Nagore Vega (@muxkilla)
Oso ikastaro interesgarria egiten ari naiz Pikara Magazine-ren eskutik: Periodismo de-generado. Feminista, interseccional, incisivo y transgresor (Generorik gabeko kazetaritza. Feminista, intersekzionala, ziztatzailea eta urratzailea).
Lantzen ari garen materialen artean, asko gustatu zait artikulu hau eta itzultzea erabaki dut (ideia nagusiak, behintzat; eta ziur nago gehiago ere izango direla). Oraingo hau 2015ekoa da, Marta Güelfo Marquez psikologo, orientatzaile, aktibista sozial eta feministak La Replican publikatutakoa. Ez da berri-berria, beraz, baina zoritxarrez, oso baliagarria izaten jarraitzen duela iruditzen zait. Honi esker astakirten pila detektatu ahal izango ditugu (eta aldatzen laguntzen saiatu!), eta guk ere kontzeptu batzuk argitu ahal izango ditugu gure buruan.
Hauxe da neomatxista
Ez da erraza egunero berarekin borrokan aritzea. Horregatik, interesgarria da detekziorako dekalogo bat eskura edukitzea, baita zer erantzun jakitea ere. Zuekin, neomatxista:
- Ez naiz ez feminista ez matxista, berdintasunean sinisten dut: Hau oso errore komuna da eta ezjakintasuna du oinarri. Gizon eta emakumeen eskubideak berdinak izan daitezen aldarrikatzen duen mugimendua da feminismoa. Matxismoa, berriz, gizona emakumearen gainetik iraunarazten duten jarrerek, portaerek eta sinesmenek definitzen dute.
- Gizonen aurkako genero-biolentzia ere badago: Gizonen kontrako genero-biolentziarik ezin da existitu, ez baitago gizona zapaltzen duen sistema ideologiko edota kulturalik. Egungo sistemak emakumea zapaltzen du, horregatik hitz egiten dugu emakumeen aurkako genero-biolentziaz. Bikotekideen edo bikotekide ohien artean ematen da, gizonak aplikatzen du emakumearengan, eta patriarkatuan du jatorria, androzentrismoan, posesio sentimenduan, eta amodio erromantikoaren ideia tradizionalean. Kultura guztietan ematen den fenomeno soziala da, eta Espainiako Estatuan, bikotekideak edo bikotekide ohiak hildako 50, 60 edo 70 emakume uzten ditu urtean. Emergentziazko egoera da, beraz. Erantzuna behar du hezkuntza aldetik, sozialki, baita politika konkretuak ere.
- Salaketa faltsu asko daude: Espainiako Fiskaltza Orokorraren datuen arabera, salaketa faltsuak %0,018 dira (datu hau 2014ko memoriari dagokio, hemen duzue).
- Feminazi erradikala zara: Ez da halakorik existitzen. Neomatxismoak asmatutako hitza da, eta mugimendu feminista deabrutzea eta irrigarri uztea du helburu.
- Hizkuntza inklusiboa txorakeria bat da: Hizkuntzaren erabilera oso garrantzitsua da. Izan ere, hizkuntzaren bidez eraikitzen dugu gure pentsamendua, baita gure errepresentazio mentalak ere. Aipatzen ez den hori edo izenik ez duen hori ez da ikusten, eta, ondorioz, ikusten ez dena ez da existitzen. Gure hizkuntzak, nagusiki, balio sozial eta kultural dominanteen arabera erregulatu da, balio patriarkal eta androzentrikoen arabera, alegia. Horregatik, kuestionatu egin behar dugu.
- Oso astunak zarete feminismoarekin: Bai, hala da, egun batzuetan ohetik jaiki eta gure eskubideen alde borrokatzeko gogoa pizten zaigu, gure eskubideak aldarrikatzekoa, gure bizitzen arlo guztietan; bai, baita ezberdintasun horiek hain nabarmenak ez diren testuinguru eta egoeretan ere, zer egingo diogu ba…
- Ez da jazarpena edo erasoa, laudorio bat baizik: Hauxe da piropo edo laudorio baten definizioa: aurpegira esaten den zerbait da, norbait ezagunari esaten zaiona, errespetuz; eta xedea da pertsona hori animatzea edo harekin atsegina izatea, afektua erakusteko modu gisa. Kaletik doan emakume ezezagun bati txistu edo oihu egitea, bere itxurari, gorputzari edo arropari buruz zerbait aipatzea eraso berbala da.
- Berdin zait gizona edo emakumea den, garrantzitsuena pertsona da: Argumentu hau askotan erabiltzen da organizazio politiko edota sozialetan, karguetan eta zerrendetan parekidetasuna bermatzeaz ari garenean. Zoritxarrez, protagonismoa, lidergoa edota boterea gizonen esku gelditzen dira gehienetan. Halaxe hezi gaituzte, halaxe sozializatu, hor daude estereotipoak eta erreferente falta ere. Parekidetasuna bermatzeko erremintek, kremailera zerrendek kasu, parte-hartze berdintsuagoa eta esanguratsuagoa sustatzen dute.
- Gizonen egunak ere existitu beharko luke: 1975. urtean NBE Nazio Batuen Erakundeak Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izendatu zuen martxoaren 8a, beraien eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzen zuten emakume langileen borrokak oroitzeko. Gaur egun, zoritxarrez, gure gizarteak emakumea zapaltzen du oraindik, eta ezberdintasunak nabariak dira lan-arloan, politikoan, baita etxean ere. Hala, borrokan jarraitzen dugu, gure eskubideak aldarrikatzen egunero, eta bereziki martxoaren 8an.
- “Berdintasuna” lortu dugu: Ohiko akatsa da pentsatzea arlo guztietan lortu dugula gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna. Indikatzaileak guztiz kontrakoak dira: ez gaude behar bezala ordezkatuta politikoki, soldatak oso bestelakoak dira, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeak asasinatzen dituzte, kristalezko sabaia pairatzen dugu, zaintza-lanak gure gain jarraitzen dute… Desparekotasuna bizi dugu gure gizartean.
Genero perspektiba gertu nabaritzen duenean, bere pribilegioak kuestionatzen dituenean, orduan mintzen da eta orduan jartzen da defentsiban neomatxista.
Horregatik da gogaikarria edo deserosoa feminismoa. Nuria Varela biolentzia matxistan adituak ere halaxe dio: ezarritako ordena kuestionatzen duelako da lotsagabea, desegokia. Horretxegatik da beharrezkoa: zapalketak seinalatzen ditu, kuestionatu, sotilenak ere azaltzen ditu… eta horrek lagunduko gaitu benetako berdintasunezko gizarte baterantz. Hala, feminismoa beharrezkoa da hazten laguntzen gaituelako, eta beharrezkoa dugu zoriontsu izateko.
Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Contra_violencia_machista.jpg