Komunikazioaren garrantzia bikotean

Kaixommaitia.eus

Noizbait bikote harreman batean egon direnek beren hezur eta azalean sentituko zuten harremanak ondo funtziona dezan ezin dela gauza bat falta: komunikazioa. Komunikazioa funtsezko elementua da edozein erlaziotan; funtsezkoa da kideen artean konfiantza sortzeko eta batasuna ziurtatzeko. Hala ere, pertsona batzuek arazoak izan ohi dituzte bikotekideekin komunikatzeko, haiei beren sentimenduak adierazteko. Eta hori landu beharreko zerbait da, aurre egin beharreko arazoa; izan ere, pertsonek komunikatzeko arazoak dituztenean, sarritan, horretarako intentziorik izan ez arren, beren harremanak hondatu ohi dituzte. Bikote harremanak sendo iraun dezan, funtsezkoa da etengabeko komunikazioa; hau da, arazoak, bakoitzaren kezkak, sentipenak… mahai gainean jartzea. Beraz, bikote guztiei komeni zaie bi kideen arteko komunikazioa lantzea.

Modu eraginkorrean komunikatzeko modu bat da bestearen lekuan jartzea, hura ulertzeko saiakera egitea. Ondokoak nahi eta behar duena ulertzen saiatzen bada kidea, norberak errazago azalduko dizkio bere barneko kontuak, eta horrek harremanean eragin dezakeen edozein arazo konpontzen lagunduko dio bikoteari. Ariketa hori egitean, norberarenak ez ezik, bestearen beharrak ere lehenesten dira harremanean, eta horrek harremana sendo egoten lagunduko du, askatu gabeko korapilorik gabe. Komenigarria da norbere sentimenduak modu argian eta zintzoan jakinaraztea bikotekideari; izan ere, horrela, ondokoa zerbaiten inguruan nola sentitzen den jakingo du bikotekideak, eta sentipen horiei aurre egiten akonpainatuko du kidea. Hala, bat eginda sentituko da bikotea, elkartuta, bakoitza bere bidetik joan beharrean.

Garrantzitsua da, era berean, komunikazioa ez ezik, entzute aktiboa lantzea; hau da, beste pertsona batzuek esateko dutena adi entzutea: familian, lagunartean, lan giroan… Izan ere, besteen iritziak entzuteak haiekiko errespetua erakusten du, eta horrek etorkizunean harreman hobeak sustatzen laguntzen du, bai lagunartean, bai bikotean. Izan ere, entzuten ez dakien pertsonak arreta gutxiago jasoko du guztiengandik oro har, baita bikotekidearengandik ere, eta horrek ez du bikotearen arteko harremana indartsu mantentzen lagunduko. Hitz egitea bezala, entzuten jakitea ere ezinbestekoa da hartu-eman guztietan, eta gaitasun hori lantzeak harremana sendotzen lagunduko du. Halaber, bakarka ez ezik, ideia ona da norbere bikotekidearekin eta aldi berean jende gehiagorekin planak egitea; horrek bizirik eta osasuntsu mantentzen ditu bientzako garrantzitsuak diren harremanak, eta errutina apurtzen laguntzen du.

Horrenbestez, komunikazioa eta entzuteko gaitasuna egunero landu beharreko bi kontzeptu dira. Sentimenduei buruz hitz egitea oso lagungarria da harremana indartsu eta bizirik mantentzeko. Hori bai, kezkak, arazoak eta beldurrak mahai gainean jartzea bezain garrantzitsua da gauza atseginak ere kideari jakinaraztea, harremanek gazitik eta gozotik izan ohi dutelako, baina alde positiboa gogora ekartzeak sekula kalterik egiten ez duelako.

Bikote bateko kideek beren arteko sentimenduei buruz hitz egiteari uzten diotenean, bi pertsona horien arteko lotura sendoa ahultzen ari den seinale izan ohi da. Afektu fisikoa ez ezik, hitzezkoa ere beharrezkoa da harreman zoriontsu baterako. Bi atal horietakoren batek funtzionatzeari uzten dionean, harremana itzaltzen ari den seinale izan ohi da, eta egoera horri berehala ez helduz gero, harremanaren bukaera etor daiteke. Izan ere, arazoari aurre egin ezean, pixkanaka, bi pertsona horiek elkarrekin sentitzen zuten zoriontasuna itzaltzen joan daiteke.

Komunikazioa funtsezkoa da edozein maitasun harremanetan, baina bikote askok arazoak dituzte elkarrekin komunikatzeko. Komunikazioari lotutako arazoak dituzten bikoteek elkarren artean hitz egiten eta bestearen beharrak entzuten ikasi behar dute, bi pertsonaren arteko lotura sendoa eguneroko komunikazio afektiboan oinarritzen baita.

Photo by AllGo – An App For Plus Size People on Unsplash