Nola berreskuratu monotoniarekin galdutako pasioa?

Kaixomaitia.eus

Bi pertsonaren artean sortu ohi diren emozioak dira beren arteko lotura sendoaren eragileak. Lotura emozional estuek bikote harremanaren kalitatea hobetzen dute. Lotura hori sendo egon arren, bikote batzuei zera gertatzen zaie: behin eta berriz gauza berak egiten dituzte elkarrekin, eta errutina batean murgiltzen dira. Horrek beren arteko maitasunaren higadura ekar dezake. Joera hori iraultzeko, emozionalki elkarrekin konektatzeko modu berriak aurkitu behar dituzte.

Harreman baten monotoniak bikoteko kideak elkarrengandik deskonektatuta sentitzera eraman ditzake; are gehiago, errutinak haien bikote bizitza zapuztu dezake. Bikote askok harremanean zer gertatu den galdetzen diote beren buruari: “Zergatik ez dut bikotekidea lehen bezala hautematen?”, izan ohi da ohiko galdera. Batzuk, gainera, bikotekidea ezezagun gisa ikustera iritsi ohi dira. Beraz, argi dago zein den jorratu beharreko bidea: beste giza harreman batzuekin gertatzen den bezala, bikoteak ere arreta eta dedikazioa behar ditu.

Denborak aurrera egin ahala, bikote harremanak aldatuz joan behar du, berregokitu egin behar du errealitatera, gauzatzen ari diren gertaera esanguratsuetara birmoldatu behar du. Bizikidetza, laneko edo gizarteko presioak, erantzukizunak eta betebeharrak… Denak du eragina bikote harremanean.

Harremana egoera berrietara egokitu behar da, sor daitezkeen ezustekoei eta arazoei elkarrekin aurre eginez. Hasieran, berrikuntza faktorea zen nagusi –dena zen berria, dena zegoen esploratzeko–, baina denborak aurrera egin ahala, dena aurreikusteko eta errepikatzeko joera dago.

Bikote guztiek eraldaketak izaten dituzte, eta urteak igaro ahala, biek dedikazioa eskaini behar diote harremanari, modu eraginkorrean aurrera egin ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da komunikazioa eta negoziatzeko gaitasuna indartzea.

Zer egin dezakegu?

1. EZ BILATU ERRUDUNIK.

Errua bestearena dela elkarri aurpegiratzeak distantzia handiagoa sortzeko baino ez du balioko. Erasotuak sentitzen bagara, erreakzio normalena da geure burua defendatzea eta bestea salatzea. Urteak aurrera doazen bezala pasioa eta sexua bigarren maila batera pasatzea ibilbide luzeko bikote askok aurre egin beharko dioten errealitatea da.

2. IZAN ZINTZOA ZEURE BURUAREKIN.

Zure ustez, pasiorik eza errutinaren emaitza da, edo harremanaren alderdi batzuekin ez zaude gustura? Esaten ez duguna erraz bilakatu ohi da amorru, eta amorruak distantzia sortzen du. Esan genezake sexua dela harremanaren termometroa. Tenperatura baxua bada, horretarako arrazoiak bat baino gehiago izan daitezke. Harremanean gustatzen ez zaizkizun alderdiak badaude, zerbaitek funtzionatzen ez duela sentitzen baduzu, eta zure bikotekidearekin sexu distantzia handiagoa edukitzearen arrazoia hori dela uste baduzu, hasi hori lantzen.

3. IRTEN ERRUTINATIK.

Afaldu ardoarekin, piztu kandelak, edota prestatu irteera erromantikoa. Utzi felpazko pijama eta jantzi azpiko arropa desberdinak. Kontua monotonia, gauzak aurreikusteko gaitasuna, hautsiko duen zerbait egitea da. Elkarrekin egotearen gozamenarekin berriro konektatuko zaituen zerbait egiten saiatu, nahitaez ekintza sexuala izan gabe. Bikote dibertsioa berreskuratzea da kontua, eta horrek desioa berriro agertzea ahalbidetzea.

4. BELDURRIK GABE HITZ EGIN PIZTEN ZAITUENARI BURUZ.

Askotan, ohean gustatzen zaigunari buruz hitz egiten dugunean, elkarrizketa ez da oso argia edo zehatza izaten. Gizonen eta emakumeen kitzikapenean laguntzen duten faktoreak oso desberdinak dira, eta, genero desberdintasunez gain, bakoitzak lehentasun batzuk ditu, besteak jakitea lagungarri dena. Adierazi itzazu.

5. EZ UTZI SEXUA BAT-BATEKOTASUNAREN MENPE, PLANIFIKATU HITZORDU BAT.

Lan asko egiten dugu, nekatuta gaude eta batzuek seme-alabak dituzte. Sexua bat-batekotasunaren esku uzten badugu, egunak pasatuko dira ezer egin gabe. Planifikatu sexua izan nahi duzuenean, prestatu hitzordua edo asteburu erromantikoa. Whatsapp bidez hitz egin, motorrak berotzeko.

6. EZUSTEKO ELEMENTUA.

Pentsa ezazu zure bikotekideari gustatzen zaion zerbait egitea. Badakizu masajeak gustatzen zaizkiola? Eskatu gabe eskaini. Utzi ohar bat goizean ustekabean harrapatzeko. Kontua da geure zilborrari begiratzeari utzi eta bikotekidearen buruan jartzea.

Erreferentzia: https://www.centregrat.com/es/falta-deseo-recuperar-pasion-relacion-de-pareja/

Photo by Cullan Smith on Unsplash