Musika ulertezin batek


Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketako Finalista

Maider Barañano

 

Musika ulertezin batek girotzen du taberna, zoru itsaskorra nabaritzen dut zapata zoletan, elkarrizketa aztoratuak dabiltza inguruan, besarkada sutsuegiak eta gaueko azken ordu horietan egiten diren aitortza ez batere egokiak. Nire lagunek alde egin berri dute etxera, norberak bere aldetik, azkena barra ertzean geratzen da, ezagutzen ez dudan norbaitekin hizketan, ohekide gabe oheratu nahiko ez balu bezala. Nik ere ez dut nahi, baina bera barra atzean dago, ordu-erdi barru itxi behar du taberna, itxarongo dut, Alde Zaharreko kantoi guztiak bakarrik gurutzatzea baino hobe da hori. Taberna husten hasi da pixkanaka, gero eta denbora gehiago pasatzen du nirekin hizketan trago baten eta bestearen artean. Beste inori kasu egiten dionetan pentsatzen dut tabernetako, zehazki parranda egiteko taberna horietako, langileek badutela zerbait, tabernari izate hutsagatik, erakarri egiten zaituena. Lagun batek “protagonistaren sindromea” deitzen dio fenomenoari, jendeak ikusi egiten zaitu, denek ikusten zaituzte, atentzioaren zentroa zara baina ukiezina aldi berean.

 

Etxera buelta arina egin dugu elkarri eskutik eutsita, badakit ez diotela nire txisteek graziarik egiten, batez ere niretzako jai egun bateko goizaldeko zazpiak direlako, berarentzako ez. Zigarro bat piztu eta bizkar atzetik pasa dit besoa, gustatzen zait erretzeko duen postura hori, ukondoa aldaketan eusteko duen forma, zigarroa esku erori horrekin eusteko duen era. Eskua bakero estuetako atzeko poltsikoan sartu (berean) eta muxu txiki bat eman diot masailean, irribarrez erantzun dit, keak ezpain artean ihes egiten diola. Igogailuan igotzea erabaki dugu, nire mozkorrak eta bere nekeak merezi dutelakoan. Komunera egin dut ihes atea ireki eta berehala, ura edan dut txorrotatik, aurpegia garbitu dut espabilatzeko asmoz edo. Gelako atetik burua atera eta bere ertzak nabaritu ditut izaren azpian, isil gordeka kendu ditut nik ere arropak eta haren ondora hurbildu naiz. Lo goxoan dago, nekearen pisuari eutsi ezinda, besarkatu eta bere ondoan hartu dut lo.

 

Gosez esnatu naiz, sukaldera egin dut buelta, ez dago jatekorik prestatuta, barazkiak atera ditut hozkailutik. Berakatz aleak alderantziz zuritzeko ohiturak nahi baino gehiago luzatzen dit barazkiak sukaldatzeko prozesua, gustatzen zait pausuz pausu betetzea errituala: berakatza zati txikitan moztu eta olio berotara bota, kipula erdibitu eta haren zirkunferentziak baliatuta moztu, piperrak ur hotzetan garbitu… Bere presentzia nabaritzen dut inguruan, zerbait egin nahia baina zer egin ezin jakina, ez dago egiteko gauza handirik ere. Musika pixka bat agian.

 

Kunbia irten da bozgorailuetatik, barazkiek sukaldatu bitartean duten usaina da kunbiarena, sutan berotu artean hartzen duten kolorearena. Giro goxo bat sortzen du bien konbinazioak. Hankarekin erritmoa jarraitzea gaizki dantzatzen dugunon bertuteetako bat da, hankarekin musikaren tempoa disimulatuki ondo jarraitzen dugu, erritmoak gorputzean gora egiten duen artean. Nire ipurdiaren mugimendu mantsoek haren aldakak erakarri dituzte nireetara. Barazkiei so jarraitzen dut, noizbehinka mugitu, tapa jarri eta kendu, tenperatura tentuz kontrolatu. Haren gorputza nabaritzen dut nire bizkarraren kontra, bere arnasa nire lepoaldean. Bere mugimenduek daramate nire gorputza, musikak harena. Zartagina hustu eta harraskan utzi dut, bere eskuek nire aldaketan gora egiten duten bitartean. Buelta eman eta baldosazko horma hotzaren kontra jarri naiz, gure sudurrek elkar jo dezaten, irribarre txiki bat atera zaio.

 

Lepotik belarri atzera eraman du mingaina, muxu txikiz egin du bertatik nire ahorako bidea. Hotzikara batek besarkatzen du nire gorputza ukitzen nauenetan, ipurditik lepora doan halako sentsazio batek. Gure mugimenduekin batera lasaitu da musika ere, mantso esploratu ditugu elkarren ertzak. Gehiago hurbiltzeko keinu egin diot haren praken hasieraren eta kamisetaren amaieraren puntu zehatz hori bilatzen dudan bitartean. Esku hotzekin kontrastean bero du sabela, berak ere nabaritu du nire hotza. Begietara begiratu nau, begietara begiratzeko duen era horretan, nigana gehiago hurbildu eta muxu bero bat eman dit ezpainetan, datorrenaren promesa bat bailitzan. Begirada horretan gorpuzten dut erakargarritasuna, eder, sentsual, erotiko sentiarazten naute haren mugimenduek.

 

Eskua nire kamisetaren tolesturetan galdu eta atzamar batekin egin dit tira gerrikotik, gelarako norabidean. Arropak kendu dizkiogu elkarri, denboraren aurka borrokan ariko bagina bezala. Hanketan trabatzen zaizkigu praken estutasunak, ukondoetan kamiseten tiranteak, esku artetik ihes egiten digute elkarren sujetadoreen itxiturek. Identifikatzen ez dudan ahots sakon bat entzuten da bozgorailuetatik, bere arnas hotsekin nahasten da bidean, abeslariaren erritmoan egiten du hasperen, era erritmikoan estutzen du eskuin izterra nire hankartearen kontra. Hitzek ulertzen ez duten hizkuntza batean egiten dute gorputzek, hasperen eta isiltasunenean. Luze doa denbora aiene baten eta hurrengoaren artean baina minutuak azkar korapilatzen dira.

 

Eskumuturrak izaren kontra bermatu dizkit indarrez, lepotik behera muxukatzen nauen artean. Zirkunferentzia txikiak marraztu dizkit titiburu gogortuetan, ahoarekin batean, atzamarrekin bestean. Titietatik gorputz osora zabaldu dit berotasuna, hankartea nola umeltzen zaidan nabaritzen dut laztan bakoitzean. Biok ulertzen dugun borroka batean galdu dira gure gorputzak, nor jarri noren gainean, nork hartu nor mendean. Eskutik eutsi eta bestea izterretatik gora daramat, plazer intziri batez eman du amore gure lehia intimoan eta bere gainera eraman nau. Haren zilborretik beherako bidea marraztu dut, atzamarrak ileetan korapilatu zaizkidan arte. Duda egin dut berari amaiezin egin zaizkion segundo batzuez eta bere umeltasunera sartu ditut atzamarrak azkenik. Laztan egin diot ipurditik klitoriraino, urruma ito batek egin dio ihes. Klitorian zentratu eta mugimenduak azkartu ditut haren arnas hotsen erritmora egokitzeko, eskuekin izarak gogor eusten ditu, ohetik erauzi nahiko balitu bezala.

 

Nire gorputzean behera hurbildu eta intrigarako tarterik gabe sartu dit besoa erraietan barrena. Nik ere hurbildu dut bertara ezker eskua eta goxotasunez erakutsi diot puntu zehatz horretarako bidea, taupadak azkartzen zaizkidan artean. Are gehiago berotzen nau nigan eta berarengan zentratu beharrak, orgasmoa urrundu eta intentsitatea neurri gabe handitzen baitit. Gure oihuak kantaren baten nota altuenekin nahasten dira eta nire burua pentsamendu harietan katigatzen da. Eutsi ezin dudan erritmo bat darama nire besoak, nekez, emozioz eta plazerez egiten dut oihu eta pentsatzen dut “atzamarrak sartuko bazenizkit sentituko nukeen plazer erauntsia” baina “ez, ez gelditu horretarako”. Muskuluak gero eta gehiago tenkatzen zaizkit.

 

-Gogorrago!- Oihukatu dit belarri ertzera, beso mindua gehiago gogortu dut bere aieneen tempoa azkartzen den artean eta “zeinen guapa zeundekeen arnes bat jarrita” eta “nola berotzen nauen orgasmotik hurbil zaudenean jartzen duzun aurpegiak”. Ipurdi inguruko muskuluak beste behin gogortu eta orgasmo batek eztanda egin dit barrenean. Segundo labur batzuez luzatu dut tentsioa, berearen esperoan, eta espasmo gogor bat sentitu ostean utzi du bere gorputza nirearen gainean, ahul, hauskor, lasai.

 

-Utzi eskua hor apur batez.- xuxurlatu dit astiro eta bere ondoan etzan naiz, muxu txikiak eman dizkiot belarri atzean, egindako esfortzuz artatuko banu bezala.

 

– Maite zaitut.- Irribarre egin eta loak hartu du nire ondoan.

 

Une zehatz horretan ohartu naiz, ohartu naiz barra atzean pasatako orduez, elkarri hitz eman diogun guztiaz, eraiki dugunaz, nahi gabe, ohartu gabe eraiki dugunaz. Ohartu naiz “maite zaitut”-ek duten pisuaz eta eman diegun arintasunaz, oroitu naiz, hasieran, “nik zu ere bai”-ak baino ez nizkizula ematen, orain ez, orain “maite zaitut”-ka gabiltza biok. Anari entzuten da bozgorailuetan “basoa maite duzun eran, sua ere maite duzu”, zenbat arrazoi batzuetan, bere bizitzaren ertz batean su txiki bat piztu eta alde egin dut. Notatxo bat utzi diot hoztutako barazkien ondoan: Zeinen polit zauden lotan, alde egin behar izan dut, ez deitu, akaso elkartuko gara berriro. 

 

Eskilaratan behera egin dut korrika, kalea gurutzatu eta pareko portalera heldu naiz. Atea gorputz osoarekin ireki eta igogailuko ispiluan begiratu diot nire buruari, atzoko makillajearen arrastoak dauzkat begi ertzean. Ispiluaren kontra jarri dut bekokia eta begiak itxi ditut, atzera egin nahi izan dut segundu erdi batez, alde egin dut bere azaletik baina sentsazioek hor diraute, nire kulero bustian eta eskuetako usainean gordeta daude oraindik. Gelan sartu eta leihotik atera dut burua, berak lo jarraitzen du. Hemendik ikus dezaket, nik utzi berri dudan bezala. Agian hobe horrela, hobe hasieran bezala, hobe elkarri begira masturbatzen jarraitu gauetan, elkarri ezer hitz eman gabe. Bakeroetako botoia eta kremailera askatu, bere mugimenduen zera misteriotsu hori oroitu eta izara artean galdu naiz.