Maiteminduta maitatuz

Bere begi marroi ilunetan gal nintekeen egunero. Eta hor zegoen berriz, horren seguru, horren irribarretsu baina beheko ezpainak dar-dar egiten ziolarik…

Gelako mesanotxea arakatu ostean erdi ezkutuan aurkitutako lentzeriazko bularretako eta tanga beltza nituen soinean. Kolore serio eta aldi berean ausarta, edo hori diote adituek dentistako itxarongelan egoten diren moda aldizkarietan.

Ametsetan milaka aldiz irudikatutako unean nengoen. Entseiatuta nuen egin nahi nuen guzti- guztia. Lehenik ispilu aurrera eraman, arropak kentzen nituelarik berak bion irudia bat egiten ikus zezan… nire gorputza ispiluko isladan desia zezan, aurrean zuena benetan gertatzen ari zenaren froga bezala har zezan, nondik heldu jakin gabe gorputz osotik ibiltzeko giltza ematen ari nintzela somatzen zuen arte. Baina aldi berean, bere esku leunak nire azala estutu zezaketen ala ez duda zezan nahi nuen. Gidari sentitu baina kopilotu izatearen antzera. Horrenbestetan zirriborrotutako ideien parte zen, ondo ikasia nuen krokisa, gure gizarte honetan gutxien sentitzen duenak irabazten baitu, edo, behintzat, hala erakusten duenak.

Konketan eserita, lepoa artez eta bere aurpegia nire bularren parera. Begiek ihes eta ezpainekin bularren ertz ingurua musukatu ondoren ez nion titi-puntan hozka egiten utzi. Oraingo honetan ni neu nintzen ahalduna, nik neraman iparra bera hau galtzen zebilen bitartean. Ez nintzen itsutuko. Oraingoan ez.

Bat eta berrogeita hamar zentimetrotara murriztu nuen gure eszenatokia, gure habia. Ilun zegoen, baina ez guztiz, oraindik ikusi behar ninduen, ez irudikatu. Handi sentitzen nintzen, oso. Bularretakoa ondo estuturik, gorputzeko kurbak edertasun kanonetara heltzeko ahalegin derrigortura bultzatuz eta ileko metxoirik ederrena bularrartean galtzen zitzaidan. Hura alde batera eramateko inertzia sentituko al zuen hark? Ez dakit, ez zuen egin. Ez zen ausartu.

Poliki-poliki bera ere arropa galtzen joan zen. Eskuak korapilatu zitzaizkidan prakak askatzeko unean. Ezin zitekeen. Milaka aldiz simulatu nuen momentua eta ia buruz nekizkien mugimendu guztiak. Goian nengoelako izango zen. Gela hartako iluntasuna baino ilunagoak ziren bi begi txiki niri begira nituen. Txikiak izateak, ni hobeto irudikatzeko ahalmena ematen ziela pentsarazten zidan. Nire irudia txiki ikusi beharrean zoom antzeko teknika batez azaleko akats ñimiño guztiak argitara eramanez. Auskalo. Ez gara horretaz mintzatu.

Hatzak galtzetako oihal ligorra barik, maitasunez mimatutako gainazal leuna somatu zuten bat-batean. Urduritasunen blokeoan nintzela eskuek lanean jarraitu zuten nonbait. Prakak jaitsiak ziren. Orain bai, bion azalen artean gero eta marruskadura nabarmenagoa zegoen, gero eta gogorrago igurtzen baikinen, alkarri estuago, gertuago ezin izan arren. Lepotik musuka eman nion hasiera nire ibilbideari, bertan igarri nituen lehenengoz bere bihotz taupadak, bizkortzen, hori gustuko nuen, ondo nindoan, ni nintzen agintari, lehoi, tigresa. Belarri ondorantz igo nintzen, bertan nahita sakon arnastuz, hortzekin koxk txiki bat egiteko asmoz, txikia bai, baina iraunkorra. Horren ordez ahots ahul-ito bat atera zitzaidan: aurre hartu eta ipurdia gogor estutu zidan. Horren gogor non dagoeneko bularrak aske uzteko ahaleginetan zebilela ere, oraindik bere hatz handi perfektuak ipurdian somatzen nituen. Lau esku izango balitu lez, bi ipurmasailetako bakoitzean eta beste biak lepoa arakatzen. So, egin nion. Oraindik ez.

Belarrira xuxurlatu nahi nion, zeinen polita zen, zeinen ongi geratzen zen gure azalen arteko konbinazioa, momentu hura eternitate bihur zedin nahi nuela, bizirik sentitzen nintzela, bere ahoak nire gorputzeko azalera guztia esplora zezan amesten nuela… Oso-osorik jan nahi nuela xuxurlatu nion, ordea.

Ezpainetan eman nion musu. Gogotsu. Berak jarrai. Mingainek bat egin zuten. Elkarrekin dantzan zebiltzan bi sugar ziruditen. Biak bero loturik, baina bakoitza bere musikaren erritmora hazten, eta, nola ez, batak bestea itzali gabe. “Zirrara” bezela definituko luke edonork azal barnean sentitzen nuen korapiloa, nik, maitasuna. Justu zilbor parean hazten zen, hortik, gorantz, dardara gidari zuela, eta beroa, batez ere beroa. Ahoraino soma nezakeen, eta nahikoa aztoratu ondoren, beherantz jaisten zen, hanka tarterantz.

Ohartu baino lehen tanga galdua nuen. Begiak itxi. Gustura nengoen. Hanka tarteek igurtzen jarraitzen zuten, izerdia zen protagonista zonalde hartan, edo bazen beste zerbait? Ona zen jolasean, edo, on egiten genuen jolasa. Azazkalekin lepoa gogor igurtzi nion, berak bularrak heltzen zizkidan kemen berdinarekin. Berak eskuak nire melenan galdurik, nik bere lepotik heldurik eta banpiroak lez, noizbehinka hozkada txikiak pausatuz.

Berriz musu, beheko ezpainean koxk, eta berriz igurtziak, eta beroa, arnasestua, garrasiak… Buruz ikasitako gidoian nondik nindoan guztiz galduta. Gorputzak etengabe leku-aldatzen. Behean nintzen, baina oraingoan, azpian sentitu gabe. Begiekin komunikatu ginen, eta honela jakin nuen ondo zegoela, nengoela, geundela. Ez ginen simulazio batetara etorri, hura bizitza erreala zen. Pikutara hipotesiak.

Atmosfera eraldatua zen, ez genuen armairuko ispilura begiratzerik behar dena lurrunez beteta zegoela jakiteko. Iluntasunaren bakardadeari garrasi ito-txikiak egin zitzaizkion lagun. Nik belarri ondora egiten nizkion, banekien gustuko zuela, edo behintzat, hala salatu zuen bere pultsuak. Ohea deseginda zegoen, zeharo.

Bazen denbora jada, larrutan egitean, lortzeko ezinezkoak zitzaizkidan edertasun kanonak zetozkidala burura: perfektuki depilatutako hankak, granorik gabeko bi ipurmasail handiak, menditxorik gabeko tripa, aurpegiko azal leuna, bular puztuak… Orgasmoa zer zen ere ahaztuta nuen jada, baita berdin zuela nire kidea jo ta ke egoteak nik ez banuen nire fantasia sexuala burutzeko adina kontzentrazio batzen, hau da, askatasun, lasaitasun, maitasun.

Berarekin ez zen berdina. Aurpegitik ileak kendu, estu-estu heldu eta arnasa hartzea zailtasun bihurtzen hasten zen une hartan: “maite zaitut” xuxurlatu zidan. Ideiak ordenatzeko nire egin nuen milisegundoa igaro ostean: “nik ere maite zaitut” nik, urduri, baina pozik eta birikiak inoiz baino puztuago.

Behingoz bularretakoa kentzen ausartu nintzen, nire kabuz biluz-biluzik jartzen, eranzten nuen kapa bakoitzeko ausardiaren beste bat jantziz. Iluntasunak laguntzen zuen, ez diot ezetz. Baina gure pupilak nahiko handituak zeuden jada, banekien eguzki argitan bezala ikusten ninduela, baita nik bera ere.

Munduko neskarik desiratuena sentitzera arte laztandu ninduen. Igurtzi ninduen, mimatu nire klitorisa, titiak, orgasmoarekin lagun egitera nindoan… Eta hor zegoen berriz, horren seguru, horren irribarretsu baina beheko ezpainak dar-dar egiten ziolarik… berriz galdu nuen.

Joana zen Lide. Gotzon nuen ondoan lo, oraingo hau simulazioa izatea desiratu nuen, iratzargailuaren soinu gordinak ezetz erantzun zidan, ordea.

“Egun on” esatearekin batera eta bere beso gihartsuek goxotasunez laztan egiten zidatela:

-Maite zaitut, maitia. -gehitu zuen Gotzonek, eguna ondo hasteko esaldi “magiko” gisa, edo beharbada, egunari aurre egiteko maitasun pixka bat batzeko asmoz. Edo, horrenbeste urtez ondoan egotearen konpromisoak eramandako errutinari erantzunez.

-Eta nik.-esan nion, ezpainek dar-dar egin gabe eta gelako puntu hilera irmo begiratuz.

Kattalin Urrengoetxea Uribarri