Nagore Vega [@muxkilla]
Aste honetan bolo-bolo ibili da artikulu hau gure sare sozialetako hormetan: Tetas y chistes machistas: el asqueroso mundo de los grupos de WhatsApp de tíos (Titiak eta txiste matxistak: mutilen WhatsApp taldeen mundu nazkagarria). Argi laburtuta dago bertan: biolentzia matxista sareetatik ere iristen zaigu. Eta barre egiten dugu, gaitzetsi gabe. Taldeek agintzen dute, ia inork ez du dudan jartzen gertatzen eta esaten dena, are gutxiago kritikatu edo salatu. Denak balio du.
Zoritxarrez, kasu batzuetan, teknologia berriak ez dira erabiltzen askatasuna, informazioa eta kontzientzia geureganatzeko. Patroi zaharrak errepikatu eta are okerragoak bihurtzeko tresna gisa erabiltzen dituzte askok. Bai, pena da, baina teknologia berriek ez gaituzte libre egin arlo batzuetan. Gutxiago emakumeoi. Izan ere, aipatutako jokabideekin rolak eta estereotipoak iraunarazten eta betikotzen dira.
Sexismoa sarean
Egon badaude halako neska taldeak ere, ziur, baina proportzioan, askoz txikiagoa da kopurua. Eta gehienetan, gizonak (edota emakumeak) infrabaloratzen edo objektu gisa tratatzen dituzten iruzkinak ez dira nagusi. Gaiek eta tratamenduak ez dute zerikusirik hainbat ikerketaren arabera: eguneroko arazoak, lana, kezkak, sexua ere bai…
Horri buruz hitz egiten du hurrengo ikerketak ere: Sexismo en linea Whatsapp nuevo mecanismo de reproducción del sexismo (sexismoa on line: whatsapp-a, sexismoa erreproduzitzeko mekanismo berria) .
Margarita Ruiz Fernandez generoan aditua den ikerlariak egindako ikerketa kualitatiboa da aipatutakoa. WhatsApp komunikazio erreminta oinarri hartu eta kritikatzen du halakoak izan daitezkeela jarrera, kontzepzio eta sinismen sexistak sortu eta iraunarazteko edo betikotzeko tresna.
2014ko datuak jasotzen ditu txostenak, eta feminismoaren ikuspuntutik aztertzen ditu. Protagonistak 17 emakume dira, 20-30 urte bitartekoak, eta WhatsApp talde mistoak dituztenak.
Ondorio nagusia honakoa da: “Testigantza gehienen arabera, talde mistoetan gehiago zaintzen dira edukiak emakumeekiko errespetuz, baina beti filtratzen da zerbait. Mutilek elkarbanatutakoa, noski. Emakumeek, berriz, pentsa dezakete umore sexista legitimoa izan daitekeela eta gu garela toleranteak izan behar dugunok. Baina oraindik ez gara kontziente sare sozialak oso arma indartsua direla, eta statu-quoa mantentzen laguntzen dutela”.
Aldatu beharrekoa izanik, Ruiz Fernandezek hori nabarmentzen du liburuxkan ere. Eta egin beharreko laneraino iristeko, ikerketa hiru zatitan dago banatuta.
Batetik, umore tradizionala, patriarkala eta heteronormatiboa kuestionatzen du. Izan ere, nahiz eta gizarteak barneratu eta normalizatutako umorea izan, berdintasunaren alde urratsak egiten jarraitzeko oztopoa da.
Bestetik, WhatsApp-a egunerokotasunean erabiltzen duten emakumeei ahotsa ematen die. Emakume horiek beste hainbat emakume degradatu eta iraintzen dituzten irudiak jasotzen dituzte, bai; baina, era berean, tresna bera ahalduntzeko erabiltzen dute, ikasten jarraitu eta eremu pribatutik eremu publikora salto egiteko, smartphone-aren eskutik. Zorionez.
Azkenik, hainbat pauta eskaintzen ditu jarrera matxista eta sexistak saihesteko, baita rolak eta estereotipoak aldatzeko ere: “Beharrezkoa da emakumeek espazio publikoak konkistatzea, baina baita birtualak ere; genero gaietan hezi behar ditugu emakumeak eta gizonak, horrela gai izango gara sareko sexismo kaltegarri hori ere errekonozitu eta detektatzen”.
Osorik irakurtzeko [PDF/ESP]: https://www.dipujaen.es/export/sites/default/galerias/galeriaDescargas/diputacion/dipujaen/igualdad-bienestar-social/centro-documental/Libro_Sexismo_en_Linea.pdf
Denok gara errudun
Inoiz denok jaso dugu horrelako txiste edo irudiren bat. Eta zabaldu dugu. Eta ez dugu ez kritikatu ez salatu. Barre egin dugu. Eibarko jokalarien kasuak oihartzun handia izan zuen, Italiako Napoles hiriko neska batek bere buruaz beste egin zuen bere bikote ohiak hedatutako bideo sexual batek sortutako iskanbilaren ondoren, zer esanik ez Iruñean “Manadak” egin zuenaz…
Sakelakoen eta sareen kontrola, pasahitzak, norekin hitz egiten den, janzkera, bideo edo argazki pribatuak zabaltzea… Aurrera ez genuen egin, ala? Zer ari da gertatzen?
Hezkuntza falta zaigu, matxismoari dagozkion gai gehienetan bezala. Eta, gainera, biktima bihurtzen dugu errudun. Izan ere, gure jokabidearekin zilegitasuna ematen diegu inolako justifikaziorik eta izateko arrazoirik ez duten jarrera atzerakoi eta matxistei; eta sistema patriarkala iraunarazten dugu.
Halako zerbait iritsi eta zabaltzen badugu konplize gara. Mundu fisikoan bezala, mundu birtualean ere erasotzailea da isolatu behar duguna, lotsarazi eta jarrera aldatzera behartu. Ez diegu oihartzunik eman behar halakoei. Gu ere errudun izango gara bestela eta.
Irudia: “spy-whatsapp-messages” Sam Azgor_hemendik hartua