honetan bizitzeko derrigorrez bete beharreko baldintza.
Bikotekiderik ez duten askok, presio horren eraginez, saihestu egiten dute besteekin konexio sozialak bilatzea, eta askotan, beren bakardadea ezkutatzen dute, epaituak izan ez daitezen. Presio horren ondorioz, gainera, harreman osasuntsuak ez dituzten askori zaila egiten zaie beren bikote harremanari amaiera jartzea. Tristea da, baina batzuek nahiago dute bikotekidearekin jarraitu, pozik ez dauden arren, gizartearen presio horri aurre egitea baino. Beldurrak kalte handiak eragiten ditu, mundu honetan behin baino gehiagotan ikusi dugunez.
Presio hori, gainera, are larriagoa izan ohi da LGTBI+ kolektiboko kideen artean. Pixkanaka aurrerapausoak ematen ari diren arren, gizartean oraindik ere bikote harreman eredu bat gailentzen da: emakume baten eta gizon baten artean ematen den pasiozko maitasuna eta familia nuklear bat osatzera bideratuta dagoena. Baina zer gertatzen da eredu horretatik kanpo kokatzen direnekin? Korrontearen aurka igeri egin behar dutela, eta horrek sekulako energia eta esfortzu gastua eragiten dizkiela. Horrela, zaila bilakatzen da norbere buruarekin lasai eta indartsu sentitzea.
Gizartean laranja erdiaren ideia hori nagusi den arren, ez dago guztiontzat balio duen aukera bakar bat. Eta garrantzitsua da ohartzea ez dela sekula gu osatuko gaituen laranja erdirik agertuko, ez printze urdinik, ez arrosarik. Norbera laranja osoa da, bat eta bakarra, eta hori ulertzen eta barneratzen dugunean, ziur asko hobeto maitatuko ditugu ondokoak, beste laranja guztiak.
Anitzak gara, betidanik izan da hori horrela eta izango da etorkizunean ere, eta gizarteak aniztasun hori aitortzen duenean, askoz askeago biziko gara.