Mariaren isla biluzia

— Ez begiratu tinko edo itsu geratuko zara — errepikatzen zion bere buruari bere isla begiratzen zuen bakoitzean.

Hamaika urterekin, bularrak hazi zitzaizkionetik, amonak beti esaten zion gaizki zegoela ispiluan biluzik begiratzea. Harrezkero, etxean inor ez zegoenean, Mariak bere gorputzaren forma kristalean marrazten zuen hatzen gorringoarekin, eta gero  ur beroz, hiru aldiz garbitzen zituen begiak, harik eta armiarma gorri batek irisa inguratzen zion arte, eta zain beltzak igotzen ziren bere begi-ninietara. Ez zuen errudun sentitzen zelako egiten, ezta, sotana batean bilduriko izaki goren batek ezarritako penitentzia betetzeko ere. Mariak bere gorputzarekin egiten zuen guztia ohituragatik egiten zuen, ohituraz beti, azken urteetan maitasuna egitea ere ohitura bihurtu zitzaion.

Baina arratsalde hartan egitea zegokion guztitik ihes egin nahi izan zuen, bakunki bueltarik eman gabe egin behar zuen horretatik. Ez zegoen etxean, ezta bakarrik ere. Olatuen aparrak sorbaldak janzten zizkion, eta lurrazaletik zerion kresal-usaina sudurzuloetan sartzen zitzaion. Uraren ibilera beroak gora eta behera egiten zuen bere bular biluzien artean, ahoz gora flotatzen zuen bitartean hankak eta besoak luzatuta zituen, beti mareen konpasean, munduaren orekan. Ibonek bere buruari galdetzen zion ea Maria baino paradisu edo gudu-heroi errealagorik ba ote zen bizitzan, bere alboan ahozabalik Mariaren irudia aztertzen zegoen. Bere azalaren orban bakoitza begiratzen zuen, eta bere azken arnasaraino jarraituko zituen kurbak buruz ikasten saiatzen zen. Mariak begiak ixten zituen. Berari begira zegoela jakinda ere, lasai sentitzen zen, bakean, noizean behin bi gazteen gorpuak ukitzera ausartu eta gero ozeano amaigabearen sakonerantz abiatzen ziren arrainak bezala.

— Ez du jaberik — xuxurlatu zuen Ibonek —. Itsasoa ez da eta ez da inoiz inorena izango, zu bezala, Maria.

Ibonen hitzak melodia lizun bat bezala iragazten ziren, bere ahotsa Mariaren belarrietarako musika zen.

— Zergatik gustatzen zaizu niri begiratzea? — galdetu zuen neskak, Ibonen eskuari helduz, eta haren bularrean pausatuz.

— Ez garelako berdinak. Begira hor daukazun orbana — Mariaren gainean zeukan eskuaren hatz erakusleaz seinalatu zuen —, zure ezpainen gainean, nik ez dut inoiz izango. Ez ditut zure aldakak, ez dut nire bihotza zure bularraren azpian taupadaka sentituko, eta ez dut inoiz izango nire gorputzean seme bat munduratu nahi dudan erabakitzeko gaitasunik. Desberdina zara eta horregatik begiratzen dizut.

Irribarre bat marraztu zen Mariaren ezpainetan. Haren ile gorrixkak gainazalaren azpian kulunkatzen ziren, une batez behintzat haren parte zela uste zuen inozo oro sorgintzeko gai zen bandera baten antzera.

— Nik ez dut inoiz mundua hain gustuko ditudan begi beltz horien bidez ikusiko. Ni Maria naiz, eta ez beste inor, eta zu beti izango zara Ibon — Bere hankak uretan zehar irristatu zituen poliki-poliki, oinetako behatz puntekin harea ukitu arte. Ondoren, Ibonen betile bustiak laztandu zituen, bera oraindik flotatzen ari zen bitartean. Ez gara onak, ez gaiztoak, ez anai-arrebak, ez seme-alabak. Gu gara, besterik ez.

Segundo gutxiren buruan, ilunabarreko argiek ura pastel kolorez tindatu zuten, eta Ibonen larruazala laztu egin zen, Mariaren hatzetako gorringoak bere bularra laztantzen sentitu zituenean. Berak ukitu egiten zuenean, ausarta sentitzen zen, bera bezain benetakoa, eta hori izugarri gustatzen zitzaion. Bere ametsik gozoenetan, elkarrekin belaontzi zuri baten gainean gau bakarrean mundu osoa zeharkatzen zutela amesten zuen, eta beren bizitzako beste egun guztietan beren gorputzak sentitzen zituzten, baina bera ziur zegoen ehun urte bizi bazen ere, ez zituela sekula Mariaren sekretu guztiak deskubrituko. Bere aldamenean igarotzen zuen egun bakoitza inoiz ezagutu ez balu bezala zen; izan ere, Maria iragankorra zen, inoiz ez zuen lortzen berari gogor heltzea, are gehiago, berak  bizkarretik eusten zuen Ibon flotatzen zuen guztietan, eta neskak oin-puntetan ukitzen zuen hondarra.

— Beldurra ematen dit hondoko iluntasunak.

— Lasai, nirekin zaude — zioen Mariak.

Hitz horiek entzutean, Ibon lasaitu egiten zen eta begiak ixten zituen. Mariak konfiantza ematen zion, eta bere ondoan ez zion beldurrik izaten handitasunari, ezta edozein egun azkena izan zitekeela pentsatzeari ere.

— Ez dago ez bizirik ez hilik, Ibon. Arima guztiak hilezkorrak dira, eta nire gorputzak arnasa hartzeari uzten dionean eta bihotza taupadaka hasten ez zaidanean, egun horretan nire arima itsasoaren sakonean murgilduko da eta, ilargi bete bakoitzean, itsaslamia bihurtuko naiz eta hurbileneko portura joango naiz zu bisitatzera.

Mariak edozein fenomeno enpirikori aurre egiten zion, eta Ibonek bere azalpenen erdia zineztzen ez bazuen ere, batzuetan bere magia apur bat sentiaraztea lortzen zuen eta berak umeen errugabetasunarekin edo sorginen lotsagabekeriarekin lotzen zuen zorotasun hori kutsatzen zion.

Olatuak gero eta bizkorragoak ziren eta, bat baino gehiago, Ibonen aurpegira zipriztindu zuen bere aparra, Mariak bere begietan beldurtzen hasia zela ikusi zuenean, besarkatu egin zuen, eta Ibonen besoei lepoa biltzen utzi zien, berak hanketatik heldu eta handik ateratzeko. Ibonek ez zuen pisu handirik eta ur barruan are gutxiago, “Zurekin eta zu bezalako hirurekin ahal dut”, esaten zion beti irribarretsu. Ura orkatilen parera iritsi zitzaionean, Ibon hondar bustira eraman zuen, eta biak biluzik etzan ziren ur ertzean. Ahoz gora, hankak eta besoak luzatuta, begiak itxita. Apirileko arrats hartan ez zen inor hondartzan paseatzen.

Ibonek ezin izan zion eutsi, begiak ireki eta burua eskuinerantz biratu zuen Mariari begiratzeko. Milaka hondar ale ari ziren bere ilea apaintzen, zeruko distiraren eraginez bere ile gorria are biziagoa zirudien. Mariak, hotzak hartuta, beheko ezpainari hozka egin zion, eta honek bere ilearen kolore bera hartu zuen.

Ibonen begirada ausarta lepotik behera jaisten zitzaion, beltxarga batena bezain liraina zen, beti lepoko berarekin apaindua; bihotz turkesa, bere esanahia ezezaguna zen, bere osotasuna bezala. Bere bularrak leunak ziren, estaltzen zituen larruazal zuria ez zen oharkabean pasatzen edozein hilkorrentzat, are gutxiago Mariak ukitzen uzten zien zorioneko gutxientzat. Itsas brisak eta ur tantek, bere larruazaleko tokirik ezkutuenetatik irristatzen ziren, irudi hotz, leun bat ematen zioten, bere titiburu arrosak nabarmentzen ziren mihise zuri bat. Soin hura bizi-bizi zegoen, eta Ibonek eskua sutan jarriko zukeen, inork, berak barne, bere aldakak haztatzen jakin ez zuelako, edo, gutxienez, Mariak merezi zuela uste zuen bezala. Ez zuen bere hankarteko ile ilegorria begiztatu nahi izan, Mariaren garbitasunari tinko begiratuz gero karta-gaztelu bat bezala desagertuko zela uste zuen, baina berak ez zekiena zen Mariak beti uko egin ziola bere izpirituaren xalotasunari, “Arima errebelde eta kolorez beteak ederrenak dira ‘’, xuxurlatzen zion burkoari gauero, loak hartu arte.

Bere gorputzetik ihes egin nahi zuen, une hartan, hondartza hartan. Begiak zabaldu eta Ibon begira zeukala jakin zuen. Burua ezkerrerantz jiratu eta gero bere aldakak jiratu zituen. Eskuineko atzamarrekin bere lepoa laztantzen hasi zen, Ibon haren mugimenduei begira zegoen, zain. Mariaren eskua bere bi bularren artean zabaltzen zela, larrua astindu eta bular-muturrak gogortu egin zitzaizkion.

Neskak etengabe begiratzen zion, bera biluzik ikusten zuen azken aldia balitz bezala. Behatzen gorringoek zirkuluak egin zituzten zilborraren inguruan, eta hankartera jaitsi ziren, patxadaz, inoiz ez presaka. Azkazalak gainazaleko distira gorrixken artean aurrera egiten hasi ziren. Sarrera gero eta hezeagoa zegoen, eta, bat-batean, San Joan suaren sugarra bezala berotu zen, zeina, ekainaren hogeita lauan, Ibonek sorginduta ikusten baitzuen herriko plazan, errautsaren usaina astebetez usaimenean sartzen zitzaion arte. Mariak atzamarrak ahoan sartu eta bere hankarteko ileraino eraman zituen berriro, eta bidezidorrean listu-hari bat erori zitzaion sabelera. Ibonek behatz erakusleaz laztandu eta gero mihiaz dastatu zuen. Maria intzirika ari zen. Betileak dardarka zituen. Ezpainetatik ateratzen zituen zotinak leunak ziren, brisa bezala, ura bere gorputzetik lurrundu egin zen, bere lekuan, izerdi tantak lerratzen zitzaizkion soinetik behera. Bere lepokoaren bihotz turkesa distiratsu zegoen, kementsu. Hatzetako gorringoak, gero eta puztuago zegoen klitoriaren tolesduren gainera jauzten ziren. Iritsi zen, azkenean, azken hasperena. Gailurrera iritsi zen. Iboni begiratzeari utzi gabe, behatzak sartu zituen eztiki baginan bere jarioa haztatzeko. Gero, eskuineko eskuaz, bere esentzia haren bularrean barreiatu eta begiak itxi zituen, bakean.

Ia bizitza erdia ohituretan eman ondoren, berrogeita bost urte zituela, Maria paradisuan sartu zen.

Ibon besterik ez zen, Maria bakarrik zen eta itsasoa beti zen eta izango zen itsasoa. Baina arrats hartan, hirurak une batez elkartu ziren.

— Gu gara, besterik ez — xuxurlatu zuten.

Ez ziren senarraren begiak izan, Ibonen begi beltzak izan ziren Maria lehen aldiz biluzik islatzera ausartu zirenak.

Haien gorputzak batu zituzten egunsentiak itsasertza urez bete zuen arte.

Libre, beti libre

Olatuek jarraitzen zuten…