Enegan pentsatzen ez duenarengan pentsatzea zen ene bizitza. Ene ametsetan edo pentsamenduetan preso hartu nuen, ene gustuko pertsona zelako, eta nahi gabe ene barneraino sartu zen. Ene mundua eraiki nuen, eta ongi antolatu nuen gustuko dudan pertsona hori bertatik atera ez zedin, eta lortu nuela uste dut. Begiak itxi eta hasi nintzen ametsetan…
Bazen behin mutil bat zuhaitz baten azpian itzalaren freskotasunaz gozatzen. Udagoienean aurkitzen ginen, eta bero sapa jasanezina zegoen inguruan. Nik bera ukitzen zuten zuhaitz-hosto eta loreak ikusten nituen, izerdi itsaskorra gorputz guztian sentitzen nuelarik. Lurreko belar berdeak uda usaina zuen, gainean erdi etzanda mutil liraina zetzan, eta zeru zoragarri bat irudikatzen nuen gure buruen gainean. Ene bihotz-taupadak bere izena abesten zuten: MAITASUNA!
Ene begien aurrean eguzkia zurrupatu nuen, eta nigandik kanpo zegoen ene ametsa pazientziaz itxaroten, mutil hura alegia, eni so. Ipuin zaharren eztiaren gustu gozoa sentitu nahi nuen bere ondoan bera grinatsu musukatuz, erreka garbietatik abesti murmuriatsuak ametsaren barnera sartzeko gonbidatzen ninduen bitartean. Bera ene bizitzan inoiz margotu nuen koadrorik ederrena zen, eta ene gogoak koadroan barneratzeko eskatzen zidan.
Orduan, nik gora, zeru urdinera begiratuz batera begiak itxi nituen, eguzki-izpi beroen laguntzarekin hodei zuriak margotu nituen, txori eder bat bainintzen hegan joateko berarenganaino, luma ederrenaren bila banenbil bezala, arnasaldi batez, sentimenduz bete nintzen, eta bat-batean, ene ezpainek eta bere ezpainek milimetro batera zeuden, ene ezpain grinatsuak maitasunez loratuz joan ziren bere hats goxoaren indarrez.
Egunsentiko ihintzaz beterik zegoen oraindik belardia, eta ene gona motza behetik busti egin zen, eta bere irudia soilik ikusten nuen eguzkipean, distira egiten zuen zilarra bailitzan. Ez zidan deus ere erraiten, ezta nik berari fitsik ere erraiten, baina gure ezpain erdi irekien arteko distantzia ezerezean gelditu zen; gure ezpainek pasioz beterik talka egin zuten, eta soilik bere listua sentitzen nuen. Ene gona laburra gero eta gehiago ari zela bustitzen sentitzen nuen, bere gorputza ene soinarekin bat eginik zegoen, eta momentu batez amets bakar batean bildu ginen bi arima errari ginela uste izan nuen. Ezpainak ez ziren banantzen, eta arropak traba egiten zigula sentitzen genuen soilik. Eguzkiak gogor jotzen zuen, eta gure grinek arropa guztia eranzten zizkigun pixkanaka. Erabat biluzik ginen arte!
Berak bere eskuez ene bular guriak leunkiro laztantzen zizkidan, eta ni erabat bustirik nengoen. Enegan zegoen belarraren goizeko ihintza guztia, eta bat-batean ene barnean zerbait sartzen zela sumatu nuen. Bera ere bustirik zegoen, izerdiaren eta ihintzaren arteko nahasketa bat zuen, eta orduan konturatu nintzen zer zebilen jostari ene barnean. Nik plazer handia sentitzen nuen, eta bera oso ernegatua zegoen.
Halako batean ordura arte itxiak nituen begiak ireki nituen, eta dena gelditu zen. Ez zegoen bera ene aitzinean eta ene ametsetik esnatuz bezala nindoala ohartu nintzen. Ene ingurura begiratu eta ez zegoen inor, baina lurreko paisai zoragarri naturala eta bero sapa zegoela ikusi nuen. Baina bera ez zegoen. Ene gorputza begiratu eta espantuz edo harriduraz biluzik nengoela ohartu nintzen.
Arropak belardi izerditsuan sakabanaturik zeuden, eta metro batzuk beherago, erreka ur garbietatik zetorrela ikusi nuen, baina nora joan zen ene ametsetako mutila? Izerdituta eta bustirik nengoen, eta ene gorputz biluzia altxa eta erreka aldera abiatu nintzen. Hurbildu nintzenean, ene gorputza errekan islaturik ikusi nuen, eta bertan sartzea erabaki nuen pixka bat freskatzeko asmoz. Ura hotz zegoen, baina ni bero nintzen, eta erreka hark ur gutxi zeraman arren, bertan etzan nintzen ekiari so berriz ere begiak itxiz.
Orduan, ene ondoan norbait etzaten zela sumatu nuen, eta ene eskua hartu zidan deus ere erran gabe gure zentzumen erneek dena adierazten baitzuten. Deus ere erran gabe, gure arteko maitasunaz ohartu ginen, eta deus ere erran gabe begi itxiekin segitu nuen erreka garbi hartan berarekin bakarrik, hitz bakar baten konpainiarik gabe.
Eguzki berotan elkarren ondoan begiak itxirik egon ginen luze, ez dakit nik zenbat denbora eguzkipean, errekan sarturik, eta begiak itxirik ilargi betea zegoela irudikatu nuen, eta gogoratu bazela garai bat ez nintzela udan ateratzen, ezta lo egiten ere. Gaua aulki batean eserita ematen nuen, leihoa ireki eta haizerik sumatu gabe, ilargia aurrez aurre ikusten nuen. Ilargi betea zegoelarik gertatzen zitzaidan hori. Ilargiaren argitasunak logela argitzen zuen, eta ilargi betearen inguruan ez zegoen izarrik. Argitasun hark ez zidan lo egiten uzten, baina inspiraziorako nituen udako gau berezi haiek: eserita igarotzen nuen neure pentsamenduetan murgildurik, ilargiaren dirdira begietan.
Ene begi beltz itxi txikiek gehienetan maitasun istorio platonikoak irudikatzen zituen: halako gau batean, herrialde ezezagun bateko printze baten besotik ikusten nuen neure burua, zuriz jantzirik eta mendi tontor baten gainean. Ilargirik ez zegoen, eguzki ederra besterik ez, eta goxo laztantzen ninduen burua. Aldamenekoaren begiek dirdira egiten zuten pozaren pozez, zorionez gainezka eta bat-batean ene ametsetako printzeak maitasun-hitzak xuxurlatu zizkidan ene belarri txikietara. Olerki bat atera zitzaion neska ameslari honen aho txiki eta ezpain gorridunetatik. Oso urduri nengoen, eta gorri-gorri jarri zitzaizkidan ene masail biribilak. Printzeak musukatu behar ninduelarik, ahots bat oihuka entzun nuen, aldamenean nuen mutilarengandik:
– Ez! Nik maite zaitut, ez berak! Berak ez du egiarik erraiten!
Ene begietako dirdira bat-batean aldatu zen, eta iluntasunera joan nintzen. Printzea desagertu zen. Oraingoan ilargiaren argia faltan nuen, eta itsua banintz bezala, ez nuen deus ikusten. Jasanezina egiten zitzaidan ilargia ikusi ezin nuelako, eta ez nekien zer egin.
Begiak ireki nituen bat-batean, eta ez nengoen erreka sarturik, eguzki berotan, ene ametsetako mutilaren ondoan. Ene logelan nengoen errealitate bakarti gordinean sarturik, eta ustez aulki batean eserita. Ohera sartu nahi nuen, baina ez nuen deus ere ikusten. Ozta-ozta itxi nuen leihoa, eta itsu baten modura, poliki-poliki ohe barnean sartu nintzen. Berriro ere ilargia leihoan agertu zitzaidan, eta kristalak ez zion argitasunari sartzen uzten, eta berriro ere jaiki behar izan nuen. Leihoa ireki eta oraingoan ez nintzen aulkian eseri, ohean baizik; ohean etzan eta ongi estalita, ilargiak aurpegia bakarrik argitzen zidan: argitasuna hain zen handia, ezen begiek dirdira egin eta itxi zitzaizkidala. Ez nuen deus ere sentitzen, lasaitasuna bakarrik nuen gorputzean, eta errealitateko nahiz gizarteko tentsio guztiak uxatuak izan ziren… bakea bakarrik zegoen ene barnean, eta beste amets batzuekin hasi nintzen berriro.
Begiak itxirik ametsetan, maitasuna delako amestu daitekeen gauza bakarra. Ametsetan dena posible delako, baita maitasuna ere.