Iratzargailuak soberan daude Borda baserrian, oilarrak ireki du eztarria indartsu etxekoen lo orduak amaitu direla argi uzteko.
Maiatzeko lehen egun hauetan geroz eta goizago jotzen du, argi orduen luzatzearen adierazgarri, instant batean mugimendua da agintari etxeko helduen artean, gazteenak aldiz izara artean bilduta daude, ametsen munduan.
Aitonak zazpi behi frisiar ditu jeizteko banan bana, goizeko ihintzetan moztu eta ekarri berria duen belarra bazkatzeko eman ondoren. Bitartean, amonak txerrikumeak dituen zerramari bezperan sobratutako jaki organikoak ematen dizkio elikatzeko, eskertu dio kurrin-kurrin eginez eta eskertuko diote kumeek tititik tira egin ta esne goxoa irenstean. Ez dauka amonak ahazteko lasto gainean etzanda dagoen zerri-apo handia, honek emandako guztia barneratzen du, ezeri muzin egin gabe.
Gisa berean, semea eta adopzio-alaba oilategia gobernatzen dabiltza, arto eta garagar xehetua jateko emanez, arrautz errun berriak otarrean sartzen dituzte kontu handiz, etxekoen mantenurako ezinbestekoak.
Erraina bi katurekin dator, goiko belardian izan da etxeko behor nagusiari erditzen laguntzetik, moxal bikaina jaio izanaren testigu izan da. Badaki gosari ordua heldu dela baina aurretik, bezperan amaitu gabe utzitako baratzeko lanei (arto jorrari) heltzea erabaki du. Bertatik usaintzen ditu baserriko sukaldetik irtetzen diren aroma nahasketen usain goxoak, bertan, txerri lanak amaitu ondoren, jo eta su amona Graxiana gosaria prestatzen ari da.
Maitasuna arnasten da, iratzartuta dauden bost etxeko helduentzat eta lotan jarraitzen duten bi gazteenentzat, bere gorputz altu bezain zabalarekin alderik alde betetzen duen sukaldeko leihotik oihu ikaragarri bat botatzen du Graxianak, gosaltzera igotzeko esanez.
Gazteak jeiki dira beraien gaueko ametsak bukatu gabe eta helduak, etxeko beste „kideei? jateko eman ondoren beraien sabelak berdintzera doaz, ahaztu gabe, aitonak daraman sentsazio sentsorial ultra sarkorra, behi errapeetan erabilitako eskuen baitan. Sentituz, animali formadun eta pertsona forma duten izakien begirada gurutzatuen txinpart piztaileak, dastatuz erditze bat lagundu izanak eragindako sufrimendu gehi plazerra, besarkatuz susa dagoen behiaren egonezin erreproduktiboa eta gozatuz aitzur kolpea joz lurrak ematen duen esker oneko bibrazio eraldatzailea.
Modu tradizionalean funtzionatzen duen Donostialdeko baserri honek, agortzear den baserri eredu baten berri ematen du, zazpi ahaideek mahai ingurua osatu dute, amonak ez du tarte handirik eserita egoteko, etxekoei arretatsu behar dutena ematen baitabil. 6 urte izan arren, bildutakoen artean gazteenak galdetzen dio:
- „amona, zergatik ez duzu besteekin batera gosaltzen eserita?? Bapateko erantzuna jasotzen du amonaren aldetik,
- „zuek jan ahal izateko norbaitek egin behar duelako?
Ba biloba ez dago ahoari itxita eusteko prest eta erantzuten dio,
– „aitonak ezin al du egin? eta denon artean egiten badugu??
Ez dago erantzunik, denak ixilik gelditu dira belaunaldiz belaunaldi igaro den entzun eta hitzegin gabeko lege baten muinean sartu delako. Beste gazteak 18 urterekin isiltasuna apurtzen du, nahiz eta amonak gogokoen horixe izan gosaltzeko momentuan
– „Zergatik jaten dugu etxean egindako txorizoa eta txingarra?? „eta etxeko arrautzak?? „eta patatak zergatik etxeko soroetan sortuak??
Aitak erantzuten dio,
- „Baserri honetan beti horrela izan da?
- „Baina…supermerkatuan erostea erosoagoa da? dio gazteak. Ahotsaren tonua igota aitak botatzen dio,
- „Ni bizi naizen bitartean baserri honetan ez da elikagai biologikoen izenean datorren jaki industrialik sartuko itsasoaren harainditik ekarriak, dena etxeko baliabideekin etxean egina, lurretik sortua eta etxekoentzat izango da?
Sukaldera adostasuna iritsi izan balitz bezela isiltasuna gailendua da gazteen ezezko keinuekin. Abiada batean amona zutik jarrita eta hitz jario betean hasten da
- „Eguneroko ogia izaten da sukalde honetan bizikidetzako diferentziak, landa eremu eta kalearen arteko ikuspuntu ezberdinak, ahaidekeriak, etxeko kideen arteko ustezko bortxaketen inguruko tirabirak baina hala ere familia osatzen dugun heinean, ezberdinari errespetua eskatzen dizuet, maitasuna eskeintzea besteei eta zuen buruak gehiago maitatzea, orduan irtengo baita benetako edertasuna?.
Aitonak mozten dio amonari eta…
- „Nahikoa da!?- esaten du.
- „Orduan jolastera noa?- erantzuten dio amonak.
Ahaide guztiek harridura-aurpegiarekin batera galdetzen dute
- „Zein jolas??
Sukaldetik irten eta beherantz doa Graxiana eskaileretan, mutu baina pentsamenduen mundua bor-borka du, desioz gainezka, ziklogenesis leherkorra amets.
Jendarteak ezarritako inposizioetatik at, ez dago prest besteen bizitza bizitzeko berea arruinatuz, tristuraren industriak sortutako produktuetatik ihes, zorionaren lobbyetatik urrun, bere ohiko jolastoki erotikora joango dela garbi du, orgasmo azkarren sustatzaileen jostailu xurgagailurik ez du hartu, nahiz ganbaran izan. Ez daki nola egingo duen gaurko saioa. Pelikula pornorik grabatzeko asmorik ez du, imaginazioari bide eman nahi dio, autoerotismoan sakondu eta gorputz-arimei plazer, agian gereziz hornitutako itsaso batean sartuta? Txokolatez gainezkatutako ingurune afrodisiako batean? Bakarrik edo lagunduta? Aktiboki edo pasiboki? Nola?
Ikuiluan barneratzen da pauso bizkorrean, bertako behiek sentitu dute ohikotasunetik kanpoko dardara, nora doan ez dakite baino amonak bai, argitu zaizkio ideiak, bakarrik eta daukanarekin egin nahi du, berak berarekin alegia, urduritu ditu etxeko aziendak, siestan txiskur dagoen katua altxarazi du belar onduaren gainetik, ezinegon nabarmena du bere baitan Graxianak, bertan da katarsia, urrun gelditzen ari zaio jolastokia beroaldian, ahuntzei akerrak gelditzen zaizkien bezala auzkara garaian. Inork ez dio esan bidea lineala eta xamurra izango denik, berak badaki. Irten da ikuilutik, pasatu ditu baserri ertzean gordeta dauden laia, aitzur eta segak, iritsi da etxekoek ezagutzen ez duten baina ikus dezaketen jolastokira.
Borda baserriaren eta bi baratzeen artean kokatua, belar berdez osatutako lur azal soil bat, mika, txepetx eta kaxkabeltxen kantuez hornitua, udaberriaren energiaz osatua, Graxianak garbi du zer jantzi eta noiz erantzi, inork ez du berarengatik erabakitzen, belarri ertzeko xuxurlek ez dute lausengatzen, zeru ertzari begira dago, ahoz beherako etzanean, gozamen hurbilari lotua, etengabeko Erosean.
Esku zimurtuekin gerri atzeko botoia askatzen du gona lurreratuz, artilezko tokila ezkerrez baratzeko urazen gainera jaurtitzen du gogoz, buru- zapiko korapiloa askatzen du, gazteago zen garaiko eszena pikanteak etortzen zaizkio oroimenera, etorri bezela joaten uzten dio, momentua bizi nahi du, lur heze biguinaren gainean etzan da, erdi jantzi eta erdi erantzita, eskuin-ezker bueltaka hasten da alde batera eta bestera, bi eskuekin gorputz osoa zeharkatzen du abiadura bizian, belar eta lurrez nahastutako gorputzdun arima estaliz, bihotz taupaden erritmoak ez du mugarik, odola ez zaio zainetan kabitzen. Listuaz bustitzen du eskuin hatz lodia, belarri atzerantz eramanez goxo-goxo, lepotik barna eramaten du beste belarrirantz, jeisten ditu bi eskuak hanketako hatzetara, bertan dabil jira eta bira, banan bana laztanduz, aho barrura sartu nahi ditu, ez da iristen orain urte batzuk bezela, halere berdin zaio, onartzen du egoera aurrera jarraitzeko, iztar masail lerdenei astindu ederra ematen dio, leun eta gozo, gerri aldeko bihurguneak ditu zinez atsegin, ez zaio axola kiloak soberan dituela esaten dienen esana, bera da, ez horrela eta ez bestela, gozamen bidea du helburu, bere bizi esperientzian txertatua ez besteen teoriak zipriztindua, hortan dabil katean dagoen txakurrak zaunka egiten duen arte, ez da ohikoa, Bixkorrek kanpokoei soilik egiten die zaunka! Zein ote dator?
Bi arima datoz, hiriburuko jende saldotik ihes, txakur bat sokaz lotuta dakar neska gazte marseillar batek, paseatzen dabil, Donostiako hizkuntza eskolan euskera klaseak emateari tarte bat utzi eta aire garbia arnastera atera da. Txakurrak Bixkorrekin gelditu nahi du, kariño kontrabandorako, elkar begiratzen hasi dira eta askorako eman dezake, mingain bustiak mingain bustiekin bat egin dute, “zergatik ukatu txakurrei unea elkar gozatzen?” pentsatu du Yasmine izena duen marseillar euskaradunak, ikuiluko atetik “sei eta erdietan dagoen” baserriko aitonak esaten dio, brageta irekiz:
- „Utzi lasai!?
Bertan bi txakurrak utzi eta baserrian ataritik pasatuz aurrerantz doa, arropa garbigailurik ez zen garaietatik mantendutako gobarridun garbilekutik pasatzen da, bi pauso aurrerago ikusten du emakume heldu bat aire librean jolas erotizatzailean eta gaztetxo bat leihotik jolasari begira, bapatean sartzen da barrura gaztea lotsatuta, Graxianak arreta dispertsatua du, eskuak blusa azpitik sartuta bular zorro artean dituela Yasminen begiradarekin topo egiten du, ez daki nola erreakzionatu, bihotza bitan banatua du, burua milaka zatitan, jarraitzearen eta gelditzearen arteko dilema sortu zaio.
Marseillar gazteak ezin du sinestu ikusten ari dena, amonak argitu ditu zalantzaren mamuak bere intuizioa lagun, jarraitzen du aurrera, ez dago prest bizitza bizitzeari uzteko, gutxiago bere buruaren jabe izan gabe askatasuna ukatzeko, pentsatuz “nahi badu batuko da jolasera bestela nahi duena egin dezala”. Yasminen pausoak hiltzatu dira lurrari batuz, pentsakor eta zalantzati dago, txakurra Bixkorrekin utzi du sexudun orok duten gozatzeko eskubideaz gozatzen eta berak ere nahi duen ez du garbi, nola esan eta zer egin galderak otutzen zaizkio, imaginatzen du bere burua azenario batekin “tipula zuritzen” edo zergatik ez baratzetik hartu berria den porru batekin “aparra ateratzen”, barneratzen eta kanporatzen, batetik bestera, bati eta besteari, gogorra egiten zaio atzerrian dagoelako eta besteen lurretan, oraindik ez du euskararen herria bere egiten nahiz euskararen hautua egin. Baina “ze axola dio” beste aldetik bururatzen zaio, “ez gara pertsonak, arraza, generoa eta klasearen gainetik?” galdetzen du bere baitan. Motxina igurtziko nioke Graxianari “larrea aurkituz” otutzen zaio, ezpain hezez azpijanean murgildu, nire hankatarte bilotsua berean igurtziz, hatz, eguzki, haize, lur eta belarrarekin bat egin nahiko nuke, izotz zatiekin titi buruak laztanduko nioke nire mingain beroarekin plazer elkar hartuz, jarraitzen du buruari eragiten, neure gorputza ere ez dut ahaztu behar esaten du bere baitan, emozio extasi hau nundik lehertuko zait dio azkenik, eztanda dator, ezin dut gehiago, pauso bat ezkerrera eta Graxianari bere „gozamenaren aparretan? utzi ondoren, paseoarekin jarraitzen du.
Ez dago abuliak jota.
Gorputza kontsumitu gabe sexua praktikatzea gustatuko litzaioke une batean, “gosex dago”, ausardiak huts egin dionean, kontraesenez beteta pauso bakoitza ematen duenean, baina ingurua eta ingurukoak maitatuz. Graxianak ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitzen du bere gorputzeko zirrikitu eta kobazuloak miatzen, egunez egun aldatzen zaizkiolako eta beti aurkitzen du non berritua eta zerekin berritua, bere burua deskubrituz eta ezagutuz uneoro. Gorputzeko poro-zelula guztiak asebete zaizkio, pasioz eta osotasun kosmikoz. Noiz arte? hurrengo saiorako dei baltsamikoa jaso arte.