Nafarroako zulo ilun eta hezeen katalogoa II

Iruñeko bidean Maitek proposatutako errezetari buruz pentsatu nuen eta, hotzagoa izanagatik, natillak aukeratu nituen. Maite irudikatu nuen, nire karaokean kantatzen mikrofonoa natillaz blai. Irudiak kitzikatu egin ninduen. Segituan bibakeko eszenako gainkaldira joan zitzaidan burua eta irribarre entretenitua marraztu zitzaidan aurpegian. Atzamarra ikusten nuen, ongi sartua uzkian. Bat-batean, seinale txiki batzuk agertu ziren errepide bazterrean, abiadura moteltzeko. Istripua ote zen pentsatu nuen nire baitan. Arrapostua bertze seinale batek eman zidan.

Control – Guardia civil – Police

Agente batek gelditzeko agindua eman zidan, baztertzeko eta autoaren motorra itzaltzeko.

-Nondik zatoz?

Huts egin duen txortaldi batetik pentsatu nuen.

-Irurtzundik -erantzun nion.

-Nora zoaz?

Atzamarra uzkian sartuko didan norbaiten bila pentsatu nuen.

-Iruñera -erantzun nion.

Gidabaimena eta nortasun agiriak eskatu zizkidan.

Ohartu orduko, guardia zibila nire gauzak ari zen miatzen.

-Zer da hau? -galdetu zidan nire motxilako libreta seinalatuz.

-Oharrak hartzeko libreta bat -eta, jarraian, nire delitua aitortu nuen-. Idazlea naiz.

Entreteniturik, guardia zibilak bekainak goratu zituen libretako oharrak gainetik irakurtzean. Bitartean, irrati asotsak entzuten ziren guardia zibilen autotik. Nire datuak zentralarekin egiaztatzen ariko zirela pentsatu nuen. Aspertzen hasia, alderrai paseatu nuen begirada. Urrunean, Gaztelu eta Txurregi mendiak ikusi nituen. Dudarik gabe, bi titi puntadun ziruditen Iruñea aldeko perspektibatik. Irriñoa egin nuen. Egiazki, nireak ez zuen konponbiderik.

Idazle izatea ez zen delitu nahikorik eta, dokumentuak itzulita, jarraitzeko agindu zidaten. Iruñeraino gelditzen zitzaidan bidea hausnarrean eman nuen, narrazio erotikoen lehiaketan parte hartuko nuen ala ez deliberatzen. Ordura arte idatzia nuen ia guztia erotikoa zen, ala pornografikoa, eta bertze erregistro bat bilatu nahi nuen. Horregatik sormenezko krisia seguruenik. Agian ez nekien bertzerik egiten. Nire fantasien esklaboa ote nintzen? Ala erotismoaren militante duina nintzen, euskararen edota giza eskubideen militantea izaten ahal den gisa berean? Galdera hauek guztiak burutan, argia ikusi nuen supituki: euskal literatura erotikoa ekaitza perfektua zen, giza eskubideak euskararen bidez bermatzen zituena. Horixe baietz!

Maiteren ideia neukan gainera, nire libreta-oharrez-betea horren lekuko.

Zalantza tekniko bat sortu zitzaidan: izenik ba ote zuen konortearen galera eragiten zuen ipurdiko atzamar sarketak? Interneten bilatu beharko nuen. Izenik ezean, “xake mate” deituko nion maniobrari, erremate zentzua emanez. Bueno, “xake maite”, euskarazko hitz jokoa eginez. Luze gabe, “xake maite” euskal labela zeukan joko paradisutarra munduko zoko guztietan praktikatuko zela imajinatu nuen umoretsu.

Gora euskal literatura erotikoa! Gora!

Etxera ailegatzean lehiaketaren oinarriak sarean bilatzea eta irakurtzea izan zen egin nuen lehenengo gauza. Sari politak ziren, erakargarriak. Zuk militantziagatik egiten duzu! egin nion errieta nire buruari.

Oinarrietako paragrafo bat bi aldiz irakurri nuen:

Kontutan hartuko da baita ere, idazlanak genero berdintasunean eta honen errespetuan oinarrituak izatea. Eta heteronormatibitatetik haragoko harreman afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea.

Prefosta, ados nengoen paragrafo hartan proposatzen zenarekin baina zerbaitek krak egin zidan. Nik fantasia erotikoak idatzi nahi nituen eta, fantasia ziren heinean, erabat libreak izan behar ziren, nire ideologiaren kortsea erantzita. Areago, fantasia horietako batzuk ametsak ziren, kontziente egon gabe izandakoak. Ezin nion erran nire subkontzienteari zerekin amestu. Nire ideologia ezin zen nire fantasien inkisizioa izan. Fantasiak nire imajinazioaren espazio kontrolaezina ziren eta ez nuen askatasunaren preso izan nahi. Fantasia eta errealitatea desberdintzea, ez nuen bertzerik egin behar.

Kitto. Tarteka izaten nuen bortxaketaren fantasia, beharbada, adibiderik gorena zen. Fantasia hura hamaika bidetik azter zitekeen psikologiatik, baina errealitatean ez nuela bortxatua izan nahi eztabaidaezina zen.

Anaïs Nin idazlea etorri zitzaidan burura, bere literatura erotikoan bortxaketaren fantasia agertzen zelako. Jarraian, Ninen “Euskalduna eta Bijou” izeneko ipuinarekin gogoratu nintzen, non, aurrenekoz, euskaldunok desira objektu gisa agertzen ginen nazioarteko literaturan.

Burua estutu nuen, zerbait originala pentsatu nahian. Nafarroako kobazuloren batean kokatu nahi nuen istorioa, zulo ilun eta hezeren batean. Labar artea nire alde zegoen, izan ere, zakil eta aluen errepresentazioa ohikoa zen historiaurreko artean. Paleolitotik, milaka urte daramatzagu zakilak, aluak eta irudi sexualak zirriborratzen, ikastetxean nerabeek klaseko mahaian egin bezala. Historiako kontsolatzailerik zaharrena Alemaniako Hohle Fels kobazuloan aurkitu zen, eta hogeita zortzi mila urte zituen. Hogei zentimetroko harri findua zen.

Entsalada lizunerako osagaiak buruan nituen. Orain apailatu egin behar nituen. Nire memoria arakatu nuen, literaturak kontatutako lehen larru-jotzearen bila.

Jean M. Auel-en “Lurraren seme-alabak” saga mitikoa etorri zitzaidan burura, “The Clan of the Cave Bear” eta enparauak, non Ayla neskatiko Cro-Magnonak Jondalar gaztea ikusten duen Santa Ageda jotzen sasi batzuen gibelean. Uste baino sexu eszena gehiago ageri ziren saga hartan, batzuek “Sexua haitzuloetan” izengoitia paratzeraino.

Erabaki bat hartu nuen: ez nuen historiako lehen sexuketa kontatuko, neurri batean egina zegoelako. Nik txortaldirik sakonena kontatuko nuen, laurehun metro lur azpian, Nafarroako zulo ilun eta hezeren batean, hain zuzen.

Eduardo Galeanoren aipu batekin hasiko zen kontakizuna, Xabier Alegriak euskaratutako “Ispiluak” liburutik ebatsia:

Sabaitik zintzilika estalaktitak. Zorutik gora estalagmitak.

Denak kristal hauskorrak dira, haitzen izerdiak sortuak, mendietan urak eta denborak urraturiko haitzuloetako sakonean.

Milaka urte daramate estalaktitek eta estalagmitek ilunpean elkarren bila, tantaz tanta, batzuk gora, behera besteak.

Batzuei milioi bat urte joango zaie elkar ukitzerako. Estu eta larri, ez.

Aipua amodioaren metafora litzateke, amodio betierekoarena, elkar ukitzeko milioi bat urte itxoiteko prest dauden maitaleena. Amodio erromantiko madarikatua, Disneyren pelikula batean agertzeko modukoa.

Ez zen narrazioko metafora bakarra izanen. Espeleologiako metodoa erabiliko zuten maitaleek beren gorputzetako zokoak eta zuloak miatzeko: lokalizatu, esploratu, topografiatu.

Esplorazio luze baten ondoren, leher eginda itzuliko ziren espeleologoak laurehun metro lur azpian muntatua zuten bibakera. Espeleologoak bi edo hiru izanen ziren.

Kandela bat piztuko zuten, bibaka berotzeko. Kanpoko buzoak erantziko zituzten, kobazuloko hezetasun erabatekoa gainetik kentzeko. Beren hatsaren lurrunak tenperatura baxua salatuko zuen itzalen argi-ilunen dantzan. Barneko buzoen kremailerak irekiko zituzten hala ere, izerdia idor zedin.

Laurehun metro lur azpian daude, bakarrik munduan, ama-lurraren errailetan bahituak.

Orduak pasa ahala, gradu batzuk epelduko da bibaka. Ez nahikoa, hala ere. Zopatxo bat eginen dute metalezko katilu txiki batean eta txandaka edanen dute,

lehenik eskuak eta ondoren gorputzak berotzeko.

Esteriletan etzanen dira. Toki ezak hurbilduko ditu beren gorputzak, lozakuetan bilduak. Erabateko iluntasunaren hutsa beren gainera amilduko da argiak itzaltzean.

Une batean isildu eginen dira, bakoitza bere pentsamenduetan korapilatuta.

Denbora motel pasako da, oren geologikoetan. Tarteka-marteka mugimendu txikiak eginen dituzte, postura hartu nahian. Beren arnasketa baino ez da entzunen, batek isiltasuna urratuko duen arte:

-Ostia, alimaleko hotza egiten du, ezta?

Ursus Navarrensis